LACTURALE. Esne-behiak ezagutzeko zentroa

2012-01-01
Esne-Behien Interpretazio Zentroa Etxeberrin (Nafarroa) dago, Irurtzundik oso gertu, Madotzerako bidean, Aralarreko magalean.
Gure eguneroko bizimoduak eta globalizazioak nekazaritza-mundutik urrundu egin gaituzte. Haatik, naturak eskaintzen dizkigun baliabideei esker bizi gara. Baliabide horien artean dago esnea.
Lacturalek gure bizitzako aro guztietan esneak duen garrantziari buruzko esperientzia eskaintzen digu. Interpretazio-zentroan, kalitate goreneko esnea prezio eskuragarrian ekoiztea helburu duen taldea aurkituko dugu, filosofia horixe baitu oinarri. Bisitan, Lacturale behi-haztegiaren eta Esne-Behien Interpretazio Zentroaren berri izango dugu.
 
 
Behiak osasuntsu jaten badu, osasuntsu haziko da, eta osasuntsua izango da, baita, ematen duen esnea ere. Zenbateraino ezagutzen ote dugu gure katiluko esneak egiten duen ibilbidea? Zer dakigu esne hori eman duen behiaz, hura zaintzen duenaz? Nola eragiten ote du gure osasunean?
Alde horiek guztiak ezagutzera emateko asmoz, Lacturale Nafarroako esne-behien abeltzain-kooperatibak ustiategiak ireki ditu, jendeak ikus dezan non eta nola bizi diren behiak, eta nola zaintzen dituzten. Ustiategi horietako batean, Etxeberrin, Iruñetik gertuen dagoenean, ipini dute interpretazio-zentroa. Ustiategi horretan daude kooperatibak Nafarroa guztian dituen 6.000 abelburuetatik 968.
Lacturale Esne-Behien Interpretazio Zentroa zentzumenen bidez ikasteko hezkuntza-baliabidea da: entzumenaren, ikusmenaren, usaimenaren, ukimenaren eta dastamenaren bidez. Horregatik, zentroan, haurrak behiak ukitzen ikusiko ditugu, behiei jaten ematen eta abar.
Ustiategian dauden pabilioi, silo eta hozte-depositu artean, jezten denetik kontsumitzen dugun arte esneak egiten duen ibilbidea ezagutuko dugu urratsez urrats. Era berean, esne-behien bizi-zikloa ulertu eta ikusi egingo dugu. Interpretazio-zentroan, behiek jaten dutenaren, haien ongizatearen, jezteko moduaren, haien hondakinen kudeaketaren eta abarren berri izango dugu. 
Nork eta nola zaintzen ote ditu behiak, ordea? Ustiategian bertan behiak zaintzen dituzten pertsonak ezagutu ahal izango ditugu, haien bizimoduaren berri izango dugu zuzenean, eta azken urteetan haien bizimoduak izan duen bilakaera ikusiko dugu.
Funtsezkoa da gure lurra ezagutu eta errespetatzea. Eta, lur horretan bizi diren animalien, eta, zehazki, esne-behien balioa ezagututa, garrantzitsua da gure jakiek eta haien elikagaiek gure osasunean duten eraginaz jabetzea.
Interpretazio-zentroaren helburua irakasleentzat eta ikasleentzat nekazaritza-mundura hurbiltzeko hezkuntza erreferentzia gune bat izatea da, eta gurasoentzat eta seme-alabentzat, berriz, familia aisialdirako zentro natural bat izatea.
Lacturale kooperatiba 2005ean sortu zuten 25 abeltzainek, beren ustiapenetan ekoitzitako esnea merkaturatzeko elkartzea erabaki ondoren. Indarrak batzeaz gain, kooperatiba horietan erabiltzen duten sistema berritzailea bultzatu nahi dute: Esne-Behiaren Ekoizpen Arrazionala.
Abeltzainek berek sortutako kooperatiban, errespetuan oinarritutako filosofia zabaldu nahi dute, ingurunea, animalien ongizatea, abeltzaina edo ekoizlea eta kontsumitzailea errespetatzeko.
 
BISITAREN DESKRIBAPENA 
Bisita gidatuek ordu eta erdiko iraupena dute. Eta, oro har, hauek dira bisitaren helburuak:
* Esneak sorreratik kontsumitu arte egiten duen ibilbidea 
erakustea.
* Esne-behien bizi-zikloa ezagutzea.
* Esne-behien ustiapenetan lan egiten duten pertsonen bizitza 
nolakoa den ezagutzea, eta azken urteetan izan duen garapena 
ikustea.
* Ekoizpen integratuaren prozesua eta abantailak in situ 
ezagutzea.
* Gozatzea eta ikastea.
Hala ere, bisiten edukiak gutxi gorabeherakoak dira, eta egokitu egiten dira bisitarien aurretiazko ezagutzen, adinaren, egiten ari diren ikasketen eta erakusten duten interesaren arabera. 
Adinaren araberako unitate didaktikoak dituzte.