Hizkuntza ereduen erreforma onartu gabe amaituko da legegintzaldia

2009-02-01
 
 
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan eta itunpeko eskoletan, A, B eta D ereduek jarraituko dute indarrean, oraingoz. Euskal Autonomia Erkidegoan Hizkuntza Ofizialak Ikasteko, Irakasteko eta Ebaluatzeko Markoa izeneko lege egitasmoaren inguruan adostasunik ez da egon azkenean ez alderdien artean, ezta Eusko Jaurlaritzako hirukoaren barnean ere, eta proiektua ez da Eusko Legebiltzarrera iritsi. Hizkuntza ereduen erreformaren kontra kritika gogorrak izan dira baina hirukoaren barnean EAJk jarri ditu oztoporik handienak; izan ere, eskola orduen % 60 gutxienez euskaraz izatea gehiegi iruditu zaie eta atzerriko hizkuntzari eta gaztelaniari zein toki ematen zaien gainbegiratu beharra azpimarratu izan dute behin eta berriz.
2007ko martxoan aurkeztu zituen Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak ereduen erreformaren ildo nagusiak eta 2008ko udan ardatz nagusiak negoziatzen hasi ziren hezkuntza eragileekin, sindikatuekin eta alderdiekin. Guztiekin hitz egin ondoren, proposamenaren bertsio berritua aurkeztu zuten baina horrek ere ez du aurrera egin. Beraz, martxoko hauteskundeetan Hezkuntza Saila hartuko duenaren esku egongo da egitasmoa.
Hizkuntza ereduen erreformaren ardatzak hauek dira:
Helburua: Derrigorrezko eskolaldia amaitzean, bi hizkuntza ofizialetan “erabiltzaile independiente” izan behar dute ikasleek.
Euskara: Irakasgai ez linguistikoen % 60k euskaraz izan beharko du gutxienez. Eskolek erabakiko dute gainerakoak zein hizkutzatan eman.
Hizkuntza proiektua: Ikastetxeek hizkuntza proiektua egin behar dute legearen helburua lortzeko.
Aplikazioa: Legea onartu ondoren, lau urteko trantsizio epea.
Hitzarmena: Helburuak betetzen ez dituzten itunpeko ikastetxeek ez lukete hitzarmena galtzeko arriskurik izango azken testuaren arabera.
Ebaluazioa: hizkuntza gaitasunak modu berezian ez ebaluatzea erabaki dute.