Antzerkiak euskara intentsitate gehiagoz bizitzeko balio du

2007-05-02
 
 

Hizkuntzazko helburuak lantzeko eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko, desoreka bat sortu behar da taldean, zeren zeinahi taldek hizkuntzazko ohitura beretuak izaten baititu eta haiek aldatzea baita helburu. Aldaketak, gainera, taldearen izaeran, jokaeretan eta abarretan eragiten du; taldeko bakoitzak betetzen duen rolean...

Hizkuntzazko helburuak lantzean, jardueraren intentsitatea da kontuan izan beharreko faktore nagusietako bat. Jardueraren intentsitatea handia bada (edota desoreka sortu nahi delako intentsitatea indartzen bada), errazagoa izango da desoreka sortzea eta ondorio onak ateratzea. Jardueraren intentsitatea txikia bada, aldiz, oso zail gerta daiteke helburuak lantzea, eta, gainera, kontrako eragina ere izan dezake ahaleginak.

Hizkuntzazko helburuak landu aurretik neurtu behar da jardueraren intentsitatea. Horretarako, denborazko bi neurgailu balia daitezke, besteak beste: asistentzia eta puntualitatea. Jarduerako intentsitatea handia izango da, baldin partaideen asistentzia handia bada (saio guztietara joaten badira) eta puntualitatea ere handia bada (jarduera hasteko ordua baino lehenago heltzen badira eta amaitutakoan alde egiteko presarik ez badute).

Haurrek eta nerabeek jardunean parte hartzeko dituzten motibazioek erakusten dute jardunaren intentsitatea; hots, motibazio instrumentalak, komunikatiboak eta integratzaileak. Parte-hartzaileek hiru motibazio horiek indartsu badituzte, errazagoa izango da desoreka sortzea, zeren prest egongo baitira eskatzen dien ahalegina onartzeko.

Bestalde, jarduera guztietan agertuko dira hiru motibazioak, baina ez beti gradu berean; hau da, litekeena da motibazioren bat indartsua izatea eta besteak apalak. Zenbaitetan, beraz, hizkuntzazko helburuak lantzeko, beharrezkoa izango da motibazioetako bat indartzea.

 

ZER EGIN?

Antzerkiak hezkuntzan eskaintzen dituen baliabideak gero eta gehiago erabiltzen dira egun hezkuntza formalean. Eskola orduetan zein orduz kanpoko jarduerak ez dira programa betetzeko asmo hutsak eta jarduera gutxik lortzen dute hizkuntza erabilera bermatzea modu zabal batean: erregistro ezberdinak, hiztegia, euskalkia...

Jardueraren intentsitateari dagokionez ere, jarduera ezin hobea da antzerkia. Haur zein gazte protagonista direlako uneoro. Talde txikietako harreman sareak birmoldatu egiten dira, rolak aldatuz eta parte-hartzaileen bestelako trebeziak azaleratuz.

Gainera, publikoarekiko harreman zuzenak intentsitatea eta bizipen ahaztezinak ematen ditu.

Egoera askotarikoak sor daitezke jolas antzeztutik hasi eta zuzeneko ekitaldira bidean. Honako hauek adibide batzuk dira.

- Zuzeneko ekitaldiak: ikastetxean bertan edo ekitaldi irekietan (familia, herria...).

- Erreferentea den antzezle bat saio batera ekarri: ikusle gisa saioa zuzentzen edo besteekin bat jolas antzeztuan parte hartzen.

- Bideo grabaketa bat (ikastetxea edo antzerki taldea ezagutarazteko edo bestelako aitzakiaren batekin).

- Pertsonaien aukeraketa. Protagonismo mailak aprobetxatu. Hizkuntza gaitasunean pauso bat emateko, bakoitzaren maila baino eskakizun handiagoa duen pertsonaia bat eskainiz.

- Inprobisatutako saioak eta bideo irudien bikoizketa tartekatzea.

- Irakurketa antzeztuak egitea.