Irene Balaguer eta David Altimir. Associació de mestres Rosa Sensat-eko arduradunak

2011-10-01
Pedagogiako aurrerapauso handienak araudiak hautsiz egin dira
 Rosa Sensat irakasle eskolak 46 urte daramatza irakasleak prestatzen. Irene Balaguer pedagogoa eta Haur Hezkuntzan espezializatua ­hastapenetik dabil murgilduta ­irakaskuntza ­berritzeko proiektuan, ­eta ,gaur egun, David Altimirrekin eta Josep Fernandez eta Montserrat ­Ramosekin partekatzen du Rosa ­Sensateko zuzendaritza. Altimir jaio zenerako, urteak zeramatzan lanean elkarteak. Bi kideek hartu dute Hik ­Hasi  Bartzelonako erdigunean duten ­eraikinaren bulegoetan, hezkuntzari buruz gogoz eta ilusioz beterik ­mintzatzeko prest. “Eskolara joan eta haurrekin ikasteko estimuluak umore oneko jaikiarazten gaitu”, dio ­Balaguerrek, irribarrez. 
Irakasleen elkarte honek 2.000 bazkidetik gora biltzen ditu, eta 500 ­kidek egiten dute lan boluntario ­gisara. Batzar eta lan ­batzordeetan ­biltzen ­dira, eta ­batzar horiek ­aukeratzen ­dituzte ­zuzendaritzako 16 ­kideak. ­Horiez gain, ­30 langile dauzka ­elkarteak.
 
 
Nola dago Rosa Sensat, 46 urteren ondoren?
David Altimir: Orain, inoiz baino gehiago, Rosa Sensat esperantza bat da, gure ofizioarekiko berriro ilusioa bilatzen lagunduko digun elkarte bat. Hezkuntza sailburuari entzun berri diot irakasleen motibazioaz hitz egiten. “Nola ez dira, bada, irakasleak motibatuta ­egongo, bizi osorako lana izango badute!”, zioen berak. Ezinezkoa da pentsamendu horrekin irakaslearen lanean ­ilusioa edukitzea. Eta horretarako dago Rosa Sensat, Sensat ilusioz beteko zaituen leku hori da, prestatuko zaren ­lekua, eta ondoan dituzun irakasleen esperientziarekin hazi egingo zara. ­Errepublika garaian eta frankismoan lan egin duten irakasleen ondarearekin haz zintezkeen lekua da Rosa Sensat. Gaur egun, elkarteak duen erronka da mezu hori zabaltzea, irakaskuntzarekiko ilusioa eta motibazioa zabaltzea.
Baina erronka hori hasieratik izan du Rosa Sensatek. Zer aldatu da? 
Irene Balaguer: Hasieran klandestinitatean geunden, eta hori zen irakasleontzat eta Rosa Sensatentzat zailtasunik handiena, klandestinitatea bera. Baina, era berean, denok elkarturik geunden ezarrita zegoen erregimenaren aurka, eta hezkuntzan ere batasuna zegoen. Erregimena eta klandestinitatea kontra geneuzkan faktoreak ziren, baina, era berean, indarra eta batasuna ematen zizkiguten irakasleoi. Guztiok egin genuen borroka demokrazia lortzeko, eta, orain, urte askotako demokrazia dugun honetan, legeak, arauak eta araudiak demokratikoak dira, eta horrek zilegitasuna ematen diete araudi horiei, jendeak bozkatuak direlako; baina, sarri esan behar izaten dugu, neurri eta araudi horiek demokratikoki egin eta onartu diren arren, ez daudela haurren mesedetan eginak. Horrelako jarreren eta araudien aurrean, horrelakoen aurka, beti aurkituko gaituzte gu. Hor dago hasierako garaietatik hona ­izan dugun aldaketa handiena: oso zaila da demokratikoki egina, eta onartua, ­eta bozkatua izan den lege baten kontra egitea. Horrek aldeak dakartza irakasleen artean eta gure taldearen barruan: ñabardurak daude; lehen berriz, aurkari berari aurre egiten genion guztiok elkarrekin.
Azkena, Kataluniako Hezkuntza Legearen aurka agertu da Rosa Sensat.
IB: Iaz onartu zen Hezkuntza Legearen kontra azaldu zen Rosa Sensat, sistematikoki, demokratikoa izanagatik ­ere, atzerakoia delako guztiz. Aurreko legegintzaldian, pentsatzen genuen gobernu aurrerakoi batek ideia aurrerakoiekin egitura zezakeela herrialdeko hezkuntza, baina, guztiz bestela, ideia zeharo erreakzionario eta merkantilekin egituratu du herria, eta ezin izan ditugu gure ideiak haiekin partekatu. ­Ororen gainetik, guk esperantza gehien Kataluniako Hezkuntza Legean genuen, eta bakarrik gelditu gara legeari kontra egiteko unean. Batzuek eroso zeudelako; besteak, haien alderdikideak zirelako; eta hurrengoek, alde bozkatuz gero mesederen bat jasotzen zutelako, Rosa Sensat bakarrik gelditu da Hezkuntza Legearen kontra egiten. 
Dena den, Kataluniako Hezkuntza Legea ez da salbuespen bat Europan. Europako herrialdeetako bizimodua ­atzerakoia da, erregresiboa, testuinguru orokorra atzerakoia da Europan, eta hiritarrak eta irakasleak desorientatuta gaude, ez daukagu ez ezkerrik ez eskuinik, guztiak berdinak dira. Eta hori arazo handia da. Lehen gauzak zuri edo beltz ziren, sinpleak, orain, berriz, zuritik beltzera, ñabardura guztiak dauzkazu ostadarrean.
Rosa Sensat Kataluniako Legearen aurrean bakarrik gelditu zela diozue, eta zer zioten irakasleek?
DA: Gure iritzia behetik gora eraikitzen da, eskoletan dauden irakasleek haien iritzia guri helarazten digute, eta gure argudioak horien arabera lantzen ditugu, behetik gora. Eta, argi eta garbi, ­iritzi horiek legearen kontrakoak dira.
IB: Beti gutxiengo bat izan da Rosa Sensat, nahiz eta asko garen. Eskoletan dauden irakasleekin gero eta sintonia handiagoa dauka Rosa Sensatek, Kataluniako irakasleak, nagusiki, Hezkuntza Legearen aurka baitaude, eta ez baitute bat egiten azken urteetako politi­kekin.
Rosa Sensat sortu ondoren, behin frankismoa amaituta ere, gorakada bizi izan zuen irakaskuntzaren berrikuntzak; gero, instituzionalizatu egin da. Zer gertatu da?
IB: 70eko hamarkadan, frankismo bukaerako eta demokraziaren hasierako urteetan, gauzak aldatu nahi zituzten irakasleek gure lana erreferente zuten, bai udako eskoletan parte hartzen zutelako, bai beste lan batzuen bidez ezagutzen gintuztelako. Urte luzeetan diktadurak inposatu zuen pedagogia-eredu tradizionalaren aurrean pedagogia berritzaileagoa eskaintzen eta aldarrikatzen genuen guk, eta hori irakasle askoren erreferente izan zen. Sare bat sortu zen pedagogia berritzeko autonomia erkidego guztietan. HSAOL onartu zenean, irakasleen zentroak sortu ziren, ­eta mugimenduan zeuden irakasle haiek guztiak zentro haietan murgildu ziren, eta ezin da bi lekutan egon aldi berean. Hezkuntza-sistemak, bere kabuz, guztia irensten du herrialde honetan, guztia funtzionarizatu egiten du, eta horixe gertatu da. Orain, irakasle zentro gehienak oso funtzionarizatuta daude, eta egitura arkaikoa dute, aurreko erregimeneko garaien antza handiagoa du, gaur egungo egiturena baino.
Pedagogia berritzailearen aldeko mugimendu hura desagertu egin da, eta berriro beharren oinarrietara joan behar dugu, ez soilik gure errealitatea dinamizatzeko, baita beste mugimenduak ­aktibatzeko ere.
Konfiantza handia geneukan demokrazian, eta pentsatu genuen ez zela mugimendu sozialik behar, eta hori ­akats handia izan zen. Zenbat eta demokrazia gehiago, orduan eta mugimendu sozial handiagoa behar da, parte-hartzea areagotu egin behar da. Akatsetatik ikasi dugu lezio hori, noski. Benetako gizarte demokratikoa nahi badugu, ­ezin dugu mugatu gizarte horren parte-hartze demokratikoa lau urtean behineko bozketara mugatzea, baizik eta gizarte aktiboa izan behar du, iritziak sortuko dituen gizartea, bestela oso demokrazia aspergarria proposatzen digute.
Legez eta funtzionarizazio egituraz hain arkaikoa eta kontrolatua den egitura horretan, eskola berritzaileak garatu daitezkeela uste al duzue?
IB: Begira, gaur egun ez gaude lehen baino kontrolatuago, ea gauzak argitzen ditugun! Kortsea buruan daukagu. Diktadura garaian arauak hausten genituen: eskoletan katalanez hitz egin ezin zenean, katalanez hitz egiten genuen; diktadura garaian neskatoak eta mutikoak bereizirik eduki behar genituen, baina elkartu egiten genituen, era horretan pedagogia aktiboa egiten genuen. Orduan hori guztia egiten bagenuen, gaur egun, nork ukatuko digu eskola berritzailea egitea?
DA: Gaur egun arauak hauts ditzakegu, kartzelara joateko beldurrik eduki gabe.
Gaur egun, sistema bestelakoa da, eta arazoak eta beldurrak ere bestelakoak dira, diru-laguntzak kentzekoa, adibidez.
DA: Ernest Maragall aurreko hezkuntza kontseilariak, araudiaren barruan dagoen eskola “desberdin” bat ­ikustean, hauxe esan zuen: “hemen metro koadroko hamaika arau hausten dituzue”; eta irakasleek erantzun zioten: “bai, bai, kontseilari jauna, araudiari muzin egiten diogu gauzak hobetzeko”. Eta bere horretan onartu zuen Maragallek irakasleek esandakoa. Helburu eta ideia konkretu batzuei erantzuteko eta ho­betzeko denean, araudiak hautsi egin behar dira.
IB: Ez dakit, gaur egun, Euskadi zehazki nola dagoen, baina ni hara joan nintzenean ere ikusi nuen jendeak ­araudiak haustsi egiten zituela, bai eskola ­publikoetan eta baita ikastoletan ­ere. Pedagogiako aurrerapauso handienak araudiak hautsiz egin dira, araudiak egiten dituenak ez daukalako ­ideiarik ere, edota ez dietelako haurrei mesederik ­egiten. Irakasleak dira haurren errealitatea ezagutzen dutenak eta aldaketak eta hobekuntzak egin ditzaketenak.
Gutxiengoen kasua den arren, bada jendea eskola berria egiteko ilusioa duena, baina ez du asmatzen ilusio horri gorputza ematen. Ba al dator mugimendu berriren bat? 
IB: Gauza berriak egin nahi dituzten irakasle horiei laguntza ematea da gure lana. Eskolan irakasleak duen egiteko bera dugu guk: irakaslea laguntzeko dago. Gure belaunaldia zorionekoa izan da, Marta Mata, Jordi Coch, Maria Antonia Aznar… izan ditugu, eta segurtasuna eman digute berritu eta hobetu nahi izan dituzten gauza horietan guztietan. Guk ere gazteen ondoan egon behar dugu, baina haiek izan behar dute protagonista.
DA: Irakasleek elkartu egin behar dute, hitz egin, eta guk oxigenoa eman behar diegu gero beraiek egiteko, haurrek bezala.
Unibertsitatean zabiltzate biok. Nola ikusten duzue mundu hori?
IB: Hezkuntzaren errealitateak zera erakusten du: aldatzeko ezintasun handia duela. Amak eta aitak beraien seme-alabekin bezala, irakasleok, egin digutena ikasleengan errepikatzeko joera dugu, hezkuntzan asko eragiten baitu egin dizutenak. Irakasle desberdina, ­irakasle berritzailea izan nahi baduzu, erantzi egin behar duzu esperientziaz betea dakarzun motxila, eta horrek ahalegin berezia eskatuko dizu, betiere ez baduzu irakasle aurrerakoi izateko zoriona eduki. Pedagogo handi guztiek eskola-prestakuntza egin dute haurren eskolaren ondoan, Pestaloggi, Frebel, Malaguzzi… Malaguzzik zera esan zuen: “Ez iezazkidazu formatu haurrak, deformatzen eta formatzen lan bikoitza eman behar baitidazue”. Eta hori da unibertsitatearekin gertatzen dena. Benetan ­ikasteko bidea umeekin egotea da, haiekin esperientziak bizitzea eta, ondoren, hausnartzea. Praktikarik eta ­ekintzarik gabe ez dago gogoetarik, eta hori da, gaur egun, unibertsitateak daukan drama handia. Praktikari bizkarra ­ematen dio guztiz, esperientzia eta hausnarketarako laborategia falta zaio, eta ez dago Bolognarik horri aurre egingo dionik!
Irakasle bokazioa krisian ote dago?
IB: Irakaslegaien artean beti dago proportzio bat bokazioagatik egiten dituena irakasle ikasketak, baina beste kopuru handi bat bestelako baldintzek erakarrita etortzen da; ezin dugu inoiz pentsatu % 100 mundua aldatzeko gogoz doanik irakasle eskolara. Teoriari loturik dago unibertsitatea, nahiz eta Bolognak praktikak bultzatzen dituen. Baina, praktika guztiek ez dute pedagogia berritzailea eskainiko, praktiketan fitxak betetzen pasatzen dute egun erdia irakaslegaiek. Horrek erakusten du unibertsitatearen krisia.
Jarrera aldatu egin behar da, eta gauza bat izan behar da oso kontuan: irakasleak ere ikasi egiten duela eskolan; guk, ­irakasleok, etengabe hitz egin beharrean, entzun ere egin behar dugu. 
DA: Unibertsitatetik ateratzen den jende berriak ez daki beste era batera lan egin daitekeela, irakaskuntza tradizionala bakarrik ezagutzen du, eta ez dauka ez tresnarik eta ez jakintzarik eskola berritzeko. Unibertsitateak eta eskolek oso harreman gutxi dute. Vic hiriko adibidea jarriko dizuet, unibertsitateak eskolen errealitatea aldatzeko zer gaitasun gutxi duen erakusten du: ­oso irakasle interesgarriak daude han, baina ez daukate inolako harremanik ­unibertsitatearen ondo-ondoko ikastetxeekin; eskola horiek ez dira berritzaileak, ez punta-puntakoak, ez aurrerakoiak. Eskola horiek unibertsitateko gela izan beharko lukete, laborategi; beste era batera lan egiten duen eskola ­izan behar luke unibertsitatearen ondoan dagoen ikastetxe batek.
Baina sistemak ez du laguntzen eskola berritzen.
DA: Gaur egun, irakasleok aukeratzen dugu nora joango garen lanera, ­ikastetxeetako proiektuek edo taldeek ez dute aukeratzen beraiekin lan egiteko behar duten jendearen profila. Hori da sistema honen arazoetako bat.
IB: Lege berri bat egiten duten aldiko gauzak okertu egiten dituzte. Utz diezaiotela legeak egiteari eta jar daitezela eskoletako errealitateari begira; zail­tasunak zailtasun, interes handiko proiektuak ari dira sortzen, eta proiektu horiek lagundu egin behar dira, eredu ­izango baitira ondokoentzat ere. 
Adibide bat: eskola txikietan gauzak egitea errazagoa da, emaitzak hobeak dira, baina, hala ere, etenik gabe jarraitzen dute makroeskolak egiten, zailtasunak jartzen. Politika horiek ez dira zuzenak, bizitzeko egokiagoak diren errealitateak behar ditugu. Adin guztietako haurrek egunean ordu asko egiten dituzte eskolan; nolakoa izan behar du eskolak haurrak modu osasuntsuan egon daitezen eskoletan? Bada, aire libreko espazioak dituztenak. Baina ez, makroeskolak eta espazio itxiak egiten dituzte, eta, horretarako, ez da legerik behar. Hobekuntza pedagogiko handiak etorriko dira ekintza politiko txikiak eginez egunerokoan, horiek dira gauza handiak, haurren bizimoduan eta egunerokoan eragin zuzena baitute. Ez ditugu ­adierazpen ponposoak nahi, horretan guztiok ados geundeke, eta, benetan, ­ikusten ari gara sistema honek ez duela funtzionatzen.
 
Zein dira, zuen ikuspegitik, Kataluniako Hezkuntza Lege berriaren puntu ahulenak?
IB: 0-3ari ematen zaion tratua, adibidez. Ikastetxeei autonomia eman behar zaie, eta autonomiak zuzendaritzarekin lotuta egon behar du; autonomia deitu dutena ez da onargarria, eskola publikoen artean zauri handia ­eragingo du haiek proposatzen dutena aurrera ­ateratzeak, zentroko zerbitzu ­eta espazioak merkaturatzeko aukera ematen baitu legeak. Legeak demokrazia ­anulatu egin du. Umeez ez da hitz egin ­ere ­egiten; familiez gauza konkretu batzuetarako bakarrik hitz egiten da, eta ­irakasle-taldeaz ere ez da hitz egiten; ­epeak estutu egiten dira, irakasleak elkar ez daitezen eta eztabaida ez dezaten. Ez badugu denborarik hitz egiteko, elkarrizketarako, ezin dugu ezer eraiki, eta hitz egitea eta pentsatzea ez da denbora galtzea, kontrakoa da, denbora aurreztea. 
Gure kasuan, haur eskolak partzuergoan bildu dira Euskal Herriko zenbait kasutan, eta horrek nortasun arazoak dakartza.
IB: Euskadin arazo handi bat duzue: 2 urteko haur guztiak eskolatuta dituzue. Hemen ez da esaten, baina ni ausartzen naiz esatera: hori arazo handia da, 0-3ko tartea 0-2ra mugatuta gelditzen da, eta zaila da hor lan egitea, zeren identitate zaileko epea da 0-2koa. Zentro horiek hezkuntza-zentroak dira, bai, baina ez bakarrik hezkuntza-zentroak. 0-2tik aurrera, badirudi gurasoak ez direla garrantzitsuak, eta pertsona guztientzat gurasoak garrantzitsuak dira, ez 0-2koentzat bakarrik; bizitza osoan ­oinarrizkoa da familia, eta 3 urtetik aurrerakoei kendu egiten zaizkie gurasoak. Hezkuntzaz gain, zerbitzu sozialetik ere badute haur eskolek, eta hori guztia kudeatzeko tresnak behar dituzte udalek. Kudeaketa udalei transferitu zaie, 0-3 etapak dituen beharrei aurre egiteko nahikoa baliabide transferitu gabe, eta, ondorioz, udalak bere lanak kanporatu egiten ditu, eta hori arazo bat da. Udal titulartasuna dute, baina kanpoan kontrataturiko langileak ditu. Horregatik, gaur egun Katalunian, 0-2 urte bitarteko haur eskola publikoak egoera ­okerragoan daude pribatuak baino.
Baliabideak izango balitu, eskolak udalaren esku egotea irtenbide ona litzateke, ezta?
IB: Zalantzarik gabe, eskolen kudeaketa udalek egin behar dute, gertukoenak dira. Baina ezin zaio transferitu eskumen bat baliabiderik transferitu gabe,  hori guztiz arduragabea da. ­Uda­lentzat arazo larria da baliabiderik ez ­izatea. Udal askok itzelezko lana egin dute beraien ikastetxeekin, eta hori gertu dagoen batek bakarrik egin dezake. Kontua da sistema Napoleonen garaikoa dela, guztiz zaharkituta dagoela. ­Eta, aldiz, modernotzat saltzen digutena komertzializazioa da, merkatua. ­Eta ez bata eta ez bestea, gobernuek ­ezin diete uko egin beraien erantzukizunei: arduratsu izateak udalen zerbitzura baliabideak jartzea dakar. 
Haur Hezkuntzan esperientzia handia duzu, Balaguer. Zein dira gaurko erreferenteak?
IB: Perspektiba ireki egin behar dugu, baita geografikoki ere: Latinoamerikari begiratu behar diogu, 0-6 urte bitarteko haurrekin nola lan egiten duten miresgarria da. Era berean, une honetan zientifikoki frogatuta dago bizitzako lehen urteak direla pertsonarengan inportanteenak, psikologiak, neurologiak eta antropologiak argitu dute hori. Horrek lehendik bagenekiena baieztatzen du, hau da, Haur Hezkuntza funtsezkoa dela. Oso profil berezia eragiten du Haur Hezkuntzak profesionalengan: irakaskuntzan dabilen langile suharrena eta motibatuena, mundu ­osoan, Haur Hezkuntzan dabil. Optimistak izateko aukera dugu, zientziak erakutsi du irakasle eta pedagogoek aurreikusten zutena, hau da, lehen urteak oso garrantzitsuak direla, eta Haur Hezkuntzako irakasleak dira gartsuenak. 
Horrek erakusten du hezkuntzari zer-nolako garrantzia ematen dioten instituzioek, diskurtsoetan hezkuntzak garrantzi handia du, bizitza guztiko hezkuntzaz mintzatzen dira, baina, gero, neurriak kontrakoak dira. 
IB: Bizitza guztiko hezkuntzaz Jacques DeLors-en Liburu Zuria mintzatzen zen duela 20 urte. Gaur egungo Europak ez du zerikusirik DeLorsek aipatzen zuen Europa harekin. Esloganak hartzen dituzte Europako agintariek, ­eta beraien erara interpretatzen dituzte, DeLorsen Hezkuntzak bere barnean ezkutaturiko altxor bat du  liburuan ­esaten zituen ideiak akordio merkantilistetara moldatu dituzte. Horrelakoak dira Lisboako akordioak hezkuntzari buruz egiten dituen erreferentzia guztiak ere, kopuruan oinarritzen du dena Lisboako akordioak: eskolatuen kopurua; prestakuntza profesionalari lehentasuna ematea, arrazoi ekonomikoengatik; unibertsitateko ikasleen kopurua jaistea, garestiegi ateratzen direlako… 
1990ean, Europako Batzordeko sarean nengoenean, gomendio-gutun bat egin genuen, eta urte gutxira atzera bota zituzten gomendio haiek denak, ­eta zenbakitan neurtzen hasi ziren guztia. Gure ideiak hartu zituzten, edukiz hustu egin zituzten, eta beraien erara moldatu zituzten. Europako mapari begiratu besterik ez dago, zenbat gobernu kontserbadore eta zenbat aurrerakoi dauden ­ikusteko. Eta proposatzen duten hezkuntza ere estilo berekoa da, noski. Ezin dugu ahaztu ingelesez educationek instruction esan nahi duela. Eta gu ez gara ari horri buruz hitz egiten. Arazo ­ideologikoa dut gaur egungo Europarekin.
Jarrera kontserbadoreak aipatu dituzuenez, PPk esan du Katalunian ezin dela gaztelaniaz ikasi. Lehen ez zuen horrelakorik esaten. Giroa aldatu egin al da?
IB: Patetikoa da gai hori. Auzitegi Gorenera hiru salaketa iritsi ziren, Katalunian ezin dela gaztelaniaz ikasi argudiatuta, ez dira gauza ezta 300 salaketa biltzeko ere! Gai hori oso ondo jorratu dute irakasleek Katalunian, eta gaztelaniadun familietako jatorria zutenek ere, duela 30 urte katalana ikasi zuten haur haiek, errespetuz ikasi zuten. Gure belaunaldikoak iraindu egiten gintuzten katalanez hitz egiteagatik, eta jazarri katalanez irakasteagatik. Gaur egun, haurrek naturaltasunez eta errespetuz ikasten dute katalanez, gure hizkuntzak maitatua izan behar du, ez inposatua. ­Eta katalana eta gaztelania, biak ikasi behar dira.
DA: Gurasoek haurren hizkuntza ­erabakitzen badute, bereizi egiten dituzte, hizkuntza gutxitua ez dakiten haurrak ari baitira sortzen.
Katalanaz eta gaztelaniaz gain, eskoletan ingelesa sartzearena nola daramazue Katalunian?
IB: Kontua da ez direla gauza bera eskubide-berdintasuna eta terrenteria. Ingelesa ezarri nahi duten moduak arazo ugari ditu: lehenengoa, ez dauzkagula behar adina irakasle ingelesez ondo hitz egiten dutenak; gero eta lehenago ­ikasten hasteak ez du esan nahi hirugarren hizkuntza hori gertukoagoa ­izango denik; eta, bestetik, teknologia berriak erabili behar ditugu hizkuntza hau edo bestea ikasteko. 
Ingelesetik aparte, testuinguru eleaniztun hori baliatu egin beharko genuke ­ikasleari bere lagunen hizkuntza guztiak ezagutzen laguntzeko, eta hitz batzuk behintzat ulertzeko. Errealitate desberdin asko dauzkagu inguruan, eta eleaniztasun hori ezagutzea oso aberatsa izan daiteke, eta oso erraz egin daiteke, gainera; haurra protagonista izan daitekeela dioen teorian bete-betean sartzen da ideia hori. Haurrak bere ama-hizkuntzan konta dezake ipuin bat, bere senide batek lagundurik; gutxienez, ikasleek hizkuntza horren musika ezagutuko dute, eta hori oso aberatsa da. Harro esaten dut eskola aberatsena publikoa dela, hizkuntza asko ditugu, kultura asko, eta aberastasun hori partekatzen ikasi behar da. 
Guk hemen, nagusiki, ingelesa daukagu buruan, baina ez da leku guztietan horrela: Berlinen izan nintzen duela hiru urte, eta bisitatu nituen ikastetxe guztien artean batek berak ere ez zuen ingelesa irakasten, latina edo txinera eskaintzen zuten, zentroak autonomia zuen zer hizkuntza ikasiko zituen hautatzeko.
Ikasgaiak adinean aurreratzea eta ­ikasgai batekin gero eta lehenago hastea irakaskuntza-akats handia da. Zertarako behar dute ingelesa haur txiki horiek? 
Ingelesa bezala, informatika ere gero eta lehenago sartu nahi da…
IB: Informatikan arazoa dugunok helduak gara, haur horiek informatikaren aroan jaio dira, eta nik bolaluma erabiltzen ikasi nuen bezala dakite haiek ordenagailuak eta teknologia berriak ­erabiltzen. Gu blokeatu egiten gara, baina haiek ez. Haurrak irakasleen eta gurasoen irakasle izan daitezke, eta ez dago arazorik, haiei eman behar diegu protagonismoa. Guk lagundu behar diegu irizpideak ezartzen, zer den interesgarria eta zer ez bereizten lagundu behar die irakasleak, nahiz eta tresna haurrak baino okerrago erabili. 
Zer lan ditu oraintxe eskuartean Rosa Sensatek?
DA: Esandako erronkak betetzen ­eta ilusio horri erantzuten lan handia dugu. Baina, bestelako lan “praktikoagoak” ere baditugu. Udako ikastaroek, adibidez, goraka egin dute azken lau urteetan. Irakasle berriak oso gustura ­etortzen dira, gauza berriak ezagutzen dituztelako. 175 bat ikastaro antolatu genituen iaz, eta hezkuntza birsortzeko beharrari buruzko eztabaidak egin genituen. Infancia aldizkarian lanean ­jarraitzen dugu, Infanciaren ale katalana eta gaztelaniazkoa daude, baina biak autonomoak dira, ez dira itzuliak. ­Infancia katalanak Balear Uharteak, Valentzia eta Ipar Katalunia hartzen ditu. Eta Infancia Europan 16 hizkuntzatan ­idazten da, eta 16 herrialde horietako langileekin osaturiko erredakzio-kontseiluak dauzkate.
IB: Aurrera begira, jardunbide egokiak zabaltzeko telebista bat sortuko dugu. Jardunbide egokien eredu asko daude, eta 2011 honetan telebista digital bat sortu nahi dugu ikastetxe horiek ­ezagutarazteko, eta 2012an jarriko du indarrean Rosa Sensatek telebista hori. Ikusiko dugu haurrak nola antolatzen diren espazioetan, adibidez. Gaur ­egungo baliabideekin lan egiten ikasi behar dugu. Eta galtzak bete lan dugu.