Antzerki soziala Arantzazun

2011-10-01

Antzerki sozialaren bidez, jazarpenaren aurkako esku-hartze prebentiboa lantzen da Arantzazun, Baketik gatazken lantze etikoaren bake-zentroan

 
 
Bi atezainek, oso serio, nortasun-­agiriak eskatu dizkiete gaztetxoei, eta biribilean eserarazi dituzte guztiak. Bati motxila irekiarazi diote. Serio. Ez dago irribarrerik ia, esan liteke urduritasuna nabari dela airean.
“Hasi da ikuskizuna”. Atezainak aktoreak dira, eta gaztetxoak, ikasleak. Guztiak antzezlan baten parte dira, gaztetxoek ez jakin arren. Eta Hik Hasik ­ere saio batean parte hartu du, ikasleekin batera. Antzezlan horrek ezaugarri bereziak ditu, antzerki-foroa baita: antzerki modu horretan, aktoreek arazo bati buruzko lan bat antzeztuko dute, ­amaiera gaiztoko antzezlan bat, hain zuzen, eta ikasleen lana eszenak eta eszenatokia aldatuz istorioa hobeto ­amaitzea izango da, ikasleak beraiek aktore bihurtuta. Gizartean eragiten duen metodo pedagogikoa da antzerki soziala. 
Lehenik eta behin, Gilbertoren kasua antzeztu dute Elena Azkargorta eta Mai Gorostiaga aktoreek. Gilberto Brasildik Euskal Herrira etorri berria da, ­eta, euskaraz eta gaztelaniaz deus jakin gabe hasi da eskolan. Berehala bihurtu da gelakideen irainen eta burlen jomuga.
Jazarpenaren eta integrazioaren gaia bi antzezlan laburren bidez aurkeztu dute aktoreek, eta, bitartean, isilik eta adi daude ikasleak. Berehala altxatu du eskua ikusleen artean biribilean eserita dagoen gaztetxo batek. Ramon du izena: “Ni asko identifikatuta naiz Gilbertoren kasuarekin. Errumaniatik etorri nintzen, ez euskaraz eta ez gaztelaniaz ezer ez nekiela, eta hasieran oso bakarrik sentitu nintzen”. Ramonen gelakide gehienak ere jatorriz Euskal Herriz kanpokoak dira, eta, ­apurka-apurka, haiek ere beren esperientziak kontatzen hasi dira.
Azken batean, horixe da Antzerki Forumaren helburua, metodo pedagogiko gisa eztabaida ikasle eta irakasleen esku jartzea, eta errealitatea ezagutzeko eta aldatzeko hausnarketa metodo gisa erabiltzea. “Ikusle pasiboa egile ­eta aktore aktibo bihurtzea lortu nahi da, lehenik antzezlan batean, eta, gero, ­agian, bakoitzaren errealitatean”.
Duela bost urte abiatu zuten Antzerki Foruma Arantzazun, eta ordutik horretan dabiltza Elena Azkargorta eta Mai Gorostiaga, adibidea Irlandan hartuta, eta “gizartean eta eskolan jazarpenak sortzen duen kezka ikusita”. Jazarpenaren aurkako esku-hartze prebentiboa lantzen da, beraz, Arantzazun, Baketik gatazken lantze etikoaren bake-zentroan. 8 urtetik 16 urte bitarteko haurrentzat dago prestatua, eta, adinaren arabera egokituta, arrazismoaren, jazarpenaren edota bullying-aren aurkako esku-hartze prebentiboa lantzen dute, antzerkiaren bidez.
Hiru ataleko esperientzia
Gilbertoren kasua eta lankide ijito bat onartzeagatik amarekin arazoak dituen mutilaren kasua planteatu ostean, gaztetxoek antzezlanetan aurkeztutako jarrerak aldatzeko proposamenak egiten dituzte, eta ikasleek beraiek antzezten dituzte jarrera horiek, zorigaiztoko amaiera aldatu eta zuzenago bat ­emanez egoera horiei. 
Fikziozko bi kasu aurkeztu eta landu ondoren, jazarpen- eta integrazio-­arazo erreal bat aurkeztuko diete haurrei, Babaren kasua. Babak berak adierazi duenez, Senegaldik etorri zen Euskal Herrira lanera, eta hemen bizi izandako egoera gogorrak aurkeztu dizkie ikasleei. Babari galderak egiteko aukera izan dute, eta elkarrekin esperientziak partekatu dituzte.
Esperientzia horren hirugarren zatian, analisi- eta gogoeta-lantegi bat ­egingo dute guztiek elkarrekin, eta norberak bizi izandakoa, ikusitakoa eta jarrera egokiagoak mahai gainera ekarriko dituzte. Hezitzaileen arabera, hirugarren atal horretan hausnarketa ­ugari planteatzen dituzte ikasleek, antzerkiaren bidez emozioak azaltzen baitituzte
17.000 ikasleren esperientzia
Arantzazuko Antzerki Forum egitasmoan, antzerkiaren bidez eskolan balio etikoak bultzatzen dituen programa horretan, 310 ikastetxek eta 8 urtetik 12 urtera bitarteko 17.000 ikasle inguruk hartu dute parte dagoeneko. Baketik-ek ikastetxeei zerbitzu hori kosturik gabe eskaini die azken bost ikasturteetan; baina, krisiaren ondorioz eta erakundeen laguntzak gutxitu egin direnez, ikastetxe bakoitzari laguntza ekonomiko xume bat eskatuko diote aurrerantzean Arantzazutik, egiten duen Antzerki Forumeko saio bakoitzeko. Horrez gain, aurtengo programazioari beste gai bat, laugarrena, gehituko diote, giza duintasunaren ikaskuntza oinarri hartuta: droga-mendekotasunaren prebentzioa landuko dute 16 urtetik 18 urte bitarteko ikasleekin. Hauxe da ­ikasturte honetan izango duten egitaraua: irailaren 19tik azaroaren 14ra, eskolako indarkeria- eta jazarpen-jarreren prebentzioa, 10 urtetik 13 urte bitarteko ikasleentzat; urtarrilaren 16tik ­otsailaren 16ra, giza duintasunaren ­ikaskuntza oinarri hartuta, droga-mendekotasunaren prebentzioa, 16 urtetik 18 urte bitarteko ikasleei zuzendua; ­otsailaren 27tik martxoaren 29ra, eskolako afektibitate- eta bizikidetza-harremanetan errespetu-, askatasun- eta berdintasun-balioak lantzea, 13 eta 14 urteko ­ikasleentzat; apirilaren 16tik maiatzaren 22ra, eskolan errespetu- eta berdintasun-balioak lantzea, kultura ­aniztasunarekin eta immigrazioarekin lotuta, 15 eta 16 urteko ikasleentzat.