Joan den mendeko oroitzapenak

2011-10-01
“Colegio Nacional José Vila Marqués”, halaxe zuen izena nire eskolak. Iruñeko Arrosadia auzoko ikastetxe publikoetarik, gure etxetik gertuen zegoena zen eta hori izan zen, hain zuzen,  gurasoek gu hara bidaltzeko arrazoia.
Lehenbiziko eskola egunean, 1972ko irail urrun hartan,  harrigarria iruditu zitzaidan zenbat jende zegoen gelan. Neskatiko-mutiko pila. Binaka eseri behar izan genuen aulki txiki haietan. Segituan andereño zahar-zahar bat etorri zen lauki berdedun bata batekin, “laseñoritahumbelina” zen. Ordurako 80 urte edo 90 urte izanen zituen, edo hori iruditu zitzaidan niri, bederen. Gure osaba batek irri egiten zuen andereño zahar-zaharrak genituela kontatzen genionean. Egia esan, eskolan bat baino gehiago ziren adinean oso aurreratuak zeudenak. Gizonezko irakasleen artean bazegoen, bestalde, nahiko zabaldua zegoen beste ezaugarri bat: askok elbarritasunen edo orbanen bat bazuten. Klemente jauna maingua zen. On Jesusek masailean tiro batek eginiko zulo sakona zeukan…gerrako “herentziak”, nonbait.
 Francoren garaian hasi nintzen ni eskolan, eta noiz edo noiz otoitz egiten genuen gelan, baina ez genuen ereserkirik abesten eta, egia esan, ez dut oroimenean aparteko diziplinarik edo giro hertsirik. Irakasle zahar, eta askotan maitagarri, horiekin batera gazte asko ere bagenituen “Pepe Vila”n. Oso atseginak ziren, langile amorratuak, gelak ilusioz eta alaitasunez betetzen zituztenak. Eskola berria egiteko ahalegin horretan, ingelesa eta yoga, adibidez, ekarri zuten laster gurera.
Ezin da ukatu gure eskolan irakasle batzuk egurra banatzen zutela ausarki. Bosgarren mailan izan genuen On Josék, esate baterako. Zorionez, mutilak baizik ez zituen jotzen, eta bereziki ikasle txarrak zirenak. Beraz, neska ikastunak oso ongi bizi ginen gelako gure bizpahiru lerrotako paradisu txiki hartan. 
Eskolan bikain  pasatzen nuen nik eta klaseak bukatuta denbora aski izaten genuen Sadar erreka ertzera askaltzera joateko edo karrikan jolasean ibiltzeko. Etxe ondoko parke batean orduak eta orduak pasatzen genituen. Garai hartan zegoen arrisku bakarra zabuetatik edo txirristatik erortzea zen, eta hala gertatuz gero, “mikromina”  eman eta aire! Burdinezko tramankulu haien usaina oraindik ere eskuetan dudala iruditzen zait. Gogoratzen dut gure parke gogokoena Santa Cecilia plazan zegoela eta hango etxabe batean ikastetxe berezi bat bazela. Hango haurrak tarteka jolastera ateratzen ziren. Arraroak ziren, baina nik orduan ez nekien zergatik. Gerora jakin nuen arrazoia: Iruñeko lehen ikastolako umeak ziren eta “en vasco” ikasten zuten. Nola aldatu diren garaiak, zorionez.