Zertan jolastuko gara?

2011-07-01

“Jarduera ludikoaren bitartez haurrak oinarrizko gaitasunen garapena lortzen du: psikomotorra, kognitiboa, afektiboa eta soziala”

Modu praktikoan, jolasa haurraren garapenean zeinen garrantzitsua den azalduko du Urtxintxak, eta era berean, garai bateko jolasen eta gaur egungoen, edota atzerrikoen eta Euskal Herrikoen artean dauden antzekotasunak azaleratuko dituzte, kasu guztietan, jolasen oinarria oso antzekoa baita. 

 
 

Ikastaroa praktikoa izango den arren, landuko den guztia oinarri teoriko sendoen gainean eraikia dagoenez, aurkez al ditzakegu oinarri teoriko horiek?

Jolasari buruzko perspektibarik zaharrena ikuspegi filosofikoak ematen digu. XIX. mendetik hasita, lehenik oinarri biologikoak hartzen dira, gerora antropologikoak eta azkenik psikologikoak. Teoria klasikoek aditzera ematen dutenez, jolasak nortasunean garrantzia du, eta, era berean, jolasa nortasunaren araberakoa dela. Teoria modernoek jolasak haurraren garapenean duen garrantzia nabarmentzen dute.
Psikologiaren ikuspegitik aztertzen dute jolasaren garrantzia.
Gure jolas ikastaroetan alderdi psikologikoan oinarritzeaz gain,  alderdi kulturalari ematen diogu garrantzia. Horretarako Johan Huizingaren teoria hartzen dugu oinarritzat. Huizingaren arabera “Jolasa jarduera aske bat da, zerbait "balitz bezala" egitean datzana eta bizitza arruntetik kanpoko jarduera bezala ikusten dena, baina, hala ere, jokalaria erabat beregana dezakeena, inongo interes materialik eta probetxurik atera ez arren, denbora eta espazio jakin batean egiten dena, arau jakin batzuk beteaz eratzen den ordena bati jarraituz, eta
eguneroko mundutik bereizteko misteriozko giroa sortzen edo mozorroa erabiltzea dakarrena”

Ze garrantzi du jolasak haurraren garapenean? Eta zergatik da garrantzitsua jolas bat edo bestea aukeratzea?

Helduen ikuspegitik, jolasa garrantzi handiko elementua da haurraren garapenaren hainbat alderdi lantzeko. Jarduera ludikoaren bitartez haurrak oinarrizko gaitasunen garapena lortzen ditu: psikomotorra, kognitiboa,
afektiboa eta soziala.
Jolasa garrantzizkoa da haurraren gorputzaren hazieran. Haurrak bere giharrak dantzan jartzen ditu jolasean egiten dituen mugimenduekin. Jolasak gauzak aurkitzen eta esperimentatzen ere laguntzen du. Haurrak distantzia
eta espazioa kalkulatzen ikasten du, gauzak eta jostailuak manipulatuz; eta euren forma, neurri, tenperatura eta bestelako elementuez ohartzen da. Pentsamendua ordenatzeko ere lagungarri da; haurra denboran kokatzen da, espazioaren nozioak barneratzen ditu, bere hipotesi propioak egiaztatzen ditu, eta ezagutzak lantzen ditu. Azkenik, balio terapeutikoa ere izan dezake.
Egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen du, eraberritzea eragiten du, eta gordeta dagoen energia guztia askatzen laguntzen du.
Beraz, jolasak aukeratzerakoan alderdi guzti hauek kontutan hartzea komeni da, ezarritako helburuen arabera jolas mota bat edo bestea egokiago
izango baita. Hala ere, ia jolas guztiekin alderdi guztiak lantzen direla esan daiteke.
Garai batean gure aitona-amonak zertan jolasten ziren azalduko duzue ikastaroan. Zer nolako jolasak ziren?
Ikastaroan, aitona-amonei entzundako jolasen berri emango dugu. Jolas asko guregana iritsi dira eta egungo haurrek egiten dituzte: sokasaltoan, korroan, ezkutaketan... Beste batzuk kaleetatik ia desagertu dira. Beraz, ikastaroaren atal honetan horietaz arituko gara. Alde batetik, hainbat trebetasun jolas egingo ditugu; tortoloxekin jolastuko gara, txantxariak edo poxpolinak zer diren ikusiko dugu, intxaur jolasak egingo ditugu. Bestetik, jolasteko aspaldi erabiltzen ziren abestiak aztertu eta landuko ditugu.

Zer nolako bilakaera izan dute Euskal Herriko jolasek?

Garai batean erabiltzen ziren jolasen eta egun erabiltzen diren jolasen oinarria bera da. Nagusiki aldatzen ari dena jolas horietan erabiltzen diren elementu materialak dira, jostailuak. Kristalezko kanikarik ez zenean, fruituekin egiten ziren gaur egun kanikekin edo dendetan erosten diren modazko beste elementuekin  egiten diren jolasak. Horien lekuko dira intxaurrak erabiltzen ziren jokoak (intxaurreta, amia barruan, lau lauka, botxo…).  Bestetik, kaleko espazioak aldatu direnez eta jolas askea egiteko zailtasun handiago dagoenez, esan daiteke jolas fisikoa murrizten ari dela jolas kognitiboaren alde.

Munduko beste herrialdeetako jolasez ere mintzatuko zarete. Munduko haurrak oso gauza desberdinetan jolasten dira ala oinarri/ezaugarri antzekoak dituzte?

Orokorrean munduko haur jolasen oinarria oso antzekoa da. Aldatzen dena “apaingarria” dela esan daiteke: kultura bakoitzak ematen dion forma. Lehen aipatu dugun adibidearekin jarraituz, Euskal Herrian intxaurrekin egiten ziren jolasak Saharan harriekin egiten ziren. Jolasteko moduetan ere ezberdintasun batzuk egon daitezke, esate baterako, Papuako hainbat tokitako haur jolas guztiak kooperatiboak dira, ez dago irabazlerik eta galtzailerik. Nahiz eta jolas hauen oinarria beste tokietako oinarri bera izan: harrapaketa jolasak, ezkutaketa jolasak...Esan daiteke, kultura ezberdinetako haurren arteko komuneko ezaugarri garrantzitsuenetakoa jolasa dela.

Herrialde bakoitzeko kultura islatzen al da jolasetan? Adibideren bat jar zenezakete?

Jolasteko moduaren bidez herri baten identitatea transmititzen da; eta, haurren artean, kultura sormen eta transmisio handiena jolastuz bideratzen da. Euskal jolasek Euskal Herriko ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute: garai batean zertan eta nola jolasten ziren, zer baliabide erabiltzen zituzten, non jolasten ziren… Beste hainbeste esan daiteke jolas jarduera horietan erabiltzen ziren esaera eta esamoldeei buruz, abesti, dantza eta ipuinei buruz.
Adibidez, Xirristi mirristi, gerrena pla, olio zopa, kikili salda, edan edo klik  abestitxoa aspaldiko haur jolas bat da. Mikel Laboak ezagunak egin zituen  hitz jokoak entzuterakoan sorgin hizkera etortzen zaigu burura. Artxila mortxila bezain magikoak egiten zaizkigu garai batean dona-dona egiteko erabiliak ziren lelo onomatopeiko hauek. Hala dira ez Zugarramurdiko sorginek erabiltzen zituztelako, haurrek bere jolasetarako erabiltzen zituztelako baizik. Eta abesti horrek adierazten duena aztertuko bagenu aspaldiko hainbat
ezaugarri aurkituko genituzke.

Zer topatuko du zuen ikastaroa egitera doanak?

Ikastaroaren aurkezpenean adierazi genuen bezala, udako hiru egun hauetarako jolasteko proposamena luzatzen dugu. Ikastaro honetan ez dugu teoriazatuko. Praktikara bideratutako ikastaroa da, eskolako ikasleekin jolasteko tresnak ikasiko ditugu; jolas klasikoak, berriak, Euskal Herrikoak, mundukoak, luzeak, motzak, lasaiak, arinak… Beraz, jolastuz ikasi eta ondo pasatzeko ikastaroa dela esan daiteke.