Hezitzaileek asko egin dezakete euskararen erabilera sustatzeko

2005-10-01
 
 

Haurrek eta gazteek euskara egitea lortu nahi bada, eskola orduz kanpoko jardueratan euskararen erabilera sustatzea oso garrantzitsua da. Jarduera hauek, ikastorduetan egiten den lanaren osagarri oso garrantzitsuak dira. Lan hori egiteko, noski, agente nagusia hezitzailea izango da.

Baina, helburuak behar bezala zehazten al dira? Neurgarriak al dira? Hezitzaileek ba al dituzte tresnak lan hori egiteko? Modu planifikatuan lan egiten al da? Nola laguntzen diete hezitzaileei jardueren erakunde antolatzaileek?
Modu horretako galderei erantzun nahian, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua landu du Ttakun Kultur Elkarteak. Haurrekin eta gazteekin lan egiten duten hezitzaileei zuzendua: kirol entrenatzaileak, aisiako begiraleak, antzerkiko irakasleak, gaztelekuetako hezitzaileak...
Proiektuaren nondik norakoa ikusteko, ondorengo lerroetan, oinarri sinple baina oso garrantzitsu bat aurkezten dugu.

Non koka daitezke hezitzaileak jarduera batean?

Hezitzaileak hiru leku bete ditzake taldean:
- Taldeko zentro izan daiteke: jarduera zuzentzen duenean (entrenamendu batean teknika lantzerakoan, udalekuetan tailer bat zuzentzerakoan...).
- Taldeko parte izan daiteke: jarduera zuzendu ez, baina parte hartzen duenean (jolas batean, entrenamenduko partiduan gazteekin batera aritzean...).
- Taldetik kanpo egon daiteke: haurrak eta gazteak beraien kabuz dabiltzanean.

ZER EGIN

Non kokatu behar du hezitzaileak
erabileran eragiteko?
· Haurrek guztia erdaraz egiten dute.
Hezitzaileak taldeko zentro denean eragiten hasi behar du.

· Haurrek hezitzaileari euskaraz egiten diote, baina beraien artean gaztelaniaz egiten dute.

Hezitzaileak taldeko parte eta taldeko zentro denean eragin behar du. Bera tartean dagoenean elkarrizketa guztiak euskaraz izatea lortu behar du.

· Haurrek euskaraz egiteko ohitura dute, baina erdararako joera duen talde batekin biltzen hasi dira, eta erdarara jotzen dute batzuetan.

Euskaraz ari diren bitartean hezitzailearen kokapenak ez du garrantzirik. Gaztelaniara jotzen dutenean hezitzaileak taldeko parte bihurtu behar du taldeko hizkuntzan eragiteko.

ZER EZ EGIN

Beraien artean inoiz euskaraz egiten ez duten haur eta gazteen kasuan, ez da batere eraginkorra euskaraz egiteko eskatuz aritzea. Egokiena, hezitzailea jardueran taldeko zentro edo parte denean eragitea da (horretarako hainbat estrategia erabiliz) eta, hor helburuak lortzen dituen neurrian lortu ahal izango du bera taldetik kanpo dagoenean ere haurrek eta gazteek euskaraz egitea.