ELKAR-BIDE programa. Ipar-Hegoko eskolen trukeak

2004-04-01
Bidarraiko Menditarrena aterpetxean, txanda bakoitzean bost eguneko egonaldiak egiten dituzte Iparraldeko eta Hegoaldeko bi ikastetxek. Gaztelaniaz zein frantsesez hitz egiteko ohitura duten haurrek, behingoz, Bidarraien sentitzen dute benetan euskararen 'beharra', elkar ulertzekotan. Hala, besteen euskalkia eta erreferentzia mundua ere ezagutzen dute. Bidarraiko egonaldian ez dira falta abentura kirolak ere.


Horixe "Elkarbide" programa, 12-16 urte bitarteko ikastalde guztiei zabalik dagoena. Egitasmoak bi urte daramatza martxan, eta Bidarraiko Auñamendi mendi elkarteak zein Bilboko Ziba aisialdi elkarteak daramate.
 
 
Bidarraiko aterpetxe aurrean autobus bat. Gasteiztik dator. "Hemen dira espainolak!" autobusa seinalatuz, Kanboko haur batek, aztoratuta. "Hara hor frantsesak!" aztoratu dira autobusekoak ere, eskuak leihoan jarrita, aurpegi ezezagunetatik lehen inpresioa jaso nahian. Bost egun barru berriz aztoratuko dira aterpetxe atarian, baina oraingoan tristuraz, "Gasteizkoak badoazelako" eta "Kanbokoak agurtu behar ditugulako". Gure baitako "txip" aldaketa hori da bilatzen duena, hain justu, Elkarbide programak. "Iparraldeko eta Hegoaldeko eskolak elkartzeko beharra ikusten genuen -dio proiektuaren koordinatzaile Nagore Eubak- haurrek jakin dezaten han ere euskaldunak direla (ez "espainolak" eta "frantsesak") eta entzun dezaten besteen euskalkia.".


Gainera, egoera honetan euskara bihurtzen da, beharrik, zubi hizkuntza,elkar ulertzeko erabili beharrekoa. Ikasleek, gune erdaldunetan bizi direnek,egoera honetan, behingoz, funtzionaltasuna aurkitzen diote euskarari, behingoz "ez dizut ulertzen, hitz egidazu euskaraz" esan dezakete, natural-natural.


Baina irakasleek ere badute zer ikasia esperientzia honetatik. Kanboko eta Gasteizko irakasleek azaldu digutenez, oso interesgarria da beste hezkuntza sistema batean dabiltzanekin elkartu eta konparaketak egin ahal izatea. Gasteizko Pablo Perez de Obanos irakasleak gehitu duenez, "Euskal Herriarekiko duzun ezagutzaren arabera, harreman honek gehiago edo gutxiago emango dizu. Nire kasuan, esan dezaket nahiko ezjakina naizela, beraz Kanboko irakasleekin uneoro ari naiz ikasten hemen gauzak nola diren, bai hezkuntza aldetik, bai bizikeraz, eta baita hizkuntza aldetik ere".





Euskara eta abentura kirolak, bost egunetan


Bidarraiko aterpetxean bost eguneko egonaldiak eskaintzen dituzte (astelehenetik ostiralera). Bertako begiraleek antolatzen dituzte egunean zeharreko ekintza guztiak. Kultura eta historia lantzeko txangoa egiten da Donibane Garazira, eta baita egun osoko irteera ere, Saratik Zugarramurdira oinez joanez, "sorginen bidetik". Euskalkiak lantzeko hizkuntza dinamikak (jolas bereziak) egiten dira egunero. Eta ez da falta haurren gustuko kirolik: rafftinga, eskalada, orientazioa, mendi irteera... Kirol ekintza horiek motibazioa pizteko dira eta garrantzi handia dute, "euskara eta kultura lantzea" huts-hutsik ez baita erakargarria haurrentzat .


Elkarbide proiektua bi elkartek daramate. Bata Auñamendi mendi elkartea da, orain 32 urte Bidarraien sortua mendia eta euskalduntasuna sustatzeko. Auñamendik bere aterpetxea jartzen du. Beste elkartea Ziba da, Bilboko aisialdi elkartea, eta Zibak jartzen ditu begiraleak. Kirol ekintzatan begirale berezituek hartzen dute parte, hain zuzen, Arteka kirol enpresakoek.





Zein eskolei zuzendua da?


12-16 urte bitarteko ikastetxe guztiei zabalik dago Elkarbide programa. Hegoaldeko eta Iparraldeko ikastetxe bi elkartzerakoan, kontuan izaten dutena adina eta hizkuntza eredua dira. Hizkuntza ereduak ematen ditu lanik handienak pareko taldeak aurkitzerakoan. Izan ere, Iparraldean D eredua duen bakarra Seaska da, eta Seaskak hiru kolegio eta lizeo bakarra ditu. B ereduari dagokionez ere, egoera askotarikoak dira. Iparraldeko B ereduan denbora gutxiago eskaintzen diote euskarari; astean 10 ordu baino ez. Dena den, taldeak osatzen dira, eta parekorik topatu ezean Elkarbidek aukera ematen du Hegoaldeko herrialde desberdinetako eskolak elkartzeko ere, euskalkia lantzeko.


Ikastetxeek izena emateko garaia maiatzean izaten da, eta deialdia ikastetxe guztietara bidaltzen dute, bai internetez bai gutunez. Txandak, urtarriletik ekainera bitarte eskaintzen dituzte. Baina diru laguntzak aski ez direla-eta, sarri martxotik ekainera murriztu behar dute eskaintza. Diru laguntza Eusko Jaurlaritzatik eta Akitaniako Kontseilutik jasotzen dute. Hori gabe ikastetxeek ezin dute horrelako egitaraurik egin, sobera garesti baita. Diruaz gain, beste trabarik bada ikastetxeek halakoak euren kasa antolatzeko, Auñamendi aterpetxeko arduradun Serge Istekek dioenez: "muga beti bizi da gure gogoan. Muga hori hausteko ez da erraz. Beti bada estakurua ez egiteko halako egitaraua: sobera urrun dela, sobera dela aste bat... Gure lana ere bada irakasleei motibazioa piztea, eta ikustaraztea Hego-Iparreko ikastetxeek gauza asko egin ditzaketela elkarrekin".