Muga guztien gainetik... euskaraz!: BERNAT ETXEPARE lizeoa, Baiona: Euskararen gotorlekua<br />Euskararen gotorlekua

2004-10-01
Lizeo gaztea da Baionakoa, eta euskaraz ikasteko aukera ematen duen bakarra Iparraldean. Horregatik biltzen dira bertan denak, zuberotarrak, baxenabartarrak eta lapurtarrak, guztira 179 ikasle eta 20 irakasle. Emeki-emeki ikasle kopurua handituz doa, baina oraindik txiki izatearen abantaila biziki estimatzen dute, elkar ondo ezagutzearena eta hurbil sentitzearena, alegia.
 
 
Seaskako Bernat Etxepare lehen lizeoa Kanbon sortu zen 1987an. Kanboko kolegioa eta biak leku berean egon ziren 1996 arte, hots, tokia txiki gelditu zen arte. Geroztik Baionan dago Bernat Etxepare lizeoa. Ez da Baionan eta Iparraldean dagoen lizeo bakarra, noski, baina bai ikasketak euskaraz egiteko aukera eskaitzen duen bakarra. Eta horixe da lizeoaren bereizgarri aipagarriena. Aurretik euskaraz ikasten aritu diren gazteei modu berean jarraitzeko aukera luzatzen die.

Ikasgai guztiak euskaraz egiten dituzte, hizkuntzatakoak izan ezik. Euskara, Frantsesa , eta beste hizkuntza bat, ingelesa edo gaztelania, beharrezko dituzte. Horrez gain, laugarren hizkuntza ere hauta dezakete.

Gela barruan batez ere euskara batua erabiltzen dute, baina irakasleak euren euskalkian ere mintzatzen dira, ikasleak bezalatsu. Gillermo Etxebarria zuzendariak barre egiten du. "Komunikazio hizkuntza pixka bat nahasia da. Euskara batutik hurbil egon arren, forma baxenabartar batzuk edo lapurterako aditz formak sartzen ditugu". Ikasle gehienek euskara batua edo baxenabarrera erabiltzen dute, baina bi zuberotar elkartzen badira, zubereraz mintzatzen dira, noski.

Edonola ere, badira frantsesez aiseago hitz egiten duten gazteak, eta nahiz eta euskaraz mintzatzeko, ulertzeko eta idazteko gai izan, frantseserako joera dute. "Kanpoko indarra handia da eta batzuek etxean ere frantsesez egiten dute. Bakar batzuentzat eskola hizkuntza da euskara" dio zuzendariak.

Hala ere, euskararen erabilera areagotzeko hainbat ekimen antolatzen dituzte ikasleek beraiek: aldizkaria, irratia...



Ikasleak barnetegian gelditzen dira

Kostaldeko zenbait ikasle, eta barnekaldeko urrunekoenak, barnetegian gelditzen dira. Urtetik urtera ikasle gehiago biltzen da bertan. Aurten, esate baterako, 35-40 ikasle inguru daude, iazko bikoitza. Bertan, Seaskaren filosofia jarraitzen dute eta eguneroko bizimodua euskaraz egiten dute hango hezitzaleekin batera. "Lehen kolegioetan ere barnetegiak zeuden, baina gaur egun ez. Hiru kolegio zabalduta egonik, ez direlako hain urrun gelditzen etxetik. Horregatik, ikasle batzuk kolegioko barnetegian egondakoak dira, ikasle berrienak ez. Horientzat lehendabiziko esperientzia da", azaltzen digu Gillermo Etxebarriak.



Ikasketak eta azterketak

Kolegioan 6., 5., 4., eta 3. mailak ikasi ondoren, lizeoan 2., 1. eta Termainal mailak egiten dira. 2. maila orokorra da, eta hurrengo bietan ibilbide ezberdinak hautatu behar dira. Bernat Etxeparen, batxillergo orokorrean diren hiru ibilbide edo sailak daude: literarioa, zientifikoa eta ekonomiko-soziala. Beste zenbait lizeotan teknologikoa eta profesionala ere eskaintzen dira, "baina horietako bakoitzean pila bat sail daude eta guk ezin ditugu denak eskaini, talde txikiegiak sortuko liratekeelako", argitzen digu zuzendariak.

Hiru urte horiek pasa ondoren, 18 urterekin, Baxo azterketa egiten dute. Azterketa estatala da eta ikastetxetik at egiten da. "Euskara ikasgaia euskaraz egiten dute, eta Historia-Geografia euskaraz idazten ahal dute, nahiz eta frantsesez aurkeztuak zaizkien dokumentuak. Beste guztia frantsesez". Izan ere, frantsez legedian atzerritar hizkuntzen parekotzat hartzen da euskara, Erresuman diren beste hizkuntza guttitu guztiak bezala funtsean, baina atzerritar hizkuntzetan ere mailak daude, eta euskara ez da lehen hizkuntza baten parekotzat hartzen, 2. edo 3. moduko bat baizik.

Bada beste bereizgarri bat ere Gillermok kontatzen digunez. "Zenbait aztzerketa 1.aren bukaeran egiten dira, hots, Baxoa baino lehenago, eta horrela arindu egiten da Baxoko azterketa. Esate baterako, Baxo zientifikoan frantseseko azterketa aurretik egiten da, eta literarioan frantsesa, matematika eta zientziak".

Baxoa gaindituta, unibertsitatera joateko moduan dira, baina noski, euskaraz ikasteko aukerarik ez dute Iparraldean. Horretarako, Hegoaldera joan daitezke, eta horrek selektibitatea egin beharra dakar. Iazko ikasturte amaieran 10-12 gazte inguruk egin zuten azterketa hori, baina bidea ez da erraza Gillermok dioenez. "Europa egin nahi dugun honetan, oraindik oso zaila da ikasketen bateratzea. Hasteko, hemengo ikasketa guztiak baliozkotu behar dituzte, eta gero, tramitazioak, ordainketak... eta selektibitatea egitea. Zinez, gogo handia behar dute hara joateko eta azterketa egiteko. Frantses sistemak unibertsitate guztiei buruzko informazioa bidaltzen die, erraztasunak eman... eta zinez, Hegoaldera joatea traba handiak pasatzea da". Horrez gain, bada beste traba bat ere, arazo larriena agian:programaketak ez direla berdinak.

Edozein modutan, lehen Parisera eta Madrilera joan behar zuten eta han gaztelaniaz egin azterketa. Egun, UNEDen bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz euskaraz egin dezakete eta gertuago, eta horrek ikasle gehiago animatzen ditu.



Ikasmaterialak

Gillermok aitortu digunez euskarazko ikasmaterial oso gutxi daukate. Euskara ikasgairako baliagarriak zaizkie Hegoaldeko argitaletxeen liburuak, baina gainontzekoetarako ez, programaketa ez baita berdina. "Frantseseko dokumentuen itzulpen asko erabiltzen ditugu eta frantsesezko manualak ere baditugu, gero azterketak frantsesez egin behar baituzte. Irakasleok geronek egindako apunteetaz baliatzen gara askotan". Apunte eta lan horiek bildu eta argitaratzeko asmoa zuten, baina denbora anitz eskatzen duenez, oraindik egiteke duten lana da.



Gurasoak eta instituzioak

Gurasoak Ama Eskolan, Lehen Mailan eta kolegioan baino urrunago daude lizeoan, baina horrek ez du esan nahi esku hartzen ez dutenik. Ekonomikoki laguntzeaz gain, hainbat molde daude parte hartzeko: Seaskako egituretan, lan batzordeetan, irakasleekin batera egiten dituzten bileretan...

Instituzioekiko duten harremanari buruz, harreman eta lotura desberdinak daudela azaldu digu lizeoko zuzendariak. "Udalak ama-eskola eta lehen mailak laguntzen ditu; adibidez, berak egiten ditu eraikinean egin behar diren gauza guztiak. Baina lizeoarekin ez du inolako harremanik. Gauza bera gertatzen da kolegioekin, hauetaz Foru Aldundien antzeko funtzioa betetzen duen Kontseilu Orokorra arduratzen da. Lizeoen kasuan, Eskualdeko Kontseiluak arduratzen dira, gurea esaterako, Akitaniako Eskualdearen ardurapean dago. Kuota bat ematen die lizeo guztiei eskola kontratua dela eta".

Laguntza horrez gain, gobernu administrazioak ere ematen die kuota bat eta irakasleen ordainketa ere haren esku dago. Gainontzekoa, gurasoen gain gelditzen da.



Ikasturte berriko borroka

Aurtengo ikasturtea gogotsu hasi badute ere, ez da arazorik gabea izan, eta oraindik konpontzeke da, gainera. Bernat Etxepare lizeoan 2. mailarako beste ikastalde bat idekitzeko adina ordu eskatzen dute. "Izan ere, ikasle kopurua haziz doa eta 74 ikaslekin hiru talde egin ditugu. Ministeritzak bere irizpideen aurka, 35 ikasletik gora bi talde egitearena alegia, bi ikastalde egiteko orduak ematen baitizkigu soilik".

Bordelen bilkura bat egin zuten hango errektorearekin, baina ez zuten baiezkorik jaso. Gauzak horrela, Parisera jotzeko asmoa agertu dute. Hala, Alain Lammmasoure Hautetsien Kontseiluko presidenteari eta Max Brissoni hizkuntza ataleko arduradunari gaia Hezkuntza Ministeritzara eraman eta behar dena egin dezaten eta han euskal irakaskuntzari zor dizkioten medioak lortzeko eskatu diete.

Borroka horrekin jarraitu bitartean eta haizeak aldetik noiz joko zain daudelarik, lizeoko ikasleak liburuak eta apunteak hartu eta eskolara doaz egunero. Gauza bera egiten dute irakasleek. Eguneroko jarduna euskaraz egiten jarraitzen dute, eta argi dago inork ez dituela geldituko.