Euskara ebaluatzeko proba
“Nola ebaluatu ondo hizkuntza bat?”. Horixe da irakasle askoren kezka, gaur egun. “Zer nolako irizpideak hartu beharko lituzkete aintzat euskara-irakasleek, ebaluazioa zuzena eta lagungarria izan dadin?”.
Iñaki Pikabea eta J. F. Lukas Pedagogiako doktore eta EHUko irakasleek galdera horiei erantzungo diete Udako Topaketetan emango duten ikastaroan, ebaluatzeak espezializazioa eta prestakuntza eskatzen baititu, bi adituen arabera.
“Ondo ebaluatzeko kezka areagotu egin da, zorionez”
Euskararen ebaluazioarekiko kezka aspalditxotik dator. Euskara ondo ebaluatzeko kezka betidanik izan dute, bai Eusko Jaurlaritzako sailek eta bai Euskaltzaindiak ere, eta horren ondorio dira garai bateko D eta B tituluak, adibidez. Testuinguru horretan, Iñaki Pikabea eta J. F. Lukas Pedagogiako doktore eta EHUko irakasleek euskara ebaluatzeko probei buruzko ikastaroa emango dute Udako Topaketetan. “Horrelako kezkak areagotu egin dira, ebaluazioak egin ondoren erakundeak tituluak ematen hasi direnean”, azaldu dute irakasleek. “Gaur egun, badakigu euskarako tituluek garrantzi handia dutela esparru askotan; besteak beste, lan munduan. Tituluen kontua alde batera utzita, hezkuntza formalean ere, profesionalek beti izan dute ikasleak ondo ebaluatzeko jakin-mina, betiere, jarduera profesionala hobetu nahian: zertan aurreratu duen ikasle bakoitzak, zertan ez, eta abar”.
Euskal Herrian ebaluatu nahia eta ebaluatu beharra aspalditxotik badatoz ere, bi pedagogoek aldaketa bat ikusi dute azken urteotan: “Esan genezake, zorionez, ondo ebaluatu nahia areagotu egin dela. Alegia, ebaluatzea, beste edozein jarduera bezalaxe, espezializazioa da, prestakuntza eskatzen du, eta gero eta kezka nabarmenagoa sortu du, hutsegiteak baztertu nahian”.Gaur egun, euskarako irakasleek bi premia mota izaten dituzte, Pikabearen eta Lukasen iritziz: bata ohiko ikasleen aurrerapausoen ebaluazioari dagokio; eta bestea, berriz, euskarako tituluren bat emateko egin beharreko ebaluazioari.“Lehen kasuan, euskarako irakasleek jakin-mina dute: ikasleei laguntzeko, ikasturtea hasi eta 2. hilabetera, 4.era edota 9.era, zer egoeratan dauden jakin nahi dute, hizkuntza trebetasunak nola barneratu dituzten, etab. Prestakuntzazko ebaluazio horrek sekulako garrantzia du, eta oso lagungarria da, neurriak hartu beharko balira, ahalik eta lasterren hartzeko, eta, horrela, ahalik eta etekin pedagogiko handiena ateratzeko”. Bestalde, euskaltegi askotan, ikasle berri bat matrikulatzen denean, mailakatze azterketak egitea ohikoa dela gogorarazi digute irakasleek, eta diote sarrerako mailakatze hori ahalik eta egokien egiteak ondorengo arazo asko baztertzen dituela.“Bigarren kasuan, euskarako irakasle asko, aldi berean, aztertzaile dira epaimahaietan edo ikastetxeetako ikasgeletan (DBHn, Batxilergoan…), eta, azterketa horien ondorioz, nota jarri behar dute, edo titulua eman edo ukatu. Aztertzaileok berebiziko kezka dute beren lana ahalik eta modurik txukun eta profesionalenean egiteko, azterketarien gaitasunak neurtzeko eta, agiri ofizial baten bidez, merezi dituzten gaitasunak egiaztatzeko”.Lehen galdera: zertarako ebaluatu?
EHUko irakasleek emandako datuen arabera, 1982az geroztik, 140.000 herritar baino gehiago dira Euskal Herrian, euskarako tituluren bat dutenak. Baina euskarako titulu horiek askotarikoak dira, eta ugaritasun horrek arazoak sortzen dizkie bai administrazioari eta baita herritarrei ere. “Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak kezka berezia agertu du Euskal Herrian dauden euskara agiri ugariak (20tik gora) parekatzeko. Tituluen ugaritasun horrek makina bat arazo sortzen zituen herritarren artean (lanpostu baterako erakunde jakin bateko titulua behar zen, baina beste erakunde batekoak ez zuen baliorik, etab.). Bestetik, Europako Kontseiluak Europako Erreferentzia Marko Bateratua onartu zuen 2001ean, hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako, eta euskararen ezagutza egiaztatzeko sistemak horretara egokitzea komeni zela ikusi zen”.
Bi errealitate horiek aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, esparru horretan esku hartzen ari ziren gainerako sail guztiekin batera, Europako Erreferentzia Markoa eta tituluen baliokidetza aztertzeko eta bideratzeko azterketa baten premia ikusi zuen. Europako Kontseiluko herrialde guztietako hizkuntzalari eta pedagogo adituek urte askoan egindako tresna bat da Erreferentzia Markoa. “Ikerketak eta galdeketa zabalak erabiliz garatu den tresna praktikoa da, ikasteko prozesuan mailaketak zehazteko estandar garbiak eskaintzen dituena, eta ikasleen emaitzak nazioartean konparazioak eginez ebaluatzeko aukera ematen duena. Are gehiago, curriculumak lantzeko eta programak, azterketak eta ebaluazio irizpideak zehazteko abiapuntu adostua da”. Markoaren ikuspegiaren arabera, hizkuntza ikastea komunikatzen ikastea da, irakasleek azaldu dutenez. “Markoak ez ditu irakasteko moduak erakusten. Batez ere, galderak egiten ditu, eta irizpide hauetan dago oinarritua: osotasuna, hizkuntzaren alor guztietara iristea baitu helburu (gaitasuna, trebetasuna eta erabilera); gardentasuna, informazioa argi eta garbi adierazi nahi baitu; eta koherentzia, osagarrien artean erlazio harmonikoa proposatzen baitu (premiak, helburuak, edukiak, materialak, programak, metodoak, ebaluazioa)”. Aldi berean, erreferentzia maila bateratuak proposatzen ditu: A edo oinarrizko erabiltzailearena (A1 hasierakoa eta A2 tartekoa), B edo erabiltzaile independentearena (B1 atalasea eta B2 aurreratua), eta C edo erabiltzaile gaituarena (C1 gaitasun operatibo eraginkorra eta C2 menderatze maila).Bada, Europako Erreferentzia Markoa eta tituluen baliokidetza aztertzeko eta bideratzeko azterlan bat egiteko eskaera jaso zuten ikastaroa emango duten bi irakasle horiek, Euskal Herriko Unibertsitateko Iñaki Pikabeak eta J.F. Lukasek, eta Kataluniako Generalitateko Neus Figueras-ek; eta egindako azterketaren ondoren, 297/2010 Dekretua arautu zuen Eusko Jaurlaritzak, euskarako tituluen baliokidetzak arautzeko. Aldi berean, azterketa horren bidez, titulu bakoitzaren ebaluazio sistemaren sendotasunak eta ahuleziak aztertu ziren, eta hobetzeko proposamenak eskaini. “Lan horren ondorioz, euskara-ebaluatzaileen arteko kezka handiaz jabetu gara, eta azkenaldi honetan hainbat ikastaro eman ditugu han-hemenka, kezka horri erantzun nahian”.Azterketa hori guztia egin eta sistemaren sendotasunak eta ahuleziak aztertu ondoren, Pikabeak eta Lukasek uste dute, ebaluazio zuzen bat egiteko, aurretik honako galdera honi erantzun behar diogula: “Zertarako ebaluatu behar dugu?”. Horren arabera, askotariko irizpideak izango direla diote. “Ikuspegi pedagogiko batetik, irakatsi eta ikasteko prozesuetan ebaluazioak zentzua dauka, baldin eta hobetzeko erabiltzen bada. Zentzu horretan, hor kokatzen bagara, garrantzitsuena non gauden eta nora goazen jakitea da. Eta hori, irakasleak ez ezik, ikasleak ere jakin behar du, bere neurrian, noski. Ebaluazioa, atzeraelikadura edo feedback egiteko baino, aurreraelikadura edo feedforward egiteko erabili behar litzateke. Bestalde, titulu batekin lotzen badugu ebaluazioa, neurketak ebaluazioak baino indar handiagoa hartzen du, eta irizpideak aldatu egiten dira hor”. Titulu horren azpian irizpideek argi egon behar dutela diote irakasleek: “Eta ebaluatzaileen ardura eta eginkizuna irizpide horiek frogatzeko beharrezkoak diren probak sortzea, aplikatzea eta zuzentzea izango da”.Titulua lortzeko, eta ikaslea ebaluatu ahal izateko, azterketak egin behar dira; eta zer izan behar luke kontuan azterketa hori prestatzen ari den irakasleak? “Hemen ere, aurreko galderaren erantzunean azaldu zaigun galdera bera sortuko zaigu: zer asmo du azterketa horrek? Zer egingo da ikasleak emandako erantzunekin?”.Hala ere, pedagogoen aburuz, badira kasu guztietan bermatu behar diren hainbat alderdi tekniko: “Hasteko, objektibotasuna dugu: azterketa horren ondorioz aterako diren emaitzek zenbat eta garrantzi handiagoa izan, orduan eta objektibotasun handiagoa eskatu beharko diogu azterketari. Bestalde, fidagarritasuna dugu: neurtzen edo ebaluatzen duguna zehaztasunez egin behar dugu. Eta, azkenik, baliozkotasuna dugu: prestatutako azterketak benetan bete behar du duen asmoa edo nahia, eta hori ez da bermatzen askotan”. Adibide hau eman dute: “Ikasgai askotako helburuetan edo gaitasunetan, ikasleek hainbat prozesu mental landuko dituztela zehazten da (ulermena, analisia…), baina, ohiko azterketetan, ez da neurtzen edo ebaluatzen ezagutza edo memoria besterik. Horrelakoetan, noski, ez da bermatzen inolaz ere azterketen baliozkotasuna”.Probak aztertuko dituzte irakasleek parte-hartzaileekin batera ikastaroan, eta itemen analisian, fidagarritasunean, baliozkotasunean edota baremoen eta puntuazioen interpretazioan sakonduko dute. Saioak teorikoak eta praktikoak izango dira, eta adibide okerrak eta zuzenak aztertuko dituzte. Adibide oker eta zuzen batzuk aurreratzeko eskatu diegunean, irakasleek zehaztu dute, trebetasunak neurtzean, Erreferentzia Markoak ez duela zehazten nola neurtu; aitzitik, trebetasun guztiak neurtu behar direla dio. “Alde horretatik, zenbait ebaluazio sistematan trebetasun batzuk ez direla neurtzen ikusi dugu, edota neurtze sistema ahula dela. Aldi berean, edozein ebaluazio sistemak oinarrizko arau batzuei jarraitu behar die: neurtu beharrekoa neurtu behar du, eta ondo gainera. Adibidez, testu baten ulermena neurtu nahi bada eta, horretarako, aukera anitzeko galderak erabiltzen badira, enuntziatuan soilik beharrezko informazioa erantsi behar da, azterketaria alferrik nahastu gabe eta emaitza kutsatu gabe. Esate baterako, hona hemen enuntziatu txar bat:• Mota zehatz bateko zelulak, talde bereizi batekoak dira eta lan espezializatua dute. Zelula talde honi “ehun” deritzo. Gure gorputzean ehun mota diferenteak ditugu. Ondoko hauetatik, zein izango litzateke “ehun epiteliala”?: A. Tendoiak B. Adenoideak eta amigdalak C. Muki-mintza D. KartilagoakEnuntziatu egokiagoa litzateke beste hau:
• Honako hauetatik, zein izango litzateke “ehun epiteliala”?: A. Tendoiak B. Adenoideak eta amigdalak C. Muki-mintza D. KartilagoakIkastaroa euskarako irakasle ororentzat nahiz hizkuntza irakasle ororentzat prestatu dute Iñaki Pikabeak eta F. Lukas Mujikak. Ikastaroan, saio teoriko eta praktikoetan, hainbat gai jorratuko dituzte, gaitasunen ebaluazioa, azterketen eraikuntza, hizkuntza ebaluatzeko baldintzak, hizkuntza azterketak prestatzeko urratsak, Europako Marko Bateratuak dioena, itemen idazketa eta zuzenketa, proba baten egituraketa egokia,etab. “Ikastaroaren atal bat teorikoa izango da, eta hainbat kontzeptu azalduko dira; baina, aldi berean, horren beharrezkoa den praktikotasuna ere izango du. Besteak beste, adibide zuzenak eta okerrak azalduko dira, ariketa txikiak egingo dira, eta norberaren kezkei modu praktikoan erantzuten ahaleginduko gara. Gaiaren izenburua lehorra edo latza izan badaiteke ere, ahal den neurrian, modu arinean lantzen saiatuko gara”.