Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko lanean jarraituko du EHBEk ikasturte berrian

2008-10-01
 
 
Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzea, borrokatzea eta eraikitzea izango da aurten ere Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak izango duen erronka nagusia. Euskal curriculumari dagokionez, berriz, lana izango da aurten ere EHBEk azaldu duenez: joan den ekainean Kursaal jauregian aurkezpena egin ondoren, Euskal Herriko ikastetxeetan ekarpen fasearen bigarren itzulia egingo da ikasturte honetan, eta ikastetxeetan egingo diren eztabaidatan parte hartzeko deia egin dute. Bestalde, Unibertsitate propioa lortzera bidean, urrats atzeraezinak egin direla dio Euskal Herriak Bere Eskolak, eta Euskal Unibertsitatea sortuko duen Fundazioa sortu ondoren, ikasturte honetan urrats berriak ematen jarraitzea espero dutela adierazteaz gain, Euskal Unibertsitatea egin egingo dela ziurtatu dute.
Azken asteetan zalaparta handia sortu duen hizkuntza ereduen gainean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren “borondate zein ausardia falta” salatu dute, eta Nafarroan aurten martxan jarriko diren Hello haur eskolak eta TIL ereduak, Nafarroako Gobernuak eskolaren bidezko euskalduntzeari eginiko gerra deklarazioa direla azaldu dute.
Euskararen biziraupena nahiz garapena ziurta dadin, Euskal Herri osoan eskolaren bidezko euskalduntzea bermatu behar dela berretsi du EHBEk. Bidea zein den argi dute: Hezkuntza Sistema Nazionala. Eta horretan lagunduko duen bidelaguna Oinarrizko Hezkuntza Akordioa izango dela adierazi dute.
Hori guztia aintzat hartuta, Euskal Herriak Bere Eskolak hezkuntza eskubideen alde eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lanean jarraitzeko deia egin die herritarrei.