BILETXEA ikastetxea, Baigorri: ERRAMOUSPE, Mikel: Kantuaren herri kultura bizia

2004-03-01
 
 
Baigorriko Biletxea ikastetxeko zuzendaria eta Gizarte zein Euskara irakaslea da Mikel. Baina ororen gainetik, musika zaletasunaren kutsatzaile da, 11-15 urte bitarteko 90 ikasle dituen ikastetxe honetan.

Kantuaren sehaska da Baigorriko harana. Mikelek miresten du herriaren kultura bizi hori. "Eliteko hiru abeslari izanagatik, gero herri osoak ez baleki kantatzen, pentsa zer miseria litzatekeen!" Kulturak bere elitea eta bere herria behar dituela sinesten du, benetan kultura indartsua izan dadin.

Haurrek, ordea, ez zuten deus jakin nahi kantuaz, eta gutxiago euskaraz abesteaz, Mikel Baigorriko ikastetxera iritsi zenean. Musika irakaslearekin elkartu eta hala sortu zuten "Iguzki Lore" proiektua, zaletasuna pizteko. Harrezkero 15 urte joan dira, hamaika kantaldi eta 3 disko.




Izatez, ez zara musika irakaslea; ikastetxeko zuzendari eta gizarte zen euskara irakasle zara. Baina musika zaletasuna kutsatzen duena zara.

Gazte-gaztetatik beti eraman dut gitarratxo bat aldean. Nire kasa ikasia naiz. Irakasle bat badut, biziki ona; haren izena "Errabia" da. 17 urte nituela, lagun batekin zenbait kantu egin, eta Gipuzkoan kantatua naiz, oraindik Francoren garaia zela. Beste giro bat zen hura. Zinez kantaldiak ez, mitinak ziren haiek!

Soldaduska egiteko garaia heldu zitzaidanean, bi urtez zerbitzu zibila egitea hautatu nuen. Erdialdeko Afrikarat joatea erabaki nuen, irakasle gisa. Iritsi eta kantuez arduratzeko eskatu zidaten. Nik euskaldun kantuak irakasten nizkien, eta niri eurenak irakasten zizkidaten. Musika talde bat ere muntatu nuen, hemendik bidali zizkidaten gitarrekin.



Zeure sorlekuan ere, kantuarekiko zaletasuna izugarria da...

Baigorriko haran honetan, hasi Urepeletik eta Bidarrairaino, baduzu kantuaren tradizio bat, oraindik galdu ez dena. Herri guztietan badira kantariak, kalitate handikoak direnak, eta emanaldiak eskaintzen dituztenak; herri mailako kantariak dira, baina horien artean Erramun Martikorena ere topa dezakezu. Kantariez gain, zaletasun herrikoia ere bizirik dago (esaterako, afalosteetan kantatzeko ohitura badago). Zinez bada kantuarekiko maitasun bat.



Aldiz, Baigorriko ikastetxean irakasle hasi zinenean, haurrek ez zuten kantuaz deus jakin nahi...

1982an sartu nintzen irakasle. Garai hartan haurrek ez zuten kantatu nahi, eta oraino gutiago euskaraz. Euskaraz kantatzea zaharren gauza zen eurentzat, ez zen modernoa. Ez zuten kantuaz deus jakin nahi.



Musika irakaslearekin elkartu, eta bien artean sortu zenuten "Iguzki Lore" proiektua, 1988an. Azal ezazu.

Helburua da hemengo haurrengan kantuaren gustua piztea, gogoa piztea, eta kantatzen jakitea. Baina kantatzen jakitea diodanean, ez da hainbeste koruan kantatzen jakitea (nahiz eta kantuak 3 ahotsetan ere lantzen ditugun); gehiago da girotze maila batean lantzea, kantu batzuk gogoz (buruz) jakiteko, eta ondare bat zurekin izateko.

Astean ordu eta erdi eskaintzen diogu kantuari. Eskola ordutan izaten da, eta nahi duten haurrekin egiten dugu. 15 urte dira proiektuarekin jarraitzen dugula, eta aurten 90 haurretatik 52-k hautatu du kantua; gehiengoak, beraz. Guk ez dugu haurren hautaketarik egiten, ahotsaren arabera taldean onartuz ala ez. Haurrak nahi izatea, hori da baldintza bakarra taldean sartzeko. Ikasgela bakoitza ahots bat izaten da; gelan ahots hori lantzen dute, eta ondoren talde osoa hartu eta ahots denak batzeko lana egiten dute. Urtero aldatzen ditugu ikasgelak ahotsez; hartara, haur denek probatzen dituzte ahots guztiak.



Hamabost urte baditu proiektuak. Zer emaitza ekarri ditu?

Lehen kantatzea, eta batez ere euskaraz kantatzea, eurentzat zaharren gauza bazen, orain hobeki ikusten dute. Konturatzen baitira balio bat baduela, publikoak maite duela, eta herriko gazteek ere (18-20 urtekoek) kantatu egiten dutela. Lehen "Iguzki Loren" egondakoek, ikastetxea utzita ere, egun segitzen dute kantuz. Batzuek taula gainean, beste batzuek lagunartean, afalosteetan. Ikastetxean hartutako ohitura hori euren lagun taldera eraman dute. Biziki garrantzitsua da hori.



Haurrei hitzak gogoz (buruz) ikasarazten dizkiezue. Zer garrantzia du buruz ikasteak?

Bi arrazoirengatik ikasarazten dizkiegu hitzak gogoz: batetik, kontzertuetan askoz ere hobe delako gogoz kantatzea, paperaren aitzinean egon partez. Baina baita ere, kantu hori egon dadin gerorako ere norberaren barruan.

Kultura batek nahi baditu oinarri sendoak jarri, nahitaez, partaideen memorian egon behar du bizirik. Nire aitak badaki gogoz ez dakit zenbat bertso eta zenbat abesti. Kultura izugarria zuten lehen buruan. Pedagogian, azken urteotan memorizatzea baztertu egin dugu, eta astakeria ikaragarriak egin ditugu hor. Memoriaz ikasi beharrean, ulertu egin behar dela izan da argudioa. Baina memorizazioa eta ulertzea ez dira kontraesanak, elkarri laguntzen diote. Gaur memorizatzen baduzu zerbait, uzten duzu posibilitatea, zenbait denboraren buruan hartaz akordatzeko eta errateko: "A! Orain hartu diot zentzua!". Hori kantuekin asko gertatzen da: umetan ikasitako kantu askoren esanahia, heldutan ulertzen dugu. Ulermena da momentuan, oraintxe balioko dizun gauza bat, eta memorizazioa da gerora baliatuko duzun asmoarekin atxikitzea.



Kantaldiak ere egiten dituzue. Zer-nolakoak izaten dira?

Kantaldi ugari egiten ditugu: inguruko herrietatik deitzen digute, gurasoei ere emanaldiak eskaintzen dizkiegu, eta trukeak ere egiten ditugu beste ikastetxeekin. Adibidez, abenduan kantaldia eduki genuen herrian, diskoaren aurkezteko. Heldu den otsailean badugu kantaldi bat Uztaritzen, maiatzean Biarnon, eta ekainean, berriz, Landetan. Apirilean, diskoaren irabaziekin bidaia bat egin ohi dugu Futuroscopera, haurren talde giroa indartzeko eta egindako lanaz jabe daitezen.



Zer garrantzi du ikasle taldea batera eta bestera mugitzeak, kantaldiak eskainiz?

Batetik, beste jenderen aitzinean kantatzeak motibazioa sortzen du lanerako. Bigarrenik, kantaldietan beste talde, beste musika batzuk entzuten dituzte, eta horrek ireki egiten zaitu. Bestalde, adin horretan pentsa ezazu talde giro horrek zer erran nahi duen, zer oroitzapenak atxikitzen dituzten hala ibiliz!

Kultura aldetik, ez dut uste adin horretan egindakoaz kontzienteki jabetzen direnik. Gauzak bizi dituzte, esperientziaz hartzen dituzte. Baina gerora konturatzen dira, ondotik arrazionalizatzen dute. Baditut ikasle batzuk, denboraz irakasle bilakatu direnak, eta askotan etortzen zaizkit erraten: "orain ulertzen dut zergatik egiten genuen hau!".

Euskara aldetik ere, kantuak badu bere funtzioa. Hemen euskara ez da osasun onean. Helduen artean tira, baina gazteen artean ez. Herriko kantaldietan, nik gitarraz laguntzen ditut kantari helduak, binaka edo hirunaka abesten dutenak. Horietako batzuk lehen "Iguzki Loren" ibiliak dira. Badira berriki 4 gazte, 17 urte dituztenak, zoragarri kantatzen dutenak, eta kantatzeko gogoa badutenak. Horiek oso elementu garrantzitsuak dira hemengo gazteen artera euskal giroa hedatzeko. Kantuak ez du salbatuko euskara, baina bere partea ekartzen ahal du. Kontzientzia bat ere ematen du, eta kultur nortasun baten helarazteko ere garrantzitsua da kantua. Kantuaren bidez, hemengoak ez direnekin integrazio lana egiten ahal duzu.



"Iguzki Lorek" 3 disko ere atera ditu. "Goiz Alba", azken diskoa, abenduan aurkeztu zenuten. Zer kantu bildu dituzue?

Hiru motatako kantuak eduki ditugu kontuan. Batetik, herrikoi egin diren kantuak hartu ditugu, baina egun sobera ezagunak ez direnak; Mixel Labegueriren "Aitatxiren otoa", kasu. Bestetik, sobera ezagunak diren kantuak daude: "Bagare" edo "Ene herriko neskatxa maite", edo haurrek oso maite duten "Aberriaren mugak" abestia. Hirugarrenik, badira kreazio batzuk ere.

Diskoa "Agorrila" disko-etxeak du banatzen, 15 eurotan, eta geuk ere saltzen ditugu. Gerok jada 500 ale saldu ditugu.