HEIMOVAARA, Elisa: Ikasle batzuek hezkuntza sistema teorikoegia dela diote, eta ez dituela bizitza errealerako prestatzen

2008-12-01
Elisa Heimovaara Jyväskylä Unibertsitateko hezkuntza fakultateko irakaslea da. Ikasleak aukeratzeko batzordeko kidea, hiriko hezkuntza batzordeko kidea eta hezkuntza fakultateko nazioarteko harremanen arduraduna ere bada. PISA azterketetan lortutako emaitza onengatik zabaldu da Finlandiaren izena hezkuntza munduan eta emaitza horien atzean ezkutatzen da, besteak bete, irakasleen prestakuntza. Arreta berezia eskaintzen diote irakasleen prestakuntzari eta irakasle izateko gaitasuna erakutsi behar dute irakasle eskoletan ikasi nahi dutenek. 
Baina, azken urtean, hainbeste goraipatu den hezkuntza sistema horren barnean, gertaera larriak izan dira. Bi tiroketa izan dira Finlandiako eskoletan eta horrek talka egin du herrialde horri buruz, bertako hezkuntza sistemari buruz, nazioarteak zuen irudi idealizatuarekin. Heimovaarari horri buruz galdetuta, hezkuntza sistemak horren ardurarik ez duela erantzun digu, arrazoia arazo psikologiko indibidualetan dagoela.
Bilbon izan ziren Berrikuntzarako hezi izeneko jardunaldietan hartu zuen parte Heimovaarak eta harekin egoteko aukera izan genuen. Finlandiako hezkuntza sistema arrakastatsuaren zutabe den irakasleen prestakuntza izan genuen hizketagai nagusi eta baita horrek etorkizunean izango dituen erronkak ere; horien artean, ikasleak bizitza errealerako prestatzea. 
 
 
Irakasle lanak prestigio handia du Finlandian. Zergatik?
Bitxia da, baina soldatak ez dira oso altuak eta beste alderdi batzuetan bilatu behar da prestigio horren arrazoia. Irakasleen soldata 2.000 euro ingurukoa da, eta Finlandian beste edozein lanbidetan 2.600 euro inguru irabazten dira, beraz, soldatarik baxuena duen lanbideen artean dago irakasleena. Irakasle lana zaila eta gogorra da, eta egunero agertzen dira zailtasun berriak, behar bereziak dituzten pertsonen kopurua eta arreta indibiduala behar duten ikasle kopurua hazten ari baita, etengabe. Baina uste dut prestigioaren arrazoia, historia tradizionalean dagoela. Finlandiako gizartea nekazaritzan oinarritu zen denbora luzez eta 60. eta 70. hamarkadetan jende asko mugitu zen hiri inguruetara. Landa eremuetan, irakasleak gizartearen gaineko arazoak eta gaiak ezagutzen zituzten pertsonak ziren eta uste dut gerora ere, horri eutsi zaiola, beraz, arrazoia alderdi historiko eta tradizionaletan topa dezakegu. Irakasle izatea gizarteko hierarkian gora egiteko modurik azkarrena izan da, eta jende askok hartzen zuen irakasle izateko erabakia. Baina uste dut, egoera aldatzen ari dela, eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko izena ematen dutenak gero eta gutxiago dira. 17-21 urte bitarteko gazteek, bestelako ideologia dute, haietako askoren ametsa izarrak izatea da, ezagun izatea, eta bide horretan, irakasleen lana ez da hain erakargarria.
Dena den, irakasle izateko hautua egiten dutenek motibazio handia dute, eta eskaera kopuruak behera egin duen arren, urtero irakasle eskoletan eskaera ugari jasotzen ditugu. Iaz, Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak egiteko 6.000 eskaera izan genituen, jende asko da, eta eskaera horien % 10 edo % 15 baino ezin ditugu onartu. Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, arazoa positiboa da, nolabait esatearren. Baina, aukeraketa horretan arrakastarik izaten dugun edo ez, beste kontu bat da.
Irakasleen prestigioaren atzean prestakuntza sakona dago. Zein dira prestakuntza horren oinarri nagusiak?
Hiru dira prestakuntzaren oinarriak: zientzien hezkuntza, ikerketa, eta pedagogia eta didaktika. Denak bateratzen dira, batez ere, teorian praktika txertatuz; hezkuntza teoriak eta praktika pedagogikoa uztartzen saiatzen baikara. Ikasleak unibertsitatera etortzen dira eta aste batzuen ondoren, praktika egitera joaten dira lehen aldiz. Han, praktikan jar dezakete unibertsitatean ikusi duten teoria, eta ondoren, unibertsitatera bueltatzen dira eta praktiketan egindakoa aztertzen dute; galderak egiteko aukera dute, topatu dituzten arazoen gainean hitz egiteko aukera...
Praktikak egiteko leku garrantzitsuenetakoak gure irakasle eskolak dira. Prestakuntzarako sail bakoitzak eskola bat du unibertsitatearen barnean eta hor egiten dituzte praktikak ikasleek. Udal eskolak ere erabiltzen ditugu irakasleen praktikarako, baina irakasle eskola oso leku egokia izaten da esperimentatzeko eta ikerketarako. Eta hala adierazi zuen baita ere Hezkuntza ministerioak 2007ko abuztuan argitaratutako txostenak. Izan ere, horren arabera, irakasle eskolak ikerketarako eta metodologia berriak esperimentatzeko leku gisa erabiltzeak, garrantzi handia du.
Uztarketarako beste elementu bat, ezagutza pedagogikoa eta ikasgai bakoitzaren gaineko ezagutza bateratzen direla da. Ez da nahikoa frantses irakasle batek frantsesa jakitea, frantsesa nola irakatsi ere jakin behar du. Azpimarratzen dugun gauzetako bat da irakasleak ez daudela guztiz prestatuta euren prestakuntza amaitzen dutenean, bizitza osoan zehar ikasleak izan beharko luketela, prestakuntza programetan parte hartu beharko luketela, ikerketa egin beharko luketela eta ikasgelan egiten duten lana etengabe aztertu beharko luketela, euren lana egunez egun hobetzeko.
Irakasleen prestakuntza ikerketan oinarritzen da. Hezkuntza arloko ikerketa erabiltzen dugu eta azken txostenen emaitzen arabera, ikasleak euren ezagutza prozesuen gaineko perspektiba zientifikoa izatera gonbidatzen ditugu.
Boloniako prozesua sartu zenetik, bi ziklotan banatzen dira ikasketak: ikasgai nagusia hezkuntza da, eta amaieran ikerketa lana egin behar dute. Diziplinarteko ikasgaiak ditugu eta baita ikasgelan ematen diren ikasgaiak ere: matematiken didaktika, fisika, musika… Ikasgai bat aukeratzen dute eta horretan espezializatzen dira.
Praktikaren garrantzia aipatu duzu. Zenbat denbora eskaintzen zaie praktikei?
Bi eta zazpi aste bitartean ematen dituzte eskolan irakasle praktikak egiten, bost alditan. Zaila da kalkulatzea, baina esango nuke, ikasketek irauten duten bost urtetan, urte erdi inguru ematen dutela ikasleek praktiketan, betiere, ikaslearen arabera eta praktikaren arabera. Ikasten dutena, gero emango duten ikasgaia da. Hau da, norbaitek frantses irakaslea izan nahi badu, frantses sailean eskatzen du lekua. Hor, frantsesa izango du ikasgai nagusi moduan eta ondoren, bigarren mailako ikasgai moduan, formazio pedagogikoa egingo du irakasle titulazioa lortzeko.
Irakasleak, ez dira soilik ezagutzaren tranmisore, komunitatearekin batera lanean aritzen dira. Nola prestatzen dituzue irakasleak horretarako? Ba al da prestakuntza berezirik?
Nik uste dut haiek egiten duten gauza bat dela. Unibertsitateak Finlandian ardura batzuk ditu, ikerketa egin behar du, eta komunitatea eta gizarteak elkarrekintzan egotea bultzatu behar du. Irakasleak prestatzeko programak azpimarratu egiten du elkarlanaren garrantzia, eta irakasleen belaunaldi berriak elkarlanerako prest egon behar du.
Zer sistema erabiltzen duzue irakasle eskoletan ikasleak hautatzeko?
Irakasle eskoletan ikasle onenak hartzen dira, etorkizunean Finlandiako eskoletan irakasle onenak izateko helburuz. Finlandiako sisteman unibertsitateak erabakitzen du zer eta nola ebaluatuko den ikasleak hartzeko probetan.
Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan, azken urteetan aldaketak izan dira sisteman. Lehen, Bigarren Hezkuntzako emaitzetan oinarritzen ginen, eta ikasleek puntu gehigarriak lor zitzaketen, adibidez, soldaduskarekin edo urrutiko unibertsitatean egindako ikastaroekin… Baina orain, sail bakoitzak ezartzen ditu irizpideak. VAKAVA da sistema berriaren laburdura eta serioa esan nahi du, suomieraz. Sail guztietan azterketa bera egiten da egun berean eta ordu berean, eta Bigarren Hezkuntzako emaitzek jada ez dute halako garrantzirik, nahiz eta gaitasun testarekin batera, sail batzuek aurreko azterketen emaitzak kontuan hartu.
Eta zergatik ikusi duzue sistema aldatzeko beharra?
Hainbat arrazoirengatik. Garrantzitsuenetako bat izan zen gure aurreko sistema emaitzetan oinarrituta zegoenez, Bigarren Hezkuntzan emaitza oso onak izan ez zituzten eskatzaile askok ez zutela aukerarik irakasle onak izateko gaitasun nahikorik zuten edo ez erakusteko. Beraz, ezin zuten frogetara sartu. Puntu gehigarri horiek, bestalde, eskatzaile zaharrenei egiten zieten mesede eta horrek Hezkuntza Ministerioan ardura sortu zuen, ikasketak egiten zituzten ikasleen batez besteko adina 23-24 urtekoa zelako. Bost urteko formazioa behar da, eta 29-30 urterekin amaitzen zituzten ikasketak. Finlandiako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, hori arduratzekoa zen eta eskatzaile gazteenei mesede egingo zien sistema behar genuen. Horrela, alde batetik, ikasle gazteagoak eta irakasle gazteagoak izango genituen, eta, horrekin batera, gizon kopurua igo nahi genuen, normalean, Bigarren Hezkuntzan, mutilek ez dituztelako neskek bezain nota onak izaten.
Goizegi da sistema berriak funtzionatu ote duen esateko, bi urte besterik ez baitaramagu sistema horrekin, baina badirudi Bigarren Hezkuntza amaitu eta berehala izena ematen dutenen kopurua gora egiten ari dela. Hala ere, mutil gutxi dago, soldata oso ona ez denez, gizonezkoek diru gehiago lor dezaketen beste lanbide batzuk aukeratzen baituzte. 
Edozein probarekin zer ebaluatu behar dugun zehaztu behar dugu lehenik. Eta, zer da neurtu nahi duguna? Hautagai bakoitzak irakasle izateko gaitasun nahikoa ba ote duten. Gure eskolan, elkarrizketa pertsonala eta test psikologikoa egiten ditugu sarrerako frogetan. Badirudi, tabu antzeko bat dela irakasleak aukeratzeko mota horretako testak erabiltzea, baina test psikologiko horrekin, irakasle ona izateko gaitasuna duten ikasleak zein diren ikusten saiatzen gara eta entzuteko gaitasuna, desberdintasunak jasateko gaitasuna eta gatazkak bideratzeko gaitasuna nork duen ikusten dugu. Izan ere, batzuetan irakasleek hitz egiteko joera dute entzule izatekoa baino gehiago, eta ez da posible irakasle ona izatea entzun gabe, elkarrekintza hori egon gabe.
Berrikuntza horiek eta gizartea aldatzen ari dela kontuan hartuta, zein dira Finlandian irakasleen prestakuntzak eta hezkuntzak orokorrean dituen erronkak?
PISAren emaitzak oso onak izan dira baina OCDEkoek erakusten dute gure ikasleek eskolan ez dutela gozatzen. Ez da soilik hezkuntza sistemaren ardura, eskolaren ardura da, jakina, baina gizartean badira beste arrazoi batzuk. Ikasle batzuek hezkuntza sistema teorikoegia dela diote, eta ez dituela bizitza errealerako prestatzen, irakasle lana egitera joaten direnerako. Beraz, praktika luzeagoak eskatzen dituzte eta eskoletan lanean ari direnerako mentoreak izatea.
Bestalde, titulazio gehiago behar dira eta irakasleok gaitasun gehiago behar dugu aholkularitzarako, kulturarteko hezkuntzarako edota heziketa berezirako. Gainera, udalek diru falta dutela eta, eskolak ixten dira, taldeen tamaina gero eta handiagoa da, gizarteko kultura aldatzen ari da eta gero eta indibidualistagoa da. Ikusteko dago horrek guztiak zer eragin izango duen. Datozen urteetan eskatzaile gutxiago izango ditugu geure programetan eta geratzen den galdera da: zer egin dezakegu?
Eta, nola ikusten duzue?
Alde batetik, beharrezkoa da ikasle onenak aukeratzea, bestetik, egoera datorren bezala hartu behar dugu eta jendeak ikusi behar du irakasle izatea ez dela erraza, baina ez dela ametsgaiztoa. Ikasleei pentsarazi behar zaie, ez zaie erakutsi behar gauzak nola egin, baizik eta “zergatik?” galdetu. Zergatik egiten dituzu gauzak era horretara? Nola hobe zenezake zeure lana? Nola hobe ditzakezu irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak ikasleei ahalik eta emaitza onenak lortzen laguntzeko? Eta baikorrak izatea ezinbestekoa da.
Esan duzunez, ikasleek eskolan ez dute gozatzen eta horren adibiderik gordinenak dira, agian, azken urtean Finlandiako bi eskoletan izandako tiroketak. Zer uste duzu dagoela horren atzean?
Zaila da Finlandiako eskoletan gertatu diren tiroketak zergatik gertatu diren esatea. Uste dut, arazo psikologiko indibidualen fruitu dela hezkuntza sistemaren ondorio baino gehiago. Nerabeek ez dute beren sentimendu negatiboak kanporatzeko aukerarik ikusten, eta baliabide asko behar dira ikasleek nora jo eduki dezaten eta norekin hitz egin izan dezaten: psikologoak, erizainak, medikuak, heziketa bereziko langileak, aholkulariak… Kultura aldaketaren ondorio da, eta oso zaila da. Bestalde, nire iritziz gezurra da ikerketa batzuek diotena; telebistako eta bideojoetako indarkeriak gazteengan eraginik ez duela, alegia. Horien eragina nabarmena dela uste dut.
Arma asko dago Finlandian. Horiek eskuratzeko erraztasuna izan al liteke beste arrazoietako bat?
Bai, hala da. Eta gertatutakoaren ondoren, armei buruzko legedia estutuko dutela uste dut. Finlandian ehizak tradizio handia izan du, Iparraldetik Hegoaldera baso asko baitago. Baina ez dut ulertzen 18-19 urteko gazte batek 22 kalibreko pistola bat edukitzeko aukera izatea, hori ez baita ehizarako. Ados nago legea zorroztearekin.  
Suomiera bultzatzeko eskolak izan duen egitekoa azpimarratu du Heimovaarak: “Oso garrantzitsua izan da eskolak suomiera indartzeko eta ezagutarazteko egin duen lana, jakina. Ikasle gehienen etxeko hizkuntza den arren, eskolan egoki nola erabili ikasten dute, irakurtzen eta idazten ikasten dute… Dena den, suomierako azterketak egiten direnean, emaitzak okerragoak dira orain. Immigrazioa hazten ari da eta haiek ez dute suomieraz hitz egiten, eskolak paper garrantzitsua du etorri berriek hizkuntza ikas dezaten”. Irakasleen formazioan ere, suomierak eskari handia du historiarekin edota ingelesarekin batera, baina matematikak edota natur zientziak ez dira hainbeste eskatzen Heimovaarak esan duenez, eta zailtasunak dituzte beharrezko irakasle kopurua erakartzeko. Dena den, joera hori gaur egun Europako herrialde gehienetan errepikatzen dela dio, eta kezkatzekoa dela.