SALBATORE MITXELENA ikastola, Zarautz: Mitologoa eta mozorroak Zarauzko ikastolako inauterietan

2004-03-01
 
 
Koloreak, musika, mozorroak... inauteriak. Euskal Herriko herrietan aurten ere ospatu dira inauteriak, ihauteriak, aratusteak... Eta baita eskoletan ere. Bakoitzak bere erara ospatu ohi du: gauza berriak eginez, urteroko ohiturari jarraituz... baina mozorroa ahaztu gabe, noski.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan orain dela bost urte hasi ziren inauterietan antzezkizun bat egiten. Euskal mitologia ardatz harturik, urtero emankizun berri bat eskaintzen dute gurasoen aurrean. Mitologiaren kondariak eta gaur egungo bizimodua uztartzen dituzte, eta aurten Martin txikiren kontakizunaz baliatu dira horretarako.


Orain dela urte asko Zarauzko Iñurritza auzoan nekazariak bizi ziren. Beren lanetan eta zereginetan murgilduta pasatzen zituzten egunak, baina dena ez zen lana izaten. Tartean dantzak eta festak izaten zituzten, eta kirolari iaioak ziren aizkolariak, korrikalariak, pilotariak, sokatiralariak...

Urte batean, ordea, uholdeak jasan zituzten, eta uztarik gabe gelditu ziren. Denak triste eta burumakur zeuden, gosearen beldur. Orduan, Martin txiki galtxagorriengana joan zen laguntza eske. Denak batera Marirengana joan ziren, eta hark Pagoetako mendi aldean bizi ziren basajaunengana joan eta arto hazia eskatzeko gomendatu zien.

Martin txiki, korrikalari iaioenen laguntzarekin, hara abiatu zen. Bidean kolore askotako loreak eta animaliak ikusiz, basajaunengana iritsi ziren. Haiek konturatu gabe, arto hazia lapurtu zuten eta herrira jaitsi ziren. Nekazariek harrera ezin hobea egin zieten eta penak ahaztu zitzaizkien.

Basajaunak, ordea, arto hazia lapurtu ziotela konturatu zirenean, herrira jaitsi ziren kontuak eskatzera. Ez zuten urteetan zehar mendian gordetako hazia eta sekretua nekazarien esku utzi nahi, ez baitziren fidatzen. Horregatik, nekazariei beraien artean ez zirela haserretuko eta erabilpen txarrik ez zutela egingo hitz emanarazi zieten.


Ipuin hori antzeztu zuten inauterietan Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan. Goizeko 11:00etarako iragarrita zegoen emanaldiaren hasiera, eta gurasoak txintxo baino txintxoago zeuden zain, hotzari aurre eginez. 50 minutu iraun zituen antzezkizunak eta ikastolako jolastokia kolorez bete zen: galtxagorri gorri-gorriak alde batetik, lore moreak, horiak eta laranjak besterik, mantangorriak batera eta bestera, nekazari andana, ile luzeko basajaunak pauso handiak emanez... Kolore eta musika festa polita osatu zuten denen artean.



Urteroko zita

Orain dela bost urte hasi ziren Zarauzko ikastolan inauterietako antzerkia egiten. Hori baino lehen, ikasleak etxetik mozorrotuta joaten ziren ikastolara, nolako inpresioa sortuko zuten pentsatuz. Baina horrek bost minutu baino ez zituen irauten. Hori bukatu eta kito, ez zuen joko gehiagorik ematen, hor bukatzen zen festa. Besterik gabe zerbait berezia janzteak soilik ez du joko handirik ematen, ez bada jolas bat asmatzen edo zerbait egiten. Eta horrexegatik otu zitzaien irakasleei inauteriak beste modu batera ospatzea.

Ikastetxe askotan egiten dira ospakizun bereziak inauterietan, eta Zarautzen mitologiarekin lotzen dituzte inauteriak. Urtero-urtero mitologiarekin lotura duen antzezkizun bat prestatzen dute, gauza zaharrak aprobetxatuz eta gaur egungo egoerara egokituz. Hala dio Josu Txapartegi irakasleak: "Gure antzezkizunean kondaira mitologikoaren oinarria mantendu egiten da. Aurtengoan, esate baterako, Martin txikik basajaunei arto hazia lapurtzen die. Baina basajaunak ez dira tonto zapelaitz batzuk bezala gelditzen eta Martin txiki ondo. Ez, kontuz. Zerbaitegatik zegoen sekretu hura naturan gordeta, eta gaizki erabiltzen bada hondamen hutsa izango da. Guk pixka bat orekatu egin dugu, eta denek dantzan bukatu dute, baina konpromiso batekin: gauzak ongi erabiltzea".

Mezu hori helarazi zuten antzerkiaren bidez, baina ez hori soilik. Mezu gehiago ere eman zituzten. Esate baterako, natura eta bere zaindariak mantendu egin behar direla; balio zaharrak normalean onak eta txukunak direla eta horregatik mantendu dela gizartea; gaurko balioekin gizartearen norabidea galduta dagoela...

Hori guztia ulertzea ez da erraza izango agian, baina plastikoki erakustsiz, ikusleei begietatik sartzen zaie. Adibidez, ohartzen dira basajaunak ez direla haserre jaitsi.



Ikasleek asko ikasten dute

Zertarako balio du horrelako emanaldi bat egiteak? Merezi al du horrelako lana hartzea? Zarauzko ikastolako irakasleek baietz diote, duda izpirik gabe, eta gauza asko lortzen dituztela baiezten dute. "Alde batetik, haurrek antzerkia gurasoen aurrean egitea lortzen dugu. Protagonista bihurtzen dira. Gainera, taldean ateratzen direnez, beldurtiak direnak babestuta sentitzen dira besteekin batera ateratzen direlako. Haurrak plazara irteten dira". Beste irakaspen handi bat itxaroten ikastea dela diote. Bakoitzaren txanda iritsi arte itxaron egin behar izaten dute. Besteek zer egiten duten ikusi behar izaten dute, eta bitartean itxaron. Hor diziplina dago eta hori oso garrantzitsutzat jotzen dute.

Talde lana da beste elementu bat. Denen artean egiten duten emankizuna da, norberak banaka egitea ezinezkoa dena.

Horrez gain, aurten herriko artista baten parte-hartzea izan dute: Egoitz Lasa aktorearena. Pako Serras irakasleak dioenez, "ikastolan kanpoko artistak ekartzeko tradizio bat badugu: Oteitza, Mendi, Egoitz... Garrantzitsua iruditzen zaigu artista horiek haurrekin erlazionatzea, irakasleokin ez duten beste harreman bat sortzen delako. Artistarekin beste mundu berri bat irekitzen zaie, eta haurrek beste gauza bat ikusten dute".

Agian Egoitz Lasak ez du horrelako hausnarketarik egina izango, baina berak gustura hartu du parte aurtengo ekitaldian. "Ilusio handia egin dit ikastolan haurrekin batera antzerkia egiteak. Izan ere, nik ikastolan ikasten nuenean, antzerkiak ez zeukan presentzia handirik, eta gaur egun gehiago duela jakiteak poza ematen dit". Zarauzko ikastolan ikasleek antzerkia ikasgai bezala dute, eta hori positibotzat jotzen du aktore gazte honek. "Pertsonalki norberarentzat oso baliagarria dela iruditzen zait, bai harremanetarako, bai jendaurrean hitz egiten ikasteko, bai jendearekin erlazionatzeko...".

Eskolan antzerkia lantzeari ongi baderitzo ere, arazo bat ikusten du Egoitz Lasak: irakasleek beti alderdi pedagogikoari begiratzen diotela, horretan oinarritzen direla. "Hau ez da oso pedagogikoa... esan ohi dute. Nik uste dut askotan antzerkian pedagogia kontuan hartu behar dela, baina ez dela dena horren baitan egin behar. Batzuetan askatasuna behar da, bestela beti oso bideratuta egiten baita, zama handiarekin. Agian irakasleek ezagutzen ez dituzten bideetatik ere irits daiteke mezua, beti pedagogian oinarritutakoa izan gabe". Argi dago irakasleek dena "pedagogizatu" egiten dutela, eta artistek bestela ikusten dutela.



Artista gazteentzako proposamena

Josu Txapartegi irakasleak artista gazteei enbidoa botatzen die. "2 eta 12 urte bitarteko ikasleekin eskolan taldean lantzeko moduko antzerkiak edo argumentuak idatziko balitu norbaitek, seguraski erabili egingo lirateke. Horregatik, horretara animatu nahi ditut artista gazteak".

Eta ez hori bakarrik. Eurek badakite ez direla horrelako gauzak egiten dituzten bakarrak. Badakite beste eskoletan ere horrelako emanaldiak aurrera ateratzen direla. Beste askotan, ordea, ez dituzte egiten, eta horiek animatu nahi dituzte. Azken finean, beraien esperientzia egokia ikusten dute iraganaren eta orainaren arteko lotura egiteko, mitologiaz baliatuz usadio eta balio zaharrak berreskuratzen direlako egungo bizimoduan txertatzeko. Eta horren beharra badugula ohartuta daude.•