GARMENDIA, Jesus:

2004-04-01
Eskoriatzako Irakasle Eskolak eman zion hizkuntzen mundutik hezkuntzara jauzi egiteko aukera Jesus Garmendiari, eta han jarraitzen du oraindik. Ez dira alferrik igaro han daramatzan urte guztiak, eta ezta zuzendari lanetan pasa dituen 20 urteak ere. Eskolaren hastapeneko urratsak ezagutu zituen, eta memento honetan pedagogia arloko proiektu berritzaile batean murgilduta dabil, inguruko lankideekin batera.

Mendeberri izenez bataiatu dute proiektu berria. Egungo gizarte aldaketetara moldatu nahi du, orain arteko eskemak hausten ditu, iraultzailea da, ikaslea da ardatz, irakaslearen zeregina aldatu egiten da, ez dago ohiko eskola magistralik... Hori dena eta gehiago zehaztu digu proiektua ezartzeko ardura daukan Jesus Garmendiak.
 
 
Egungo gizartearen aldaketak ikusita, eta irakaskuntzak ere aldatu beharra duela ohartuta, Mendeberri proiektua jarri duzue martxan MUko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Zer da proiektu hori?

Unibertsitatean daukagun proiektu makro bat da eta hezkuntzaren eraldaketa nahi du. Azken urteotan aldaketa sakonak ari dira gertatzen gizartean eta hezkuntzaren egiteko nagusia pertsonak heztea eta etorkizuneko gizarte berrian erabateko eragina izango duten balioak eta pentsamoldeak eratzea da. Lan horretan unibertsitateak bere egitekoa beteko badu, aldaketa sakonak burutu behar ditu, bai edukietan eta bai didaktikan. Horretarako, premisa berrietan oinarritu beharko du, eta beharrezko egitura aldaketak egin bere baitan. Bada, Mendeberri hezkuntza proiektuak hori guztia bideratzeko aukera ematen du. Gizarteak dituen eskaerak eta beharrak asetzeko aukera ematen du. Eta horretarako, elkarren artean osagarriak diren hiru esparrutan oinarritzen da: konpetentziak, balioak eta eleaniztasuna.



Egoera berrira egokitzeko, zein konpetentzia landu behar dira unibertsitatean?

Alde batetik, titulazio edo ikasketa bakoitzari dagozkion konpetentzia espezifikoak daude; eta bestetik, ikasketa guztietan lantzen diren zeharkako konpetentziak. Azken horien artean guk zazpi izendatu ditugu: talde lana, komunikazio eraginkorra, arazoen ebazpena, lidergoa, erabakia hartzea, ikuspegi globala eta ikasten ikastea. Gure ikasleak hemendik ateratzen direnean konpetentzia horien jabe izan daitezen nahi dugu.

Noski, horretarako, hots, konpetentzia horiek landu ahal izateko, curriculum diseinuak, metodologia eta bitarteko didaktiko berriak diseinatu eta martxan jarri ditugu.

Balioak lantzea da proiektuaren beste oinarrietako bat. Zein balio?

Mendeberri proiektuak oinarri kooperatiboa du eta balioak hiru arlotan garatzea du xede: edukietan, metodologian eta unibertsitateko bizitzan.

Dena dela, ez da erraza zein balio landu eta nola landu erabakitzea. Izan ere, alde batetik, balioak ulertzeko modu tradizionala daukagu, oinarri erlijiosoa duena; eta bestetik, unibertsitate mailako balioaren kontzeptua. Bigarren hori askoz ere neutroagoa eta aseptikoagoa da. Bi joera horien artean halako gaizki ulertzeak egoten dira. Gizartean dauden balioak, oinarri erlijiosoa dutenak, eremu akademikora eta formazio tekniko-aseptiko batera pasa behar direnean, ez dakizu non zauden, zaila egiten da biak uztartzea. Orain dela hiru urte lan horretan hasi zen hemengo talde bat, baina ez zuen aurrera egin. Une honetan beste talde bat dabil horretan.



Hirugarren zutabea eleaniztasuna da.

Bai. Globalizazioaren eraginez, konpetentzia linguistikoen garrantzia hazi egin da. Horregatik, gure oinarrizko hizkuntza euskara izateari utzi gabe, gaztelania eta ingelesa ere lantzen ditugu.

Orain arteko guztia osatzeko, aipagarria da informazio eta komunikazio teknologien arloan egiten dugun ahalegina. Duten garrantziaz ohartuta, unibertsitateko egunoroko jardunean beren erabilera bultzatzen dugu: ikaskideen arteko komunikazioan, ikaste prozesuan, baliabide bezala...



Konpetentziak, balioak, eleaniztasuna eta teknologia berriak lantzeko proiektua. Horrela ikusita ez dirudi gauza berria denik. Non dago berritasuna?

Metodologian. Iraultza bat da, ez dauka zerikusirik irakaskuntza tradizionalarekin. Beste mundu bat da.

Ikaskuntza-irakaskuntza prozesua garatzeko metodologia erabat berria da. Hiru modalitate ditu: arazoetan oinarritutako irakaskuntza, kasuetan oinarritutako irakaskuntza eta proiektuetan oinarritutako irakaskuntza. Hirurak desberdinak dira, baina ezaugarri komun bat dute: ikaslea da ardatz eta bere jakintza eraikitzea da xedea. Irakaslearen papera aholkulariarena bezala ulertzen da. Ikasleak berak eraikitzen, bilatzen, kudeatzen du informazioa beste ikaskideekin batera eta diziplinarteko ikuspegitik.

Edonola ere, nahiz eta elkarren arteko antzekotasunak desberdintasunak baino gehiago izan, badituzte diferentziak. Arazoetan oinarritutako irakaskuntza (AOI-PBL) asmatutako arazoetan oinarritzen da, balizko planteamendu batean. Kasuetan oinarritutako irakaskuntza (KOI), aldiz, egoera erreal batetik abiatzen da. Hirugarrena, proiektuetan oinarritutako irakaskuntza (POI), 3. mailan lantzen da eta ikasturte osoan egin beharreko lan bat da.



Hirurak lantzen hasita al zaudete? Zein fasetan dago ezarpena?

Orain dela 4 urte hasi ginen Mendeberriren ikerketa teorikoekin. 2002-03 ikasturtean eleaniztasunaren planteamenduekin hasi ginen; ingelesa indartu eta gaztelania ofizializatu genituen, gure ikasleak hiru hizkuntzatan trebatuta ateratzeko asmoz.

Aurten, 2003-04 ikasturteko 1. hiruhilekoan, AOI aplikatzen hasi gara espezialitate guztietako 1. mailan. 2. hiruhilabetetik aurrera Haur Hezkuntzako espezialitatean soilik jarraituko dugu. Helburua da Haur Hezkuntzako espezialitatean jartzea bere osotasunean, eta gainontzekoetan ikasgai komunetan soilik.



Azal iezaguzu zer eta nola egiten duzuen AOIn.

Hasteko, ikasturteak moduluka antolatuta daude eta modulu bakoitzaren iraupena zazpi astekoa da. Modulu bakoitzaren baitan zenbait arazo planteatzen dira, eta horixe da ikasketa prozesuaren abiapuntua: arazoa. Hori nola landuko den eta zein ikaste helburu dituen zehaztuta dago. Modulua eta curriculuma espezialitate desberdinetako irakasleek prestatzen dute, hots, diziplinarteko izaera izaten du.

Ikasleak taldeka biltzen dira astean birritan, eta saio bakoitzak bi orduko iraupena du. Asteko lehen saioan aurretik etxean irakurri duten arazoa lantzen hasten dira. Irakaslea atzealdean eserita gelditzen da eta ikasle batek hartzen du dinamizatzaile papera. Berak ematen die hitza gainontzekoei, eta haren lana garrantzitsua da, bera baita prozesua bideratzen duena. Beste batek idazkari lanak egiten ditu, agertzen diren ideia eta iritzi guztiak arbelean idatziz. Horrela, lehen saio horretan, ikasleek arazoa irakurri eta lehendik horri buruz dakitena esaten dute. Denen artean puntu ilunak argitzen saiatzen dira eta ateratzen diren ideiak atalka sailkatzen dituzte. Azken urrats hori oso garrantzitsua da ondoren ikaste prozesuaren xedeak finkatzeko. Multzo bakoitzerako helburu bat definitzen dute, eta bilera bukatu baino lehen, ikasle guztiek hurrengo bilerarako informazioa bilatzeko konpromisoa hartzen dute, finkatutako helburuak betetze aldera.

Bi egun igaro ondoren taldea berriro elkartzen da, baina tartean ikasleek lan indibiduala egiten dute, informazioa bilatu behar baitute ezarritako xedeei erantzun ahal izateko. Bibliografia ematen zaie irakur dezaten eta bakoitzak landu dezan. Artikulu horietan arazoa agertzen da, noski. Horrela bada, bigarren saioan dinamizatzaileak aurreko saioaren laburpena egiten du gaia zentratzeko. Ondoren, partaide bakoitzari hitza ematen dio aurkitutakoa azal dezan. Denen artean eztabaidatu eta informazioa osatu ostean, arazoari irtenbidea ematen diote eta hor esaten den guztiarekin osatzen dute gai horri buruz dakitena. Saioa bukatu baino lehen, hurrengo astean langai izango den beste arazo bat banatzen zaie.

Bi saioen artean hitzaldi edo eskola tradizional bat jasotzen dute talde guztiek elkarrekin. Horren helburuak hiru dira: informazioa osatzea, zailak diren kontzeptuak eta alderdiak ulertaraztea eta ikasleei adituarekin egoteko aukera ematea.

Horrekin guztiarekin batera saio praktikoak egiten dituzte, eta baita tutorearekin jarraipen saioak ere.

Aurten lehen hiruhilekoan bost arazo ikusi ditugu, eta ondoren azterketa egin dute: A, B, C moduko 50 item eta galdera irekiak.

Eskoletara etortzea derrigorrezkoa da. % 80 baino gutxiago etortzen dena ezin da azterketara aurkeztu. Asistentzia hori metodologiaren berezko eskakizuna da, talde lana funtsezkoa delako eta, bestela, indargabetu egiten delako.

Modu horretara lan eginda gaiak bere testuinguruan lantzen dira, arazo zehatzei irtenbidea aurkitzen zaie eta diziplinartekotasuna lehenesten da.



Ikasleentzat zeharo berria izango da ikasteko modu hau. Nola erreakzionatu dute?

Bai, ikasleentzat guztiz berria da. Asko jokoz kanpo uzten ditu, eta beste askorentzat deprimitzekoa da. Denetarik dago. Esate baterako, badugu liluratuta dagoen ikasle helduxeago bat. Beste leku batzuetan ere ibilia da eta hemen aurkitu duen metodologia da aspaldian bilatzen ari zena. Beste zenbait ikasle beste puntan daude. Institutuan oso nota onak ateratzen zituzten, baina gehienbat irakasleek esandakoa errepikatuz azterketak ondo eginez. Eredu berri honetan irakaslerik ez dagoenez, eta horretara ohituta ez daudenez, ez dituzte horren nota onak ateratzen, galduta eta autoestimua jaitsita sentitzen dira. Kosta egiten zaie jendearen aurrean hitz egitea, eta astero-astero lan egin beharrak tentsio konstante batean jartzen ditu. Beste asko hasieran galduta ibili arren, orain gustua hartzen hasiak dira.

Ikasleen artean balorazio bat egin da eta % 6,69 puntu eman dizkiote batez beste. Beraz, ez dago lilurarik, ez dago euforiarik, baina nik uste dut jendeak begi onez ikusten duela, gustua hartu diola, eta azken finean, aurrera doala.



Irakasleen papera ere erabat aldatzen da. Zein dira nabaritu edo bizitu dituzuen aldaketa aipagarrienak?

Bi gauza berri azpimarratuko nituzke. Lehena, norberarenak ez diren gaiak menperatu behar direla. Lehen, bakoitzak bere gaia prestatu, eman, gelatik irten eta kito, hor bukatzen zen. Orain, aldiz, taldeka egiten da lan eta taldean norberarenak ez diren beste gaiak ere lantzen dira. Arazoetan gai bat baino gehiago inplikatzen dira, eta norberak denetarik jakin behar du. Irakasleek elkarrekin negoziatu behar dute zer irakatsi eta zer ez. Lehen norbera zen jaun eta jabe, eta orain proiektu zabalago batean beste irakasleekin hezitzaile gara.

Bigarren berrikuntza rol aldaketa da. Lehen irakaslea eta besteak, irakaslea eta ikasleak ziren; eta orain ez. Orain irakaslea han dago, han egon behar du, garrantzitsua da han egotea, baina beste maila batean. Orain ikasleak dira protagonista. Irakasleak bere nagusitasuna edo jainkotasuna galdu egiten du. Transmisore izatetik hezitzaile izatera pasatzen da.

Beraz, izugarrizko aldaketa dakar irakasleentzat, eta oso gogorra da. Lehendabiziko hiruhilabetean bost astean jardun gara, egunero goiz osoak ikasleekin pasaz. Hori da gauza berria agian, baina noski, gauza bat da eskolak prestatuta edukitzea, hitz-aspertua ematea eta irtetea; eta beste bat ikasleei uneoro sortzen zaizkien beharrei erantzuna ematea, zer esku-hartze mota eduki erabakitzea, etengabe norbere buruari galderak egiten egotea... Beti dago ziurtasun falta, eta metodo tradizionalean ez.

Dena dela, irakasleak oso pozik daude. Inork ez du izan proiektu honetan sartzeko arazorik eta gogoz gaude. Are gehiago, beste batzuk sartzeko desiratzen daude.



Rol aldaketa horrek irakasleari trebezia berriak eskatzen al dizkio?

Ez dakit berriak diren edo ez, baina hiru trebezia behintzat eduki behar dituela esango nuke. Bata, lantzen ari diren gaiaren inguruko gutxieneko ezagutza. Bigarrena, ikasleen artean modu errealean inplikatzeko gogoa. Eta hirugarrena, ikasleek ulertzeko moduko hizkuntza erabiltzea.



Zein zalantza sortu zaizkizue?

Zalantza asko teknikoak dira, batez ere gure esku-hartzeak noraino iritsi behar duen. Metodo tradizionalean ere gertatzen da, irakasle batetik bestera izugarrizko aldea egoten da. Bada hemen ere, nahiz eta jarraibide batzuk egon, badaude zalantzak.

Eztabaida nagusia da zenbateraino parte hartu behar dugun irakasleok. Guk pentsatzen dugu 1. mailan esku-hartzeak handiagoa izan behar duela 3. mailan baino. Baina horren barruan ere hainbat joera daude: batzuk beste batzuk baino interbentzionistagoak dira.



Zentroarentzat edo unibertsitatearentzat zer aldaketa ekarri du proiektuaren ezarpenak?

Memento honetan distortsio txiki bat besterik ez da. Ez dago ikasketa guztietan eta dozena bat irakasle gaude buru-belarri sartuta, besteak ez. Zenbait kasutan, disfuntzio sortzaile ere bada, noten kasuan, adibidez, ez baita betiko sistema edo antolaketa erabiltzen.

Beraz, oraindik nukleo txiki bat da zentroaren egituran, hor dagoena, bere nortasuna duena eta zentroaren baitan onartuta dagoena. Baina, oro har, zentroak lehen bezala funtzionatzen du.



Txikia izateak lagunduko zizuen, ezta?

Bai, noski. Deustuko Unibertsitatean sinposio bat egin zen eta han egon ginen. Beste unibertsitatetakoek gauza asko zeuzkaten esateko, baina inork gutxik jarri du martxan, egitura zurrunagoak dituztelako. Handiagoak dira eta gu ez, hemen txikiak gara eta instituzionalki ez zaigu ezer kostatu martxan jartzea. Zailtasunak izan ditugu, baina irakasle bakar batek ere ez digu esan ez dela sartuko. Pribatu izateak ere badu abantaila, libre garelako.



Ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuetan haur autonomoak eta kritikoak nahi ditugula idazten da, baina sarritan paperean gelditzen da. Metodologia berri honekin errazago lor al daiteke helburu hori?

Dudarik gabe, baina hori guztia esplizituki landu behar da. Berez, metodologia hau egokiagoa da, baina noski, lantzen baldin bada. Guk zazpi konpetentzia dauzkagu definituta, eta horien inguruko hurbilpenak egiten ari gara. Adibidez, 2. hiruhilekorako "ikasten ikasi" eta "talde lana" hartu ditugu. Lehenengoaren kasuan, hitzaldi bat eman zitzaien apunteak nola hartu behar dituzten irakasteko, eta aurrerago beste hitzaldi bat emango zaie.

Beste modu batera esanda, trebetasunak detektatuta eta definituta edukitzea eta metodologia egokia aukeratzea ez da nahikoa, bitartekorik jartzen ez bada. Metodologiarekin batera bitartekoak jarri behar dira eta hori da gure erronka. Hasi besterik ez gara egin. Lorea pixkanaka-pixkanaka joango da zabaltzen.



Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Ikasleengana nola heldu, nola transmititu balioak... hori izan ohi da gure kezka, eta metodo honek horretarako tresnak ematen dizkizu, oso betegarria da. Ba al dakizu zer den gelan 100 ikasle eduki ordez 12 izatea? Dozena horrek tutorearekin lortzen duen konfiantzak eta ezagutzak, eta ikasleek euren artean lortzen duten giroak derrigor izan behar du ona pertsonaren lasaitasunerako eta garapenerako. Sistema bera da elkarren arteko laguntzan eta trukean oinarritutakoa. Espiritu kooperatiboa eta elkartasuna daude metodologiaren muinean. Nik zuk esaten duzulako dakit; beraz, ezer ez baduzu esaten, ez dut jakingo. Norberak ezin du dakiena beretzat gorde, partekatu egin behar da. Eta zenbat eta gehiago partekatu, orduan eta gehiago jakingo dugu. Alde horretatik begiratuta, metodologia huts bat baino askoz gehiago da.



Zuek asmatu al duzue metodologia hau? Zein iturritatik edan duzue?

Gure eredua Holandako Maastricht-eko Unibertsitatekoa da, guk ez dugu ezer asmatu. Han 25 urteko esperientzia daukate eta ingeniaritzan, medikuntzan eta abar irakasten dute metodologia honekin. Gure bi irakasle han egon ziren eta handik ere etorri ziren hona. Beraiek dira gure iparra eta asko ez urruntzen saiatzen gara. Beste zenbait lekutan ere erabiltzen dute sistema hau, besteak beste, Kanadako McMaster Unibertsitatean, Amerikako Estatu Batuetako New Mexico, Harvard eta Sherbrooke Unibertsitateetan, Danimarkako Unibertsitatean...



Lehen Hezkuntzan Bigarren Hezkuntzarako prestatzen dira ikasleak; DBHn Batxilergorako; eta Batxilergoan Unibertsitaterako. Ondorioz, goiko ikasketa ereduek eragina dute behekoetan. Metodologia berri horrek beheko ikasketetan eraginik izan dezakeela uste al duzu?

Bai, metodologia aurrerakoi guztiek izan dute beren eragina. Noski, hor kontraesan bat dago: hautespen-azterketa. Horrek metodo tradizionalaren arabera funtzionatzea eskatzen du.



Eta hautespen-azterketa aldatzera irits al daiteke ikasketa eredu berri hau?

Aldatu beharko luke, baina hautespen-azterketa urteetan ez da batere aldatu. Pedagogia aldatu da, baina hautespen-azterketa ez. Eskola aurreratuenetan ere ikusten da metodo aurreratua izan arren, azkenean hautespen-azterketa egin behar dutela ikasleek, eta memorizazio hutsean bukatzen dutela. Izugarrizko kontraesana dago. Egitura ofizialak mugigaitzak dira, hor daude. Pedagogia mugitzen da, baina ez dauka hautespen-azterketan eragiteko indarrik. Pedagogia horiek garatzaileagoak dira gizakiarentzat, baina horrek ez du mugiaraziko hautespen-azterketa, Europako markoan ez bada. Nik uste dut metodologia honek bere bidea egingo duela beheko mailetan eta ikasleek beste autonomia eta garapen bat hartzen dutela ikusiko dugula. Baina gero, hautespen-azterketa mugitzen ez bada, pasa egin beharko da.



Europa aipatu duzunez, zer ekarriko du Bolognako akordioak?

Gure saio hauek pedagogia mailakoak dira eta Bolognakoa egitura edo antolaketa mailakoa da.



Eta zure ustez, zer aldaketa ekarriko ditu egituran?

Aldaketak eta eskakizunak. Unibertsitatea gero eta homogeneoagoa izango den inpresioa dago. "Kalitate" baremoak jartzen dituzte eta denok horren barruan mugitu behar dugu. Orduan, dena neurtuta egongo da; ez doktore kopurua soilik, baita gela bakoitzeko aulki kopurua ere. Gero eta esku-hartze gehiago ikusten da. Esan nahi dudana da, Europako bateratze hori aitzakiatzat hartuta, gero eta kontrol gehiago ari direla jartzen unibertsitatean. Bateratze hori ikuspuntu zentralista batetik egiten denez, askotan eremu propioa inposatzeko aitzakia izaten da.

Eta baliteke programazioetan ere eskua sartzea. Guretzat mesede gutxi ekarriko du.



Ikasleak merkatuak eskatzen duen horretarako prestatu behar direla esaten da. Horrek ez al du merkatua jaun eta jabe bihurtzeko arriskurik?

Bai, eta gero eta gehiago. Mundu ekonomikoa, enpresak... gero eta gehiago dira unibertsitatean sartzen direnak beken bidez, laguntzen bidez... gure kasuan MCCren bidez. Eta hori ez da doakoa. Enpresek beren uretara ekarri nahi dute mundu akademikoa, beraiek nahi dituzten tituluak lortzeko. Ikasketak instrumentalizatzeko bide bat da. Inork ez du aitortzen, baina merkatuaren legeak eta gizartearen egitura ekonomiko nagusiak ikasketen eremu hori funtzionaltasunera bultzatzen ari dira. Ondorioz, humanitateak, teologia, filosofia... pixkanaka-pixkanaka jaisten ari dira. Guk gure unibertsitate barruan ere badaukagu borroka bat gure nortasuna mantentzeko. "Zuenak zertarako balio du?" eta horrelakoak entzun behar izaten ditugu behin eta berriz.



Euskal Unibertsitatea eratzea posible ikusten al duzu?

Gogoa bai. Nik uste dut euskal unibertsitatea behar-beharrezkoa dela, hots, euskaraz soilik funtzionatuko duen unibertsitatea. Hori nahitaezkoa da. Gaur egun eredu horretatik urrun gaude. Gehiena fakultate hau hurbilduko litzateke, baina gainontzekoak ez.

Nik uste dut euskal unibertsitatearen alde sortu zen plataformaren eginkizuna presio talde moduan indartzea dela, politikoengan eragina izan dezan. Zeren garbi dago unibertsitate elebidunik ez dagoela. Ez dago. Beti hizkuntza menperatzailea izango da nagusi. Euskal Herriko unibertsitateetan gaztelania da nagusi, fakultate honetan izan ezik, bere komunikazio hizkuntza euskara izango zela erabaki zuelako. Horrela funtzionatuko duen unibertsitate publikoa behar du euskarak. Eta ez dago horrelakorik. Hori defendatu behar dugu, hor doalako euskararen etorkizuna, neurri batean.