139: Beti aukerak galtzen, galtzen, galtzen, galtzen, galtzen, galtzen...

2009-06-03
Badoan Sailburuari buruz, zer esan genezake? Euskal curriculumaren garapena babestu al du? EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko eragileen elkarlana sustatu al du? Euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak gainditzeko legea egin al du? Nola jokatu du estatutik ezarri diren hezkuntza legeen eta dekretuen aurrean?
 
 
Amaitu da, jada, Tontxu Camposen legealdia. EAEko Hezkuntza Sailburutzan lau urte igaro ondoren, bere lana -ebaluatzeko garaia iritsi da.
Duela lau urte, Anjeles Iztuetak kargua utzi zuenean, zera genion: “…legealdiko lau urteak aztertuta, Anjeles Iztueta EAEko Hezkuntza Sailburuak Euskal Herria herri gisa kontuan hartu duela esan liteke. Eta gainera, ondorengo sailburuarentzat bidea ezarri duela esatera ausartuko ginateke.”
Badoan Sailburuari buruz, zer esan genezake? Euskal curriculumaren garapena babestu al du? EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko eragileen elkarlana sustatu al du? Euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak gainditzeko legea egin al du? Nola jokatu du estatutik ezarri diren hezkuntza legeen eta dekretuen aurrean? Herri ikuspegia izan al du? Azken orduan, ia ezer egiteko aukerarik ez zegoenean, dekretu eta agindu ugari bidali ditu ikastetxeetara, denon harridura sortuz.
Anjelesek bide bat ezarri zuen. Ondorengoak, ordea, ez du hura jarraitu bere legealdian. Alta, ez du alternatibarik aurkeztu eta noraezean ibili da.
Abesti ezagun batek hala dio: “Beti eskamak kentzen, kentzen, kentzen…”. Guk egokitu eta zera esango genuke: “Beti aukerak galtzen, galtzen, galtzen…”.
Isabel Celaa izendatu du Hezkuntza Sailburu gisa oraingo gobernu berriak. Burutu gabeko gai asko izango ditu garatzeko, eta agian, erabakitzeko. Besteen artean:
- Legeak ezartzen duen euskararen eta gaztelaniaren maila egokia lortzea. Orain arteko ereduen politikak lortu ez duena nola aldatu legea bete dadin?
- Irakasle berriak etengabe aldatzen ari den jendarteari era egokian erantzuteko prestakuntza.
- Bete-betean sartuta gauden krisi ekonomikoan, nola lortu hezkuntzan inbertitzen den diruari ahalik eta etekin handiena ateratzea?
- Hezkuntza hobe dadin ezinbestekoa da ikastetxeen autonomia handitzeko neurriak hartzea. Autonomia horrek eragingo al du irakasleen egonkortasunean? Egonkortasun hori gabe zaila baita zentroko hezkuntza proiektua ongi garatzea eta hezkuntza benetan hobetzea.
- Hezkuntza Legea. 1993an Euskal Eskola Publikoaren legea egin bazen ere, hark marko zabalagoa eskatzen du, Hezkuntza legea deritzana.
- Hezkuntza esparruak herriaren eta herritarren garapenean hainbeste egiteko duenean, eskola komunitatea adostasunean kohesionatua izateak garrantzia izango du.
UNESCOk berriki gogoratu digunez, munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik 2.500 galtzear omen daude. Galtzear dauden horien artean euskara dago. Neurri zehatzak eta sakonak hartu behar dira horrela gerta ez dadin, Euskal Herriak bere ekarpena egiten jarraitu behar baitio munduko kultura aberastasunari.
Hezkuntza Saila berriari, ibilbide horretan, zorte on!