Euskara azterketa garrantzitsuetan baztertua

2011-07-01

Ahalegin itzela egiten ari gara hezkuntza euskalduntzeko. Selektibitatea eta Baxoa dira gure lanari, hein handi batean, ezarri dioten sapaia. Teilatu kaskarra, inondik ere, euskal hezkuntzari ipini diotena!

 
 

Zer esana eman dute, aurten ere, selektibitatea eta Baxoa probek.

Seaskako ikasleei Baxoa proba euskaraz egitea ukatu die Errektoretzak, aurrez batxilergoa euskaraz egiteko aukera eman bazien ere. Herri honetako egoera paradoxikoak: irakaskuntza prozesu osoa euskaraz egiten duten ikasleei Baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzen die Errektoreak.
Logikoa dirudi ikasketak euskaraz egin ondoren, azterketak euskaraz egin ahal izatea. Horrek, gainera -euskaraz aztertzea, alegia-, ikasketen segida asko erraztuko lieke.
Egalité de chances printzipioaz hitz egiten den arren, ikasketa osoak euskaraz egin eta azterketa frantsesez egin beharrak gutxienez bi alboko ondorio ekarriko ditu: alde batetik, ikasleak kaltetzen ditu; azterketa gainditzeko zailtasun gehigarriak ekartzen dizkie, azterketetako emaitzetan eraginez. Eta, beste alde batetik, ikasleak euskara gero eta gehiago baztertzera eramango ditu. Euskararen prestijioan eragina du horrek, euskara ezin daitekeela azterketa garrantzitsuen hizkuntza izan ideia zabaltzen baitu.
Euskal Herriko ikasleek eskubidea dute ikasketak euskaraz egiteko. Eta, noski, ikasketa horiek euskaraz ebaluatuak izateko.
UPNn eta EHUn probak egin dituzten ikasleen erdiek baino gehiagok euskaraz egin dute azterketa. Eskubidea, behintzat, aintzat hartu zaie.
Hainbat azterketen itzulpena, ordea, ez zen zuzena eta horrek bete-betean eragingo du azterketa euskaraz egin dutenen emaitzetan. Harrigarria bada ere, artean azterketak espainolez pentsatu eta diseinatzen dira, eta ondoren itzuli. Aztertzaileak aztertu beharraren adibide ezin hobea bihurtu da kasua.
Harrigarriagoa, itzulpen zerbitzu hain kaskarrak izatea beste batzuen maila ebaluatzeko eta kalifikatzeko zeregina beregain hartu duenak!
Euskal herritarren eskubideak jasota daude Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean, munduko gainerako herritarrenekin batera. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak, bere aldetik, hizkuntza aldetik zein eskubide dagozkigun argi eta garbi azaltzen du.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren iritziz, herritar euskaldun orok du eskubidea euskararen lurralde guztietan edozein administraziorekin harremana euskaraz izateko, ahoz zein idatziz. Harreman horrek, ordea, kalitatezko harremana beharko luke, noski.
Ahalegin itzela egiten ari gara hezkuntza euskalduntzeko, baliabide aldetik, ekonomikoki, antolaketa aldetik eta abar. Selektibitatea eta Baxoa dira gure lanari, hein handi batean, ezarri dioten sapaia. Teilatu kaskarra, inondik ere, euskal hezkuntzari ipini diotena!