Izarbeibarko gaztetxoek konposta egiten ikasi dute. Garesko ikastetxea

2007-05-02

Etxean sortzen diren hondakinen erdia materia organikoa da eta hori birziklatzeko modurik onena konposta egitea omen da. Pertsona bakoitzak egunean kilo t´erdi hondakin sortzen baditu, eta hamar kilo hondakin bi konposta kilotan eraldatzen badira, materia gutxiagotzeko modu onena ere bada. Nafarroako Izarbeibar bailarako gaztetxoak izan dira horretarako urratsa eman dutenak. Konposta egiten ikasi dute eta eurekin batera, hezkuntza erkidego osoa inplikatu dute. Prozesu natural baten lekuko izan dira eta Garesko Lehen Hezkuntzako 6. mailakoek behintzat, orain etxean gehiago birziklatzen dutela adierazi digute.

 
 

Badira urte batzuk Izarbeibarko Mankomunitatea eta Garesko ikastetxea elkarlanean dabiltzala. Eskolan hainbat koloretako zaborrontziak jartzen hasi ziren eta gaurdaino jada proiektu askotarikoak jorratu dituzte. Orduan, zaborrontziekin, atsedenaldietako zizka-mizken soberakinak antolatzen eta ikasgelan erabiltzen zen papera kudeatzen inplikatu ziren gazteak. Orain, gogotsu ekin diote konposta egiteari. Ez dira makalak ibarreko gazteak!

Izarbeibar bailara 11 herrik osatzen dute eta 11.000 biztanle dira. Bertako zazpi eskolatan ezarri dira konpostagailuak. Proiektu honetan 178 familia inplikatu dira guztira. 

Aurreko ikasturtean hiru gai lantzeko proposamena luzatu zien Oscar Rubio mankomunitateko dinamizatzaileak: ura, sua eta konposta. Uraren gaia lantzeko, mintzaldiaz gain, ur araztegia bisitatu zuten ikasleek, prozesu osoa ezagutuz.

“Oso-oso gaizki usaintzen zuen”, diote gazteek, “pausoz pauso ikusi genuen prozesua eta han pilatutako ura oso zikina zegoen”. Hurrengo hiruhilekoan suaren inguruan hitz egin zuten eta suteak nola sortzen diren eta zein kalte eragiten dituzten aztertzeko aukera izan zuten. Horrez gain, gaiaren inguruko jolasa egin zuten eta agenda bana jaso.

 

Konposta egiteko prozesua

2006ko martxoan, hirugarren hiruhilekoan, konposta egiteari ekin zioten. Hasieran Oscar Rubiok gaiaren nondik norakoak azaldu zizkien: nola egiten den konposta, zergatik eta zertarako. Zer den materia organikoa, nola sortzen den eta birziklatzen ez bada zein kalte eragiten dituen. Materia organikoa arazoa izan beharrean, onura izan daiteke eta hori konpostaren bitartez lortzen dela esan zien Rubiok. Hala, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako gaztetxoei ekarri behar ziren soberakinak zein ziren eta nola ekarri behar zituzten adierazi zien: zatituta eta txikituta. 

Hurrengo hilabeteetan ikasleak, motxilaz gain, astean bizpahiru aldiz material organikoz betetako poltsa aldean zutela agertzen ziren eskolara: laranja azalez, arrautz oskolez, urazaz, eskarolaz, porruz, kafe soberakinez… betetako poltsak: dena ongi zatikatuta. Eta norbaitek etxean baratzea izanez gero, baratzeko hondakinak ere ekartzen zituen. 

Irakasleak poltsak banan-banan pisatzen joan dira, aste bakoitzean konpostagailura zenbat kilo sartzen diren jakiteko asmoz. Hiru hilabetean 4.000 kilo materia organiko bildu dituzte ikasle guztien artean; ez da gutxi.

 Ikasleak hilabete hauetan zehar ardurak hartzen inplikatu dira eta beraiekin batera euren senitartekoak, 178 familia. Mankomunitatearen hitzetan, ekimen hau aurrera eramatean familiaren parte-hartzea izan da gogoan. “Haurrak eragile bikoitzak izan daitezen nahi dugu, beraiek prozesuan parte hartzen daude eta euren familiak ere bai, eta horiengan ere halamoduz kontzientziazioa sor daitekelakoan gaude”.

Behin materia organikoa konposta egiten utzi ondoren, sei hilabetera haurrak uzta jaso dute. Tarte horretan mankomunitateko langileek ere prozesua kontrolatu dute; adibidez, ur beltzak ateraz gero, lastoa botaz. Konpostak tenperatura egokian egon behar du, hezetasunean eta oxigenoarekin. “Zizareak ibili dira lanean” dio Aitorrek. Konposta kutxaren azpitik konposta atera eta bahetzen ikasi dute garestarrek, konposta finena bereizteko. “Oso ondo usaintzen zuen!” dio Jonek. “Ia urdina zirudien!” besteak, “hautsa bezalakoa da!” laugarren batek. Prozesuan zehar gustura ibili direla kontatu digute. 

Prozesua amaitzeko, ikasle bakoitzak kilo bat konposta eraman du etxera. Batzuek landareen ongarri gisa erabili dute, besteek baratzerako. Soberan gelditutako konposta eskolaren erdiko patioan pinuak landatzeko erabili dute. Benetako prozesua hasi besterik ez da egin, eta bada etxean konpostagailua jarri duenik ere.

Mankomunitateak urtero jaialdi bat antolatzen du ibarreko eskola guztietako haurrekin. Bertan elkartu ziren pasa den ikasturte amaieran konposta egiten ari ziren gaztetxo oro. Kirola egiten dute eta lehiaketa batean parte hartu. Aurten, parte-hartzaile guztiak izan dira sarituak. 

Esperientzia positiboa izan da Garesko gaztetxoentzat konposta egitearena, baita Izarbeibarreko mankomunitatearentzat ere. Hurrengo pausoa konposta herriratzea izango da, etxebizitzetan eraginez. •

 

HELBURUAK:

- Haurrak ingurumenaren zainketan inplikatzea

- Konposta eginez konturatzea horrek dituen onurak 

- Etxekoak prozesuan inplikatzea 

- Konpostaren bidez ura aurrezten dela konturatzea 

- Birziklatzea 

- Zaborrak sortzen dituzten arazoen inguruan kontzientziatzea 

- Etxean zaborren banaketa egiteak duen garrantziaz jabetzea 

- Jakitea bakoitzak egin dezakeela zerbait ingurumenaren alde