Nafarroako Sortzen-Ikasbatuazen etorkinentzako proiektua
Sortzen-Ikasbatuazen ustez, euskararen normalizazioa etorkinei ere iritsi egin behar zaie Nafarroan. "Euskaraz ikasteko eskubidea" nafar guztientzat eskatzen baldin bada, etorkinek eta horien seme-alabek ere euskaraz ikasteko eskubidea dute. Euskarak euskaldunak behar ditu eta ezinbestekoa da kultura, hizkuntza, erlijio... guztien ekarpena. Nafarroako hiritar batek Nafarroako bi hizkuntzak baldin badakizki, libreago da bertan bizi diren biztanleekin komunikatzeko zein berauen pentsamoldea, izaera, sentipenak... ulertzeko. Hala bada, filosofia horrekin, elkarte horrek Nafarroako haur etorkinak D ereduan ahalik eta egokien integratzen lagundu nahi du, bai linguistikoki eta bai kulturalki, etorkinek beraien kultura galdu edota baztertu gabe.
Arestian aipatu dugunez, proiektu hau 2001eko urtarrilean planteatu zen lehen aldiz batzorde batean. Orduantxe sortu ziren lehen galderak: normaltasun osoz hartuko al lukete gurasoek haur etorkinen etorrera? Harrera ona emango al liekete horien gurasoei? Irakasleak prest al daude erronka horri eusteko? Etorkinek zer iritzi daukate beraien seme-alabek euskaraz ikastearen inguruan?... Lanean hasi bezain laster jabetu ziren gizarteari ideia bera eta helburuak ongi azaltzeak zuen garrantziaz. Ondoren, datuak jaso eta elkarrizketak egin zituzten guraso elkarteekin, irakasleekin, etorkinen kolektiboekin, unibertsitateko adituekin...
Lan horren lehen fruituak 2002ko urtarrilean ukan zituzten. Sortzen-Ikasbatuazek Nafarroako D ereduko eskola publikoei idatzi bat onartzea proposatu zien, konpromisoen zerrenda batekin. Beraiek bilatzen duten konpromisoa ez dago irakasleei edota ikasle etorkinei begira soilik, baizik eta hezkuntza komunitate osoari. Ikastetxeetara igorri zuten proposamena ondorengo hau da:
"Gaur egun, Nafarroako irakaskuntzan etorkinen integrazio osoa zintzilik dagoen ikasgaia da, eta ez dago, inolaz ere, bermatua.
Horregatik:
Ikastetxe honetako Eskola Kontseiluak adierazten du:
Nafarroan, Euskararen normalizaziorantz jo nahi badugu, ezinbestekoa dugu etorkinak kontuan hartzea. D eredura ikastera etortzen diren etorkinei integratzen laguntzea izan behar dugu helburu.
Beti "euskaraz ikasteko eskubidea" eskatzen dugu nafar guztiontzat, eta etorkinak nafarrak dira, horrela nahi izanez gero. Gure ustez, Euskarak euskaldunak behar ditu eta kolore guztien ekarpena ezinbestekoa da. Nafar batek Nafarroako bi hizkuntzak ezagutzen baditu, elkar komunikatzeko libreago izanen da eta "nafar biribilagoa" dela esanen genuke. Etorkinek beren kultura galdu edo baztertu gabe, ikastetxe honek lagundu nahi du, gure irakaskuntza eta kulturan integratzen.
Horregatik guztiagatik, hurrengo konpromisoak hartzen ditugu:
1. Gaia aztertzea eta sakontzea gure Hezkuntza Proiektuan sartu ahal izateko.
2. Hori horrela gauzatzen den bitartean, datozen neurriak eramanen ditugu aurrera geletan:
- Ikasturte hasieran egiten den aurkezpenean haur etorkinak nondik datozen, zein den beren kultura eta abar azalduko da ezaugarririk nagusienak aipatuz.
- Beste kulturetako egun seinalatuak aipatuko dira, ospakizun horien esanahia azalduz.
Bi puntu horien edukiak giro positiboan azalduko dira. Helburu nagusia zera izango da: haurrak sentitu behar du taldeak ezagutzen eta balioesten duela bere jatorrizko kultura, kultura guztiak garrantzi eta balio berekoak baitira.
Gurasoen aldetik neurri hauek hartuko dira:
- Ikasturteko lehenbiziko asteetan bilera ireki bat egingo da guraso etorkinekin, beraiek azal dezaten nondik etorri diren, zergatik, nolakoa den beren herrialdea, zer lan egoera duten, zer lortzea espero duten hemen lortzea eta abar.
- Haur etorkinentzat eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen lagunduko du Guraso Elkarteak: beren herrialdeko historia, hizkuntza, kultura, ohiturak eta abar landuz.
- Komenigarria litzateke lantegiak eta jardunera askotarikoak antolatzea gurasoek elkar ezagutu ahal izateko.
- Ikasturte bukaerako jaialdian parte hartuko dute beraien kulturetako dantzak, jantziak, ipuinak, antzerkiak... erakusten, denok ezagutu ahal izateko.
3. Erronka hau aurrera eraman ahal izateko, ikerkuntza lana, pedagogia lana, baliabide materialak eta abar erraz ditzan eskatzen diogu Hezkuntza Departamenduari.
Irakurlea jabetuko zenez eta arestian aipatu dugunez, proposamen honetan Sortzen-Ikasbatuazek hainbat pertsona, erakunde eta zentroren konpromisoa eskatzen du kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruko jarduerak, hitzaldiak, lantegiak... aurrera eramateko.
Baina zentroetan proiektu hau martxan jarri aurretik, iritzi bilketak eta galdeketak egingo dituzte Nafarroako ikastetxe publiko eta pribatuetan proiektu hau aurrera eramateko zein ikastetxe leudekeen prest jakiteko. Aldi berean, kontsulten bidez hainbat informazio lortzen saiatuko dira: zein diren irakasleek proiektu honi ikusten dizkioten oztopoak eta gabeziak, zein den etorkinen planteamendua errealitate horren aurrean, ikas komunitateek ikusten dituzten beharrak nahiz desioak kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean, unibertsitateko adituen iritzia beraien planteamendu eta metodologiarekiko, gai horrekin loturik dauden hainbat erakunderen ikuspuntua...
Datuak bildu ostean, matrikulazio kanpaina etorriko da. Matrikulazio kanpaina era askotara gauzatzen da, urtarrila eta otsaila bitartean. Batetik, hainbat hizkuntzatan idatzitako (gaztelania, errumaniera, arabiera...) triptiko bat banatuko dute hainbat mintzategi eta ikastetxeren aurrean, merkatal guneetan, meskiten sarreretan. Triptiko horretan Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen zerrenda, D eredua zertan datzan, eredu horrek beraien haurrei begira dituen onurak eta laguntzen inguruko informazioa emango dira. Bestetik, hau ere batik bat triptiko bidez, Iruñeko auzoetan daudela D ereduko ikastetxeei buruzko informazioa zabalduko dute etorkin komunitate ezberdinak biltzen diren guneetan. Triptiko horiek auzoka banatuko dira eta bertan, gune horretako ikastetxearen inguruko informazioa emateaz gain, ikasketak D ereduan egiteak dituen onuren berri emango da.
Matrikulazio kanpaina burutzeko prentsaz ere baliatuko dira (herri aldizkariak, etorkinen aldizkariak, aldizkari nazionalak...), eta baita aldi berean zentro, ikastetxe eta abarretan emango dituzten informazio hitzaldiez ere.
Sortzen-Ikasbatuazeko kideek proiektu honen inguruko informazioa gizarteko hainbat erakunderi, Nafarroako Parlamentuari, Gobernuari, sindikatuei, gaian diharduten elkarteei... igorri die.
Gaur egun, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxean eta Burlatako Ermita Berri ikastetxean, adibidez, haur etorkinei begirako matrikulazio kanpaina martxan dago. Bi ikastetxeok etorkin ugari biltzen diren auzoetan daude. Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxeak, etorkinei begira, bere triptiko propioa ere kaleratua dauka, zeina bereziki auzoko merkatuan eta etorkinen bilguneetan banatzen duten. Triptiko horretan, era labur eta argi batean, ikastetxearen inguruko informazioa emateaz gain, D ereduan ikasteak dituen abantailei buruz hitz egiten da. •
OHARRA: proiektu honen inguruko informazio gehiago nahi duena zuzenean Sortzen-Ikasbatuazekin harremanetan jar daiteke, telefono edo posta elektroniko bidez: 948 221 380 / sortzen@arrakis.es
Irakurleen txokoa
Txoko hau zeurea duzu, irakurle, eta bi aukera luzatzen dizkizugu: galderak egitea eta erantzunak ematea.
*Haur etorkin ugari dituen Gasteizko ikastetxe batean lan egiten ari naiz eta harriturik naukate irakasle batzuen artean entzuten diren komentario arrazistek. Nik uste nuen ikastetxe honetan, etorkin asko daudenez, irakasleek jarrera positiboa izango zutela aniztasunaren aurrean, baina... Askotan beldurtuta joaten naiz etxera! Ordezkapen bat egiten ari naiz ikastetxe honetan eta laster bukatzen zaidanez kontratua, ezin dut errealitate honen aurrean gauza handiegirik egin. Horregatik, txoko hau aprobetxatuz, esan nahiko nieke Euskal Herriko ikastetxeetako zuzendariei kontuz eta adi ibiltzeko irakasle askok etorkinen aurrean dituzten jarrera arrazistekin. Irakasleen aldetik horrelako jarrerak badaude, ez baitugu zereginik errealitate berri honi erantzun on bat emateko. Mila esker.
M. E.
**Joxemi Zumalabe Fundazioak azaroan Gasteizen antolatu zuen jardunaldian egon nintzen. Material didaktikoen tailerrean hizkuntz aniztasuna lantzeko atzerriko eta Kataluniako material didaktiko batzuk erakutsi ziren. Material didaktiko horiek nola edo non lor daitezke? Material horiek euskaratzeko edota euskarara moldatzeko aipatu zuten proiektu hura martxan al da? Eta martxan bada, noizko uste duzue izango direla lehen unitateak kalean?
Arantza
Erantzuna: Material didaktiko horietako batzuk, www.jaling.es-en aurki daitezke eta besteak lortzeko atzerrira eskatu behar dira. Atzerriko materialak lortzeko ere interes berezia izanez gero, bidali e-mail bat itziaramayo@msn.com helbidera eta inolako arazorik gabe emango zaizkizu telefono eta abarrak. Material hori erosi edo eskuratu baino lehen, lasaiago ikusi nahiko bazenitu ere, ez dago arazorik. Berauek euskaratzeko proiektuari dagokionez, aldiz, diru laguntzen kontua dela-eta, oraindik geldirik daude gauzak.
Kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruko kezkak, galderak eta zalantzak badituzu, idatz iezaguzu bi helbide hauetakoren batera: itziaramayo@msn.com edo aldizkaria@hikhasi.eus Hartu-emanetarako bide berri honekin, dauzkagun kezkak denon artean eta elkarri gure esperientziak kontatuz bidera ditzakegu. Anima zaitez!