Atlasa.net. Euskal Herria ezagutzeko tresna on line

2009-06-03
atlasa.net, Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa, tresna berria eta berritzailea da. Irakaskuntzan erabiltzeko tresna egokia da, Euskal Herriko ekonomiari eta gizarteari buruzko datu ugari eskaintzen baititu. Geografia, gizarte zientziekin zerikusia duten gaiak, matematika… hainbat ikasgaitan lantzeko moduko informazioa biltzen du, datu estatistikoak eta kartografia bateratua eskaintzen baititu Atlasak. Gainera, norberak bere beharretara egoki dezake on line dagoen tresna. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, sortu du atlasa.net.
 
 
Atlasaren lehen bertsioa da orain bistara daitekeena, eta, bertsio horretan, demografiari eta  gizarteari buruzko datuak zein adierazle makroekonomikoak ikus daitezke, baina Gaindegiaren asmoa web aplikazioa eta informazioa eguneratzen eta osatzen joatea da. Gaindegia 2004. urtean jaio zen, eta bere buruari jarri zion lehen erronka Euskal Herriko egoera ezagutzea izan zen; gizartea eta ekonomia gero eta hobeto ezagutzea. Hor kokatu behar da Atlasaren proiektua. Hori osatzeko erabili dituzten tresna grafikoak berritzaileak dira, eta orain arte eskaintzen ez zen formatuan eskaintzen da Euskal Herriari buruzko informazioa.
Euskal Herria hobeto ezagutzeko tresna da Atlasa, eta ikasleekin hainbat modutara erabil daiteke. Tokiko eta Euskal Herriko kartografia sortzeko balio du, tokiko mapak eta Euskal Herriko mapak egiteko balio du, Euskal Herriko datuak Europakoekin alderatzeko aukera ematen du, hainbat datu estatistiko kontsulta daitezke… Atlasak, lurralde adierazleak eta gaikako adierazleak biltzen ditu. Multzo nagusiak soziodemografia, ekonomia, lurraren erabilera eta enpresa demografia dira. Beraz, hainbat ikasgaitan lantzeko moduko informazioa eskaintzen duen tresna da. “Euskal curriculumari dagokionez, orain arte eskura ez zeuden hainbat datu izatea ahalbidetzen duen tresna da”, esan digu Irati Azkue egitasmoaren arduradunak. Baina, bestela ere, Euskal Herria dimentsio ekonomiko eta sozial nagusietan zertan den ezagutu nahi duenak, heldulekua izango du hemendik aurrera.
Ikasgelarako tresna praktikoa
Iratik tresnaren praktikotasuna azpimarratu du: “Atlasak Euskal Herriko kartografia bateratua jasotzen du lehen aldiz, eta informazioa geoerreferentziatua dagoenez, irudiarekin bat, tokian tokiko datuak erakutsi ditzakegu eremuan bertan. Horrek esan nahi du, datuak eta irudiak nahastuta, guk nahi dugun infografia sor dezakegula. Atlasean topa daitekeen informazioa ekonomiari eta gizarteari buruzkoa da, baina aukera ematen du norberak, irakasleak edota ikasleak, esate baterako, gai bati buruzko datuak sartzeko eta pertsonalizatzeko. Adibidez, talde lana egin badugu eta gure eskualdeko kutsaduraren gaineko datuak jaso baditugu, hori ere txerta dezakegu. Gainera, guk sortu dugun informazioa txertatu ondoren, hori irudikatuta ikus dezakegu”. Horretarako, erabiltzailea erregistratzea beharrezkoa da. Era horretan, aldaketak norberarentzat gordeta geratzen dira, gerora ere erabiltzeko, eta aplikazioa pertsonalizatuta izango dugu. 
Informazioa gure beharren arabera molda dezakegu, Iratik esan digunez: “Bilaketak egin ditzakegu eta ikuspegi orokorra izan dezakegu, edo hori muga dezakegu. Esaterako, Euskal Herriko ikuspegi orokorraz gain, beste hiru maila ditu Atlasak: herrialdeena, eskualdeena eta udalerriena, hain zuzen ere. Bestetik, adierazleak aukera ditzakegu, eta gure lurralde eremuari begira horien ehunekoak ikusi. Adibidez, Urola Kosta eskualdea hartzen badugu, udalerrien arteko aldea zein den ikus dezakegu mapa kromatikoan (koloretan), baina baita grafiko batean ere; zutabe grafikoan edo gazta eran”. Eta, Atlasak, hondoak hautatzeko aukera ere eskaintzen du. Hau da, definizioz, erliebean ikusten da aukeratutako lurralde eremua, baina on line tresna denez, hondoak alda daitezke, Internetek eskaintzen dituen baliabideen barnean, betiere: adibidez, Open Street edo Google Terrain erabiliz. Beraz, erliebeak ikusteaz gain, errepide mapak ikus ditzakegu, esate baterako.
Bestalde, herri bat hartuz gero, Andoain, adibidez, Atlasak jasota dituen herri horri buruzko datu guztiak jaisteko aukera izango genuke. Datu horiek, ondoren, hainbat modutara erabil daitezke; esaterako, infografia sortzeko, datuak edozein lan edo txostenetarako baliatzeko...
atlasa.net, irakaskuntzan oso erabilgarria izan daitekeen tresna, denon eskura dago jadanik. Aurten, irakasleen atala gehitu nahi diote Atlasari, eta blog formatua erabiliz, ideiak, zalantzak eta esperientziak trukatzeko aukera eskainiko du horrek. Horrez gain, etorkizunean, aplikazioaren erabileran oinarritutako ikasmateriala sortu nahi dute.