ETXANIZ, Pello: Hizkuntza testa DBHko 1. mailako ikasleentzat

2004-04-01
Askotariko testak, inkestak eta neurketak egiten dira gaur egun, eta horretara jarrita dauden enpresak edo erakundeak arduratzen dira sarritan lan horietaz. Baina Lizarra ikastolako Pello Etxaniz irakasleak testak egiteko ez dela espezialista izan beharrik frogatu du. Bera Euskarako irakaslea da eta ikasleen hizkuntza maila zein zen jakiteko neurketak egiten hasi zen, ikasleen aniztasunari jarraipen zehatzagoa egiteko (ikasleen arteko aldeak berezi behar ditu testak). Pixka bat prestatuz gero, edonork egin ditzakeela dio. Horregatik, bere esperientzia kontatuko digu, gainontzekoontzat baliagarri izan daitekeelakoan.
 
 
Nork sortu testa

Badirudi erran litekeela irakasleak aski trebaturik daudela test kontuetan, nahiz eta irakaskuntzaz at dagoen esparrutzat jo zenbaitek. Eskolaren esparruan testak hedaturik daude, zalantzarik gabe, edozein azterketa, lan, froga... test motaren bat den aldetik. Zenbaitek, ordea, testak psikologia, estatistika eta psikometriarekin lotzen ditu. Ez du horrela izan beharrik, aplikaziogunea ikastaldea bada, irakaslea bera da test egile egokiena.

Irakaskuntza eta ikaskuntzaren bidezko test planteamendu baterako argumentuetako bat zera da: irakaslea dela bere ikastaldearentzat zein test diren egokienak jakin dezakeena.1

Gehienetan aurrez landu diren eduki, prozedura eta ariketa motak errepikatzen dira irakasleek egin ohi dituzten azterketa edo test horietan. Gainera, azterketak ez dira errepikatzen berdin-berdin, irakasleak ikasle talde bakoitzari azterketa berezia egin ohi baitio. Eskolako test gehienak lorpen testak izan ohi dira, aurretik eginiko ikaskuntza ebaluatzea baitute helburu.



Zertarako testa

Oraingo honetan, ordea, helburua bertzelakoa da. Lan honetan Hizkuntza testen artetik test mota zehatz bat aztertuko da, lekutze testa deituko duguna. Izan ere, aurretik landuak ukaezineko eragina izan dezakeen arren, jakineko eduki eta ikaskuntza zehatzetan oinarritu gabeko testa baita. Ikasle berriak hobeki ezagutu ahal izateko, eskolan hainbat eta hainbat alditan erabili ohi diren trebetasun batzuetan duten egoera neurtzea da helburua.



Test baten egokitasuna bere helburuak erabakitzen du, hein handi batean. Lekutze testa ikasle berriak taldetan banatzeko egina dago, ikaslearen oraingo mailari dagokio eta, beraz, trebetasun orokorrekin du zerikusia, ikaskuntzaren puntu jakinekin baino.

Espezifikazioaren helburuak nahiko desberdinak dira hemen eta beste test motetan, lekutze testak ezin baitizkiogu lehenagoko ikaskuntzari lotu. Zuzenagoa izan liteke "asmoez" hitz egitea, normalean helburuak baino orokorragotzat jotzen direnez.

Lekutze testen hizkuntz edukia ezin da xehetasunez zehaztu, baliagarria da, posible den neurrian, testak "zailtasun mailakatu" baten arabera moldatzea.



Lekutze testak ikasleak taldekatzeko erabili izan dira, baina bertze erabilpenik ere izan dezakete. Errate baterako, ikasleen hizkuntza trebetasunetan ezinak eta zailtasunak detektatzeko. Batez ere ikasle ezezagunak direnean, noski.

Aldi berean, test mota bat baino gehiago dira beharrezkoak. Aktibitate bat baino gehiagoren aukerak, ziur aski, ikaslearen mailaren koadro zehatzagoa emango baitu, froga bakar batek baino. Lau hizkuntza trebetasun nagusiak (entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena) neurtu beharko lirateke.

Ulermenaren alorrean kokaturikoak lirateke bi lehenbizikoak: irakurmena ikasgai gehienetako azalpenak idatziz iristen zaizkie; entzumena ahozko azalpen ugari entzunen dute irakasleen ahotik (aldaketak aldaketa, eskola magistralak indarrean daude).

Azkenekoak, berriz, ekoizpen gaitasunari dagozkio: idazmena oraindik ere idatzizkoaren nagusitasuna argi dago irakaskuntzan; eta mintzamena eskoletan bazterturik egon den arren goraka datorren trebetasuna.



Nola egin testa

Test on baten ezaugarriak

Test on baten hiru ezaugarririk garrantzitsuenak fidagarritasuna, baliozkotasuna eta praktikagarritasuna dira.



Fidagarritasuna

Test baten fidagarritasuna bere funtsa da. Beraz, fidagarritasunaren hiru alderdi ditugu: testa egiten deneko zirkunstantziak, nola kalifikatzen den eta egiten duen ebaluazioaren uniformetasuna.



Baliozkotasuna

Test baten baliozkotasunak neurtu nahi duena zera da: noraino neurtzea lortzen duen. Baliozkotasun mota anitz dago: edukiaren baliozkotasuna eta ageriko baliozkotasuna.

Edukia ebaluazioaren helburuak kontuan hartuz erabaki beharko litzateke. Ageriko baliozkotasunaz zerbait jakiteko bide bakarra irakasleei eta ikasleei beren iritziak emateko eskatzea da. Fidagarritasunaren eta baliozkotasunaren arteko erlazioa nahiko konplexua da. Alde batetik, test bat fidagarria izan daiteke baliozkoa izan gabe. Adibidez, hitz bakarreko itemen aukera anitzeko froga bat oso neurri fidagarria izan liteke, emaitza osatuak ematen baititu. Baina beharbada baliozkoa ez.

Test bat ezin daiteke baliozkoa izan, hala ere, fidagarria ere izan gabe. Kontrolatu gabeko ahozko test batek ez lituzke emaitza baliagarriak emango, ez bailegoke ikasle baten eta beste baten artean konparaziorik egiteko oinarririk, ebaluatzaile baten eta beste baten artean, froga baten eta beste baten artean. Hori bezalako froga batean emandako 10 batek ez luke gauza handirik adieraziko.



Praktikagarritasuna

Testek ahalik eta ekonomikoen izan beharko lukete, bai denborari dagokionez (prestaketan, antolamenduan eta puntuaketan), eta bai kostuari dagokionez (materialak eta behar den denbora).







Testen espezifikazioa

Ikasleen hizkuntza maila neurtzeko hainbat proba egin ditugu guk eta eredu hauetatik abiatu gara:

- A testa: entzuteko testa, 400 hitz (bi aldiz entzunarazi) + 15 item, E-G (15 min)

- B testa: irakurtzeko testa, 250 hitz + 20 item, E; G (30 min) Hiru hauetarik bat:

+ C testa: eragingarri laburra, esperientzia pertsonalaz idatzi (15 min)

+ D testa: cloze testua, 400 hitz, hutsunea 9 hitzero, 40 item (30 min)

+ E testa: diktaketa, 150 hitz (15 min)

- F testa: elkarrizketa, 25eko zerrenda batetik 15 item (5 min)

Test denbora guztira: 60 edo 75 minutu + ikasle bakoitzak 10 minutu (F froga)

Zuzenketa:

- A testa: 30 puntu (15 item x 2)

- B testa: 20 puntu (20 item x 1)

Alternatibak:

+ C testa: 20 puntu

+ D testa: 20 puntu (40 item x 1/2)

+ E testa: 20 puntu

-F testa: 30 puntu (15 item x 2)

Guztira: 100





Testa

Ikasturte hasieran DBHko 1. mailako ikasleek egiteko testak aukeratu genituen eta espezifikazio horietatik abiatuz A, B, D eta F testak hautatu genituen.



- A testa. ENTZUMENA

Azalpen testu bat hautatu genuen test hau egiteko, ikasleentzat gai ezaguna zuena: telebista.

Testuaren segidan banatzen dira itemak, nahiz eta item batzuk erreferentzia orokorragoak izan. Nolabait errateko, azken itemak testu osoari dagozkio, ez azken atalari bakarrik. Egia/gezurra motakoak.

Erantzun orria banatu baino lehen bi aldiz "irakurri" testua. Ahal den neurrian irakurketa lasaia eta esanguratsua egin, keinu eta zeinu adierazgarriz jantziz. Grabaketa ez da proposatzen, "hotza" delakoan eta "kontzentrazio" arazoak sor ditzakeelakoan.

Egia/gezurra erako itemak idazteko bi oinarrizko erregela daude: alde batetik esaldiek ahalik eta laburrenak eta sinpleenak izan behar dute, ez baitira ebaluazioaren xede, testua aztertzeko bide baizik; bestetik, ezezko esaldiak, ahal delarik, alde batera utzi, nahasgarriak izan baitaitezke.



- B testa. IRAKURMENA

Narrazio testu baten hasiera hautatu genuen. Gainera, gero gelan irakurriko zuten irakurgai baten hasiera zen.

Egia/gezurra erakoa hau ere. Baina testu idatzia ikaslearen eskuetan dagoenez, itemak zehatzagoak edo zailxeagoak izan daitezke.

- D testa. IDAZMENA

Ipuin bat hautatu zen, eta hiru alternatibetatik D. C testa ebaluatzen zaila delako utzi da alde batera, subjektiboegia delako, alegia. Ebaluatzen zaila izanez gero, fidagarritasun guttikoa litzateke eta ez hori soilik, konparaketa arazoak ere sortuko lituzke. Ez dezagun ahantz testen balioetako bat konparagarritasuna dela. E testak fidagarritasun handiagoa emanen lukeen arren, bere baliozkotasuna oso mugaturik lukeela uste izan da. Cloze-en fidagarritasuna bistan dago, eta baliozkotasuna lortzen saiatu beharra zegoen.

Erabilitako cloze-a:

Hutsune bakoitzeko hitz bana.

Hutsune motak:

- funtzio hutsuneak (juntagailuak, posposizioak, artikuluak...)

- hutsune semantikoak (izenak, adjektiboak, aditzak, adberbioak...)

Zuzentzeko bi sistema (dirudienez antzeko emaitzak eman ohi dituzte):

- zehatza (jatorrizko hitza besterik ez)

- onargarria (jatorrizkoa bezain betegarriak onartuz)

Test honetan hutsune banaketa hauxe da:

- Juntagailuak: baina, eta.

- Deklinabidea: nor sing., nor pl., nor mugagab., nork sing., nori pl., noren sing., partitiboa, nongo mugagab.

- Menpeko perpausak: denborazkoa, kontzesiboa, erlatibozkoa, moduzkoa (zuenean, arren, zaretenean, dagoen, zenean, eutsirik...)

- Aditza: zuen, zion, zatoz, dago, zituen, zirudien, badira (kasu honetan ba- galdegaia beharrezkoa), diozu... (batez ere bigarren eta hirugarren pertsonak, orain eta lehenaldian, nor, nor-nork eta nor-nori-nork erakoak; aspektu ezberdinak: puntukaria (zirudien, dago), ohiturazkoa (egiten), etorkizunekoa (barkatuko); moduak indikatiboak eta agintera).

Test honetan zuzentzeko sistema onargarria (jatorrizkoak bezain baliagarriak onartuz) hautatu da.



- F testa. MINTZAMENA

Kasu honetarako elkarrizketa hautatu zen. Bazitekeen narrazioren bat, azalpenen bat edota iritziren bat eskatzea ere. Baina kasu horietan aurrez irakurri, landu edo prestaturiko zerbait behar-beharrekoa litzateke. Nahasgarria izan zitekeen, irakurriz buruz ikasiak edo ez ulertuak sor baitzitezkeen. Horregatik hautatu zen elkarrizketa. Baina nola izan lezake fidagarritasunik elkarrizketak erantzun irekiekin? Argi dago, ekoizpena objektiboki neurtu nahi bada, ebaluatzeko zailtasunak saihetsi behar direna.

Lehenbiziko aldietan 15 item prestatu ziren irudi eta galderekin: galdera eta irudi bakoitzak jakineko erantzunen bat "espero" zuen. Zuzentzeko era honela planteatu zen: "erranahia" edo "komunikazioa" lortuz gero (ulertutzat jotzen bazen), itemeko puntu bana, eta gainera "egoki" eta "zuzen" eginez gero, bertze puntu bana. Emaitzak: ikasle guztiek lortzen zuten "komunikazioa" (15 puntu), eta "egokitasuna" bakan batzuek eta oso item gutitan. Laburbilduz, DTak 2 oso hein ttikia zuen (15etik 20ra), eta testak ez zuen bere eginbeharra betetzen, ikasleen arteko mailakatzea, alegia.

Atal honek zailtasunak eta zalantzak, baterako eta bertzerako norabide aldaketak eragin ditu, eta aitortu beharra dago, emaitzak ez direla fidagarriak izan, eta ondorioz, ezta baliozkoak ere. Praktikoak bai, ordea. Egin ziren testak ikasleen "egokitasuna" eta "zuzentasuna" ebaluatu ahal izateko zein irizpide finkatu erabakitzeko lagungarriak izan ziren eta. Komunikazioa ebaluatu beharrik ez zegoela izan zen ondorioetako bat, adin horretako ikasleek hori erabat lorturik zutelako. "Egokitasuna" eta "zuzentasuna" ongi zehazten eta "fintzen" saiatu beharra zegoen. Itemez item azalduko dira guztiak, zer ekoizpen "espero" den eta zuzentzeko sistema. Hala eta guztiz ere, azken test hau da, denen artetik, subjektiboena, eta ondorioz, fidagarritasun ttikiena izan dezakeena. Ebaluatzailearen arabera, bertze edozeinetan baino alde handiagoa egon daiteke. Beraz, fidagarritasun handiagoa lortzekotan, ebaluatzaile bera izan beharko litzateke ikasle guztiekin.

Idazmenean bezala, zuzentzeko eta ebaluatzeko sistema onargarria (espero izanikoak bezain baliagarriak onartuz) hautatu da.



Emaitzak

Inguru erdaldunean, euskara bigarren hizkuntza moduan ikasi duten 148 ikasleren testen emaitzen batez bertzekoak (mintzamenarenak ez dira ageri, erran bezala, lehenbiziko zuzentzeko era zela medio ez zirelako emaitza fidagarriak):

Datu horiei begira, deigarria da idazmeneko emaitza, bertzeak baino baxuagoa baita. Test egileen adinari behatuz uler daitekeela uste dut. Izan ere, ikasle zaharragoei test osoa eginarazi ondoren, zera ikusi dut: arlo guztietan hobekuntza dagoen arren, idazmeneko cloze testeko emaitzetan zegoela hobekuntzarik nabarmenena. Badirudi cloze testak (eta idazmenak ere orokorrean) hausnarketa, kontzentrazio eta berrikusketa-zuzenketa gaitasunak ere eskatzen dituela, hizkuntza gaitasun hutsez gain. Eta hori guztia, DBHko 1. mailaren hasieran oraindik gordin samar dute ikasleek.

Edonola ere, testaren emaitzek ez dute ezer adierazten ahal bertze antzeko batzuekin konparatzen ez badira. Hala ere, norbaitek test hauek baliatu nahi izanez gero, izan daitezke baliagarri batez bertzeko horiek. •



Oharra: xehetasun gehiago nahi duenak, testak eskuratzeko edo bertze edozertarako, e-posta honetara jo dezake:

petxaniz@lizarra.ikastola.net





1 Hitzez hitz "Hizkuntza testak" Itzulpen saila, HABE liburutik atera diren aipuak.