Hunkitzen, emozionatzen, harritzen duten irakasleak

2005-10-01
 
 

Badira hogei urte Magisteritza Eskolan hezkuntzaren zirrikituetatik abiatu nintzela. Ondoren, nola den bizitza!, Porrotxen begietatik eskola asko ezagutzea egokitu zait.

Porrotxek eta biok Euskal Herrian zehar urtetan egin dugun bidaia luzeak, noizbait, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolara eraman gintuen. Bertan, Oteiza hunkitzen ikusi nuen urteak betetzen zituen bakoitzean bere balkoipean haurrak zorion kantak abestera joaten zitzaizkionean.
Juan Gorriti ikusten dut haurrekin bat eginda urtero Zarautzen edo Arriben mendialdeko istorioak kontatzen edo itsasaldekoak entzuten, emozioei bidea ematen.
Lanetik aspaldi jubilatutako Mendi pintorea ikusten du astelehenero ikastolan haurrekin batera pintatzen, haurrei begiratzen eta, batez ere, ikusten irakasten.
Ostiralero haurrak kalejiran ikusten eta entzuten ditut Txapas maisuaren eskusoinuarekin amaitzear dagoen asteari eta datorren berriari kantari; lanak eta jaiak duten balioa goraipatuz, eta bietan gozatzen ikasten.
Eta hori guztia ikusten dudan bitartean, munduan, eta eskolan, askatasuna ezabatzen ari da segurtasunaren izenean: “Badaezpada” gailendu da gure eskolan, eta horren izenean bat-batekotasuna galtzen ari gara. Nire barruan begiratzen dut eta oroimenean eskolan hainbeste ordutan ikasitako ezagutzak aurkitzen saiatzen naiz. Oso gutxi topatu ditut, gehienak denborak eta erabilgarritasun ezak eraman ditu. Baina eskolan hunkitu, harritu, emozionatu ninduenak hor dauzkat betirako gorderik.
Horregatik, urtean behin, Zarauzko ikastolan ospatzen duten sudurgorrien festan izaten naiz. Egun hori ez da inon iragartzen. Goiz batean ikasleak eta irakasleak bildu eta lehentxeago prestatu dugun ikuskizunari ekiten diogu. Haurrak, sudur gorriz eta irri zintzoz, berehala murgiltzen dira bat-batekotasunean, egunak ekarri dien sorpresan. Irakasleak ekinean ari dira, eskola antolaketa zurrunak alde batera utzi eta bizitza sorpresaz eta poz txikiz bete behar dela sinestuta. Gorritik dioen bezala: “sentitu, pentsatu, ekin!”
Txapas eta bere eskusoinua dira saltsa guztietako perrexila. Txapas berari ere jubilatzeko ordua iritsi zaiola esan diote urteek eta legeek. Baina ideiak, ilusioak, harritzeko gaitasunak, lana gustura egiteak, ez dute adinik, horiek ez dira jubilatzen. Denok dugu asko emateko eskolan, artistek, etxean ditugun aiton-amonek, jendeak, oro har.
Anima zaitezke, ahaleginak merezi du. Utzi bakoitzak gure barruan daramagun umea azalarazten, ez izan beldurrik. Ordaina neurtezina da. Eta zu, Txapas, ez zaitzatela jubilatu