FERNANDEZ ANGUITA, Mariano:
1999an "¿Es pública la escuela pública?" artikulua idatzi zuen, eta sorrarazi zituen erantzunak eta erreakzioak ikusita, izenburu bereko liburua argitaratu zuen 2001ean. Liburuaren hitzaurrean Jaume Carbonell "Cuadernos de Pedagogía" aldizkariko zuzendariak zera dio berari buruz: "Enguita probokatzaile hutsa da; hori bai, probokatzaile sinesgarria, egokia eta beharrezkoa bizi ditugun garai hauetarako".
Dikotomia hori engainagarria dela deritzot. Jurista batek ez luke arazorik izango bien arteko bereizketa egiteko: batzuk jabetza publikoa dute eta besteek pribatua.
Niri ondorio maltzurrak eta ustekabekoak dituen dikotomia dela iruditzen zait, eta hezkuntzari buruzko eztabaidari komeni ez zaizkionak. Izan ere, publikoa zoragarria dela uste izaten da, inpresio ona ematen duelako eta publikoaren esferari, kolektiboari, gobernuari, hots, denona denari egiten dio erreferentzia. Aldiz, pribatua norberarena da, ez besteena, eta besteak kanpoan uzten dituena.
Banaketa horretan okerrak eta kaltegarriak diren bi uste sortzen dira. Lehendabizi, ez dut esango publikoa onena denik, baina "ez da hain txarra" guztiontzako egiten duelako lana eta guztiokin arduratzen delako. Bigarrenik, pribatuaz hitz egitean, badirudi aipatu ezin dugu zerbaitetaz ari garela. Eskola pribatua dagoela onartzen den unetik, bere jabeak ateak nahi dituenean itxi eta ireki ditzakeela pentsatzen dugu.
Beste modu batera azalduko dut. Memento honetan oso tipikoa den eztabaida bat dago. Behar bereziak dituzten haurrak edo etorkinak nora doazen galdetzen denean, diru publikoz sostengatutako zentro guztietara joan beharko luketela esaten da. Horrekin zer adierazten da? Bada, diru publikoz sostengatu gabeko zentroei ezin diegula ezer esan, esklusiboki pribatuak eta beraienak direlako eta ezin zaielako ezer eskatu.
Horregatik, dikotomia horrek gizarteari eta erakunde demokratikoei oztopatu egiten die hezkuntzan osotasunez eta eraginkortasunez jokatzea.
Nola gaindi daiteke erabilera oker hori?
Zaila da terminologia aldatzea, oso sartuta baitago, baina ni saiatzen naiz eskola publiko-pribatuaz gutxiago hitz egiten eta eskola estatala-kontzertatua-pribatua gehiago erabiltzen, edota are gehiago, estatala-kontzertatua-baimendua. Zeren, hezkuntza pribatua zentzu hertsian ez da existitzen. Familia bakoitzaren barruan bai, hezkuntza pribatua dago, gurasoek nahi dutena edo ahal dutena egiten dutelako. Beste ikasketa zentro batzuetan bakoitzak nahi duena soilik hartzen du, eta eskaintzen duenak ere nahi duena eskaintzen du. Hori gertatzen da zeramika tailer batean, hizkuntza akademia libre batean, arriskuko gidaritza eskola batean eta antzekoetan. Baina hori ez da gertatzen derrigortasuna hezkuntza hartzera joaten garen lekuetan, legeak araututa dauden hainbat gauza bete behar baitituzte: programak, matrikulazioa, ordutegia, ikasgaien antolaketa eta abar.
Azaleko banaketa hori alboratuta, zer ikusten duzu egungo hezkuntza sistemaren erraietan?
Milioika pertsona bizi diren gizartean kokatuta, hezkuntza eskaintzeko bi modu baino ez ditut ikusten. Hau da, bi banaketa modu soilik eraikitzeko gai izan gara, eta ez dago besterik. Bi banaketa modu handi horiek estatua eta merkatua dira.
Estatuaren barruan aldaerak egon litezke, hots, estatuak modu askotara bana dezake hezkuntza, baina berak jarraitzen du banatzailea izaten. Pertsonek estatuak eskaintzen duen hori ordaindu gabe jasotzen dute. Horrek ez du esan nahi inork ordaintzen ez duenik, doako hezkuntzarik ez baita existitzen, doako janaririk existitzen ez den bezala. Jasotzen duten batzuentzat doakoa izango da, baina norbaitek ordaindu beharko du: fondo publikoekin, zergekin edo dena delakoarekin.
Beste banatzaile handia merkatua da, erlazio sozial bezala ulertua. Bertan, norberak joan eta nahi duena erosten du eskaintzen dioten hartatik, eta alderantziz. Beraz, banaketa horretaz jabetuta, ikusi behar dena da ea banaketa moduek hezkuntza eskubidea bermatzen duten edo ez, eta zein baldintzatan.
Azken finean, egitura bi dauzkagu eta biak dira egokiak zentzu batean, bata berdintzailea delako eta bestea librea. Baina biek dituzte desabantailak; bata burokratikoa da eta bestea ez da berdintzailea, itsua da pertsonen arteko desberdintasunen aurrean.
Estatuaren abantaila nagusia berdintzailea izatea al da?
Bai, hori da bere ezaugarri nagusia, oso berdintzailea da. "Kafea denontzat" esaten duenean, mundu guztiak bere kafea jasotzen du. Mundu guztiarentzat Lehen Hezkuntza, bada mundu guztiarentzat Lehen Hezkuntza. Mundu guztiarentzat Bigarren Hezkuntza, bada mundu guztiarentzat Bigarren Hezkuntza. Denek jasotzen dute zerbitzu hori eta hori abantaila handia da.
Zer desabantaila ikusten dizkiozu?
Burokratikoa da. Nahi duena esan dezake eta inori ez dio galdetzen. "Denak Geografia ikastera" edo "Denek DBH egingo dute" esaten du, eta denek hori egin behar dute. Inork ez dauka hitzik horren aurrean. Erabakitzeko prozesua bat edo bestea izan liteke, baina azkenean, elementu inposatzaile bat duen eskaintza burokratiko hori jasoten dute denek. Seguraski ez da ez bata ez besta izango, ez da izango ez inork nahi ez duena, eta ezta denek nahi dutena ere, tarteko gauza bat baizik.
Nolakoa da merkatuaren funtzionamendua?
Modu askotara funtziona dezake, baina oinarrizko ezaugarria zera da: norberak aukeratzen duela. Zerbait ez baduzu nahi, ez duzu ordaintzen. Eta nahi baduzu eta ordain baldin badezakezu, berehala lortuko duzu, edozer gauza delarik ere, baldin eta kode penalak zigortua ez baldin badago. Arazoa da pertsona guztiek ez dutela horretarako bitarteko nahikorik.
Zer da zuretzat zerbitzu publikoa?
Estatuaren eta merkatuaren eskaintza antolatzeko modu bat, guztion hezkuntzarako eskubidea asetua izan dadin.
Nola gara daiteke zerbitzu publikoa?
Zerbitzu publikoa egitura bi horietatik abiatuta jarri behar da. Zeren, behin eta berriz diot, ez dago hezkuntza zerbitzu publikoa deitzen den hirugarren banaketa modurik. Dagoena da bi egitura horiek (estatua eta merkatua) berrantolatzeko, arautzeko, berritzeko, kontrolatzeko, gidatzeko, zuzentzeko, desbideratzeko edo dena delakoa egiteko modua, zerbitzu publikoa deitzen diogun horren antza har dezan. Orduan, kontua da nola jarri zerbitzu publiko bat martxan egitura bi horietatik abiatuta. Hezkuntza sistema edo irakaskuntza osotasun bezala hartu behar da, eta hortik abiatuta zerbitzu publiko hori nola antolatu eztabaidatu behar da.
Gure kasuan, errealitatean bi sare dauzkagu (edo hiru, nahi duzuen bezala), eta kontua da horien bitartez bermatu behar dugula denontzako zerbitzu publikoa.
Horrek zer aldaketa ekarriko lituzke sare publikoan eta pribatuan?
Alde batetik, merkatua arautzeko baldintzak eztabaidatu behar dira, eta bestetik estatuaren erantzukizunak.
Zer esan nahi du merkatua arautzeak?
Eskaintza arautzea, eskaerari diru laguntza ematea eta parte-hartzea artikulatzea.
Hezkuntza unibertsalizatu ahala, kostuak igo egiten dira, eta gero eta handiagoak dira. Prozesua zailduz joaten da eta ahalegin hori denen artean banatu behar da, ez diru publikoz sostengatutakoen artean soilik, baizik eta denen artean. Ahalegin solidarioa banatu egin behar da. Nire iritziz, horrek ez luke izan beharko finantziazioa lortzeko baldintza, baizik eta baimena lortzeko baldintza. Zentro guztiei ikasleak onar ditzaten eskatu behar zaie, eta ez hori soilik, baita ikasleak mantentzea eta beren emaitzen arabera ebaluatzea ere. Noski, horretarako behar dituzten baliabideak eman behar zaizkie zentroei. Ezin da izan zentro publiko batek hau, hori edo bestea jasotzea ez dakit nolako ezaugarriak dituen ikasle bat duen bakoitzeko, eta eskola kontzertatuek beren kabuz bilatu beharra izatea.
Bigarrenik, eskaerari diruz lagundu behar zaio, noski, eta horretarako aukera bat baino gehiago dago: prezioen arautzea, diru laguntzak, kontzertuak, txekeak, errentaren gaineko zerga negatiboak eta konpentsazio aktiboa.
Hirugarrenik, parte-hartzea bultzatu behar da. Haurrak eskolaz aldatzea egunkariz, okindegiz edo arrandegiz aldatzea baino konplexugoa da. Horregatik, prozesua arautu behar da eta horretarako parte-hartzea oso garrantzitsu da, bai profesionalena eta bai komunitatearena. Kontuan hartu behar dira, ez baitira objektuak, subjektuak baizik, eta hitza eman behar zaie.
Estatuaren erantzukizunen kasuan, zer da eztabaidatu behar dena?
Irakaskuntza estatalean erantzukizun mekanismoak sartu behar direla esan nahi dut. Eta erantzukizuna hitz ingelesaren zentzuan ulertzen dut. Hau da, beraiek bi hitz erabiltzen dituzte: responsability eta responsiveness. Lehenengoak esan nahi du bakoitzak bere ekintzengatik ordaintzen duela; ondo eginez gero, saritu egiten da, eta gaizki eginez gero, zigortu. Ia beste edozein giza arlotan bezala, pizgarri positiboen eta negatiboen sistema bat behar da. Eta responsiveness-ek publikoari entzun behar zaiola esan nahi du; hau da, ezin dugu "gu profesionalak gara" esan eta korporatibismoz jokatu. Ezin da egin "dena herriarentzat baina herririk gabe", "dena ikasleentzat baina guk esaten dugun bezala". Horri despotismo ilustratua deitzen zaio, eta hezkuntzan "ilustrazio despotikoa" dei geniezaioke; gauza bera, baina pixka bat espezializatuagoa.
Zein mekanismo proposatzen dituzu estatuaren erantzukizuna gehitzeko?
Batetik parte-hartzea egongo litzateke. Boterearen eta profesionalen ahalmena orekatzeko modu bat da eta guztien parte-hartzea bultzatu behar da: gurasoena, ikasleena, komunitatearena...
Bigarrenik, zerbitzuaren ebaluazioa; bai zentroena eta bai profesionalena. Mekanismoak sortu behar dira jendea bere lanaren erantzule izan dadin. Gauzak publikoak direnean pizgarriak behar dira funtziona dezaten. Zentroek eta bertan lan egiten dutenek lan segurua daukate eta horren ondorioak ikusita pizgarriak eman behar dira. Dena dela, hori ez da irakaskuntza publikoaren arazoa, publiko osoarena baizik, eta bai hemen eta bai Berlinen. Errusiar Iraultza ikasten badugu, arazoa hori zela konturatuko gara: nola eta zer egin jendeak lan egin dezan. Paradoxikoki kapitalismoak ez dauka horrelako arazorik. Bere nagusia arrazoi justifikatuengatik gorroto duen langileak badaki enpresa ixten bada lanik gabe geratuko dela. Estatuko langileen kasuan ez da horrelakorik gertatzen.
Horregatik, mekanismoak sortu behar dira jendea bere lanaren erantzule izan dadin. Badaude zenbait mekanismo, baina kasu batzuetan ez dira nahikoak.
Horietako bat morala da. Milaka langile eta funtzionariok ondo egiten dute euren lana hala egin behar dutela uste dutelako. Esku ukiezina izango litzateke; jendea gauzak norabide batera edo bestera egitera bultzatzen duen kultura da.
Beste mekanismo bat kontrola da: nagusia, ikuskaria, agentzia publikoak... burdinezko eskua. Iraskuntzan ikuskaritza izango litzateke, nahiz eta gaur egungoak ikusikariak baino gehiago autoritateen aholkulari juridikoak eta teknikoak izan.
Eta beste bat esku ikustezina da, hots, merkatua. Okin batek ogi txarra egiten badu, ez du salduko eta itxi egin beharko du. Eskolak ez dira okindegiak, baina ez litzateke txarra izango eskola batek gaizki funtzionatzen badu, alde egiteko aukera izatea.
Ekimen sozialeko eskolei lekurik ikusten al diezu sistema honetan?
Uste dut hezkuntza sistemak gehiengo handi batean publiko estatala izaten jarraituko duela eta beste batean pribatu enpresariala. Dena dela, ekimen sozialeko sektore handi bat badago, eta aldi berean, uste dut hor esperimenta daitezkeela estatu-merkatu nahasketa horren abantaila batzuk eta kudeaketa forma batzuren abantailak.
Zer abantaila ikusten dizkiezu ekimen sozialeko eskolei?
Merkatuari begira, irabazi asmorik gabekoak direnez, ez dira merkatuaren kriterioetan sartzen. Hala ere, merkatuaren kriterioen arabera molda dezakete eskaintza, eta hirugarren bide bat marka dezakete.
Edonola ere, interesgarriagoa iruditzen zait zentro horiek funtzionaritzaren zurruntasunari lotu gabe egotea. Zeren zurrutasun horrek funtzionarioa mugiezina izatea baitakar; edo beste hitz batzuetan esanda, arduragabekeria.
Dena eta ezer ez artean, tarteko formularen bat bilatu beharko litzateke: irakasleen independentzia eta askatasuna babestuko dituena, baina aldi berean, ganorabako bihurtuko ez duena. Zentzu horretan, ekimen sozialeko zentroek, eta bereziki kooperatibek, eta baita ordena erlijiosoek ere, kontrol klima eta babes klima sortzen dute. Langileak lotuago eta babestuago daude, ez dira ordenako funtzionarioak, baina ezta langile ezegonkorrak ere. Bestalde, batez ere gurasoen edo gurasoen eta irakasleen kooperatibak direnean, eskola horiek beste abantaila bat dute: inguruneari irekitzen direla derrigor.
Nola irudikatzen duzu eskola eredua?
Gaur egun ez da bideragarria denentzako eskola berdina, ikasle asko eskolatzen baitira. Orduan, kalitatezko hezkuntza lortzeak, emaitza egokiak lortzeak, batez beste gutxieneko gauzak lortzeak... asko dibertsifikatzea eskatzen du. Zeren ikasleak oso desberdinak baitira zentro batetik bestera, edo zentro berean bost urte beranduago.
Zentro bakoitzak bere hezkuntza erabakitzea eskatzen du horrek. Ez dut esan nahi autoritate estatalek, udalek edo dela delakoek abdikatu egin behar dutenik, ezta pentsatu ere. Baina planifikazio papera bete beharrean, ekintzaren aldekoa bete beharko lukete. Ikastetxe bakoitzak iniziatiba hartzeko baldintzak sortu behar dituzte, eta aldi berean, ekimen horien emaitzak exijitu. Beste modu batera esanda, zentroek modu malguan jokatu ahal izatea. Horrek egoerak eskatzen duen baldintzetan egotea esan nahi du.
Zein dira baldintza horiek?
Hiru aipatuko nituzke.
Hasteko, irakasle bakoitzak bere zentroarekiko konpromisoa edukitzea. Irakasle bat ezin da bere haurrez, bere taldeaz, bere gelaz, bere ikasgaiaz soilik arduratu, baizik eta bere ikastetxean gertatzen denarekin lotuta sentitu behar du. Aldi berean, berak egiten duen lanarekiko ardura orokor bat badagoela onartu behar du. Autonomia eta lan banaketa errespetatu behar dira, baina erantzukizun hori onartuta.
Bigarrenik, eskolaren antolaketa bitarteko bat dela ulertu behar da, eta ez helburua. Bi gauza horiek nahastea arazo zaharra da. Hasieran normala da sistema razional bat bezala diseinatzea, ordutegia, arauak eta abar jarriz. Seguraski diseinu horiek oso onak izango dira, baina ez mundu aldakor eta zalantzazko honetan. Egoera horretan, antolaketak malgua izan behar du, ez baita helburua, bitartekoa baizik.
Eta hirugarrenik, eskolek irekiak izan behar dute. Zergatik? Gaur egungo ezagutzaren, globalizazioaren eta horren guztiaren gizarteak zera esan nahi duelako: ez dela unibertsitatean pentsatzen eta gero ezertxo ere ez dakien komunitateari eskolan erakutsi. Egun, enpresetan, elkarteetan, talde informaletan eta toki guztietan eraberritzen dira gizakiak eta ez da irakaslea informazioa eta jakituria duen bakarra. Haur askok ni baino hobeto hitz egiten dute ingelesez, nik baino hobeto erabiltzen dute informatika, nik bizitza osoan bidaiatuko dudana baino gehiago bidaiatu dute... Eta gurasoak ez dira haur ezjakinen guraso ezjakinak; kultura eta hezkuntza maila altuagoa dute. Ondorioz, eskolaren ingurunea ezin da hartu eskolatu behar diren basatiz betetako lekutzat. Behar gaituen leku bat bezala soilik ez da ikusi behar, baizik eta aukerak ematen dizkigun leku bat bezala. Hori da eskola irekia, edo beste modu batera esanda, dena herriarentzat baina herriarekin.
Eskola publikoaren aldaketaren arrazoietako hiru hauek zirela idatzi zenuen artikulu batean: bokazioa, feminizazioa eta sindikatuen arduragabekeria. Ez al da bitxia horiek izatea, hots, garapen soziala bera, eskola publikoaren hondatzea ekarri dutenak?
Denok dakigu eskola publikoaren barruan arazo batzuk daudela, baina badirudi ezin dela horietaz hitz egin. Nik fenomenologia tipiko hori agertarazi nahi nuen eta kausa batzuk aipatu nituen. Esan nuen guztia berresten dut, baina gauza batzuk zehaztuko ditut.
Bokazio falta baino gehiago desprofesionalizazioa esango nuke orain. Irakasleen sektorea oso anitza dela onartzen hasi behar dugu: batzuk gustatzen zaielako daude, eta beste batzuk txisteak dioen hiru edo lau arrazoiengatik: "uztaila, abuztua, iraila eta... bat ahaztu zaizula uste dut, abendua". Nire ustez, pizgarrien sistema jarri beharko litzateke lan ona saritzeko eta lan txarra zigortzeko.
Feminizazioaren kasuan, egia da, baina argudioa ez zen feminizazioa bere horretan. Eskola publikoaren egoera txarra ez da txarra emakume asko daudelako, baizik eta emakume horiek orokorrean ezin izan dutela eskolako lana eta etxeko lana ongi banatu, eta horrek eragina du eskolan. Zoritxarrez, etxeko lanen %80-90 egin behar dutenez, lanordu murriztua eskatzen dute. Hain feminizatua ez dagoen beste edozein sektoretan ez da ohikoa lanaldi murriztua eskatzea.
Eta hirugarrenik, sindikatuen argudioa ere mantentzen dut. Lantegietako langileen interesen defentsa eta autodefentsa egiteko modua ezin dira mundu profesional batera pasa. Sektore profesional batean "denontzako kafeak" ez duela funtzionatzen iruditzen zait. Gutxieneko bezala bai, baina gero erantzukizun indibiduala eta kolektiboa garrantzitsuak dira, eta zuntz horrek puskatzen du ekintza sindikala. Hau da, praktika sindikal hori aurrera eramaten duen jendea da berritzaileena eskoletan, baina hauteskunde sindikalak iristen direnean, ea nor ateratzen den lanaldi jarraituaren aurka! Orduan, dena galtzen da. Egoera aldatu egin da, eta sindikatuen antolaketak ere aldatu egin behar du.
Edonola ere, aipatu hiru faktore horiei beste bi gehituko nizkieke orain: gizarte zibilaren eta demokraziaren ahuldadea. Demokrazia ahula den lekuetan eta gizarte zibila ahula den lekuetan gertatzen zaio hori eskola publikoari.
Eskola publikoan soilik gertatzen al da hori? Kontzertatuetan ez?
Nik uste dut kontzertatuek beste arazo batzuk dituztela, agian okerragoak. Dena dela, arazo hori ere badute. Kontzertatuetako irakasleek publikokoen baldintzak lortuko balituzte, eta hori da helburua, gauza bera gertatuko litzateke. Nire irudikoz, publikoan ez dauden bi gauza pisutsu daude pribatuan. Bata ikasleak mantendu egin behar direla. Publikoan, ordea, profesional txar batentzat, gauzarik onena ikasleak galtzea da. Eta bigarrena, eskolarekiko harremana zabalagoa dela, ez instrumental hutsa; batez ere proiektu baten sinesten dutelako edo erlijio ordena konkretu batekoak direlako.
Niretzat, eskola pribatuaren arazoa da erdiak konfesionalak direla. Nik uste dut gaur egun ez litzatekeela eskola konfesionalik egon behar. Eskola errepublikaren tresna dela uste dut, bere zentzurik zabalenean: gizartearen antolaketa politikoaren tresna da. Gainontzekoa pribatua da.
Argi ikusten dut laster gatazka handi bat egongo dela. Legea hartuta, denek eskubide berak dituzte: katolikoek eskola katolikoak edukitzeko eta erlijio katolikoa irakasteko eskubidea baldin badute, beste edozein erlijiok ere bai.
Hori jende gutxiren arteko kontua baldin bada, ez da arazorik sortzen. Baina hemendik gutxira arazo bihurtuko da zehaztea zein den hiritarren eremua, zein talde erlijiosoaren eremua, zein kulturaniztasunarena zentzu zabalean ulertuta -hots, talde bat erreproduzitzeko ahalegina instituzio publikoetaz eta abar baliatuz-... Niretzat hori da orain arazoa.