Sagardoetxea

2010-03-03

Urtarrilean abiatu zen aurtengo sagardo denboraldia, non eta Astigarragan (Gipuzkoa). Herri txikia izan arren, sagardotegi gehien duen Euskal Herriko herria da. Eta, hala izanik, ez da harritzekoa sagardoaren museoa hantxe egotea: Sagardoetxea, hain zuzen. Duela hiru urte eta erdi, 2006ko irailean, zabaldu zituen ateak. Helburu zehatz batekin: sagardoaren kulturaz gozatzeko gune bat izatea. 

 
 
Sagardoaren museoak 20.000 metro koadro eta hiru gune ditu: museoa, sagastia eta dastatzeko txokoa. Horietan guztietan modu ludiko, didaktiko eta jostagarrian erakusten dituzte sagardoaren atzean ezkutatzen diren sekretuak. 
Museoa sagastiaren alboan dago eta leku itxia da. Museoan, teknologia aurreratuenen laguntzaz sagarraren eta sagardoaren historia, iragana, oraina eta etorkizuna ezagut daitezke. Besteak beste, Euskal Herriko kulturan duen garrantzia azaltzeko panel informatiboak, material interaktiboa eta jokoak daude eskuragarri.
Horiek guztiak ikasita, edo ezagututa bederen, sagastira egiten da bisita. Sagarraren inguruko azalpenak modu dinamikoan erakusten dira han. Zenbait azalpen jarduera, erakusketa, txertaketa eta laboreren bidez bisitariak naturara hurbilduko dira. Sagardoetxeako sagastiak eta sagarrak ikusiz eta aztertuz, besteak beste. 
Dena den, ez da gauza bera bisita neguan, udaberrian edo udan egitea. Zergatik? Bada, garaiaren arabera lan bat edo beste dagokiolako sagardoaren lanketari. Hori dela eta, unean uneko jarduerak prestatzen dituzte hurbiltzen direnentzat. Bisitak banaka edo taldeka egin daitezke. Eta ikastetxeei bereziki eskainitako jarduerak ere badituzte.
 
Hezkuntza eskaintza
Ikasleek, sagastian, sagardo egileen teknikak eta sekretuak ikusiko dituzte, eta sagarrondo, hazitegi, sagar mota desberdin eta antzinako dolare baten bueltan ibiliko dira. Museo gunean, berriz, sagarra eta sagardoaren historia, usadioaren iturburua, erremintak eta lanketa prozesua ezagutzeko aukera izango dute, sagardoaren kulturara gerturatzeko. Hauxe da jardueren egutegia, garaiaren arabera: 
Urte osoan: 
Dasti ipuin kontalaria: haurrentzako ipuin moduko bisita gidatua.
Neguan: landatze garaia
Zuhaitzak aldatu, haziak erein eta sagarrondoen txertaketa egiten da, besteak beste, urtarriletik apirilera. 
Udaberrian: sagastiak loretan
Polinizazio garaia da; erleen lana ikusteko aukera paregabea ematen du eta, gainera, eztia dasta daiteke eta loretik fruiturako prozesu guztia ikus daiteke. Sagarrondoen izurrite eta gaitz ohikoenak identifikatzen ere udaberrian hasten dira; apiriletik urrira, gutxi gorabehera.
Udan: sagarrak zuhaitzetan
Inausketa garaia: ilargiaren eragina udako inausketan. Aisialdi taldeentzako jarduera bereziak antolatzen ditu garai horretan Sagardoetxeak. Besteak beste, sagarrarekin, sagardogintzarekin eta ingurumenarekin lotutako jolasak prestatzen dituzte, elkarrekintza eta ingurumen hezkuntza lantzeko.
Udazkenean: sagarren bilketa
Sagarra heldua dagoenean kizkiarekin biltzen da. Ondoren, hainbat sagar mota dastatu eta antzinako lanketa prozesua ezagutzeko aukera dago: sagarra sumilekin jo, zanpatu, eta lorturiko muztioa dastatzen da amaieran.
Jarduera osagarriak
Astigarragak, halaber, egun-pasa biribiltzeko hainbat aukera eskaintzen ditu: pilotaleku estalia, igerilekua, kanpoan bazkaltzeko guneak, Santiagomendiko Natur Eskola…