087: Eskolan politika bai, alderdikeriarik ez.<br />Erlijioa bai, adoktrinamendurik ez.

2004-04-01
Kontuan hartu behar da hezkuntza dela identitatearen sortzaile garrantzitsua eta gizabanakoaren garapenean eragin handia daukana. Batez ere, gizataldeen hizkuntza eta kultura erreproduzitzen dituelako.
 
 
Estatu berrien sorreratik estatua nazioarekin parekatu nahi izan da, nazioa eta estatua gauza bera balira bezala.

Parekatze horrek, hizkuntza bakarra, kultura bakarra eta estatuen antolaketa administratibo eta juridiko bakarra ezarri zituen; bertan zeuden beste herri, hizkuntza, kultura eta nazioak kontuan hartu gabe.

Duela berrehun urte hamabost milioi biztanle bizi omen zen Frantziako estatu sortu berrian eta horietatik hiruk soilik hitz egiten omen zuen frantsesez, gainontzekoen hizkuntza beste bat zelarik.

Gaur egun, aldiz, inor ba al da estatu osoan frantsesa erabiltzera behartua ez denik? Hain epe laburrean nola lortu du hizkuntzen ordezkapena? Piarres Xarrintonen iritziz, eskola izan da estatuak erabili duen bitartekorik indartsuena eta ia bakarra denak frantsezteko. Estatu espainiarrean ere halako zerbait gertatu da, ezta? Nork zioen, bada, eskolak ez duela apenas eraginik?

Aro industrialetik informatikora pasatzen ari garen honetan, estatuetatik egitura handiagoetara igarotzen ari gara; Euskal Herriaren kasuan, Europako antolaketaren barruan kokatuta aurkitzen delarik.

Bestalde, giza mugikortasuna gero eta handiagoa da, eta lurralde batetik bestera aldatzea oso ohikoa bihurtzen ari da. Hainbat hizkuntza, kultura, pentsakera eta sinesmen gero eta nahastuago daude. Eta eskolaren eguneroko lanean aniztasuna, errespetua eta elkarbizitzarako prestaketa lantzen ari da.

Gauzak horrela, zer zentzu du Euskal Herria agertzen den eskola liburu oro baztertzeko proposamenak? Eta zein asmo dago erlijio mota bakarra irakasteko ezarri nahiaren azpian?

Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urraza EHUko irakasleek egindako tesietan garbi agertzen da antolaketa politikoari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola testu liburuetan, Euskal Herriaren ikuspegi soziokulturala indargabetzen ari den bitartean.

Paulo Iztuetaren esanetan, gaur egungo testu liburuak aztertuta, % 11n soilik agertzen da Euskal Herriko ikuspegia.

Estatuak indargabetzen ari diren honetan, Euskal Herria bezalako herriek bere horretan darraite. Eta eskolak, berez, bere ingurutik hasi behar du aztertzen eta ikertzen, berarentzat inguru hori delako ezaguna eta hurbila.

Euskal Herria Europako herririk zaharrenetakoa da eta, era berean, herri modernoa da. Eta kontuan hartu behar da mundu moderno horretan hezkuntza identitatearen sortzaile garrantzitsua dela eta gizabanakoaren garapenean eragin handia daukala. Batez ere, gizataldeen hizkuntza eta kultura erreproduzitzen dituelako.