Kronika

2004-03-01
 
 
Iparraldean ikastetxeetako eta lizeoetako irakasle izateko CAPES azterketa gainditu behar da. Azterketa hori Frantziako Gobernuak bideratzen du, eta beraz, berak erabakitzen du zenbat lanpostu eman.
Orain arte hizkuntza gutxituetako irakasleak %45 osatzen baldin bazuten, orain %27ra jaitsi du kopuru hori.
Hori ikusirik, aipatu azterketa zuzentzen duten epaimahaikideek (euskara, bretoiera, katalana eta okzitaniera sailekoek) Gobernuak hizkuntza gutxituen inguruan agertu duen mespretxua gaitzetsi dute. Gaurdaino CAPES azterketaren bidez eskaintzen zituen lanpostuak erdira, herenera edota laurdenera jaitsi ditu. Horrekin, beraz, iraskasle izateko eskaintza murriztu egiten zaie hizkuntza gutxituetako irakasle gaiei.
Horrekin batera, erabakia hartzeko modua ere gaitzetsi dute, azterketa eguna baino hilabete lehenago eman baitu erabakiaren berri, ikasleekiko batere errespeturik erakutsi gabe.

Gaztelaniazko eta ingelesezko haur eskola ireki dute Iruñean
Iruñeko Arrotxapea auzoko haur eskola berria gaztelaniaz eta ingelesez izango da, Iruñeko Udalak hala erabakita. Auzoko gurasoek, Sortzen-Ikasbatuazek eta Iruñeko beste haur eskoletako hainbat langilek egindako eskaerari muzin egin dio, beraz, udalak, eskola euskaraz izan zedin eskatzen baitzuten. 2.700 sinadura bildu zituzten euskarazko ereduaren alde eta udaleko erregistrora eraman ere bai. Auzoko gurasoen artean inkesta bat ere egin zuten, eta gehienek haur eskola euskaraz izan zedin nahi zuten.
Une honetan Iruñean bederatzi haur eskola daude, eta horietatik bi baino ez dira euskarazkoak, eta biak Txantrea auzoan daude. Orain Arrotxapean irekitakoa, hamargarrena, ingelesa eskainiko duen lehen haur eskola publikoa izanen da.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak "esperimentutzat" jo du haur eskola horrekin egingo dutena. Eta ez horrekin bakarrik, baita auzo bereko Cardenal Ilundain ikastetxearekin ere. Izan ere, zentro horretan iazko ikasturtean ingeleseko eredua jarri zuten. Erabaki biak inolako oinarri pedagogikorik gabeak direla adierazi dute Sortzen-Ikasbatuazeko kideek.
Haur eskolez gain, badira beste zerbitzu mota batzuk etxeko txikien zainketaz eta heziketaz arduratzen direnak. Iruñean Gaztelan fundazioa dago, eta Lagunen Etxeak izeneko proiektua du martxan jarria. Etxe partikularretan haurrak jasotzen dituzte eta zaintzaile batekin egoten dira. Gurasoek familiaren eta lanaren esparruak uztartzeko aukera izan dezaten eskaintzen dute zerbitzu hori. Normalean haur eskoletan lekurik gabe gelditzen diren gurasoek jotzen dute bertara.
Memento honetan Gaztelanek bederatzi etxe ditu martxan jarrita, eta urte bukaerarako beste laupabost zabaltzea espero dute. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dute zerbitzua; etxeen erditan euskaraz eta beste erditan gaztelaniaz, une honetan. Haurrekin egoten diren zaintzaileak psikologian, pedagogian edo haurren zainketan heziketa dutenak dira, edota aurretik esperientzia zabala dutenak.

EAEko Unibertsitate Legea onartu da
Eusko Legebiltzarrak onartu duEAEko Unibertsitate Legea EAJ, EA eta EB-IUren aldeko botoekin, SAren abstentzioarekin eta PPren eta PSOE-EEren aurkako botoekin.
Iazko urte amaieran Legebiltzarrean ez zen onartu lege proiektua, SAk egindako zuzenketak sartu ondoren, EAJ, EA eta EB-IUren artean desadostasunak sortu baitziren. Oraingoan, ordea, lege egitasmo moduan aurrera ateratzea lortu da.
Prozesu luzea bizi behar izan du honaino iritsi ahal izateko. Espainiako Gobernuak LOU legea indarrean jarri zuenean, unibertsitate publikoak eta autonomia erkidegoak zenbait aldaketa egitera behartu zituen. Horrela, Jaurlaritzak EAEko ezaugarriei eta berezitasunei egokitutako legea egiteko ardura hartu zuen, beti ere LOUren irizpide nagusiak aintzat hartuta.
2002ko udazkenean hasi zen Jaurlaritza legea egiten. Lehendabizi, unibertsitate arloko adituen iritzia jaso zuen Delphi txostena izeneko kontsulta prozesua zabalduz. Horrela, 130 lagunen iritzia jaso zuen. Ondoren, proposamena prestatu zuen.
Lege honen irizpide nagusiak bost direla esan daiteke: EAEn dauden unibertsitate guztiak sistema gisa hartzea; Europako unibertsitate sarean sartzea; eleanitza izatea; baliabideak malgutasunez erabiltzea; eta kalitatea bultzatzea. Hori guztia bideratzeko hainbat tresna zehazten ditu legeak: irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko sistema malgua eta eraginkorra izatea; Ebaluaziorako eta Kreditaziorako Agentzia sortzea; Unibertsitateetako Euskal Kontseilua sortzea EAEko unibertsitate sarea koordinatzeko; eta Unibertsitate Plana aurrera eramatea unibertsitate sistema antolatu ahal izateko.
Hirukoa osatzen duten alderdiak gustura agertu dira lege egitasmoaren onarpenarekin. Bestelakoa da PSE-EEren eta PPren jarrera. PPko legebiltzarkide Iñaki Ortegak Madrilgo Gobernuak legeari seguruenik helegitea jarriko diola iragarri zuen, eta egin du. Ikusi egin beharko da hemendik aurrera zer gertatzen den. Orain arteko prozesu luzea amaitu gabe dagoela esan daiteke.


Paueko Departamenduko Hezkuntza Kontseiluak datorren ikasturterako hezkuntza publikoko eskola kartaren zirriborroa egin du, eta eragina izango du Iparraldeko eskola publikoetan. Eskola kartak azken urteotako ildoei jarraitzen die, eta beraz, gurasoen eta sindikatuen usteak egiaztatu egin dira: gela elebidunen eskaerari ez zaio erantzungo.
Gela elebidunei dagokionez, Hendaiako Lizardi eskolan eta Jatsun zein Larresoron postu erdia galduko dute. Aldiz, Kanbo, Ziburu, Hazparne, Donibane Lohitzune eta Hendaiako beste bi eskolatan postu erdi gehiago izango dute. Arrangoitze, Jatsu eta Baionako ama eskoletan postu erdina eman dizkiete. Baina hala ere, ez dira nahikoak eskaerari erantzuteko. Iaz Ikas-Bik eredu elebidunean matrikulatzeko egin zuen kanpainaren ondoren, 216 familiek haurrak euskaraz eskolatzeko eskaria egin zuten, baina hamar familiari soilik onartu zieten; beste 206 familiek ez zuten erantzunik ukan. Nahiz eta euskarazko eskariak gora egin, Frantziako Gobernuak ez du gelarik irekitzen.
Horrekin batera, herri ttipietako eskolak ixten ari dira, eta horrek desertifikazioa dakarrela salatzen dute sindikatuek. Era berean, gobernuak lanpostuak murrizteko hartu duen jarrera kritikatzen dute, hezkuntza merkantzia bailitzan bideratzen duelarik. Hezkuntzari baliabide gehiago ez ematea gaitzesten dute.