Kronika

2010-01-03
 
 
Bi orduko lanuztea egin zuten Euskarabidean irakasle lanean aritzen diren hogei euskara teknikarik.
Ezarri dizkieten lan baldintza berriak gaitzesteko egin zuten lanuztea. 
Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko irakasleen hitzetan lanean daramatzaten 21 urteetako baldintzarik okerrenak ezarri nahi dizkiete. Salatu dutenez, ordutegiari eta egutegiari dagokionez, administrazioko beste euskaltegiekin eta Lehen Hezkuntzako irakasleekin alderatuta "baldintza nabarmen okerragoak inposatu" nahi dizkiete foru agindu berri baten bitartez. Egiten duten lanaren araberako eskubideak eskatu zituzten Euskarabideako eraikinaren parean. Hain zuzen ere, Irakasle lanak, irakasle baldintzak  izan zen aukeratu zuten leloa.
 
“Lehentasuna” eskatu du Eskola Kontseiluak euskararentzat
 
 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztu duen dekretu proiektuaren “hitzaurrean” euskarari “Lehentasunezko arreta ematen dion mezu baikorra jasotzea” proposatu du Euskadiko Eskola Kontseiluak Konrado Mugertza presidentearen ahotik. 
Izan ere, Mugertzaren hitzetan Eskola Kontseiluaren dokumentuetan jasota dago euskara dela “argi eta garbi”  ikastetxeetan komunikazio hizkuntza nagusia. Halaber, Eskola Kontseiluaren ustez, ikasle guztientzat etapa bakoitzaren amaierako oinarrizko eskakizun mailak zehaztu behar dira. 
Bestalde, “Hizkuntza ereduen sistema gainditzeko beharra” ere agerian utzi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza eragileek. Besteak beste, Mugertzaren hitzetan, ereduen sistemak ez dituelako ikasle guztien emaitzak bermatzen. 
Eskola Kontseiluaren txostenak, era berean, euskararen erabilera eskolaz kanpoko jardueretan ere sendotu ahal izateko ekimenak sustatu ditzala eskatu dio Hezkuntza Sailari. Baita euskararen irakaskuntzako salbuespenak ahalik eta gehien mugatzeko ere. 
‘Euskal Herria’ terminoaren inguruan ere hitz egin du Eskola Kontseiluak. Mugertzaren hitzetan ados daude “Euskal Herria” terminoa “Euskadirekin” ordezkatzearekin esparru politiko-administratiboari dagokionez. Baina eskatu dute “Euskal Herria esparruaren ikusmoldea” onargarria izatea natur zientziak, gizarte zientziak eta beste curriculum esparru batzuetan ere.
Eskola Kontseilua da Eusko Jaurlaritzak hezkuntza gaietarako duen kontsulta eta aholkularitza erakundea. Bertan daude hezkuntzako gizarte eragile gehienak, eta arauak onartu edo baztertu beharrean, proposamenak egiten ditu.
 
Hezkuntza erreformaren aurkako mobilizazioak Ipar Euskal Herrian
 Luc Chatel Frantziako Hezkuntza ministroak proposatutako erreforma ozen deitoratu zuten Ipar Euskal Herriko ikasleek joan den abenduan. Hainbat egunetako mobilizazioetan  lizeoak blokatu eta manifestazio ugari egin zituzten langile eta ikasle sindikatuek deituta. 
LAB-Irakaskuntzak salatu zuenez “erreforma horren helburua, oroz gainetik, izan diren eta izanen diren postu murrizketak (80.000 lanpostu 2012ra bitartean) ahalbidetzea besterik ez da, irakaskuntzaren kalitatea, ikasleentzako aukerak eta irakasleen lan baldintzak okertuz”. 
Ikasleek bestalde, Lapurdiko zazpi lizeotako sarrerak blokatu zituzten sarrera galarazteko. Eta abenduaren 10ean Baionako tren geltokitik abiatu zen manifestazioa egin zuten. Ikasi eta Irauli ikasle sindikatua zihoan “Hezkuntza ez da salgai” lelopean egin zen manifestazioaren buruan.
Frantziako Hezkuntza ministroak ikasleentzako sostengu orduak ezarri nahi ditu indarrean. Eta, besteak beste, historia eta geografia ikasgaiak kendu nahi dizkie lizeoko azken urtean dauden zientzia arloko ikasleei. “Ikasle eta irakasleen iritzia kontuan hartu gabe, erreforma egin nahian dabil Frantziako Hezkuntza azken urte luzeotan”, salatu zuen Ikasi eta Irauli ikasle sindikatuak. 
Ikasleen iritziz, baina, Chatelen erreforma hezkuntza publikoa suntsitzeko bidean emandako urratsa baino ez da. Izan ere, ikasleen ustez, erreformaren arrazoi nagusiak ez dira hezkuntza arlokoak, ekonomikoak baizik. Ikasi eta Irauliko ikasleek azaldu zutenez, erreformaren ondorioz 40 ikasle egon daitezke gela batzuetan. Horrela, ikasleak neurri gabe metatuz, hezkuntzaren kalitatea kolokan jartzen dela salatu dute ikasleek.
 
Nafarroako Ikastolen Elkarteari bi milioi euro ematea onartu du Espainiako Kongresuak.  
Pello Mariñelarena NIEko zuzendariaren hitzetan “diru laguntza horren bidez ikastola batzuen egoera konpon daiteke”. Irtenbidea, baina, behin-behinekoa baino ez litzateke izango. Nafarroako hainbat ikastola egoera ekonomiko larrian daude; Irunberrikoa, Tuterakoa, Lodosakoa eta Vianakoa, hain zuzen. Ikastola horiek guztiak eremu erdaldunean daude eta beraiek bakarrik eskaintzen dute eremu horretan D ereduan ikasteko aukera. Ikastola horien egoera legeztatze aldera, ikastolei urtero 1,7 milioi euro bideratzeko konpromisoa hartu zuen Sanzen Gobernuak. Ordutik, laguntza hori txikitzen joan da, eta datorren urteko abuztuaren 31n guztiz desagertuko da.  
Duela gutxi, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen Nafarroako eta Iparraldeko ikastolek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik jasotzen zuten 1,9 milioi euroko laguntza bertan behera geldituko zela. Hain zuzen ere, Miguel Sanz Nafarroako presidentearentzat diru laguntza horiek ematea Nafarroako hezkuntza sisteman esku sartzea zela adierazi zuen.