Jendaurrean hitz egiten ikasi

2011-07-01

“Gorputzaren bidez askotan guk nahi ez dugun informazioa ematen dugu”

Irakasleei jendaurrean —klaustroetan nahiz gurasoen aurrean— segurtasunez hitz egiteko baliabideak eskaintzeaz gain, Ahotsakstudiok ikasleekin ahozkotasuna lantzeko tresnak eskaini nahi dizkie irakasleei, jendaurreko aurkezpenak garai batean izan zuten garrantzia berreskuratzen ari baitira. Haizea Muñozek emango du beldur eszenikoa saihesteko ikastaroa.

 
 

Jendaurrean hitz egiteko garaian, oro har, ze kezka, beldur edo arazo izaten dituzte irakasleek?

Irakasleen kasuan, arazoa ez da
etortzen, normalean, jendaurrean azaldu behar duten gaitik, bere gaia bai baitaki eta menderatzen baitu. Norberaren izaera eta jarrera izaten dira kezka edo arazo nagusiak, oso urduri jartzen direla jendaurrean hitz egitean, ez zehazki ikasleen aurrean hitz egitean, baizik eta aparte, irakasleen aurrean edo gurasoen aurrean hitz egitean, klaustroan edo bileretan. Beldur eszenikoa izaten da
irakasleei jendaurrean hitz egitean arazo gehien eragiten diena, nahiz eta jakin badakien esan behar duen hori interesgarria dela.

Jendaurrean, klaustroetan, eskola kontseiluetan eta gurasoekin bileretan hitz egiteko beldur eszeniko horri aurre egiten ikasteko lehen pausoa zein izango litzateke?

Beldur eszenikoa gainditzeko lehen pausoa ariketak egitea da. Egoera
imajinatzea eta ispilu aurrean ariketak egitea, jendaurrean hizketan ari garela irudikatzea. Ariketa horietan, esan behar dugunaz gain, gorputza, eskuen mugimendua eta begirada izan behar ditugu kontuan. Praktikak egin behar dira lehen egunetik, eta zer sentitzen dugun ikusiko dugun, angustia eragiten ote digun jendaurrean hitz egiteak, edo urduritasuna edo zer. Eta zer sentitzen dugun jakinda, kontrolatu ahal izango dugu egoera, arnasketaren bidez, ariketa teknikoen bidez…Eta behin dena bukatu ondoren, lasaitu egingo gara.

Ahots hizkuntzaz gain, gorputz hizkuntza ere landuko duzue. Gorputzaren bidez asko esaten dugu? Ba al dakigu gorputz hizkuntza egoki erabiltzen?

Egoera arruntetan bai, badakigu gorputz hizkuntza egoki erabiltzen. Gorputzaren bidez informazio handia ematen dugu, askotan guk ez duguna nahi ere transmititzen dugu, urduritasuna edo intseguritatea, adibidez. Ahotsa bezala, gorputz hizkuntza ere ariketen bidez landu liteke, egoera desberdinak irudikatuz, ez baita gauza bera ospakizun batean hitz egitea, edo klaustro batean, edo gurasoen aurrean, edo mitin batean.
Ahots eta gorputz hizkuntzaz gain, irakurketa eta inprobisazioa ere landu egiten dira. Gidoi bat edukitzea, eta gidoi horretatik irteten jakitea garrantzitsuak baitira, jendaurrean aritzeko.

Irakasleen lana izan ohi da, era berean, ikasleei modu praktikoan euren lan aurkezpenetan edo ahozko azterketetan laguntza ematea. Zer izan behar du kontuan lan horretan ari den irakasleak?

Berriro gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen ikasleek jendaurrean egiten dituzten aurkezpenek, zorionez. Eta hori ikasleekin eta irakasleekin landu egiten dugu. Programazio bat
egin behar da, lanen aurkezpenak modu egokian nola egin lantzeko; berriro sortzen ari baita ahozkotasunaren eta aurkezpenak egitearen garrantzia, denbora luzean aparkaturik egon ondoren. Unibertsitateek bultzaturik ari dira ikastetxeetan ere aurkezpenak lantzen, ikasleek jakin behar baitute gai bat jendaurrean defenditzen.
Ikastaroan landuko dugu, eta hurrengo ikasturteari begira era garrantzi handia izango du, ikasleek aurkezpenak jendaurrean egiteko gaitasuna lantzea; gaia eman, pautak eman, ariketa orokor batzuk egin, eta gaia azaltzen
ikas dezaten. Debate formako eskema landu nahi dugu, bi talde bereizi eta dialektika bultzatu gai baten inguruan, ea nork defendatzen duen gai hori ondoen. Unibertsitatera begira, garrantzi berezia hartzen ari den korrontea da ikasleen ahozkotasuna lantze hau, seguritatea eta gaiarekiko kontrola ere lantzen baitira.