Krisiak eragiten digunean

2011-10-01

Sekula baino beharrezkoagoa da hezkuntzan eginiko inbertsioei ahalik eta etekin handiena ateratzea.

 
 
Ekonomia Lankidetza eta Gara­penerako Erakundeak (ELGE-OCDE) Hezkuntzaren egoera 2011  txostena aurkeztu berri du.
Erakunde horrek munduko hainbat herrialdetan hezkuntzak herrialde horietako ekonomian, edo beste era batera esanda, herrialde horietako biztanleek duten formazioak herrialde horretako ekonomian duen eragina ikertu du, besteak beste.
Txosten horretako zenbait datu nabarmendu ditu Espainiako gobernuak. Esaterako, espainiar estatuan hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko 3,9 euroko mozkina erdiesten dela. ­Begi bistakoa dirudien ondorioa ere ­atera dute: hezkuntzako onurak oso handiak dira, norbanakoentzat eta baita jendartearentzat ere.
Mundu ekonomian jarduten duen erakunde horrek argitan utzi du, beraz, jada jende asko esaten ari dena: hezkuntza gastua baino inbertsioa dela. 
Ez doaz bide horretatik, ordea, Nafar Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Frantziako Gobernua Euskal Herriko hezkuntzan hartu dituzten eta hartzeko asmoa duten neurriak. Krisiaren babesean –edo krisiaren aitzakian, akaso–, hainbat murrizketa garrantzitsu egin baitituzte jada. Haien artean, langileak murriztea, ikasle kopuruak handitu ­arren langile kopurua mantentzea eta abar.
Jende andanak desadostasuna erakutsi du neurri horien aurka. Motibazio desberdinak izan arren, mundu mailako erakunde horrek ere adierazi du ­egin dituzten ikerketek zer dioten, ­hezkuntzak ekonomiaren suspertzean ­izan dezakeen eraginaz.
Askotan esan dugu hezkuntzak ­ezin duela jendartetik at egon. Jendartean eragiten duten arazoak ere badirela eskolaren arazoak. Beraz, sekula baino behar handiagoz, dagoen diruari ­ahalik eta etekin handiena ateratzeko erronka dugu. 
Lehenik eta behin, behar den inbertsioa eginez, hezkuntzarako aurrekontuetan dauden idazpenak ongi aztertu behar dira eta bakoitzari esleitzen zaion kopurua berraztertu beharko litzateke. Hori guztia, lehentasunak ongi finkatze aldera eta garrantzitsuak izanik ere behar-beharrezkoak ez direnak garai ­oparoagoetarako uzte aldera.
Jokatzeko era horrek hezkuntzan funtsezkoa eta garrantzisua zer den hausnartzera eramango liguke, hezkuntzaren oinarri-oinarrietara jotzea.
Krisia bere iluntasunean eta bere zorigaitzean aukera bihur dakiguke. Hezkuntzan egindako inbertsioari etekin handiena ateratzeko munduan eta Euskal Herrian zehar emaitza onak ­eman dituzten ekimenak abian jarri ­beharko lirateke: gertuko gestioak eta udalen parte hartzeak, eskola protagonista izatea bere Hezkuntza Proiektuan. Proiektu horretatik abiatuta eta zentroei autonomia gehiago emanez, bertako langile talde iraunkorrak inork baino hobeto jakingo du beharrak non dauden eta nola inbertitu iristen den dirua modurik hoberenean. Hor legoke, zalantzarik gabe, benetako aurrezkia.