TRABUDUA Yolanda: Gazteek entzuten duten musika

2005-11-01

“Berbekin esan ezin duguna eta isilean garatu ezin dena musikaren bitartez adierazten dugu.”

Victor Hugo

Nerabezaroan musikarako joera handia izaten da. CDak entzutea edota zuzeneko kontzertuetara joatea euren ohiko denbora-pasa da. Gazteen zaletasun hori izan da nire abiapuntua. Helburua, bikoitza: batetik, gelara eramatea ikasleek adin honetan maite dituzten doinu eta erritmoak; bestetik, erritmo horiek transmititzen dituzten mezuak aztertzea.

 
 

Nik neuk ez nuen oso ondo ezagutzen ikasleek gaur egun entzuten duten musika; beraz, haiengana jo nuen informazio bila. Poz handiz eta informazio zabala emanez erantzun zioten nire eskaerari. Lan hau burutzeko, erritmoez aparte, abestien gaiak ere interesatzen zitzaizkidan, eta hain zuzen ere maitasunaren gaia: gizon eta emakume arteko harreman afektiboak edota emakumea modu batera zein bestera islatzen zuten abestiak bilatzen nituen. Musikarien artean emakumeak zein gizonak egon zitezen nahi nuen, une batean konparaketa lana egiteko.

Ikasleen laguntzaz aukeratutako abestiak hurrengo taldeenak izan ziren: El Canto Del Loco, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Maria Isabel, Rossana, Betagarri, Alaitz eta Maider, Gatibu eta La Oreja de Van Gogh.
Abestiak aukeratzerakoan, helburua maitasun gaiaren tratamendu zabala biltzea izan da. Adibidez, El Canto Del Loco taldeak “El Canto Del Loco” abestian eta Gatibuk “musturrek sartunde” abestian sexuaren mugagabeko pasioari kantatzen diote. Ken Zazpik “Iluntzean” eta La Oreja De Van Goghek “Rosas” kantuetan emakumeari amodio galduak dakarzkion tristura eta aurrera egin ezina abesten dute. “Ilargia”-n Ken Zazpik amorrua adierazten dio lortu ezineko bikoteari. Rossana “Para Morir de Amor Siempre Queda Mañana”-n maitasunari azalkeriaz, arinkeriaz hurbiltzen zaio. Alaitz eta Maiderrek “Ez Dizut Esango”-n maiteminduta egotearen sentimenduaz jarduten dute... Modu honetan, bikote harremanak hainbat eratan bizi eta senti daitezkeela ikusi dugu. Gelako lana egoera bakoitzak zer abantaila/desabantaila, balio eta abar dituen aztertzea izango litzateke.
Ez da nire helburua artikulu honetan adibide hauek dakartzaten mezuak baloratzea, heziketarako eta, kasu honetan hezkidetzarako, kantek duten indarra eta erabilgarritasuna azpimarratzea baino. Gure gazteek abestiak behin eta berriro entzuten dituzte, guk egiten genuen bezala, buruz ikasi arte. Kanten hitzak gazteen buruetan daude finkaturik, askotan eskolako ikasgaietan ikasitakoa baino sendoago. Abestien hitzak buruan dituzte, bai, baina nire zalantza da hitz horiek elkarturik duten mezuaz jabetzen direnentz.
Hemen dituzue abestien azterketarako lagungarri izan daitezkeen txantiloi bi. Doinua aztertzeko bata, hitzak aztertzekoa bestea. Biak bereizita ikustea interesgarria da, batzuetan musikak sentimendu bat adierazten baitu eta hitzak beste bat. CDak lortzeko ikasleengana jo, eta hitzak, berriz, Internetetik erraz jaso daitezke.

ABESTIAK AZTERTZEN: MUSIKA

1. Zein da abestiaren tonua? (tristea, alaia, haserrealdikoa, mendekaria, hotza,
beroa, lizuna, lasaia...).........................................................................................
.............................................................................................................................
2. Zelan sentitzen zara doinua entzuterakoan?...................................................
.............................................................................................................................
3. Zer egiteko gogoa ematen dizu?......................................................................
.............................................................................................................................
4. Zer inspiratzen dizu?........................................................................................
.............................................................................................................................
5. Ondorioa. Eman zure balorazioa abestiaren esanahiari buruz. Azter ezazu:
- Nork kantatzen du/te, gizonezkoak/ek ala emakumezkoak/ek? ...................
...........................................................................................................................
- Gizonek eta emakumeek berdin antzeko doinuak erabiltzen al dituzte? ........
.............................................................................................................................
- Zerbait aldatuko al zenuke?...............................................................................
.............................................................................................................................

ABESTIAK AZTERTZEN: HITZAK

1. Gaia: (amodio galdua, bakardadea, pasioa, maitasun zintzoa, itxaropenik gabeko maitasuna, sedukzioa, lilura,

zoramena, xarma, limurtzea, benetako maitasuna...).............................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
2. Abestiaren edukiaren laburpena..................................................................................................................... ......................
....................................................................................................................................................................................................
3. Abestiaren egitura (zenbat bertso dituen, errepikak, hasiera berdineko esaldiak...)............................................................
....................................................................................................................................................................................................
4. Ondorioa. Eman zure balorazioa abestiaren esanahiari buruz. Azter ezazu:
- Emakumearen rola...................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
- Gizonezkoaren rola.................................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
- Nork kantatzen du/te gizonezko/ek ala emakumezko/ek?...................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
- Gizonek eta emakumeek gauza berdinei kantatzen al diete?..................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
- Zerbait aldatuko al zenuke?.....................................................................................................................................................
....................................................................................................................................................................................................
- Abestian, zerbaitek emakume edo gizonezko irudia kaltetzen al du? Eta bikote harremana era egokian agertzen al da? .....
.....................................................................................................................................................................................................