Muga guztien gainetik... euskaraz!: ARRATIA BAILARAKO ESKOLAK: Herrian sareak sortu, Europan hizkuntza gutxituen trukea
Identitatean oinarrituta beste urrats bat ere eman dute: Gales, Irlanda, Eskozia eta Norvegiako eskolekin jarri dira harremanetan, kultur eta hizkuntza gutxituen arteko trukeak eginez.
Esperientzia guztion berri emateko eta Europako ekarpenak jasotzeko Nazioarteko Jardunaldiak antolatu dituzte Diman, martxoaren 22tik 24ra, "Herririk herri: Euskal Herritik Europara" izenpean.
Sareak zabaltzen: ikastetxe eta herri eragileengana
Eskola txikiek hasitako elkarlana, 1996an eskualdeko gainerako ikastetxe guztietara zabaldu zen, institutua eta Lanbide Heziketako zentroa barne.Ulibarri programak ekarri zuen hizkuntzaren normalkuntzarako sareok zabaltzea. Baina eskolan egiten zen lana ez zen aski kalean euskararen erabilera bultzatzeko, eta herriko taldeak nahiko sakabanatuta zeuden. Koordinazio beharra ikusi zuten, eta herriko taldeekin ere informazio trukerako guneak sortu zituzten.
Herriko kultur eta euskara taldeek eskolei zer eskaini diezaieken ondo azaltzen digu Jasone Alekoak, Arratia-Nerbioi Berritzeguneko euskara arduradunak: "Kultur eta euskara taldeetan borondatez ari den jendearen ekarpenak sano lagungarriak dira hezkuntzakoontzat. Guk egin ezin ditugun ikerketak eurek egiten dituztelako, eta hor dagoelako ikasgelatan behar dugun materiala. Oraindik falta dugun euskal material curricular hori herriko beste eragile batzuk ari dira sortzen, eta euren ekarpenak integratu behar ditugu eskolan". Bailarako ikastetxeen sare osoak euskal curriculumaren inguruko hausnarketa egin du, eta jada unitate didaktikoak garatzen ari dira. Unitate didaktikoak sortzeko eskualdeko baliabideetan oinarritu dira, bai bertako kultur ondarean, eta baita bertako aditu, ikerlari eta mitologoetan ere. Jasoneren hitzetan, "jabetu gara eskualdean bertan intelektualki ere sekulako kapitala daukagula; askotan aditu bila infernuko lekura goaz, baina bertan, oso hurbil gugandik, adituak ditugu".
Ikastetxeen arteko lana ez da izan herriarengandik aparte egindako zerbait; herriko mugimenduaren parte dira. Horren adibide garbia da eskolen aldizkaria, herri aldizkari baten sorrera ekarri duena. 1990ean sortu zuen Durangoko institutuak "Arrana" aldizkaria; 500 ale ateratzen zituen bailara osorako. Eskolen arteko elkarlana hasi zutenean, "Arrana" aldizkariari gehigarri bat erantsi zioten, "Txiline" izenekoa, Lehen Hezkuntzako eskoletan egindako lana biltzen duena. Laster ikusi zuten bailaran bazegoela herri aldizkari bat sortzeko beharra, hezkuntzaz gain herriko makina bat gai jorratuko zituena. Ganoraz euskara taldearekin harremanetan jarrita sortu zen "Begitu" aldizkaria. Herri aldizkari honetan orrialde bat dute institutuko ikasleek.
"Gure berbategie" izeneko proiektuak ere erakusten du eskolok herrian sustraituta daudena: euskalkia bultzatzeko, Igorreko institutuak eta Lemoako eskola teknikoak egin duten web gunea da. Web gunean jarri dituzte ikasleek auzoz auzo, etxez etxe, aitite-amamengandik jasotako berbak, esapide zaharrak, toponimoak, ezizenak...
Hizkuntzaren normalkuntzarako hamaika esperientzia berritzaile sortu dira elkarlanetik. Jasone Aldekoaren hitzetan: "hasieran sareak sortzea kostatzen den zerbait da, eta ez da ikusten emaitzarik. Baina ezinbestekoa da sareak izatea eta informazio jario hori ziurtatzea; behin hori daukazunean, gero gauzak egitea sano erraza da".
Europara: hizkuntza gutxituetako eskolekin harremana
1999an Arratia bailarako eskolak harremanetan jarri ziren Galesko CAER erakundearekin. CAER erakundea Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatua da, eta hizkuntzaren normalkuntzarako plan bat dute, hemengoaren antzekoa. Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzuaren bitartez jarri ziren eurekin harremanetan. Arratia bailarako lau ikastetxe proiektu bateratuak egiten hasi ziren Galesko, Irlandako, Eskoziako eta Norvegiako eskolekin. Ezaugarri bera zuten denek ere: hizkuntza gutxituak direla (gaelikoa, suomiera eta euskara). Harremanerako lingua franka bat behar zuten, eta hori ingelesa zen. Eta zer partekatu, zer trukatu zezaketen elkarren artean? Nork bere kultura, horixe da elkarri eskaintzeko dutena. Eskolan nork bere ingurua landu du, bere herriko ohiturak, mitologia, artea, kirolak... eta gero hori beste herrietako eskolekin trukatu dute. Identitatearen muina hizkuntza da, ordea, eta hori kontu handiz zaindu dute. Nahiz komunikaziorako hizkuntza ingelesa duten, lana baikotzak bere hizkuntzan egin du. Hala, gaelikoz eta suomierazko testuak iritsi dira hemengo haurren eskuetara. Esperientzia honek ingelesari funtzionaltasuna eman dio, eta irakasleek azpimarratzen dutenez, ikasleak inoiz baino identifikatuago sentitzen dira euren identitatearekin; kanpotarrekin partekatzean jabetzen baitira inoiz baino gehiago nor diren.
Komunikazio teknologiak eta ekologia, eskolako proiektu
Europako eskolekin harremanetan jartzeko, ordea, e-posta edo bideo konferentziak behar zituzten. Aldiz, herri txikietako eskoletan ez zegoen Informazio eta Komunikaziorako Teknologien azpiegitura hori garatua. Beharrak eraginda hasi ziren azpiegitura horiek garatzen. Landa Garapeneko Sailarekin hasi ziren elkarlanean, euren eskualdean Gorbeialde Alkartea dena. Elkarlan horri esker, eskoletan IKT azpiegitura sortzea soilik ez dute lortu, gainera: eskolako proiektuetan ekologia lantzea ere lortu dute, jasangarritasunaren gaia, alegia. Izan ere Gorbeialdea Alkartearen ardurapean daude Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalak. Horrek zer landu asko eskaini die eskolei.
Jardunaldiak martxoan
Hamalau urte joan dira jada Arratia bailaran sareak sortzen hasi zirenetik. Elkarlanaren ondorioz, hizkuntza normalkuntzan hainbat esperientzia berritzaile sortu dituzte. Eta Europako hizkuntza gutxituekin zubiak eraiki dituzte. Bertako esperientzien berri zabaltzeko eta Europan hizkuntza gutxituek sortu dituzten ereduetatik ikasteko, jardunaldiak antolatu dituzte, "Herririk herri: Euskal Herritik Europara" izenpean. Martxoaren 22tik 24ra izango dira jardunaldiak, Dimako Axpe jatetxeko areto nagusian. Informazio gehiago nahi duenak, jo beza web gune honetara: www.herririkherri.com.
Batzorde antolatzailean lan eskerga egin dutenak hauek dira: Jasone Aldekoa eta Begoña Garamendi (Berritzeguneko euskara arduraduna eta zuzendaria); Mateo Pagazaurtundua, Anjel Larrea, Juantxu Rekalde, Iñaki Esparza eta Errose Aurrekoetxea (Arratia BHIko irakasleak); Maritxu Ozerijauregi (Igorreko eskolako zuzendaria); Jon Albizbeaskoetxea eta Marieli Olabarri (Lemoako eskolako zuzendaria eta irakaslea); Iñigo Iruarrizaga (Begitu aldizkariaren zuzendaria) eta Peli Manterola (Gorbeialdea Alkartea).