125: Bazen ordua norbaitek argi adierazteko eskolak politika landu egin behar duela

2008-02-01
Bereiztu egin behar da, gure ustez, politika eta alderdikeria, bazterkeria...
Eskoletan politikaz ez dela hitz egin behar zabaldu da azken 25 urteotan...
Frei Betto teologo eta pedagogo brasildarrak dioenez, gosaltzeko zer dugun edo ez dugun  ere, politika zehatzen ondorioa da. 
 
 
Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideetan eta Bakean oinarritutako Hezkuntza Plana aurkeztu du. Hezkuntza alorrari dagokionean, Elkarbizitzan, Bakean eta Giza Eskubideetan Hezi izeneko programa garatuko du. Plan horrek, indarkeriari zilegitasuna kentzea izango du xede nagusia.
Ekimena, bere garapenean, interesgarria da, oso. Euskal Herriak bizi duen egoera dela medio, herri guztietan biktimak aurkitzea lan erraza izango da. Denetan dago hildakoa, erasotua, mehatxatua, atxilotua, espetxeratua eta torturatua dagoen edo izan den jendea, tamalez.
Asko eta asko hitz egin da elkarbizitzaz, tolerantziaz, inklusibitateaz eta abar. Lanak eta esperientziak ere burutu dira arlo horien inguruan, bide horietan sakontzea egokia da. Koska, ordea, horren guztiaren abiapuntuan izango da, orain ere.
Teoria mailan adostasunak aurkitzea ez dirudi lan nekeza izango denik. Hala ere, hori guztia praktikara eramaterakoan sortzen dira ezintasunak, hori guztia praktikara nola ekarri inguruan, alegia. Ezinbestekoa da, abiapuntuan, hau da, biktimak definitu eta izendatzerakoan, biktima guztiak kontuan izatea. Eta eskola, noski, ez dago hortik kanpo.
Ez genituzke betiko eskema zaharrak errepikatu behar. Biktimak aipatzerakoan biktima batzuk alboratzen baditugu abiapuntutik bertatik, horrek betiko bazterkeriara eramango gaitu beste behin.
Politika egin behar ez den horren aitzakian, ezin da ere elkarbizitza eskola komunitate bakoitzeko gai isolatu gisa hartu. Dagoeneko badakigu, eskolan gertatzen denak kanpoan eragiten duela, eta alderantziz, kanpoan gertatzen denak eragina duela eskolan.
Beraz, eskolak hor kanpoan dugun, eta partaide garen, mundu zabal horretako komunitate guztia izan behar du kontuan, ikuspegi globalaz aritzea besterik ez dago.
Ezin dugu ahantzi ere zein ingumaritan bizi garen: nor maitatu behar dugun eta nor ez ezartzen zaigun honetan, ideiak epaibidean ipini diren honetan, edo demokratikoak omen diren hauteskundeetan herritar batzuei hautagai izateko eskubidea zalantzan jartzen zaienean, eta hainbat hautesleri botoa emateko eskubidea ukatzen zaienean, Elkarbizitza eta Bakea sustatu nahi ditugu gure eskoletan. Indarkeriak zilegitasunik ez duela irakatsi nahi diegu gure ikasleei… Lan nekeza, dudarik gabe, eskubide urraketa, bortizkeria eta bazterkeria ereduak ikusten jarraitzen duten bitartean.
Bazen garaia, Elkarbizitzaren alde pentsamendu eta ideologia mota desberdinek lekua izan behar dutela aldarrikatzeko. Finean, guztientzat aukera bertsuak egotean, hizkuntzak eta kulturak errespetatzean eta herri bakoitzak aukeratzen dituen bideak, baita pedagogikoak, errespetatzean egongo baita berriro ere gakoa. Hori, gutxienez, ikasia beharko genukeen herriko historiatik!