Hiru urteko haurren herenek D ereduan ikasiko dute Nafarroan

2009-06-03
 
 
2009-2010 ikasturterako Nafarroa Garaian Haur Hezkuntzan matrikulatu diren 6.573 haurretatik, 1.928k D ereduan ikasiko dute, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak emandako datuen arabera. Iazko datuekin alderatuta, % 3 egin du gora D ereduan aurrematrikulatu diren haurren kopuruak eta eskola publikoan aurrematrikulatu diren haurren % 35 pasatxok euskaraz ikasiko dute. Hala ere, Nestor Martinez Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzaileak salatu duenez, nafarren % 40k ezin dute hezkuntza eredua “askatasunez” aukeratu. “Nafarroako hamaika bailara eta ingurutan, Artaxoan eta Mendigorrian, esaterako, euskaraz ikasi nahi dutenei horretarako eskubidea ukatzen zaie”, nabarmendu du Martinezek. Nafarroa Garaiko ikastetxeetan D eredua eskaintzeko garaia badela aldarrikatu du horrekin batera. 
Bestalde, goragoko mailetan, gauzak okertu egiten direla nabarmendu dute Erronkariko, Eunateko, Zaraitzuko eta Garraldako guraso elkarteek. Azaldu dutenez, Lanbide Heziketan dauden 164 ikasketetatik lau baino ezin dira egin euskaraz Nafarroan, eta gogor salatu dute egoera. 
Bestalde, Martinezen hitzetan, ikasle euskaldunek beste arazo bat badute Nafarroan: “Inguru ez euskaldunean ikasten dutenek Iruñera etorri behar izaten dute, eta bertan dagoen masifikazioaren ondorioz, euskara ikastea, odisea bilakatzen da”. Hori dela eta, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari “beharrezkoak diren inbertsioak” egiteko eskatu diote beste behin ere Sortzen-Ikasbatuazetik.