Lumatik ahora

2011-07-01

“Haurrek haiekin momentu atsegin, miragarri edo hunkigarri bat konpartitzea estimatzen dute”

Idatzirik dagoen ipuin batetik abiaturik, ipuin hori kontatzeko eman behar diren urratsak landuko ditu Ixabel Millet ipuin kontalari eta idazleak ikastaroan. Testua era erraz batean prestatu eta egokitzeko teknikak ezagutaraziko ditu. 

 
 

Idatzitako ipuin guztiak egokiak al dira ahoz kontatzeko? Kontatu nahi dugun ipuina aukeratzerakoan, zer eduki behar dugu kontuan?

Egia esan, eta ohitura dugun bezala, idatzita dagoena irakurri egiten dugu, eta idazten duenak idatzitakoa irakurle batek hartu eta leituko duela pentsatzen du; horrela sortzen da literatura. Literatura hitza erabiltzen dugunean, “literatura idatzia” esan nahi dugu, elipse batekin “idatzia” janaz. Barruan, eleberriak, poesiak, etb, eta ipuinak aurkituko ditugu, ipuin idatziak.
Bestalde, bada beste literatura mota bat, “ahozko literatura”, eta kasu honetan ez da jaten hitz bat edo bertze, osoa janda dago, existitituko ez balitz bezala tratatzen baita gehienetan. Bertan,
ahozko literaturan, elezaharrak, bertsoak, etb, eta jakina ipuinak topatuko ditugu, ahozko ipuinak.
Beraz, ipuin bat aukeratzerakoan,
ipuin idatzi bat edo ahozko ipuin bat den jakin beharko dugu; horretarako, klabe batzuk daude kontutan hartu behar direnak eta ikastaroan ikusiko ditugunak.

Ipuin garaikide edo berriak eta ipuin klasikoak kontatzeko teknika berdina da? Ala teknika ipuin bakoitzera egokitu behar dugu?

Ipuinak kontatzeko teknikak anitzak dira. Baina, kasu horretan, ipuin berriak vs ipuin klasikoak kasuan,
ipuin berriak idatzirik daudela kontuan hartu beharko dugu; ipuin klasikoak, jasoak izan zirenez, kontatzen ziren bezala jaso ohi ziren; beraz, gehienetan,
ahozko forma gorde egin dute. Horregatik prestaketa gutxiago behar izaten dugu, beti ere hartzen dugun bertsioaren arabera.
Laburbilduz, zera esan dezakegu:
idatzita dagoena irakurtzeko da, eta gainera haurrentzako ipuinetan, ilustrazioak izaten dituzte, beraz, begiratu behar den zerbait.
Ikastaroan, batekin zein bestearekin arin aritzen ikasiko dugu, prestaketa gutxirekin ipuina kontatzeko prest
izaten. 

Gorputzak eta gorputz espresioak ze garrantzi dute ipuin baten kontaketan?

Komunikazioan duten garrantzi berbera, ez gehiago eta ez gutxiago.
Hala ere, ipuinak kontatzea edo antzeztea ez dela gauza bera azpimarratu nahiko nuke. Kontalariok ipuinak kontatu egiten ditugu, eta antzerki taldeek antzeztu, antzezlan bat bihurtuz.
Kontalariok, ipuinak kontatzeko,  tresna bat edo beste hartuko dugu, baina oinarrian testuan dago (eta ez antzezlana), eta ahotsa, ahotsaren adierazpenea. Gero, bakoitza mundu bat denez, espresibitate ezberdinak izaten ditugu, bakoitzak berea; mugimendu gehiago edo gutxiago, zutik kontatu
edo eserita, etab.
Orain, testua buruan badugu ere, garenarekin kontatuko dugu ipuina, beraz kontuan hartu beharko ditugu:
ahotsa, gorputza, bihotza (sentimenduak) eta, horretan sinesten bada, arima ere bai.           

Zer da haurrek gehien estimatzen dutena ipuin bat kontatzen dietenean?

Ipuinen eta haurren arteko lotura soila eta zuzena deigarri egiten zait.
Ipuinei buruz zera esaten da: “Ipuinak, haurrak lokarrazi eta helduak esnatzeko dira”, eta badirudi esaldiaren bigarren partea ahaztu dugula, eta ipuin hitza aipatzean haurrez soilik ari garela pentsatzen.
Helduentzako ipuin asko eta ederrak daude, idatzirik eta ahozko tradiziotik datozenak, kontalari batzuk kontatzen ibiltzen garenok.
Eta zure galderari erantzunez, nire uste apalean, haurrek gehien estimatzen dutena ipuin bat kontatzen diegunean, helduek bezala, haiekin momentu atsegin, miragarri edo hunkigarri bat konpartitzea dela uste dut, zuri edo niri gustatzen zaigun bezala.