Nola jokatu beharko genuke eskolan sormena lantzeko?

2012-01-01

Haur txikiek harreman handia izan behar dute kalearekin, naturarekin. Haur txikiei eta beraientzako prestatutako hezkuntza-egiturei erreparatuz gero, eskolek komunitate horretatik bereizita jardun ez dezaten, sormenaren gakoa, Finlandian bederen, eskola horiek inguruko komunitatean txertatzean dago, nire ustez. Horixe da Finlandiako eskolen ahulezia. Barne antolamenduan, eskola sendoak dira, baina ez daude komunitatean hain sendo txertatuta. Ikaskuntza horri buruz pentsatuz gero, gela barruan ikasten denaren eta gelatik kanpo gertatzen denaren arteko loturak aztertu beharko genituzke lehenbizi: zer gertatzen da eskolatik kanpo? Nolakoa da kanpoko bizitza erreala? Joko interaktiboa sortu beharko genuke, gela barruko eta eskolatik kanpoko errealitatearekin

 
 
Horretarako, eskolek lankide berriak bilatu behar dituzte beren komunitateetan, eta eskoletatik kanpo atera behar dituzte haurrak, bizitzako hainbat arlo ikertzera, eskolara itzultzerakoan haien gaineko gogoeta eta jarduerak egiteko. Betidanik egin izan dira irteerak noizbehinka, baina, gaur ­egun, erronka handiagoa da, haurrek sareko edo Interneteko mundua ere bizi dutelako. Mundu ireki horrek oso bestelako dimentsioa du, eta hainbeste joko eta hainbeste irudi erabiltzen dituenez, baliteke eskola gai ez izatea errea­litate birtual horrekin lehiatzeko. Nire ustez, eskola, bera bakarrik, ahulegia da, beste era bateko hezkuntza-bizipenak bilatu beharko lituzke, elkarlanean oinarritutako beste eredu batzuk sortzeko, bai eskolarentzat eta bai beste ­erakundeentzat ere.
Ez da erraza elkarlan hori lortzea, ez eskolarentzat eta ezta irakasleentzat ­ere. Irakasleak, oro har, ohituta daude gela barruko jardunera, eta ez da horren erraza izaten kanpoan aritzea. Eskolaz kanpoko jendeak erantzukizuna eta ardura eskatzen ditu, eskolaren babesle bihurtu behar dutelako, beren ­ateak ireki behar dituztelako… 
Badaude, bai, adibideak: eskolen ­eta Opera Nazionalaren arteko lankidetza, adibidez, haurrekin batera lan batzuk egiteko adostua. Adibide solteak dira, baina, horretan ez dago berezko ­ikuspegi pedagogikorik. Museoen eta eskolen arteko elkarlanak ere beste ­adibide solte batzuk dira... Zubiak eraiki beharraz hitz egiten da, baina zubiak eraiki baino zerbait gehiago egin behar da, elkarlan horrek ezin baitu noizean behingo bisitetara mugatu.
Alemanian, Berlin hiriburuan, adibidez, hiri osoa eskola bihurtzen da zenbaitetan, eta, hala egokitzen denean, hiri guztia jartzen da hezkuntza-helburuen esanetara. Aitortzen dut horra ­iristea zaila dela; baina, aurrera begira, beharrezkoa izango da eskolaren zabalkunde edo irekitze hori. Finlandiako eskoletan, hutsune horiek ikusten ditugu. 
Jakina da, bestalde, Finlandiako ­ikasleek maila handia lortzen dutela, PISAko azterketak dira horren lekuko. Arazoen zioak, haatik, ugari dira: hamar, hamabi, hamahiru edo hamalau urteko haurrak ez daude motibatuta, ez dute gustuko eskola, eta, horri guzti horri aurre egiteko, beste esperientzia mota batzuk eskaini behar ditu eskolak, hasiera-hasieratik. 
Badira mugimendu berriak, batik bat haur-eskoletan: eskola izadiaren erdian kokatzen dute, eta izadiaz baliatzen dira izadiaren eskolak eratzeko; eskolaz kanpo, denbora luzea pasatzen dute hainbat ingurunetan esperimentatzen, eta natura-ingurune horietan nola jokatu ikasten dute. Mugimendu interesgarria izan liteke hori, baina aparteko ekimenak dira horrelakoak. Mementoz, han-hemenka egiten diren ahalegin solteak baino ez dira… 
Irakasleei, behintzat, ahalegin berezia egitea eskatzen die horrek, ezin da klik batean lortu, noski. Eta, oraingoz, beste herrialdeetako esperientziak ezagutzea eta alderatzea litzateke kontua, kontzeptu horiek modu inklusiboagoan aztertzea, alegia. Izan ere, ­irakasleak ez badira trebatu ikuspegi horretan, nola jarriko dute indarrean haurrekin?
 
Ingurumenaz gain, beharra eta elkarlana ere sormenerako lagungarriak dira
Finlandiako eskola-sistema oso modu tradizionalean lantzen da, batez ere, gela barruko edukietan oinarritzen delako. Hala ere, sormenaren esparruan aurrerapen ugari egin dira, bai, ­eta, bereziki, eskolaz eskola joaten bazara ikusten dituzu. Bertakoentzat ­egindako berrikuntzak ikusten badituzu ere, ez dira askorik zabaltzen, bertan eta bertakoentzat geratzen baitira. Ona litzateke horiek ezagutaraztea, esperimentatzea eta elkarlana sustatzea.
Badira zenbait esperientzia interesgarri, herriko hainbat enpresarekin ­egindako lankidetzetan eta abar, baina zaila ari da gertatzen hori ere behar bezala garatzea. Une honetan, bada horrelako mugimendu bat, non negozio askok merkataritzagunetzat hartzen dituzten eskolak; eta hori ere ez da guk nahiko genukeena. Kontu handiz negoziatu eta garatu beharreko helburua da. Ez dugu nahi eskolak produktu berriak edo enpresa pribatuak merkaturatzeko gune bihurtzea, ikasteko beharrak bultzatutako elkarlana izan beharko luke, eta ez merkatuko arrazoiek bultzatutakoa. Ikusten denez, askotariko tentsioak eta interesak elkartzen dira elkarrizketa horretan.
Curriculum itxiak edo zurrunak ez du batere laguntzen
Jendea gero eta gehiago jabetzen da aldaketaren beharraz, hainbat arlotan horixe aipatzen da etengabe; baina oraindik ez da formularik aurkitu, oraindik ez da lortu politikan ezagutua izango den ahalegin zabalago hori… Hala ere, esango nuke badela alderik, leku batetik bestera. Adibidez, Finlandiako curriculuma eskolen autonomian oinarrituta dago. Oinarrizko curriculum bat dago, irekia, eta eskola bakoitzak garatzen du berea. Udalek hezkuntza-eskumen handiak dituzte, eta gestioa oso gertukoa da. Hori, berez, oso ona da. Baina, askotan, inertziak direla-eta, autonomia hori oso era kontserbadorean erabiltzen da, eta ez da asko aurreratzen. Uste dut beharrezkoa izango dela ahalegin bateratu bat egitea, eskolak aurrerapausoak ematera bultzatzeko. Esan beharrik ez dago babes handia ­izatea eskatzen duela horrek, eta, beraz, eskolentzako babes mota berriak bilatu behar dira. Hortxe dago, seguruenik, unibertsitateen zeregina: askotariko eragileen orkestratzearen emaitza izan beharko luke. Eskolan, gizartean eta unibertsitatean, beharrezkoa ­izango da denon elkarlana, bakoitza bere aldetik ibiliz, ez baita aurrerapenik gertatuko. •