Web 2.0 hezkuntzan. Elkarlana eta komunikazioa sustatuz

2009-06-03
IES URIBE-KOSTA BHI Institutua Plentzian dago, Bizkaiko kostaldean, eta hainbat herritako ikasleak hartzen dituzte: Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Urduliz eta Sopelakoak. Horren ondorioz, zailtasunak izan dituzte beti ikastetxe-giroa sortzeko eta guztien arteko komunikazioa errazteko. 2008. urterako IKTak hedaturik zeuden instituan, baina administrazio arloan, batez ere. Hori ikusita, egoeraren diagnostikoa egin zuten eta hainbat helburu zehaztu zituzten. Horiek lortzeko behar zuten tresna “Google Apps Educational Version” izenekoak eskaini die. Tresna horrek web 2.0 norabidean gauza asko egiteko aukera eman die, eta eskola komunitatearen arteko komunikazioa eta elkarlana sendotu dituzte institutuan artikuluaren egileeen diotenez.
 
 
2008rako IKTak oso hedaturik zeuden institutuan, baina arlo administratiboan gehienbat, eta "goitik beherako" norabidean, hau da; zuzendaritzak prestatzen zuen  informazioa irakasleon eskura jartzen zen, baina behetik gorakoa faltan botatzen genuen. Urte horretan IKT Batzordea sortu zen, eta hori, zuzendariak, IKT dinamizatzaileak, Premia arduradunak, eta beste hiru irakaslek osatzen dute gaur egun. Guztion artean, egoeraren diagnostikoa egin genuen:
* Orain arte diseinuari garrantzi handiegia eman zaio. Garrantzia edukiari eman behar zaio, ordea.
* Adituek (informatikariak, IKTen arduradunak, enpresa espezializatuak) egin ohi dituzte web guneak, eta  haien “know-how” delakoa erakutsi nahian diseinatu dituzte. Ondorioz, haiek baino ezin ditzakete gaurkotu. Hori dela eta, ikastetxe eta, orohar, instituzio gehienen web guneen edukiak zaharkiturik egoten dira eta sistema osoak porrot egiten du.
* Hemendik aurrera, edukiak gaurkotua egon behar du. Erabiltzaileek hori gaurkotzeko gai izan behar dute, era errazean. Erabiltzaileak esaten dugunean, zuzendaria, ikasketa burua, administrazioko langileak, irakasleak, ikasleak eta -zergatik ez- gurasoak eta ikasle ohiak ere kontuan hartzen ditugu. Nolabait, demokratizatu egin behar da IKTen erabilera. Arrazoiak begi bistakoak dira: eguneroko erabiltzaileak horiek gaurkotzeko gai badira, web gunearen partaide sentiaraziko ditugu. Bestetik, erabiltzaileek edukia gaurkotua izaten lagunduko digute.
* Web gunea (eta IKTak orokorrean) adituaren eskuetatik kendu eta jendearen esku ipini behar dugu.
* Informazioaren trukea bilatu behar da. Norabide bakarrekoa izan beharrean, hezkuntza-komunitatea sortzen lagundu behar du. Horretarako 2.0 erremintak erabili behar dira.
Erreminta-kutxa
Helburu horiek betetzeko behar genuen tresna  "Google Apps Educational Version" izenekoak eskaini digu. Argi dezagun, bada, zer den Google Apps, zein diren eskaintzen dituen zerbitzuak eta abantailak, eta zergatik aukeratu dugun geure ikastetxeko IKTen gaineko ekimenetarako:
* Googlek sortu zuen 2006an, AEBtan.
* Web aplikazioak eskaintzen ditu, era integratuan:
- Google Docs:  Word-en, Excel-en eta Powerpoint-en antzeko web aplikazioak erabil daitezke. Dokumentu horiek sarean daude, beraz, Interneteko konexioa duen edozein ordenagailutik eskura daitezke. Horrez gain, dokumentuak beste erabiltzaileekin parteka daitezke, irakurtzeko edo nahi izanez gero, moldatzeko aukera emanez.
- Google Calendar: Egutegiak kudeatzeko aukera ematen du.
- Google Sites: Web guneak sortzeko aukera ematen du, inongo programarik ikasi eta erabili gabe. Web guneak institutuko domeinuan antolatuta geratzen dira eta irakasleak eskola emateko edo ikasleak haien lanak aurkezteko erabil ditzakete.
- Google forms: Inkestak egiteko erreminta paregabea dugu. Emaitzak kalkulu-orri batean gordetzen direnez, data kontaketa asko errazten da.
- Google e-mail eta chat: Helbide elektronikoa ikasle eta irakasle guztientzat. Gainera, zerrendak erabiliz talde oso bati e-maila bidaltzea, mementoko gauza bihurtzen da.
* Erabiltzaileen kudeaketa zentralizaturik dago administratzaile baten (edo batzuen) menpe, baina aldi berean malgutasun handia eskaintzen die erabiltzaileei.
* Erraza da erabiltzeko eta gaurkotzeko, ikasketa-kurba arina du; ez da adituentzat soilik.
* Edozein ordenagailutan eta programa berezirik gabe erabil daiteke, bai ikastetxean, bai norbere etxean, bai ziber-kafe batetik abiatzen bagara ere. Nabigatzailea soilik behar du (cloud computing).
* Ikastetxeentzat doakoa da.
* Balio anitzekoa da, hainbat gauza egiteko hainbat pertsonak erabiliko baitute.
* Erabiltzaileak, Informazioa noraino eta norekin  partekatu nahi duen erabaki dezake. Edonorentzat, geure domeinuko erabiltzaileentzat, sortzaileak erabakitzen duen pertsona jakin batzuentzat edo erabiltzailearentzat soilik egon daiteke eskuragarri.
Non gaude
Aipatutako erreminta-kutxa erabiliz gauza asko egin daitezke web 2.0 norabidean. Izan ere, "informatika adituei" helburu horiek sinpleegiak irudi dakizkieke. Baina, proposamen horren berritasuna ez da konplexutasuna, guztiontzat eskuragarri dugula baizik.
Esate baterako, gure azterketen data  guztiak egutegietan jarrita daude, webgunetik bi klik eginez kontsultagarri. Ehundaka dira hilero ikastetxe batean egiten diren azterketak, baina gure kasuan ez ditu adituak edota ikasketa buruak sartu; irakasle bakoitzak sartzen ditu azterketen datak minutu batean. Are gehiago, edozein ikaslek  sar ditzake, horretarako bost minutuko trebakuntza jaso, eta egutegi horretako baimenak baldin baditu.
Beste lorpen batzuen artean, hauek aipatuko ditugu:
* Ikasturteko lehen egunean irakasle eta ikasle guztiek erabiltzaile-izena eta pasahitza dituzte, zerbitzu guztietara  sartzeko. Era berean, zuzendaritzak, administrazioko langileek, atezainek eta Guraso Elkarteko kideek euren pasahitzak dituzte.
* Erabiltzaileak taldekaturik egon daitezke: 2B, 2D, Irakasleak, Agenda 21, IKT, Zuzendaritza, Guraso Elkartea, MINEUS (Euskara departamentua), Idaz-karitza, Minburuak  (Mintegi guztien buruak) edota Eskola Kontseilua dira gure taldeetako batzuk. Talde horiek administratzaileek sortzen dituzte, eta edozein erabiltzailek erabiltzen ditu gero. Horrela, talde oso bati e-mail bat bidal diezaiokegu, edo egutegi edo site bat parteka dezakegu talde oso batekin. 2Bko ikasle batek 2B@uribekostabhi.com helbidera mezu bat bidaliz gero, taldeko ikaskide guztiei helduko zaie.
* Hainbat egutegi osagarri sortu ditugu: ikastetxeko egutegia (publikoa, jai-egunekin), irakasleen egutegia (irakasleentzat soilik: klaustroak, bilerak… jasotzen ditu), talde bakoitzeko egutegia (publikoa: lehen aipatutako azterketen sistema). Egutegi bakoitzean idazteko baimenak talde zehatz batzuetara muga daitezke. Jakina, egutegi pertsonala ere eduki dezakegu, gure hitzordu eta eginkizun pribatuak gordetzeko, eta nahi izanez gero e-mail edo SMS bidezko abisuak bidaliko dizkigute, hitzordurik gal ez dezagun.
* Geure dokumentuak (testuak, kalkulu-orriak, aurkezpenak, pdf-ak…) nabigatzailearekin sortu eta nahi dugun erabiltzaileekin edo taldeekin parteka ditzakegu. Artikulu honen zirriborroa, adibidez, ikt@uribekostabhi.com taldearekin partekaturik dago, eta IKT batzordeko edonork ikus edo alda dezake Internet bidez. Hala nola, mintegien erosketak eta kontuak, gelen erreserbak, araudi berria sortzeko kudeaketa... egin daitezke.
* Formularioen bidez inkestak, bozketak, azterketak, etxeko lanen kontrolak… egin daitezke, eta emaitzak automatikoki gordetzen dira. Azpimarragarria da edozein ikaslek plazara dezakeela inkesta, eta ezartzen dituen pertsonek soilik ikus dezaketela.
* Sites erremintaren bidez web guneak sor ditzakegu, eta nahi dugun erabiltzaile edo taldeekin partekatu edo, hala nahi badugu, guztiei zabalik utzi. Izan ere, institutuaren web gunea horrela eginda dago. Proiektuek ere site propioa dute, eta baita mintegi eta irakasle batzuek ere. Zuzendaritzaren barne-kudeaketa site batean antolaturik dago, eta Eskola-Kontseiluak badu berea. Ikasleek zein irakasleek web guneak sor ditzakete HTML edo Javascript ezagutu gabe; eta ez dituzte Frontpage edo Dreamweaver instalatu behar, edozein esploratzailerekin alda baitaitezke; horretarako, "editatu" botoia sakatu, aldaketak egin, eta "gorde" botoia sakatu besterik ez da egin behar.
Eta gero, zer?
Irudimenak soilik jar diezazkioke mugak talde-lanari. Geuk, ikasturte bakarrean etekin handia atera diogu plataforma horri. Hezkuntza-komunitateak oso zabalak dira, hala ere, eta hurrengo ikasturteetan aukera horietan sakondu behar dugu irakasleok eta ikasleok, komunitateko beste arloetara hedatuz (gurasoak, ikasle-ohiak).
Baikor gaude, aurten zenbait oinarri ezartzea lortu dugulako: gela arrunt guztietan ordenagailu bat daukagu, eta WIFI berriaren bidez ikasleak ordenagailu eramangarriekin konektatzeko aukera izango dute gelatik kanpo ere. Hala ere, ez dugu ahaztu behar IKTek pertsonen arteko komunikazioa erraz dezaketen arren, ezerk ezin duela aurrez aurre egotearen esperientzia ordezkatu. Horregatik bien erabilpena proposatzen dugu;  informazio truke eraginkorra bermatzeko ez ezik, ikastetxearekiko partaidetza-sentimendua sustatzeko.