Kronika

2004-04-01
 
 
Seaskak ahalmen urriko haurrak eskolatzeko diru bilketarako irratsaioa egin zuen. Irrat'6 izena jarri zioten 6 orduko saioari, eta euskal irrati hauei esker egin zuten martxoaren 13an: Irulegi, Xiberoko Botza eta Gure Irratia.
Seaskak ahalmen urriko 11 haur integratzeko xedea du aurten. Legeak eskubide hori aitortuagatik, Frantziar Estatuak ez dizkio eskaintzen bitarteko guztiak, eta beraz, gastuok Seaskaren gain dira (herritarren laguntza ezinbestekoa bihurtzen delarik). Aurten 53.000 euro beharko dituzte.
Herritarrengana iristeko bide zuzena da irratia. Sei orduko programan arazoaren berri eman zieten entzuleei, Seaskan integrazio lana nola egiten duten azaldu, eta hainbatek bere esperientzia pertsonala kontatu zuen. Entzuleek deitzea aski zuren diru-laguntza emateko. Iaz irratsaioaren bidez 33.000 euro lortu zituzten. Aurten, berriz, 26.100 euro. Kopurua jaistea ulergarria liteke, izan ere, iazko laguntzaileek aurten gutun bidez eman dezakete laguntza, eta askok horregatik ez zuen deituko irratira.


A eta D ereduen gatazkak
Jaurlaritzak A eredua kentzeko ahaleginak egin dituela, susmo hori zuen Carlos Urkijok, orain arte EAEn Madrilgo gobernuaren ordezkari zenak. Susmoa ziurtatu nahian, Urkijok Espainiako Hezkuntza Ministeritzako ikuskatzaileak bidaliko zituela ikastetxeetara erran zuen.Ikuskatu duten lehenengoa Basauriko Velazquez ikastetxea izan da, bertan A eredua "bat-batean" desagertu dela-eta. Ikastetxeko zuzendaritzak halaxe jakinarazi zion ikuskatzaileari: datorren ikasturterako A eta B ereduak eskaini zituztela, eta aukera biak izanda guraso gehienek B eredua hautatu dutela. 2 urtekoen guraso guztiek hautatu dute eredu elebiduna; 3 urteko haurren artean, bostek B eredua hautatu dute eta bik baino ez A eredua. Basauriko Hezkuntza zinegotziak ere argi utzi nahi izan zuen Jaurlaritzak ez diela A eredua kentzeko agindurik eman, eta B ereduaren aldeko apustua eskolak berak egin duela, gero eta ikasle gutxiago matrikulatzen zirela ikusita.
Basauriko Velazquez eskola ikuskatu ostean txostena idatzi du Espainiako Hezkuntza Ministerioko Goi Ikuskaritzak. Dokumentuan zera eskatzen diote Jaurlaritzari: EAEko eskola guztiek A eredua eskaini behar dutela, aukera guztiak eskainiz soilik jakin ahal izango delako zein diren, hizkuntza ereduetan, gurasoen "benetako eskakizunak". Txostenean gehitzen dutenez, horrek ez omen du esan nahi eskola guztietan hiru ereduak eman behar direnik; Hezkuntza Sailak moldatu omen ditzake plangintza nagusiak, A eredua eskatzen duten haur guztiak eskola berean batzeko. Dena dela, hemendik aurrera Urkijok ez du orain arteko kargua beteko eta hasitako bide horrekin zer gertatuko den ikuskizun dago.
Bilbon, berriz, euskaraz ikasteko lekurik gabe gelditu dira 36 haur, inguruko D ereduko eskola publikoetan ez dagoelako eurentzat tokirik. Haurrok 2 urtetik 5era bitartekoak dira, Bilboko Zazpi Kaleak, Atxuri eta Bilbo Zaharra auzoetakoak. Zozketaz erabaki behar izan dute kanpoan zein geratuko diren Atxuriko Maestro Garcia Rivero eskolan. Gurasoek eta eskolek protestak antolatu dituzte, hau ez omen da-eta haurrak kalean gelditzen diren lehen aldia.

'Euskal Herria' testu liburuetatik kendu nahi
"Euskal Herria" kontzeptua testu liburuetatik kentzeko eskatu zion Ibarretxe lehendakariari, gutun bidez, Carlos Urkijok, Madrilgo Gobernuak EAEn zuen ordezkariak. Eskaera honek erantzun katea ekarri du, bai Jaurlaritzatik, bai argitaletxeetatik, bai Ikastolen Elkartetik eta bai sindikatuen aldetik.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak esan du ez duela inongo asmorik ikasliburuetatik "Euskal Herria" hitza kentzeko: "Hau sorgin ehiza da, PPren beste inkisizio bat. Lasai, honek guztiak ez duelako hezkuntza sistemaren egunerokoan eraginik izango". Carlos Urkijori "kultura gutxi" izatea ere leporatu zion. "Edo ez du entziklopediarik irakurri edo ez daki zer den Euskal Herria. 'Euskal Herria' terminoa entziklopedia guztietan bilatuz gero, zazpi herrialdeak agertzen dira definizioan, eta hori komunitate zientifikoak onartzen du. Aurrean daukan errealitatea onartu behar du Urkijok".
Miren Azkaratek eman zuen publikoki Jaurlaritzaren erantzuna: "Urkijo jaunarentzat euskaldunok ez gara existitzen". Eta ironiaz erantsi: "dioenarekin kontsekuente balitz, Urkijok Encyclopedia Britannicaren arduradunei Euskal Herriari buruzko artikulua kentzeko eskatu beharko lieke eta entziklopedia horren erabilera debekatu hezkuntza sisteman". Eusko Jaurlaritzaren ustez, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza "alferrikakoa" da eta "ez du bizikidetasunerako balio".
Elkarlanean argitaletxeak eta Ikastolen Elkarteak jakinarazi dute ez dutela "argitalpen prozesua zikinduta ikusi nahi politikakeriak medio". Erein argitaletxeak ere nabarmendu du horrenbesteko"zentzugabekerien" sustraiak jarrera ideologiko eta politikoetan daudela, "panderoz eta tortilaz osaturiko nazionalismorik zaharkituenean, hain zuzen". EILAS sindikatuak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zuzenean eskatu dio "tinkotasunez euts diezaion" 'Euskal Herria' hitza testu liburuetan agertzeari, eta Urkijori jakinarazi diote EILASeko kideek eguneroko jardunean askatasun osoz jarraituko dutela hitz hori erabiltzen. Zorionez, Espainiako gorteetarako hauteskundeen emaitzak ikusita, Urkijok ez du jarraituko zegoen karguan.

Martxoan irakasle grebak izan dira Iparraldean eta Nafarroan.
Baionan 600 pertsona bildu ziren Raffarinen hezkuntza egitasmoa gaitzesteko. Manifestazioan eskola publiko eta pribatuetako irakasleak bildu ziren, sindikatuok deituta: FAEN, FERC, CGT, SCEN, CFDT, UNSAA, Sud-hezkuntza eta LAB. Sindikatuen ordezkariek agiri bateratu bat helarazi zioten suprefetari. Agirian Hezkuntza Saileko diru partiden murrizketa salatzen dute sindikatuek: "Behin-behineko lan kontratuak bultzatuz heziketaren kalitatea kolokan ezartzen dute". Sindikatuek salatu zuten titulazio postua lortu dutenen kopurua %43 jaitsi dela, eta dezentralizazioa dela-eta eskola laguntzaileen postuak arriskuan daudela. Izan ere psikologoak, aholkulariak eta gisako laguntzaileak tokiko arduradunen erabakien menpe geldituko dira, eta ez omen da berdintasuna ziurtatuko irakaskuntzan. Hizkuntzen atalean salatu zuten euskarak postu murrizketa jasaten duela hezkuntza publikoan, eta euskararen auzia geldirik dutela. Maiatzaren 29rako hezkuntzari buruzko forum bat antolatu dute sindikatuek Baionan.
Iruñean, berriz, Parlamentuaren aurrean bildu ziren musika eta marrazketa irakasleak, Gobernuak ikasgaion ordutegia murriztu nahi duela salatzeko. Irakasleek azpimarratu zuten, Madrilgo Gobernuaren Kalitatearen Legea garatzeko Nafarroako Gobernuak egindako dekretuek musika eta marrazketa baztertzen dutela.