Eskolako gatazkak bitartekarien bidez konpontzen. Argentinako Chubut eskualdean egindako proiektua

2011-10-01

Gatazka gure eguneroko bizitzaren parte da, eta, beraz, eskolako bizitzaren parte eta ikasleen bizitzaren parte ere bada. Argentinako Chubut eskualdean, Lago Puelo herriko eskoletan, bitartekaritza-sistema erabiltzen dute ikastetxe barruko gatazkak konpontzeko. Bertatik bertara ezagutu du sistema hori Leire Perez Azkona Haur Hezkuntzako irakasleak, han egin baititu Psikopedagogiako praktikak.

 
 
Bitartekaria zer den azaldu du, lehenik eta behin, Perez Azkona irakasleak: “Bitartekaritza hirugarren pertsona bat bitarteko hartuta egiten den negoziazio prozesua da. Pertsona hori neutrala da. Prozesu horretan, bitartekaria parte aktiboa da, eta akordioa lortzeko iradokizunak eta gomendioak egiten ditu. Baina ez du inongo ardurarik ez eta botererik ere, gatazka konpontzeko bideratuko diren erabakiak hartzeko”. Zehazki, eskolako bitartekaritza ikasleen arteko gatazkak konpontzeko erabiltzen den teknika da, baina eredu horrek, pertsonen arteko gatazkak konpontzeaz gain, “elkarbizitzako eredu baketsuagoak” sustatzea du helburu. 
Ikasleak, irakasleak edo bitartekaritza zerbitzuko langileak izan daitezke bitartekariak. “Bitartekari-lanak egiten dituena boluntario gisa aritzen da, eta, lehenengo, prestakuntza jasotzen du, gai zehatz batzuen inguruan: bitartekariaren funtzioaz, entzute aktiboaz, autoestimuaz, begiruneaz eta tolerantziaz”. Alabaina, bitartekari horren lana ez da epailearena izango, bi alderdiek konponbide baketsu bat bilatzea baizik. Eskoletan, berdinen arteko bitartekaritza-proiektua ari dira garatzen, hau da, ikasleen arteko bitartekaritza-proiektua.
Abantaila ugari ikusten dizkio Perez Azkonak bitartekaritza-teknika eskolan erabiltzeari: “Errespetua, parte hartzea, komunikazioa…. Balio positibo ugari lantzen dira; horrez gain, gatazkak modu baketsuan konpon daitezkeela ikasten dute ikasleek, eta norberak izan duen jarreraz gogoeta egiteko aukera dauka, norberaren emozioak eta besteenak aztertzen dituzte; azken batean, menderatze-harremanak ezabatu egiten dira”. Haatik, zenbait gabezia ere baditu teknika horrek, “bitartekaritza ez baita nahikoa eraso larrien kasuan”. 
Lago Pueloko esperientzia
Argentinako Chubut probintzian, 2002an hasi ziren gatazkak modu baketsuan konpontzeko bitartekaritza erabiltzen, eta handik 5 urtera sartu zen Lago Pueloko eskoletan berdinen arteko bitartekaritza-proiektua. Argentinako estatuak eskaintzen duen zerbitzua da, eta ez da hezkuntzara mugatzen. Eskolan garatzen den bitartekaritza-lanak indarkeria modu prebentiboan lantzeko aukera ematen du, “gaitasun sozialen ikaskuntza sustatuko duten estrategiak eta ekintzak jartzen direlako abian, eta elkarbizitza hobetu egingo dutelako horiek”, azaldu du Perez Azkonak. Eskola programa horrek berdinen arteko bitartekaritza gararaziko duten ­ekintzak diseinatzera bideratuko du eskola, eta horretarako, ikasleekin gatazkatsuak izan daitezkeen zenbait egoera landuko dituzte aurrez. Lan prebentibo horren parte da, esate baterako, ikasleak prestatzea.
Prestakuntza jaso duten ikasle horiek bitartekari izan daitezke ikaskideen arteko gatazketan, beren burua boluntario aurkezten badute eta gatazkan dauden bi alderdiek onartu egiten badituzte. Perez Azkonak zehaztu duenez, bitartekaritzak ezaugarri hauek bete behar ditu: isiltasuna, neutraltasuna, elkarlana, nahitasuna eta etorkizunari begiratzea. Baldintza horiek betetzen direnean, bi alderdien artekokomunikazioa eta ulermena bultzatuko duten zenbait fase bereiziko dira bitartekaritza horretan: alderdi bakoitzarekin hitz egingo du bitartekari boluntarioak, eta zer prozesu egingo duten ­azalduko die; arauak eta prozesua aurkeztu ondoren, bi alderdiek gertaeren bertsioa azalduko dute, eta pixkanaka gatazkaren korapiloak identifikatu ­egingo dituzte guztien artean eta gatazka konpontzeko abiapuntua ezarri. Azkenik, bitartekariak konponbideak proposatuko dizkie alderdiei, eta ados jartzen ahaleginduko dira, neurri orekatuak, zehatzak eta egingarriak adostu ondoren. 
Prozesu hori guztia hainbat jardueraren bidez egiten dute alderdiek eta bitartekariak, eta jarduera horien helburu nagusia bizitzarako baliagarriak izango zaizkien gaitasunak garatzea da. “Gaitasun horiek, bereziki, elkarbizitza eta gatazken konponbide baketsua lortzera bideratzen dira, eta hainbat ezaugarri lantzen dira jardueren bidez, besteak beste, pentsamendu kritikoa eta sormena, komunikazio eragilea, harremanak ezartzeko eta harreman horiei eusteko gaitasuna, emozioen eta tentsioen kudeaketa egokia, enpatia eta gatazkak konpontzeko gaitasuna.
Jokoen bidez, antzezpenen bidez, ipuinen bidez, telebistako programen bidez edota komikien bidez garatzen dira jarduera horiek, eta bakoitzak helburu zehatz bat dauka. Altxorraren bila jokoaren bidez, esate baterako, taldeko kideen arteko elkarrekintza sustatzen dute; antzezpenen bidez, sentimendu, ideia eta sentsazio komunen inguruko gogoeta eta ikerkuntza egiten dute; ­Edurne Zuri, Errauskine edota Txano Gorritxo ipuinetako testuak aztertuz, edota telebistako programen bidez edo komikien bidez, berriz, gatazkak eta horien konponbidearen inguruko ­azalpenak aztertzen dituzte. Azken batean, ikasleek gatazkei buruz gogoeta egitea eta hitz egitea bultzatzen dute jarduera horiek, eta baita gatazkek eragiten dituzten sentimendu eta jarreren inguruan hitz egitea ere. Eta, azkenik, negoziazioaren garaia dator: “Gatazkak konpontzeko bide bat negoziazioa dela azaldu behar zaie ikasleei, eta zenbait estrategia eta baliabide identifikatzeko ariketa egin behar da”. 
Bitartekaritza- eta negoziazio-lan hori, baina, ez da soilik boluntarioren esku gelditzen; izan ere, koordinazio-talde bat dago eskolan, eta talde horrek gatazken konponbidearen jarraipena egiten du. Koordinazio-taldeak bitartekari diren ikasleen taldearekin bilerak egingo ditu hamabostean behin. Horren ondoren, eskolak erabakitzen duen maiztasunez, proiektuaren inguruko txosten laburrak eta iritzi-bilketak egingo dira, eta ikasturtearen amaieran, proiektua ebaluatuko duen txostena egingo da, eta erabilitako tresnak, teknikak, estatistikak, inkestak… jaso egingo dira txosten horretan. 
Lago Puelon, bitartekaritza-lana ez da mugatzen ikasleen artean egiten den “ariketa”; izan ere, gatazkak modu baketsuan konpontzeari buruzko sentsibilizazioa, prestakuntza eta zabalkundea bultzatzen ditu proiektuak, eta ikerlan jarraitu bat egitea eskatzen du. Era berean, erakundeekin batera ari dira lan hori egiten ikastetxeetan, Argentinako estatuak eskaintzen duen bitartekaritza-zerbitzu hori ez baita mugatzen hezkuntzara, edozein gatazka mota konpontzeko teknika gisa erabiltzen baitute. 
Ondorioetara iristean, Leire Perez irakasleak dio oso garrantzitsua iruditzen zaiola eskolan balio eta jarrera batzuk lantzea eta irakastea, hala nola, elkarlana, elkarrizketa, begirunea, onarpena, eta bortizkeria bilatzen dutenak baztertzea. “Bitartekaritzak gatazka horiek guztiak modu baketsuan konpontzeko aukera ematen digu”. Baina, proiektu horren bidez, Gasteizko irakasleak argi ikusi du bitartekaritzarekin ez dela soilik irakasten gatazkak konpontzeko bide bat: “demokrazian, bakean eta giza eskubideetan oinarritzen den ikaskuntzan sakondu nahi da, benetako protagonistei, ikasleei, hitza ­emanez”.