Telebista etxean eta eskolan
Telebistak heziketan parte handia du, agian guraso-irakasleek baino handiagoa. Balioak eta edukiak transmititzen ditu iruditan, segundoko abiadan. Eta mezu horiek errazago helduko dira, irakaslearen azalpenak edo gurasoaren hitz jarioa baino: komunikazioan, irudien eragina askoz handiagoa delako hitzena baino; telebistak asmatzen duelako emozioetara iristen, eta eskolari, aldiz, kosta egiten zaiolako ezagutzekiko harreman afektibo hori sortzen; telebistak berez duelako sinesgarritasuna, objektibo itsura; telebistak arreta jaten duelako, eta gurasoei zein irakasleei arreta jartzeak ahalegina eskatzen duelako...
Hortik, pentsa zer garrantzia duen pantaila ondo erabiltzeak eta begi kritikoekin ikusteak. Gurasoak eta eskola kontziente ote dira telebista heziketa prozesuaren parte dela? Zer egiten du bakoitzak errealitate horren aurrean?
Gurasoei dagokie hausnartzea seme-alabek zenbat denbora eskaintzen dioten telebistari, eta zergatik. Beste aukerarik ez dutelako gelditzen omen dira haur gehienak telebista aurrean: bestelako ekintzak eskura ez dituztelako (diru arazoak medio), hirietan non jolastu ez dutelako, gurasoak eurekin egoterik ez duelako... muturreko kasuetan, ba omen dira telebistaren aurrean gurasoekin erlazionatzeagatik esertzen direnak ere (familia horiek telebistaren aurrean elkartzen direlako). Gurasoei dagokie haurrekin ikusteko orduak adostea, eta azaltzen diren balioak eta edukiak zalantzan jartzea, telebista elkarrizketarako bide ematen duen tresna hezitzaile bihurtuz etxean. Baina, telebista egun osoan piztuta edukitzera ohitu garenean, zaila da eguneroko bizitza kontzienteki aldatzea; haurrekin telebista ikusteak denbora eskatzen die gurasoei, eta garai txarrak dira familiako elkarrizketarako, etxean jada bi telebista daudenean eta indibidualki ikusten denean.
Eskolan gauzak ez daude hobeto. Gurea "irudiaren gizartea" omen denean, eskolan ikus-entzunezko lengoaiari ez zaio lekurik egiten, ez da irakasten irudiaren zeinuak eta sinboloak dekodifikatzen eta erabiltzen; ahozko lengoaia da oraindik eskolak hizkuntzatzat duen bakarra, eta erregistro idatzian oinarritzen da eskolako jardun osoa. Hedabideak ere apenas aztertzen diren, gizartean duten eraginarekin. Eta baliabide pedagogiko gisa ere ez da erabiltzen oraindik, ikus-entzunezkoek aukera ematen dutenean edozein ikasgai prozesu kritiko baten bidez lantzeko.
Artikulu honetan telebista eskolako tresna pedagogiko bihurtu duten esperientzia bat ikusiko dugu, Euskal Herrian puntakoa dena: Baztan bailaran egiten dute, eta eskola txikiak dira berritzaileenak diren asko. Bestetik EAEn eskaintzen den ikastaroa azalduko dugu, guraso, irakasle zein ikasleei zuzendua dena. Antxon Alfarok gai honetan gurasoek eta eskolak duten arduraz hitz egingo digu, eta Miren Gabantxok hainbat kontraesan jarriko dizkigu agerian.
Baztan: esperientzia praktikoak Haur Hezkuntzatik hasita
GARRANTXO, Juanjo
Lekarozko Irakasleen Laguntza Zentroko informatika eta ikus-entzunezko aholkularia
Haurrekin ikus-entzunezkoa landu nahi duten irakasleek Baztanen badute norengana jo laguntza zuzenaren eske: Lekarozen dagoen Irakasleen Laguntza Zentroan formazioa eskaintzen dute, eta baita behar diren materialak utzi ere (bideo zein argazki kamera digitalak, editatzeko ordenagailuak...).
Lekarozko Irakasleen Laguntzarako Zentroa formatu nahi duten irakasleei zabalik dago. Formazioa bi alorretan egiten da: batetik edizio digital ikastaroak eskaintzen dira, alegia, erakusten dute bideoak nola editatu ordenagailuekin. Juanjo Garrantxo arduratzen da ikastaro horietaz, eta bere hitzetan, "jada edozein ordenagailu koxkorrekin edita daiteke. Horren konplexua zirudiena, euren eskolan bertan egitea posible dutela irakasten diegu".
Formazioan beste alor bat ere lantzen dute: gidoigintza. Isabel Albak eskaintzen du mintegi hori, eta lantzen dutena da irakasleek euren gelan egin nahi duten huraxe. Haurrei gai bati buruzko bideoa egitea proposatu ohi diete, haurrentzat motibaziorik handiena horixe delako, baina izatez bideoa bera azken pausoa besterik ez da; benetan garrantzitsua prozesua da, eta prozesu horretan kritikotasuna lantzea. Horregatik, haurren kezketan zentratzeari ematen dio garrantzia Isabel Albak. Landu ditzatela haurrentzat benetan bizitzaren parte diren gaiak, eta gidoia egin bitartean sar daitezela etengabeko eztabaida kritiko batean. Edozein ikasgaitan egiten ahal da lan hori, eta diziplinartekotasuna ere eskatzen du (plastikan dekoratuak egin beharko dira, hizkuntzan bada zer landua gidoiari eta ahozkotasunari begira, natura edo gizarte gaiak landu daitezke...). Iragarkiak ere kritikoki aztertzen dituzte, eta ondoren ikasleek sortzen dituzte, ikasitakoa aplikatzeko. Edo istorioetan, "zintzoak" eta "gaiztoak" bereizteko dugun joera sinplea zalantzan jartzen zaie, eta pertsonaia konplexuak lantzen irakatsi (bi aldeak dituztenak).
Saldiasko eskolan (5 ikasleko eskola txikia da), 18 minutuko filma egina dute. Asteburu batean egin zuten grabaketa, askoren izerdiari esker: gurasoak, herritarrak, beste eskola txiki bateko irakaslea, eta Donostiako haurrak ere ekarri zituzten. Iturenen Haur Hezkuntzako gela batek, plastilinazko panpinekin mugimendua landuta istorio bat osatu du. Planeten gaia landu zutenez, Martitzeren inguruko istorioa asmatu zuten haurrek, eta maketak egiten ikasi zuten, planoak lantzen... Juanjo Garrantxoren hitzetan: "okerrena da eskola askok ez dakitela besteetan zer egiten ari diren. Ikusita eskola txikiak zer egitera iritsi diren, edozein eskolaren eskura dagoen lan bat da. Bestetik, egia da irakasleak itota daudela, eduki pila bat dutelako emateko".
Ikastetxearen proiektua
Nafarroako eskolek eta institutuek aukera badute zentro bezala euren ikus-entzunezko proiektua Gobernuari aurkezteko, Hezkutza Saileko Teknologia Berrietako departamentuari, hain zuzen. Onartuz gero, ikastetxeari ekipoa uzten zaio (bideokamera, ordenagailua, erreproduktoreak...), eta gainera formakuzioa ere jasotzen dute Irakasleen Laguntza Zentroan. Proiektuan irakasle klaustro ia osoak parte hartu ohi du, eta baita askotan atezainak, sukaldariak edo gurasoek ere.
Lesakako "Teleskola" da horren adibide. Urtean zehar eskolako ekintza bereziak bideoz hartzen dituzte, eta ikasturte amaieran telesaiobat osatu. Magazine horretan ikasgela bakoitzak badu bere tartea, Haur Hezkuntzatik hasi eta zaharrenetaraino, ikasturtean zehar egin dutena erakusteko. Prozesu osoa haurrek egiten dute, hasi kameraz grabatzetik, gidoira, agertokiak sortzetik eta muntaiaraino. Baina potoloena telebistako estudioa nola antolatzen duten ikustea da; bik aurkezle papera egiten dute, beste batek erregidore lana, hiru kamera daude grabatzen, nahasketa mahaiaz beste haur bat arduratzen da... Juanjo Garrantxok harrituta kontatzen du: "behin kazetari bat gonbidatu zuten, eta ikusita telebista estudioan zegoen muntaia, erraten zuen: 'nik hau karrerako ez dakit zein urtetan ikusi dut!' Eta oso erraza egiten zaie haurrei, bi astetan hartzen dute trukoa". Teleskola zuzenean ematen dute liburutegiko pantailan, eta gurasoek zein gonbidatutako jendeak ikusten du urtean zehar zertan aritu diren etxeko Hitchcock txikiak. Geroxeago, Teleskolako grabazioa Ttipi-Ttapa telebistan ematen dute.
Antzerako proiektu bat badute Leitzan ere. Doneztebeko Mendaur institutuan, berriz, grabazioak egiten ari dira web orrian sartzeko.
EAEn formazio ikastaroa: "familia, telebista eta Internet"
TORRES Esther:
"Familia, telebista eta Internet" proiektuaren zuzendaria
"Familia, telebista eta Internet" izeneko proiektuan hiru erakundek hartzen dute parte: EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskaltel Fundazioak. Lehen Hezkuntzako 6. mailari eta DBHko 1. mailari zuzendua dago eta gurasoek, ikasleek eta irakasleek hartzen dute parte ikastaroan. Hiru urterako hitzarmena da, eta proiektua amaitzerako bertan parte hartu izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko 1.500 ikaslek, 400 irakaslek eta 500 familiak.
Gurasoekin, irakasleekin zein ikasleekin lantzen dute komunikabideen mundua. Helburua pantailen erabilerari buruz sentsibilizatzea da. Esther Torres da ikastaroaren zuzendaria, eta bere hitzetan "ez dugu komunikabideei buruzko ikuspegi apokaliptiko bat eman nahi. Hedabideak hor daude, eta jakin egin behar da ondo erabiltzen. Edukiei buruzko klase moralik ere ez dugu eman nahi, nahi duguna da estrategiak eskaintzea, jakiteko pantailak irakurtzen, programazio eta eduki horien zergatia ulertzen, eta nork bere jarrerak eta neurriak hartzen". Esaterako, telebistari dagokionean hori negozio bat dela jabetzeko lana egiten dute, eta aztertu negozio hori zertan datzan, publizitateak negozioaren zer zati betetzen duen. Publizitatearen barrenak ikusten dituzte, jakiteko nola lortzen duten pertsuasioa. Alegia, ez direla edukiak aztertzera mugatzen, komunikabideek darabiltzaten estrategiak ere aztertzen dituzte, eta hori guztia diruari lotuta, dirua baita azkenean agintzen duena.
Gurasoak, ikasleak eta irakasleak talde ezberdinetan biltzen dira, kolektibo bakoitzarekin helburu jakinago batzuk lantzeko. Ikasleek 12 saio egiten dituzte eskola ordutan; helduek, berriz, 5 saio.
Gurasoekin...
Gurasoak jabetzen omen dira, jakina, pantailatik balioak transmititzen direla edo behar baino gehiago ikusten dela. Baina, Esther Torresen ustez, "bestetik ,egia da helduok denbora gutxi dugula eta, beraz, espazio gutxi ditugula gai hauei buruz hausnartzeko. Kontzientzia izan behar dugu komunikabideak sartu behar ditugula hezkuntza barnean, izatez hala daude eta".
Eztabaida gehientsuena sortzen duena zera omen da: ea programa batzuk ikustea debekatu behar litzaiekeen haurrei ala ez. Estherrek baietz uste du: "debekatzeak harritu egiten ditu gurasoak, baina ez eduki batzuk kaltegarritzat ez dituztelako, baizik eta telebista hain aparailu arrunta bihurtu denez, batzuetan zure bizitzan sartzen delako zuk hautatzeko jarrerarik izan gabe, hausnartzeko jarrerarik izan gabe. Telebista piztea ohitura hutsez jada naturala da, eta naturala da piztuta egotea egun osoan. Oso errotuta dagoen ekintza batzuei buruz hausnartzea zaila da". Dena den, Estherrek ez du bere erabakia predikatzen: "familia bakoitzak jakin behar du zer den bere haurrentzat onena. Baina saiatzen garena da gurasoak kontziente izan daitezen egiten ari diren hautuaz. Eta jakin dezatela batzuetan haurrekin ikusi behar dugula telebista (nahiz eta guk denbora gutxi izan) telebistan agertzen diren balioez eztabaidatzeko, pantailak berez duelako sinesgarritasun plus bat, zalantzan jarri behar dena". Baina gero eta zailagoa omen da hori, telebista jada ez omen delako familiartean ikusten. Egun ,oso etxe gutxitan dago telebista bakarra, eta geroz eta modu indibidualizatuagoan ikusten da.
Irakasleekin...
Irakasleen kasuan, sentsibilizazioa ez da egiten telebista eta Interneten erabilerari buruz, jakintzat jotzen delako ikastetxe batean pantailen erabilera irakasleek gidatzen eta orientatzen dutela. Sentsibilizazioa egiten da irakasleek lanerako irudia gehiago erabil dezaten, ez dadin oraindik ere gehiago sakondu bi belaunaldien arteko amildegia. Alegia, neska-mutilen kultura ikus-entzunezkoa den bitartean, eskolan ez dezagun jarraitu baliabide horiek lanerako erabili gabe.
Bestetik, aztertzen dute ea gaurko telebista programen egiturak, zappingak eta, batez ere, Internetek, zer ondorio dituzten diskurtsoaren antolaketan. Teoria baten arabera, narrazio klasikoaren haustura gertatzen ari da komunikabideen eraginez. "Izatez, irakasleek esaten dute ikasleei geroz eta gehiago kostatzen zaiela kontakizun bat egitea sarrera batekin, garapenarekin eta amaiera batekin". Estherrek argi du kontakizun klasikoaren haustura hori nabarmenena Interneten dela: hor jada ez dago ez korapilorik, ez amaierarik. "Gaurko ikasleei ez diegu Interneten informazio kantitate bat hautatzen soilik irakatsi behar; horrez gain, orri jakin batean daudenean informazioa hierarkizatzen ikasi behar dute, zer den funtsa bilatzen, sintesia egiten".
Eskolekin...
Ikasleekin egiten den lana analisia eta ekoizpena da. Iragarki, programa edo irudi baten atzean dagoena ikusteaz gain, gero ikasleek ekoizpenak egiten dituzte, zer klabe eta estrategia erabiltzen diren uler dezaten. Ikastaro amaieran ikasleek bideo bat produzitu behar dute, komunikabideei buruz duten iritzia emanez. Egin dituzte lanak Beckami buruz, baina masen fenomeno bezala, edo mugikorrei buruz, ikusten dituzten programei buruz... Esther harrituta dago ikasleek duten kritikotasunarekin: "klabe horietan kokatzeko aukera ematea da kontua". Gurasoen taldean ere, hasieran bideo bat ekoizteko eskatzen zien, baina azkenean kendu egin behar izan zuen planetik; kameren aurrean jartzea, seme-alabentzat plazera dena, gurasoentzat disgustua baitzen. Belaunaldien artean amildegi digitala dagoen seinale.
Dioten adina jende ote dagoen pantailei engantxatuta galdetuta, hauxe Estherren erantzuna: "ikastaroetan izan dudan jendea, orokorrean, estandar arruntaren barruan dago (egunean hiru orduz ikusten du telebista, gehi Interneten tokatzen dena). Baina, egia da helduetan pasa ditudan taldeetatik %90ean, ikastaro amaieran nigana zuzentzen den familia bat dagoela zera esanaz: 'arazo bat dago nire etxean' (haurra txateatzen ari delako egun osoan, edo dena delakoagatik)."
Antxon Alfaro: "Irakasleok telebistari botatzen diogu erru guztia, aurpegia
garbitzeko"
ALFARO, Antxon
HEKO kolektiboko kidea eta Lezoko herri eskolako aholkularia
Lezoko herri eskolan 5 urteko haurrekin landu izan du ikus-entzunezkoen mundua Antxonek. Tesia egiten ari da, aztertzeko gurasoek eta irakasleek telebistarekiko duten jarrerek zer eragin duten haurrek telebista ikusteko duten moduan. HEKO (Hezkuntza eta Komunikazioa) kolektiboko partaidea da, 1999an fundatu zutena.
Oinarrizko curriculumean LOGSEk toki bat ematen zien hedabideei, eta LOCEk ezabatu egin ditu. Zehaztu al dezakezu aldaketa hori zertan den?
Eskolan, ikus-entzunezkoei dagokienean, badira bi esparru landu behar liratekeenak: bata ikus-entzunezko lengoaia da, eta bestea hedabidea bera. Gauza bat da ikus-entzunezko lengoaiak dituen ikurrak eta egiturak lantzea (planoak, koloreak, enkuadreak), eta beste bat da komunikabideak kritikoki aztertzea, gizartean duten eragina ikusiz.
Bada, ikus-entzunezko lengoaia, LOCEn mantentzen da oraindik, hein batean, Plastika arloan. Baina hedabideak aztertzearena erabat desagertu da. Lehen LOGSEk asko azpimarratzen zuen komunikabideen eragina itzela dela eta landu egin behar zela eskolan (zehar lerro gisa planteatzen zuen, Lehen Hezkuntzan). LOCEk hori dena ezabatu, eta egiten duen aipu bakarra hauxe da: "haurrek komunikabideen eta garraiobideen arteko aldea bereizten jakin behar dute ". Lotsagarria da.
Baina logikoa da LOCEk duen eskemarekin: edukiak, edukiak eta edukiak soilik ditu kontuan. Irakurketa eta idazketa da euren kezka nagusiena, eta hori bai dela arlo guztietan aipatzen den zehar lerro bat (baita soinketan ere). LOGSEk ahozkoaz eta idatziaz gain, hizkuntza gehiago bazirela onartzen zuen; ikus-entzunezkoa, esaterako. LOCEn soilik ahozko hizkuntza eta, batez ere, idatzia aipatzen da. Beraz, une honetan oinarria liburua da.
Irakasleen diskurtsoa hau izan ohi da: haurrek denbora gehiegi ematen dutela telebistaren aurrean, ez dutela irakurtzen, eta eskolan landutako balioak pikutara botatzen dituela telebistak. Zuretzat ere, telebistak kalte egiten al dio eskolari?
Uste dut hori errua besteri botatzea dela, aurpegia garbitu nahi dugula. Denbora gehiegi pasatzen dutela telebistaren aurrean? Bai. Baina ikerketek frogatzen dute, haurrek bestelako gauzak egiteko aukera izanez gero, orokorrean ez dutela telebista hautatzen. Telebista ikusteak ez du lehentasuna. Zein da arazoa? Eskaintza falta. Zenbait familiatan aukera gutxi daude: gurasoak etxetik kanpo lan egin behar dutelako,edo eskolaz kanpoko zerbitzuek kostu bat dutelako eta denek ezin dutelako hori ordaindu, edo ez direlako jabetzen haurrak alternatibak behar dituenik (telebista aurrean "ondo" dagoenez, pentsatzen dute "gustura" dagoela). Horri gehitu hirietan jolasteko toki publikoak urriak direla.
Haurrek ez dutela irakurtzen? Egia da. Baina futbolzalea den haurrak, ez du entrenamendua uzten telebista ikusteagatik. Beraz,haurrari irakurtzea gustatuko balitzaio, ez luke utziko telebistagatik. Agian errua ez da telebistarena, agian gakoa da guk etxean eta eskolan zer erlazio afektibo sortzen dugun irakurketarekiko. Irakurtzearen plazera ez da sortzen "biharko bi orri gehiago irakurri" esanda. Erlazio afektibo bat sortu behar da. Eta hain justu, erlazio afektibo hori oso erraz sortzen da telebistarekin, telebista emozioetara iristen delako. Eskoletan oraindik ez ditugu landu aspektu emozional, afektibo horiek guztiak.
Eskolan landutako balioak gero telebistak hankaz gora jartzen dituela? Egia da, telebistakoak kontra-balioak dira. Baina guk ere beste autokritika bat egin behar dugu: esaten ditugun balio horiek ea benetan lantzen ditugun eskolan. Nire zalantzak ditut. Eskolaren funtzioa gaur egun gehiago da edukiak transmititzea, hezitzea baino. Eskolak benetan paper hezitzailea beteko balu, komunikabideak landuko lituzke, ikasleen eguneroko bizitzaren parte direlako batetik, eta bestetik ikasleen interesetatik abiatu behar dugula esaten dugulako, teorikoki. Aldiz, telebistak ez du lekurik eskolan. Gizartetik oso urrun gaude.
Eskolan telebista nola landuko zenuke?
Telebistari eskolan ematen zaion erabilera bakarra bideoak jartzeko da: filmak beste hizkuntzatan ikusteko, edota dokumentalak ikusteko. Baina oraindik ez da erabiltzen medio bezala, ez dira baliatzen telebistak berak sortzen dituen programak.
Bi ikuspuntutatik landu behar genuke telebista. Batetik, ikus-entzunezko hizkuntza irakurtzen ikasteko (iruditan datorzkigun elementu, estrategia eta abarrak dekodifikatzen ikasi), eta gero irudietan produzitzen eta sortzen. Subjektu igorle-hartzailea da lortu behar duguna. Bestetik, komunikabide gisa aztertu eta baliatu behar lirateke bai telebista, bai beste hedabideak ere. Ematen diren programak eta publizitatea aztertu, zer intentziorekin egiten diren, duten eragina... Baina, baita ere programak eta publizitatea erabili zehar-lerroak lantzeko: balioak, ahozkotasuna lantzeko... mila jolas daude.
Zuk Haur Hezkuntzan egin izan duzu lan 15 urtean. 5 urteko txikiekin zer lan egiten zenuen?
Txikiekin garrantzitsua da bereizten laguntzea, telebistan agertzen dena ez dela errealitatea jabearaztea. Medioa desmitifikatu behar da. Nola? Jolasen bidez errealitatea nola manipula daitekeen ikasiz: kamerari buelta eman eta haurrak lau-hankatan lurrean ibil daitezela. Gero, pantailan buruz-behera lau-hankatan ari direlaikusten dutenean, harrituta gelditzen dira. Edo magia trukoak egin daitezke: jarri haurra kamera aurrean eta grabatu. Ondoren itzali kamera, haurra kendu paretik, eta kamera mugitu gabe berriz grabatu. Pantailan bat-batean "desagertu" egin dela ikustea sekulakoa da eurentzat. Esperientziak badaude, eta materiala badago.
Tesia egiten ari zara, ikusteko gurasoen jarrerak zer eragin duen haurrak telebistarekiko duen jarreran. Gurasoen jarrerak zein aspektutan aztertu dituzu?
Nik 1.300 familiarekin egin dut lan, eta gurasoen jarrerak lau ataletan aztertu ditut: lehena da denboraren kontrola. Ea haurrekin negoziatzen duten zenbat denboraz ikusi telebista, zer garaitan ikusten duten... Bigarren aspektua edukiei buruzkoa da: ea gurasoek edukiak kontrolatzen dituzten edo ez, zer jarrera dituzten... Hirugarren aspektua telebistaren inguruan sortzen den elkarrizketa da: benetan elkarrekin ikusten duten, era pasiboan ikusten den edo elkarrizketa sortzen den... Eta laugarren puntua gurasoek, ikusle gisa, zer jarrera duten da; zer ikusle eredu diren haurrentzat.
Telezaborraz kexatzen gara gaur egun. Baina kalitatea exijitzeko ez gara antolatzen...
Telebistak ez ditu legeak betetzen. "Mugarik gabeko telebista" izeneko zuzendaritza bat bada Europan, eta araututa dago, esaterako, publizitateak zenbat denbora hartu behar duen. Baina gero ez da araudia betetzen, eta ez dago erakunderik telebistei araudia betearazteko.
Espainiar estatuan, PSOEren garaian dexente mugitu zuen gaia gobernuak. 1993an hitzarmen autoerregulatzaile bat sinatu zuten estatuko telebista guztiek (ETBk barne). Handik urte gutxira, jada, inork ez zuen hitza betetzen.
Eta horren guztiaren aurrean, kontsumitzaileok zer egiten dugu? Nahiko pasiboak gara. Azkenean gu ere egiten den zaborra bultzatzen ari gara, ez dugulako jarrera aktiboa hartzen telebistaren aurrean. Telebistak sekulako eragina du, baina sozialki ez dago mugimendurik horren aurrean zerbait egiteko. Azken batean, gobernuan daudenei ez zaie interesatzen neurriak hartzea gaurko telebista mota honen aurrean; beraz, gizartearen konpromiso politikoa oso garrantzitsua izango da.
Hego Amerikan diskurtso aktibo hori oso zabaldua dago gizartean. Hezkuntza eta komunikabideei buruzko gaian, korrontea ez dator mundu anglosaxoietik, Hego Amerikatik baizik. Planteamendu kritiko batetik aztertzen dute arazoa, irrati komunitarioekin eta herri hedabideekin oso lotuta. Izan ere, han herritarren komunikazio behar hori badago, eta behar hori komunikabideek duten jarrerarekin lotzen dute. Oso garbi daukate medioen demokratizazio prozesua behar dela. Hemen, medioak demokratizatu behar direnik aipatu ere ez da egiten. Gizarteak komunikabideen kontrolean parte hartu behar du, eta hemen gizarteak ez du kontrolatzen, partiduek kontrolatzen dute.
Gurasoen benetako jarrerak ikusita, kontraesana nabarmena da sozialki onartutako diskurtsoarekiko. Gurasoek esaten dute zerbait egin behar dela, baina gero askok aitortzen du oso zaila dela eta azkenean erosoagoa dela ezer ez egitea. Azken batean, haurra pantailaren aurrean isilik dago, eta segi dezala. Azkenean sekulako konpromisoa da heziketa, eta kontzienteki seme-alabekiko eguneroko dinamika aldatzea, eta heziketa prozesu horretan telebista ere sartzen da. Gaur egun konpromisoak betetzen saiatzen gara, baina neurri bateraino. Gure heziketa ardurak besteren bizkar uzten baditugu, bai telebistaren bizkar, bai eskolaren bizkar,zerbait huts egiten ari da.
Zein dira tesia egiten ari zarela atera dituzun klaberik handienak?
Haurrek ez dutela telebista hautatzen beste alternatibarik izanez gero. Eta haurra, kasu batzuetan, gurasoekin egotearren eseritzen da telebistaren aurrean. Familia estilo hori telebistaren aurrean egon ohi da, beraz, zein da gurasoekin egoteko eta hurbiltasun hori bilatzeko modu bakarra? Telebista aurrean esertzea, gurasoen ondoan.
Irakasleentzat bibliografia
-AGUADED GOMEZ, J.I. (1998): Descubriendo la "caja mágica" (Guia didáctica: Enseñemos a ver la televisión y Cuaderno de clase: Aprendamos a ver la televisión), Grupo Comunicar, Huelva.
- ALBA, I.: Detrás de la cámara. Manual para jóvenes guionistas, Anaya, Madril, 1999.
- ALONSO, M.; MATILLA, L.; VAZQUEZ, M.: Teleniños públicos, teleniños privados, De la Torre, Madril, 1995.
- ALONSO, M.; MATILLA, L.: Imágenes en acción. Análisis y práctica de la expresión audiovisual en la escuela activa, Akal, Madrid, 1990.
- APARICI, R. (koord.): La Revolución de los Medios Audiovisuales, De la Torre, Madrid,1993.
- FERRES I PRATS, J. (koord.): Com veure la TV?: material didà ctic per a infants i joves (I-Relats de ficció, II-Els Informatius, III-La Publicitat), CAC-Consell de l' Audiovisual de Catalunya, Bartzelona, 1998.
- FERRES I PRATS, J.: Televisión subliminal. Socialización mediante comunicaciones inadvertidas, Paidós, Bartzelona, 1996.
- FERRES I PRATS, J. y MARQUES GRAELLS, P. (koord.): Comunicación educativa y nuevas tecnologÃas, Praxis, Bartzelona, 1996..
- FERRES I PRATS, J.: Televisión y educación, Paidós, Bartzelona, 1994.
- FUENZALIDA, Valerio; HERMOSILLA, MarÃa Elena: El televidente activo. Manual para la recepción activa de TV, CPU, Santiago de Chile, 1991.
- GRAVIZ, A.; POZO, J.: Niños, medios de comunicación y su conocimiento, Herder, Bartzelona, 1994.
- GRUPO SPECTUS: Aprende conmigo. La televisión en el centro educativo, MEC-De La Torre, Madril, 1996.
- MASTERMAN, L.: La enseñanza de los medios de comunicación, De la Torre, Madril, 1993.
- TYNER, K.; LLOYD, D.: Aprender con los medios de comunicación, De la Torre, Madril, 1996.
Interneten
Hezkuntza eta Komunikabideei buruzko web guneak (esperientziak, ikastaroak, artikuluak...).
AulaMèdia - Educació en Comunicació
http://www.aulamedia.org
GRUPO COMUNICAR
http://www.grupo-comunicar.com
CENTRE DE RESSOURCES EN ÉDUCATION AUX MÉDIAS
http://www.reseau-crem.qc.ca/
RÉSEAU ÉDUCATION MÉDIAS
http://www.education-medias.ca/
PORTAL DE LA COMUNICACION (UAB-INCOM)
http://www.portalcomunicacion.com
AIRE Comunicación. Asociación de Educomunicadores
http://www.airecomun.com
CLEMI
http://www.clemi.org
Pantailak begiratzearen aldeko hezkuntza: lo egiteko ala ametsetarako?
GABANTXO, Miren
Mondragon Unibertsitatean, HUHEZI Fakultateko
IKT departamentuko irakaslea
Askotan imajinatzen ditut oraingo haurrak guk txikitan egiten genuen moduan, ohera joan beharrean, itzartuta, pijama jantzita, ate izkinatik telebista ikusten. Aitaitaren eta amamaren etxean lo egiten gelditzen ginenean errazagoa zen haiek engainatzea, ahizpak eta ni hiru aingerutxoak ginela uste baitzuten. Alderantziz, telebistako saiorik ilunenak eta beldurgarrienak ikusteko irrikitan geunden.
Txikitatik haurrei errealitatea ezkutatu nahi diete nagusiek, gordina delako. Telebista haurrentzat errealitatea da, ikusezina, debekatuta dagoena. Otsailaren 5ean Janet Jackson kantariaren titia zela eta CBS Estatu Batuetako telebista kateko arduradunak gozoak zeuden, itzelezko eskandalua zelakoan irudi hori. Imajinatu eskolan haur txiki guztiak irribarrez, "eskerrak beti adi gaudela " pentsatzen. Hezitzaile baten funtzioak zein izan behar du? Telebistako errealitateari uko egin? Haurrak despitatu? Gelan betiko ariketekin jarraitu?
Hitzaren kultura nagusi Eskolan
Hitzaren kultura da -oraindik- Eskolan nagusi. Aldiz, etxean eta kalean, ikus-entzunezko kulturaz edo kultura ikonikoaz inguratuta bizi gara. Liburu bat irakurri baino, jendeak telebista ikusten du, Internetera konektatzen da, zinera doa eta bideojokoekin dabil. Zineak ehun urte bete ditu, telebistak berrogeita hamar. Eta eskolan egungo bizimoduari lotutako ohitura hauek ez dira kontuan hartzen, nahiz eta izugarrizko eragina izan gu guztion imajinazioaren eraldaketan eta ikasleen sozializazioan. Irakurtzen eta idazten jakitea funtsezko erremintak direla onartuta dago, baina ikus-entzunezkoak zergatik ez dira funtsezkoak? Irudiaren gizarte honetan ahozko eta idatzizko adierazpena menperatzea, ikus-entzunezko adierazpena baino funtsezkoagoa da?
Orain teknologiak isildu egin du eztabaida hau. Eskoletan teknologiak sartu, ordenagailua sartu, Internet sartu eta dena egina dagoela dirudi. Makinekin maneiatzeko abileziak lantzearekin nahikoa dela ematen du. Ikus-entzunezko Hezkuntza behar dela esaten denean, Hizkuntza bat dela errebindikatzen da. Ikus-entzunezko industrian lan egin nahi dutenen formazio espezializatuaz eta profesionalizatuaz ari al gara? Ez, beste gauza bat da. Derrigorrezko hezkuntzaren urteetan, hiritar guztiek ikus-entzunezko kulturari loturiko formazioa jaso beharko lukete: bai ikasgai bezala eta bai ikaste-irakaste prozesuaren beste baliabide bat bezala.
Janet Jacksonen titiak: irudirik bilatuena, Google-en
Internet, telebista, zinea edo musikaren industria aztertzeak logikoa dirudi, pentsaeretan duten eragina ikusita. Janet Jacksonen titiak Amerikako Estatu Batuetan eta Europan sortu duen zentsura eztabaidaz pentsatu besterik ez dago. Telebistan irten eta biharamunean, Janet Jacksonen titia irudirik bilatuena izan zen Google bilatzailean.
Consell de L' Audiovisual de Kataluniak atera berri duen 2003.eko txostenaren arabera, gure haurrek telebista aurrean denbora gehiago ematen dute, eskolan baino. Kataluniako haurren datuak dira hauek: astero hemeretzi ordu ematen dituzte telebista ikusten eta beste hamaika ordu ordenagailuarekin eta bideokontsolarekin. Pantaila elektronikoaren aurrean ikasten dutenean eta eskolan ikasten dutenean -ahozko hizkuntza eta idatzizko hizkuntza lantzen-, gauza bera egiten ari al dira?
Ikus-entzunezko hedabideek modu konkretu batean hezitzen dute. Askoren aurreiritziak telebistak markatzen ditu. Nola ez aztertu hiritarren bizitzetan hain eragin handia duen zerbait? Eskolak zein mundura begira prestatzen ditu ikasleak? Bestetik, bideojoko batek planteatzen duen arazo baten aurrean, haur batek edadetu batek baino arinago lortuko du irtenbidea. Horrek esan nahi du gizaki berrien pertzepzio gaitasunak eta prozesu mentalak aldatu egin direla. Ikaste-irakaste prozesuez arduratuta dagoen hezitzaile batentzat, bere mezuen kodeak aldatzea funtsezkoa da, oraingo ikasleen sentsibilitatea eta ulermena beste bat dela kontuan hartuz.
IKTak edo Informatzeko eta Komunikatzeko Teknologiak areagotu direnean, konturatu gabe, ikus-entzunezkoa hurbildu egin da eskolara, ikaste-irakaste prozesuaren baliabidetzat hartu delako leku askotan. Adibidez, Power Point softwarea gelan erabiltzean, ikasgaia beste modu batean pentsatu eta berrantolatu behar izan du irakasleak. Testu idatzien esangura eta irudien esangura oso ezberdina dela onartu behar izan du irakasleak eta horrek betiko aurkezpen linealak apurtu ditu.
HUHEZI Fakultatearen esperientzia
Unibertsitateko Irakaskuntzan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean IKTekin nik izan dudan esperientzia, zentzu honetan arrakastatsua da. Telebistan hamar urtean ibili eta gero, erreportajeak egiteko erabili nituen ikus-entzunezko narrazio kodeak, Power Pointeko lanetan eta ikasleekin ditudan aurrez aurreko saioetan probatu ditut. Irakasle Ikasketen Diplomaturan, urte oso bateko enborrezko ikasgaia da Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berriak izeneko ikasgaia. Egia da, kurtso hasieran, zaila egiten zaiela ikasleei ikasgai honi funtzionalitatea aurkitzea. Telebistako programazioa aztertzea, adibidez, ez zaie "akademikoa" iruditzen. Gauza arruntegia dirudi eguneroko bizimodua aztertzeak. Baina praktikak egitera doazenean ikastetxeetara, orduan bai, ondo baino hobeto ulertzen dute haurren pentsamoldeetan eta sozializazioan telebistak edo play-station-ak duen eragina.
Ikasle bereziak ere badaude Diplomatura honetan, lehendik beste Diplomatura edo Lizentziatura bat egina dutenak. Gehienek lanean dihardutenez, IKT Departamentuko irakasleok saio bereziak egiten ditugu eurekin, kurtso amaierarako multimedia lan praktikoa egiteko gai izan daitezen.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate honetan, gainera, Informatzeko eta Komunikatzeko Teknologiak Formazioan Masterra dago. Ikasgela birtual batean, on line, etxetik ikas daitezkete Sareak eta Internet edota Prentsa, Irratia eta Telebistari loturiko kontzeptuak. Ikastetxe zuzendari askori interesatu zaie Master hau, eta irakasleak egunean jartzera bultzatu dituzte. Esperientzia aberatsa da bai eurentzat eta bai guretzat, Eskolan haurrekin bizi dituzten arazoak eztabaidatzeko aukera baitugu hilero dugun aurrez aurreko saioan. Dimentsio teknikoa, espresiboa eta didaktikoa zaintzen dira irakasleei begira egiten dugun gradu-ondoko honetan. Blended learning egiten dugu, aurrez aurreko harremana eta on lineko harremana nahastuz.
Interneteko eremu birtualean ere, Teknologia Berrien ikasgaia, Psikopedagogiako Lizentziaturan dago. Honek esan nahi du, Teknologien ikasgaia eta beste ikasgai batzuk editatzeko plataforma informatikoa sortu duela Fakultateak. Iazko kurtsotik hona, pantailen bitartez, pantailen inguruko hausnarketa egiten dihardugu ikasleek eta nik. Ez da erraza, e-learning proiektuetarako bai irakasleek eta bai ikasleek gaitasun bereziak garatu behar baitituzte feed-back edo pantailen bitarteko komunikazioak porrotik ez egiteko.
Javier Echeverria adituak dioenez, "Teleirakasle lanetan jardungo duten profesionalak ere prestatu behar dira, irakasle eskoletan ikasgai berriak sartuz eta egun lanean ari diren profesionalak birziklatzeko ikastaroak antolatuz. Horixe da lehentasun handieneko egintzetako bat, ingurune elektroniko eta digitalerako irakaskuntza-material berriak moldatzearekin batera".
Irudiaren gardentasuna
Historikoki Ikasketa Planen arduradunak eta irakasleak -orokorrean-, literatur formazio sakoneko pertsonak izan direnez, ikus-entzunezko hezkuntza baztertuta egon da. Ikasketa Planen arduradunek eta irakasleek ez zuten formaziorik ikus-entzunezko adierazpenaren arloan. Eta atzean aurreiritzi hau zegoen: irudia neutroa dela, tgardena dela, inolako formaziorik izan gabe berez ulertzen dela. Irudi bat irakurtzeko ez dela koderik behar. Ikustea eta begiratzea gauza bera direla. Aurreiritzi honek alienazioa dakar gizartera, ideologia transmititzeko modua errazten zaielako komunikabideei eta hartzaileek ez dutelako euren defentsa faltaren kontzientziarik.
Kodea ikasi gabe, beste ezagutza motak ezin dira eskuratu. Irudiak ikustearekin ez da nahikoa informazioa diskriminatzeko. Santos Zunzunegui Katedradunak ondo dionez, irudia begiratzen jakin behar da, eta batez ere, irudia pentsatzen jakitea komeni zaigu. Badaude horretarako arrazoiak. Informatzeko eta Komunikatzeko Teknologiek eta batez ere, Internetek, liluratuta uzten gaituzte. Roni Aviram ikerlariak dioenez, Interneteko testuingurua hipertestuala eta multimedia denez, gure pentsatzeko eta ikasteko modua aldatzen doa. Gauzak era bisualagoan eta berehala jarri ditzakegu harremanetan eta imajinazioa eta sormena indartu dezake honek. Baina ezin dugu ahaztu, mendebaldean, azken 2.500 urteotan pentsamendu arrazionala garatzeko funtsezkoak izan diren egitura linealek, logikoek eta abstraktuek boterea gal dezaketela. Eta horietan oinarritu dira azken bi gizaldietan zientzia arloan eta teknologia arloan garatu diren asmakizunak. Beraz, erdi lo edo erdi ametsetan jarraitzeko asmotan ote gauden bakoitzak atera ditzala kontuak.