Euskal hezkuntza komunitateak inoiz baino batuago egon beharko luke

2012-01-01

Bitarteko gehiago behar ditugu: gertuagoko gestioa lortzea, parte-hartzea erraztea, Hezkuntza Sistema demokratizatzea ­eta abar. Izan ere, eskola komunitateak era sistematikoan parte-hartzen duenean, arlo guztietako emaitzak hobetzen dira.

 
 
Zaila da, bai, eskola on bat egitea.
Egitura administratibo zaharkituari krisi ekonomikoa gehitu zaio, eta, horri, alderdikeriaren “gaixotasuna” erantsi. Espainian gobernu berria jarri orduko, hezkuntza osoan eragingo duen lege organiko berria aurkeztu du: aurrekoak egindakoa hankaz gora jartzen da Madrilen. Protagonismo kontua al da? Ideologiak eragindakoa? Europatik ­eratorritako irizpideen gauzatzea? Garbi dagoena da ez dagoela etorkizuna antolatzeko akordio estrategikorik, ­eta, gobernatzen duenaren esku geratzen dela Hezkuntza Sistema  kudeatzea. Horretan guztietan, non geratzen dira herritarrak? Nork izaten ditu kontuan ikasleak, gurasoak, hezkuntzako langileak? Funtsean, hori guztia ez al da demokrazia eza?
Mariano Rajoi jaunak, Madrileko gobernu berriaren buruak, egindako ­adierazpenek kezka sortu digute: “Gaztelaniaren ezagutza, eta lurralde nazional guztian jakintza komun batzuk egon behar dira”. Zer esan nahi du horrekin guztiarekin, gaur egun, horrela bada dagoeneko? Ikasle guztiak ez al dira, bada, gaztelania jakinda ateratzen eskolatik? Zertarako ezartzen da “Selektibitatea”, ­edukiak kontrolatzeko ez bada? Aurrera begira, estatu osoko ­ikasleak oraindik ere gehiago uniformizatzeko helburua du?
Gasteizko Hezkuntza Sailak UEUri egin dion dirulaguntzaren ukazioa ere oso adierazgarria da. Euskal hezkuntzarentzat, murrizketak, eguneroko ­ogia bihurtu dira. 
Hala ere, etengabe lanean diharduen herri bat da gurea, iniziatiba duten herritarrez osatua, autoeratzen dakiena, helburuak lortzeko langile fina dena... Nola lortu, bestela, hain egoera zailetan, orain arteko guztia? 
Gaur egun, ezartzen ari diren antolaketa administratiboak oso zentralistak badira ere, Euskal Herriko hezkuntza komunitatea gai izan da, bere eskolako lanez gain, hezkuntza hobetuko duten proposamenak adosteko eta plazaratzeko: 1. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen, 2. Euskal Curriculuma,  3. Hezkuntza Akordioa, eta abar.
Traba guztiei aurre eginez, Herri honek bidea egiten jakin izan du. Eta, ­egite zail horrek, ongi prestatu gaitu aurrera begira, ez izan zalantzarik! Horrez gain, interes partikularrei soilik kasu ­egitetik, Herri ikuspegia izaterako urratsa ­egingo bagenu, oso indartsuak izango ginateke. 
Ibilbide interesgarri hori egiteko, bitarteko gehiago beharko ditugu: gertuagoko gestioa lortzea, parte-hartzea erraztea, Hezkuntza Sistema demokratizatzea eta abar. Izan ere,  eskola komunitateak, era sistematikoan parte-hartzen duenean, arlo guztietako emaitzak hobetzen dira. Hori jakinda, zergatik jarraitu eskola hobetzeko zailtzen  duen bidea?
Kalean esaten den gisan: “Nork ­agindu du mundu kolore bakarra, ­egunero irten ahal bada ostadarra!”.