Barandiaran Museoa.

2011-10-01

 
 

“Sagarrondo horiek lezio handia ematen zigutek: zama handiago, orduan eta apalago”. Jose Migel Barandiarani amak irakatsitako lezioak egiten dio ongi etorria haren izena eta izana jaso nahi dituen museoan sartzen denari. Ataungo San Gregorio auzoan, Larruntza errotan, urte eta erdi darama zabalik Barandiaran Museoak, eta Euskal Herriak hainbeste zor dion etnografo eta antropologoaren bizitza eta lana ezagutzeko funtsezko leku bilakatu da.

Lan mardula egin zuen Barandiaranek (Ataun, San Gregorio, 1889-1991) bere herritik hasi eta Euskal Herri osoko kondaira mitologikoak jasotzen, arkeologia indusketak egiten edo azterketa etnografikoetan. Atalka bereizirik, lan horien guztien emaitzak ikus daitezke museoan. “Infernuraino joateko prest nago, euskal kulturaz jardutera baldin bada”, esan zuen 80 urte zituenean Barandiaranek.

Museoan barreneko ibilbidea goiko solairutik zein behekotik has daiteke. Behekoa 1928an Barandiaranek berak egindako filmazio argitaragabeekin hasten da. Filmazio horietan, anartean Ataunen bizirik zirauten jardun magikoen berri ematen zaigu, Ataungo antropologoa Euskal Herrian aitzindari izan baitzen ondare immateriala jasotzen. Baina gaur egun ezagutzen dugun ondare materialaren zati handi bat ere Barandiaranen lanari esker ezagutzen dugu, Euskal Herriko hainbat aztarnategi ere hark aurkitu eta induskatu baitzituen. Ondare materiala eta immateriala eskutik helduta joan ziren Barandiaranen ibilbidean, eta halaxe doaz museoan barrena ere; izan ere, historiaurreko trikuharriak aztertzen ari zela entzun zuen lehen aldiz artzain baten ahotik jentilen akabera adierazten zuen Kixmiren kontakizuna.

Barandiaranek Aralarren hasi zuen bere ibilbide arkeologikoa, 1916an. Gainera, mendizerra horixe da Euskal Herriko megalitoetan oparoenetakoa, guztira 60 trikuharri, 8 zutarri, 7 tumulu eta 2 harrespil baitaude inguru horretan gaur egun, Gipuzkoa eta Nafarroako lurretan barreiatuta. Museoak trikuharri horietan barrena hegaldi birtuala egiteko aukera ematen du, eta, horrez gain, Lizarrustiko parketxearen bidez, ibilaldia lur gainean bertan egiteko aukera dute bisitariek ondoren.

Mitologia apur bat ikusi eta megalitoetan zeharreko ibilbide birtuala egin ostean, Barandiaranen garaiko indusketa arkeologiko baten erreplika dugu ikusgai. Museoko mapa batek erakusten digunez, Barandiaranek, Karrantzatik Donibane Garaziraino, Euskal Herri osoan aurkitu edo induskatu zituen aztarna arkeologikoak, besteak beste, Abodin, Auritzen, Urbasan, Biasterin, Deban, Oiartzunen, Saran, Kuartangon eta, noski, Ataunen. Indusketa horietan aurkitutako piezen faksimileak ere ikus daitezke museoan, Urtiagako burezur bat, Zabalaitzeko aizkora bat, kanpai formako ontzi bat, aiztoak, behe Paleolitoko piezak, arpoiak…

Beheko solairuan historiaurrea, indusketa baten erreplika, etnografia, mitologia eta aztarnategiak aztertu ondoren, goiko solairuak ikus-entzunezko gela bat du, eta Barandiaranek idatzitako lanen berri ematen du. Megalito eta harpe ugaritan indusketak egiten zituen Barandiaranek, eta, aldiro, emaitzak argitaratzen zituen, beste ikertzaileen esku uzteko. Horri esker, haren lanari zor diogu euskal historiaurreaz dakiguna. 75 urtean 575 lan argitaratu zituen Barandiaranek. Bestetik, 15 minutuko ikus-entzunezkoak Barandiaranen bizitza eta ekarpena laburbiltzen ditu, haurtzaroaz dihardu, mitologia eta kristautasuna elkarri lotuta zeuden garaiaz; apaiztegiko urteez; Alemaniako ikasketez; Aranzadi eta Egurenekin igarotako lanaldiez…

1991n hil zen arte, egin zuen lan oparoaren esker ona eta aitortza ugari jaso zituen Barandiaranek, solairu honetan ikus daiteken moduan. “Zenbat eta zaharrago eta ezdeusago, orduan eta omenaldi gehiago egiten dizkidate”, zioen antropologo eta etnografoak.

Kultura, naturagune paregabearen erdian

Hala ere, Barandiaran Museoa ez da mugatzen Larruntza errota barneko eraikinera. Museoaren osagarri, Barandiaranen lanean sakontzeko aukera dago Joxe Martin Apalategi dokumentazio zentroan –Ataungo antropologoaren omenez darama izen hori−. Horrez gain, errotatxo zerrategi eta errota izan zena ere bisita ditzakete ikasleek. Herritarrek, gainera, hilean behin, igandez, errota abian jartzen dute, garai bateko lana ezagutarazteko.

Horrez gain, Ataunera doan den bisitariak Barandiaranek egin zituen aurkikuntzak lekuan bertan ikusteko aukera du, bai herrian bertan, San Martin auzoa zeharkatuz Lazkaoraino doan herri bidean ibiliz −antropologoaren jaioleku eta bizitoki izan ziren Perunezar baserritik eta Sara etxetik igarota−, eta bai Aralarko Parke Naturalera igoz ere, Aralarren baitago Barandiaranek jasotako kultura ondare horren guztiaren zati handi bat.

Lizarrustiko parketxean, Aralarko Parke Naturalak jasotzen duen natura eta kultura ondarearen oinarri denean, ingurunearen ezaugarriak eta bertan errotutako gizakien arteko erlazioa azpimarratuko duten ekintzak egiteko aukera dute ikasleek zein bisitariek, lantegi, unitate didaktiko edo ibilbideen bidez. Lizarrustiko parketxea Aralarko atea da, antzinako mikeleteen etxe izandakoan kokatzen da, eta bisitarientzako harreragunea, taberna, jatetxea, aterpetxea eta interpretazio zentroa ditu. Zentroak hiru areto nagusi ditu, zentzumenak lantzen dituen gela, ibilbideei buruzkoa, eta gune ludikoa.

Aralarko Parke Naturalak 10.971 hektarea ditu, eta Ganboa mendiaren itzalpean, natura ondarearen benetako harribitxiak gordetzen dira. Pagadiz estalia dago Aralar, eta, basoaren erdian, Lareoko urtegia ageri da, Lizarrustiko parketxetik abiatu eta, ibilaldi atseginean, zuhaiztiak zeharkatuz.

Barandiaran-Lizarrusti parketxe hedatuak heziketa eskaintza zabala du, kultura eta natura lotuz. Goiz bat, egun bat, bi egun edo hiru egun Ataunen igarotzeko heziketa programak dituzte, Jose Migel Barandiaranen lana, Aralarko mitologia, kultura ondarea, ekosistema eta abeltzaintza ezagutzeko parada eskaintzen dutenak.

 

Heziketa eskaintza:

-Goiz bat Ataunen

Aralarko mitologia eta Joxe Migel Barandiaran: LH, DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzentzen zaie. Jose Migel jaio zen etxea eta ondoren bizi izan zen Sara etxea ezagutu ahal izango dira, Ataunen zehar ibilaldia eginez. Barandiaran Museora bisita eta unitate didaktikoaren lanketa ere sartzen dira.

-Goiz bat Aralarko Parke Naturalean

Aralarko ekosistema ezagutzeko parada ematen du LHko 2. eta 3. zikloetako ikasleei, DBHkoei eta Batxilergokoei zuzentzen zaien egitasmo honek. Lizarrusti-Lareo-Lizarrusti ibilaldiaren bidez, biodibertsitatea eta geologia sakonago ezagutuko dira, horretarako prestaturiko unitate didaktikoa landuz.

-Egun bat Ataunen

Aralarko kultura ondare ezagutzeko aukera ematen die LHko 2. eta 3. zikloetako ikasleei, DBHkoei eta Batxilergokoei. Goiz bat Ataunen programaren ostean, arratsaldez, Errotatxo errota eta zerrategia ikusi ahal izango dira, eta indusketa arkeologikoan eta labar artean aritzeko lantegia ere egin dezakete ikasleek.

-Egun bat Aralarko Parke Naturalean

Parke naturalean barrena egingo den ibilbidearen bidez, LHko 2. eta 3. zikloetako ikasleek, DBHkoek eta Batxilergokoek megalitoei eta abeltzaintzari buruzko unitate didaktikoa landu dezakete; eta horren ondoren, Lizarrustiko interpretazio zentroa ikus dezakete.

-Bi eta hiru eguneko irteerak

Barandiaran Museora bisita, Ataunen barrena egingo den ibilaldi mitologikoa, indusketa arkeologikori buruzko lantegia, labar arteko lantegia, unitate didaktikoak, Aralarko Parke Naturalean barrena egingo diren ibilaldiak eta basoan eta parketxean egingo diren jolas eta lantegiak bateratuz, bizpahiru eguneko irteerak antolatzen dituzte Barandiaran Museoak eta Lizarrustiko parketxeak, otorduak eta lo parketxean egiteko aukera baitago.