Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Nazionalak akordioa lortu dute

2009-06-03
 
 
Seaskak eta Frantziako Hezkuntza ministerioak hiru urtetarako hitzarmena lortu dute , eta horren arabera, Frantziako Hezkuntza Nazionalak, datozen hiru urteetan 11 irakasle postu sortzeko konpromisoa hartu du. Akordioa aurrerapausoa dela esan du Seaskak, baina haiek egindako eskaera ugari ez ditu jasotzen. Besteak beste, azterketak euskaraz egin ahal izatea, eta egoitzak egiteko eta berritzeko laguntzak aztertzea eskatzen zuen Iparraldeko Ikastolen Elkarteak.
Aurtengo Herri Urratseko leloak zioen modura, eta 40. urteurrenarekin bat eginez, Seaskak haizea alde duela dirudi. Arrakastatsua izan zen maiatzaren 10ean Senperen egin zuten ikastolen festa eta bertan bildutako dirua Bidarteko ikastola egiteko eta Ortzaizekoa berritzeko erabiliko dute. Bien bitartean, urteurren festa ekainaren 14an egingo dute Kanbon, Errobi ikastolak antolatuta.
Ikas-Biren kezka eta gelan ardiak
Ikas-Bi elkarteak kezka agertu du datorren ikasturtean irakasle postuak galduko dituztela uste dutelako. Dena den, poza agertu dute 2009-2010 ikasturtean irakaskuntza elebiduna ikastetxe publikoen erdian eskainiko delako.
Heletako eskola publikoan, berriz, ikasleez gain ardiak izan zituzten joan den maiatzaren 7an. Frantziako Hezkuntzak irakasle lanpostu erdia kendu nahi dio Heletako eskolari eta gurasoek eskola okupatu zuten, ardi eta guzti. Paperezko ardiak egin zituzten, eskola itxi eta “pentze” bilakatzeko duten asmoa irudikatzeko.