Eskola Txikiak. Dagokienaren eske

2010-01-03
 
 
Eskola Txikietan gabiltzan irakasle, guraso eta ikasleak aspaldian konturatuta gaude altxor bat dugula esku artean. Eskola Txikietako berezko ezaugarrietan erreparatzen badugu, hala nola, adin aniztasuna geletan, eskola herrian txertatua izatea, naturarekin harreman zuzena, euskalduna... konturatuko gara ezaugarri horiek denak abantaila handia suposatzen dutela haurraren hezkuntza garapenerako. Esate baterako, ikaskuntza kooperatiboak edo elkarbizitza planak era naturalean ezarri daitezke gure eskoletan. Eta altxor hori mimoz zaintzen dugu irakasleok. Horregatik, badira urte batzuk Eskola Txikien arteko elkarlana bideratuta daukaguna: 87-88 ikasturtean gure eskoletako duintasuna eta abantaila ezagutaraziz hasi eta gaur egun arte elkarlanean jarraitzen dugu, momentuko irakaskuntzaren beharrei erantzunez noski, etengabeko formazioa, koordinazioa, ikasleen arteko harremana eta eragileen arteko komunikazioa bideratuz, Eskola Txikietako ikasleei kalitatezko hezkuntza ziurtatuz.
Eta altxor hori mimoz zaintzen dugu, baita ere, gurasook. Horregatik, 1993. urtetik aurrera Eskola Txikietako Gurasoen koordinadora sortu zenetik, lau helburu nagusien inguruan jarraitzen dugu lanean:
Eskola publiko euskalduna  herrietan mantentzea. Herriaren nortasunean eta kulturan oinarritutako heziketa bultzatzea. Herri txikietako eskolen beharrak azaldu eta eskakizunak bideratzea. Herri txikien arteko harremanak bultzatzea.
Helburu horiek denak era egokian lortzearren Eskola Txikietako irakasle eta gurasoak eskutik helduta goaz bidean barrena. Baina honetarako guztietarako, erakunde publikoekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa ikusten dugu. Udalen parte hartzea, esate baterako, derrigorrezkoa den bezala, Jaurlaritzarena ere nahitanahiezkoa  da.  2003. urtean Eskola Txikietako Batzorde Nagusia  eratu zuen Jaurlaritzak, eta bertan erakunde desberdinak parte hartzen zuten, hala nola, Hezkuntza saileko ordezkariek, irakasle ordezkariek, guraso ordezkariek, nekazal saileko ordezkariek, udalek... Horrek aurrerapen izugarria ekarri zuen Eskola Txikientzat eta hainbat hobekuntza lortzeko aukera izan genuen: eskolak egonkortzeko zerbitzu eginkizunak, jangelak… Gaur egun batzorde hori indarrak galduta dago, nahiz eta hainbat bilera egin diren Jaurlaritzarekin. Berriro ere gaia bideratzeko eta kezkak eta beharrak dagokion lekuan aztertzeko batzordea berregituratzea eskatzen dugu, eta bertan, Eskola Txikien status berezia onartzea eta arautegi propioa eratzea. Azken urteetan izandako beste lorpen bat Eskola maparen dekretu berria izan da, bertan lehenbiziko aldiz Eskola Txikiak bereziki aipatzen dira, eta guk bere horretan ezartzea eskatzen dugu, ilusioz eta gogoz ari diren eskolei lanean jarraitzeko aukera ematea, baliabideak eskainiz eta ez murriztuz. Guretzako altxorra dena administrazioarentzat ere izan dadila. Merezi duena baloratu dezala eta krisi ekonomikoari irtenbide egokiak bilatu ditzala eskolak kaltetu gabe. Ezin utzi aipatu gabe giza garapenerako norberaren herrirako atxikimenduak duen garrantzia. Atxikimendua familian hasi eta eskola eta herrian jarraitzen du. Horrek lagunduko dio haurrari sustrai sendoak ezartzen bere bizitzako proiektua garatzeko. Haurrak bere inguru hurbilean ikasteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Herri txikiak eskola behar duen bezala, eskolak herria behar duelako. Herri eta auzo txikien etorkizuna zuzen-zuzenean eskolaren eskuetatik igarotzen da, funtzio sozial ezinbestekoa baitu eskolak herri txikien bizi-iraupenean. Eta era berean, herri txikiak eskolari ingurune hurbil, naturazko, jasangarri, euskaldun eta nekazal kulturakoa eskaintzen dio. Horregatik, herri txikiak biziko badira, eskola behar dute, bestelakoan bizi, nortasun eta etorkizunik gabeko gune bilakatuko dira.
 Eta bukatzeko, gogoratu hezkuntzaren helburuak “izaten ikasi, elkar bizi, egin, ikasi eta ekitea ” izanik, eskola hezkuntza esparru integral bezala ulertu behar dugula. Horretan sinisten dugunoi ez jarri frenorik eta eman aukera lanean jarraitzeko.
Horregatik guztiagatik, Eskola Txikietan egiten dugun lana baloratzea eta hainbat eskolak egindako eskaerak kontutan hartzea eta elkarrekin irtenbideak bilatzen saiatzea eskatzen dugu.
 
Eskola Txikien MANIFESTUA 
Eskola txiki bat herri baten arima da. Ez da herri txiki bat bizirik ulertzen eskolarik gabe. Haurrik  ez dagoen herria itzalita dago, baina herri txikietan haurrak izateko, beharrezkoa da gizarte antolatu batean dagoen zerbitzurik funtsezkoenetako bat edukitzea: heziketa gunea, hots, Eskola Txikia. Herri txikien hustutze fenomenoari aurre egiteko ezinbestekoa da hiri eta herri nagusienetatik aparte dauden bizigune txikietako zerbitzu eta azpiegiturak mantentzea edo, behar bada, osatzea. Eta, nola ez, hauen artean garrantzi berezia dute eskolek, izan ere, hain beharrezkoa den belaunaldi-erreleboa emango bada, ezinbestekoa da hauen seme-alabek beren lehen heziketa mailak etxetik gertu eta duintasun osoz egin ahal izatea.
Eskola txikietan estamendu guztien artean ematen den hurbiltasunagatik, gutxi izanda ematen den atentzioagatik, sortzen diren harremanengatik, haurren aniztasunari eman ahal zaion trataeragatik, erabiltzen diren didaktika aurrerakoiengatik, eta beste abar askorengatik, eskola hauek kalitate handikoak direla esan dezakegu. Gainera, urte askotako esperientziak baieztatzen digunez, hamar/hamabi urterekin, hurrengo eskolara iristean, haur hauek ez dute inolako arazorik izaten lagunekin elkarbizitza oparoa gauzatzeko edo beste esparruetan bizi eta hezitako haurren mailako emaitzak  lortzeko.
Eskola Txikiak euskararekin duten lotura ere azpimarratu behar da. Ahotara ekarri nahi dugu XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak dokumentuan adierazten duena, 3.  atalean “Lehentasunezko ildoak XXI. mende hasierako hizkuntza politikarentzat”: … Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea… Euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea, euskararen erabilerarako sare operatibo presentzialak zein birtualak hedatuz eta indartuz.
Duela urte batzuk, herri desberdinetako ikasleekin eskualdeka “kontzentrazio eskolak” egin ziren.“Kontzentrazio politika hau erabat kaltegarria izan zen herri txikientzat. Egoera haren aurrean topagune bat antolatu zen Eskola Txiki guztiek zituzten behar komunei erantzuteko asmoz; denek denei sostengu eta babesa eman ahal izateko koordinakundeak  sortu ziren eta gaur egun Eskola Txikien Koordinakundeak funtzionatzeaz gain, hainbat herritan Eskola izatea eta bultzatzea lortu da.
Etorkizunerako zer nahi dugu?
- Egun dauden Eskola Txikien mantentzea eta handitzea nahi dugu. Eskola 
   Mapan gure berezitasunak adieraztea eta kontuan hartzea.
- Herri txiki guztietan, auzoetan, 0-3 eskaintza zabaltzea.
- Irakasleen egonkortasunari irtenbideak bilatzea eta martxan jartzea.
- Eskola Txikien arteko harremanak sendotzea, elkarren arteko proiektuak 
   garatuz.
- Eskola Txikien abantailak gizarteratzea.
- Eskola zabaldu nahi duten herriei laguntza eskaintzea eta gauzak erraztea.
2009ko abenduaren 12an