Haurrei zuzendutako maskaragintza

2011-07-01

“Umea bere bidea aurkitzen hasten denean urrundu egin beharko gara”

Papera, kartoia eta gomaespuma erabiltzeko teknika egokiak irakatsiko dira tailer honetan, inauterietan edota urtebetetzeetan erabiltzeko.

 
 

Baliabide merkea, eskura daukaguna eta sormena lantzen laguntzen diguna da maskaragintza, ze beste gauza positibo ikusten dizkiozu maskaragintzari?

Asko dira eskolan honelako eskulanak egiteko aukerak: ihauteriak, urtebetetzeak, eguberrietako festak, olentzeroak, antzerki saioak, buruhandiak, erraldoiak... Horrez aparte, hamaika teknika erabili daitezke, gehientsuenak aurrekontu txikia behar dutenak. Gainera, eskulan irekia da, norberak bere irudi propioa lantzeko aukera du, ez du zertan besteen berdina izan behar.  Horixe bera delako maskararen esperientzia; kanporatu nahi duzun imajina janztea. Denok dakigu zein motibagarria den. Umeak  barrenean duen sormena erabat islatu egin daiteke. Hori da gure erronka.   

Sarri liburuetatik atera, eta sormena lantzea zaila egiten zaie irakasleei. Teknika egoki batzuk ikasteak laguntzen du sormena lantzen?

Teknika berriak ikastea dudarik gabe nolabaiteko pizgarria da, bide berriak irekitzen dizkigute. Betiko  eskulanak eraberritu egin daitezke, aukera gehiago zabaltzen dira. Kartoiak eta ontziak lotzeko lokailu berriak daude gaur egun, kola bereziak, termokolak, paper engomatuak, dentsitate ezberdineko gomaespumak... Hala ere, esan bezala, pizgarriak baino ez dira, bide berriak irekitzen dituzten giltzak besterik ez. Benetako bidea gero hasten da sormenak gidatuta. Horretan erregairik inportanteena, dudarik gabe, askatasuna da. Umea erabat libre sentitzen denean hasten da jolasa-lana-eraikuntza.

Papera, kartoia, gomaespuma eta etxe guztietan topa daitezkeen ontziak erabiliko dituzue maskarak egiteko. Ohiko gauzekin artea egin eta sormena landu daiteke, beraz?

Gaur egun gero eta ohikoagoa ari da bihurtzen eskulanen sorten fenomenoa. Jolas programatuak bezala funtzionatzen dute. Kit edo sorta ireki, jarraipideak irakurri eta puzle bat balitz bezala osatu ahalik eta modu perfektuenean. Sormenarako lekurik ez. Zenbat eta ohikoagoa eta arruntagoa den erabiltzen den materiala, orduan eta harriagoa emaitza. Honela ezerezetik sortuko balira bezala azaltzen dira egiten diren eskulanak. Ez al du horrek guztiak artetik gehiago, kinder arraultzako jostailua muntatzea baino?

Haurra bera lana-artearen gidari izan dadin proposatzen duzu. Horrek haurren autonomian asko lagunduko du, ezta?

Hala beharko luke, dena den zenbait kasutan honelako lan aske baten aurrean  umea galduta sentitu daiteke. Horretarako gaude gu, gidatzeko baina ez bukaerara arte. Umeak bere bidea aurkitzen hasten denean urrundu egin beharko gara, orduan hasiko da bere ibilera askea. Bukaeran umeak berak bakarrik egiteaz aparte, bakarrik erabaki duela ere sentitu behar du.

Ikastaroan parte hartuko duten irakasle eta hezitzaileak haurren rolean jarriko dituzu ezta, mozten, itsasten, tolesten? Nola egituratuko duzu ikastaroa?

Umeen rola barrendik bizi behar da bere baitan gertatzen dena ulertzeko. Orrialde zuriaren egonezina, proposamen pizgarria, teknika eta materialen jabetzea, ikasleek sentitzen dutena ezagutuz hobeto lagunduko diegu. Hori izango da gure lana; proposatu eta lagundu, inoiz ez epaitzea, ez bukaerako lana ezta prozesua ere.
Nire asmoa maskara bihurtu daiteken edozein gai erabiltzea da, papera, ontziak, kartoia eta gomaespuma bereziki. Lehen egunean papera eta etxe guztietan topatu daitezken ontziak erabiliko ditugu. Mozten, tolesten, itsasten, lotzen eta sormena pizten ikasiko dugu. Nik ereduak eman, eta ikasleak umeak balira bezala jokatuko dute, bakoitzak bere bidea eginez. Karetak, txanoak, buruhandiak... Bigarren egunean, kartoia izango da protagonista nagusia. Buruandiak, olentzeroak, karetak, txanoak...Azkenik gomaespuma ezberdinez baliatuko gara ikasitako teknikak lantzeko.
Jakin badakit irakasleen artean
ideia on, berri eta eraginkorren gosea badela. Proposamen modernoak, eraginkorrak eta efektistak ere behar dira. Hori guztia asetzen ere ahaleginduko naiz. Horrela irakasleren motibazioa eta sormena pizten lagunduko dut.