Koser i kantar

2008-10-01
 
 
KOSER
8. mailan nintzelarik, antzerki obrak idatzi, zuzendu eta antzezten hasia nintzen jada. Behin, eskolako zuzendariak zera esan zidan: ke no maduraba komo los demas txikos, umeegia nintzela eta hobe zela kurtsoa errepikatzea. Ikasketak, arrakastaz baino, arrastaka eraman nituen. Etorkizunean “zerbait izateko” zerbait ikasi behar, eta nik, aktore izan nahi nuen.
Nire gurasoentzat, ordea, txorakeriak baino ez ziren. Hala ere, COU eta selektibitatea gainditzen banituen, arte dramatiko ikasketak egin ahal izango nituela esan zidaten. Gurasoak eta irakasleak konbentzitzeko, bakarrizketa bat prestatzeari ekin nion, Aitor Zuberogoitia, markinako lagunak idatzia: ABSURDOARI BURUZKO GOGOETAK. Arrakasta izugarria izan zuen. Testu aldetik, memorizatzeko orri asko ziren, baina gai nintzela erakutsi nien. Eta baita interpretatzeko ere!
Egun batez, eskolako aretoan ikasle, irakasle eta guraso guztiak batu gintuzten. Bilbotik etorri ziren “espertoak”, Unibertsitateari buruzko azalpenak eta informazioa ematera. Egun inportantea zen. Gure etorkizunaren nondik norakoak entzun behar genituen. Karrera oparoak. Enpresariales, deretxo, medizina, psikologia… guztiendako zuten zerbait. Txostenak. Estatistikak. Hitzordua, eternala izan zen. Benetako ardi beltza sentitu nintzen. Ama, alboan nuen, umore bortitzez, aieneka!
Bukatu zenean, nire aita eta ama, irakasleak, “espertoak” eta ni gelditu ginen. “Espertoek”, bi orri kutre eman -antzerkiari buruz prentsan azaldutako artikulu baten fotokopia eta helbide bi- eta zera esan zidaten: Lo sentimos mucho pero no podemos informarle de gran cosa.
I KANTAR
MUNDOPOLSKI, ERREBOLTAREN ZIABOGA-ko pasartea:
Mundo: Hona hemen dragoi iraultzailearen istorioa. Kezka hura arraro samarra zen dragoi batentzat. Etxerako bidean, gogoeta egin zuen gure dragoiak, ez baitzekien etxean nola hartuko zuten. Baina bazkarian, behingoz esatea erabaki zuen: “Familia... bonbero sartuko naiz”.
Mika: Bonbero? Baina dragoiek sua botatzen dute, nola izan liteke dragoi bat bonbero?
Mundo: Dragoi normal bat, dragoi estandar bat, draconis vulgaris bat ezin da inoiz bonbero izan, iskanbila litzateke, absurdua, kimerikoa... Baina gurea ez da dragoi normala, ez da dragoi estandarra, are gutxiago draconis vulgarisa, gurea dragoi iraultzailea da.
Mika: Eta dragoi iraultzaile bat, bonbero izan daiteke?
Mundo: Lasaitasuna eta elikagai aproposekin, bonbero ona izatea lor dezake. Baina, hala ere, ez da inoiz benetako dragoia izango, beste dragoiek traidorea dela esango dutelako, eta autentikoa ez dela, eta ez diote utziko haien etxeetan bizitzen, ezta haien janaria jaten, ezta haien liburuak irakurtzen, ezta haien komunetan kakazten ere.
Mika: Hori duk sufrimendua hori!
Mundo: Inork ez du esan dragoi iraultzailea izatea erraza denik. Dragoi iraultzailea izateko 3 P-ak behar dira: palorea, palentria eta, batez ere, potroak.
Mika: Eta pailazoa izateko, gauza asko behar al da pailazoa izateko? Beharrezkoak ote dira balorea, balentria eta potroak pailazoa izateko?
Mundo: Pailazoa izateko peluka galant bat besterik ez duzu behar, bestea da… coser y cantar.
Mika: Nik ez dakit josten.