Ikasle denbora

2009-06-03
 
 
Ez naiz inoiz ikasle lar fina izan. Txikitan ez nien garrantzi handirik ematen nota onei, eta bost batekin gainditzearekin konformatzen zirenetakoa nintzen, gutxiago estudiatzeak kalean ibiltzeko denbora gehiago izatea suposatzen baitzuen, eta ni oso kalezalea bainintzen. Gurasoak nola edo hala kontsolatzen ziren, mutiko azkarra baina pixka bat alferra nintzela esanez.
Denbora aurrera joan ahala, ikasle eredugarria izatetik aldenduko ninduen beste zerbait gertatu zen: txuleten munduaren aurkikuntza. Berehala zaletu nintzen haiekin. Hasieran, estudiatu gabe gainditzearren egiten nituen, baina une jakin batetik aurrera, txuletak egitearen beraren plazerraz jabetu nintzen, eta pixkanaka, niretzat bizio bihurtu zen. Izan ere, txuleta polit bat prestatzea, txikitxoa, ondo aprobetxatua, plastifikatua... artelan txiki bat zen nire begietan. Eta azterketan poltsikotik mahaira ateratzea, irakasleari poker aurpegiaz so, urduritasuna kontrolatzeko ahaleginak eginez, puenting egitearen antzeko esperientzia kilikagarria begitantzen zitzaidan.
Nire estudiante bizitza luzean aurrera joanda, Euskal Filologia amaitu ondoren, IVEF-SHEEri ekin nion, eta gero Ingeles Filologiari. Une jakin batean, aldi berean fakultate bateko ikaslea eta beste bateko irakaslea izatea suertatu zitzaidan, eta kontraesanez eta sentsazio kontrajarriz betetako bolada izan zen. Ikasle jarduten nuenean, artean azterketa bat edo bestetan kopiatu egiten nuen; eta irakaslearena egitea suertatzen zitzaidanean, nire azterketetan inork kopia ez zezan ahalegin guztiak egiten nituen. Txuletadunak ulertzen nituen, identifikatuta sentitzen bainintzen haiekin, baina nire rola, halakoetan, poliziarena egitea izaten zen, eta horrek hainbat kezka eta buruhauste sorrarazi zizkidan.
Erabaki bat hartu beharra zegoen: bietako bati utzi behar nion, ikaslea izateari edo irakasle izateari, eta irakaslea izateari utzi nion, hileroko soldata edukitzeak ematen zidan larregiko erosotasunari muzin eginda. Harrezkero –hamar bat urte pasatu dira-, idaztetik bizi naiz. Eta ikaslea izaten jarraitzen dut, Ingeles Filologian, Gasteizko fakultatean. Ez dakit noiz arte iraungo dudan horrela, nire helburua ez da errekorrik haustea, baina gustura nago eta ez daukat batere presarik fakultatea behin betiko utzeko. Hori bai, txuletak egiteari utzi diot, zeren lotsa handiegia pasatuko nuke nire adinarekin irakasleren batek kopiatzen harrapatuko banindu, lehenengo aldiz, harrapatu ere.