Hainbat aldetatik begiratzen diozu zuk hezkuntzari, Jon. Duzun begirada zabal horretatik, zer ikusten duzu, zein dira zure kezkak hezkuntza arloan?
Abiadura handiko aro batean bizi gara. Hezkuntza beti izan da arte bat, eta une honetan aurreko garaietan baino material gehiago hartu behar ditu kontuan arte horrek. Nire ustez, une honetan Euskal Herrian indarrean dugun ideologia hegemonikoak hutsuneak ditu, eta hori hezkuntzan ere nabari da. Bestetik, gure herri honek baditu indargune batzuk, ikuspegi unibertsal batetik, eta horiek ere beren isla dute hezkuntzan. Nolanahi dela ere, hezkuntzaz hitz egitea errealitate osoaz hitz egitea da: herrigintzaz, munduaz, psikologiaz, zientziaz, etikaz, geroaz. Errealitateak azkura eragiten badizu, hezkuntzak azkura eragingo dizu. Nire kasuan, herrigintzako beste alor batzuetatik begiratzen diot hezkuntzari, eta hezkuntza araututik irten berriak diren hogei urtekoen irakasle naizen aldetik ere bai; baina, nagusiki, guraso naizen aldetik.
Has gaitezen herri moduan ditugun indarguneetatik.
Herri moduan begiratzea baino lehenagokoa iruditzen zait etika planetario bat erabiltzea, begiratu global bat. Horren baitan, euskal herriek esperientzia propioak dituzte, eta gaur egun maila globalean dauden gai batzuek hemen potentzial bereziak dituztela esan daiteke. Batetik, nortasuna berreraikitzen saiatzen ari den hiztun komunitate minorizatu garen aldetik, mundu mailako korapilo batean gaude. Gure galderak ehunka hiztun komunitateren galderak dira, eta gure erantzun partzial batzuk izan litezke baliozkoak. Bost hamarraldi hauetan hizkuntzaren gaian egin duguna ez da hutsala, balio handia du, eta kinka konplikatuan gaude. Bestetik, energia soziala antolatzearen arloa dago, zehatzago esanda, autoeraketaren potentziala. Hau ere mundu mailako gogoeta izango dela iruditzen zait, gero eta gehiago. Honetan, arrazoi desberdinengatik, esperientzia interesgarriak ditugu, hezkuntzan bertan ere bai. Badago zerbait gure psikologia sozialean antolaketa zibil horretara garamatzana, amestera, ekitera eta horizontal samar antolatzera. Hori garrantzitsua da, estatu eta merkatu binomioak muga handiak baititu, eta gizarte antolatua artikulatzea izango baita gakoa gerora ere. Arlo batzuetan, etorkizuneko munduaren humanizazioari begira, ekarpen edo esperimentu espezifiko batzuk gertatzen ari dira hemen. Hori interesgarria da. Gure herriaren jarioan dauden sen horiek, besteak beste, nortasun-sena eta autoeraketa-sena, aztertu eta kontuan hartu beharko genituzke.
Izango dira, bada, horren onak ez diren aldeak ere...
Gainerakoan, ideologikoki, ahul gabiltzala iruditzen zait. Ideia progresistak hemen tsunamian etorri ziren, ez erreka bat etortzen den moduan, eta ez zen patxadarik izan ikusteko progresismo horretatik zer nahi genuen, aurretik genuen guztiarekin zer nahastu, zer zaindu eta zer digeritu nahi genuen. Euskal munduan instalatu den ideologia progresistak jokatze desegoki batzuk baditu, gai batzuk moztuta ditu, sustraiak ez ditu identifikatzen, eta datozen galdera berri askoren aurrean galdu egiten da. Aurrekoekin puskatzeko joera horrek sakonean bazuen halako nagusitasun sentipen bat gurasoen paradigmarekiko, aurrerapen edo progresoaren sinesmen batek legitimatua. Etxeko hezkuntzan ere eragina izan du horrek. Trantsizioko belaunaldiak gauza batzuk ez zituen egin nahi gurasoek bezala, uste zuen askoz jakintsuagoa, aurreratuagoa zela... Baina ez nago hain seguru gauza askotan asmatu ote zuen. Apalago begiratu behar da amonak gauzak zergatik eta nola egiten dituen, oharkabeko jakituria dago xehetasun askotan, eta ideia berriak patxadaz nahastu behar dira. Beste nonbait esan dut moztu eta ebaki ez direla gauza bera, eta hemen adar gehiegi moztu dira. Nire kasuan, ideologia progresista hegemonikotik apur bat desinstalatzen ari naiz, ibilbide bat egiten, eta deserosoa da desinstalatzea: ziurtasuna kentzen dizu. Iruditzen zait galdetzeko garaiak direla, gehiago irekitzeko, bai iraganeko erroetara eta bai pentsabide berrietara.
Eta zer da ideia progresista horietatik desinstalatze horretan ikusten duzuna?
Gauza asko dago hor, arlo ekonomikoan, etikoan, psikologikoan edota espiritualean. Paradoxa dirudien arren, progresismoa, neurri batean, sistemaren ideologia da; benetako amildegi ekonomikoari erantzutetik dimititu du, eta, hipermerkatuaren alboko askatasunen aldarrikapena eginez, funtzionala da egungo sistema sozioekonomikoan. Honekin, ez dut nik progresismoarekin moztu nahi. Askatasunaren eta berdintasunaren ideiak sustrai zaharretatik datoz, eta bi erreferente on dira, baina hori baino sakonago doan jauzi bat beharko dugula iruditzen zait arlo askotan. Adibidez, gizakia pilatzen ari den jakintza teknologikoak inoizko botererik handiena jarriko du hurrengo belaunaldien eskutan, eta, horren konplexutasuna kudeatzeko, jauzi etiko bat beharko du. Esaterako, datozen belaunaldiek boterea edukiko dute gizakiak klonatzeko, geneak masiboki manipulatzeko, bizitzan gune birtualak gehitzeko, ezaugarri batzuk dakartzatenei jaiotzen ez uzteko… Une honetako ideologiekin eta bulkadekin, ez dut uste gai garenik esku artean izango duguna kudeatzeko. Askatasun indibidual jakin baten goraipamenarekin, adibidez (abortuaren gaian nahiko sinpleki egiten dugu hori), irteerarik gabeko bidera joan gaitezke bioetikan. Gogoeta horietan oso geldi gaude hemen. Hollywooden bertan, guk atzerakoitzat badugu ere, hasi dira horrelako debateak planteatzen zineman, zientzia-fikzioko alegorien bidez. Hemen, eskubideen diskurtsoan gaude, 70eko hamarraldiko planteamenduetatik ez da inor mugitzen. Oro har, globalki jauzi etiko-ideologiko bat beharko dugula iruditzen zait, eta, horretarako, arnasa luzeko jakituria iturriek ere badute zeresana. Modernitateak arrazoiaren tresnetan jarri zuen mundua hobetzeko uste osoa, baina gero eta argiago ikusten dugu hori ez dela nahikoa. Ez zaie eusten arrazoiaren tresnei oinarri etikorik gabe, eta esango nuke etika ere ez dela besterik gabe sortzen, gizakiaren dimentsio sakonagoak ukitu gabe.
Zein dira arrazoiaren tresnak mundu hobeagoa egiteko?
Modernitateak arrazoiaren bi bide handitan jarri zuen fedea: politikan eta zientzian. Horiek dira gizaki moderno progresistaren sinesmenak. Uste dut gugan ditugula bai modernitatearen bulkada, arrazoiaren bidez mundua hobetzeko, eta bai postmodernitatearen eszeptizismoa fede horren aurrean. Bulkada eta eszeptizismoa, biak dira orain gureak. XX. mendeak zalantzak ekarri ditu arrazoiaren fede horretara. Hainbat sustrai tradizional ‘gaindituta’ zituen mendea, politikoki modernoena, izan da historiako menderik ikaragarriena, horrorearen marka pentsaezinak jarri dituena kuantitatiboki. Ideologia politiko modernoek izugarriak egin dituzte. Faxismoa aipatu gabe ere, ikusten badugu bloke sozialistak zenbat urte iraun zuen, eta zenbat pertsona garbitu zituen urte gutxi horietan, izugarria da. Eta kapitalismoak inoizko alderik handienak sortu ditu, inoizko deserrotze kopururik handienak, eta amildegia egunero hazten da. Zientziaren erabilera ere anbibalentea izan daiteke. Zientziaren inguruan mitoa sortu da, benetan dena gainditzen duen ezagutza-gorputz hori. Berez ‘zientzia’ deitzen duguna ezagutza sortzeko eta biltzeko prozedura multzo bat da, eta hainbat zalantza-maila dituen askotariko jakintza gorputz itzel bat. Jakintza bide hori funtsezkoa da, baina bere mugak ditu, ez du zentzuaz hitz egiteko ahalmenik, eta haren erabilera izan liteke eraikitzailea edo suntsitzailea ere.
Iruditzen zait elementu gehiago mahai gainean jartzeko garaia dela: politika, zientzia, kultura, etika, jakituria iturriak. Ematen du lasterketa moduko bat gertatzen ari dela. Alde batetik, teknologiaren azelerazioarekin eta kapitalismoaren garapen ereduarekin, pentsa daiteke krisi sistemiko lodi batera hurbiltzen gaituen gurpil bat dagoela abian, maila askotako galerak eta astinduak dakartzana. Bestetik, badira horrekin batera sortzen ari den kontzientzia-hartze berri baten sintomak, oso iturri eta modu desberdinetan mamitzen ari den sentsibilitate humanizatzaile batenak, etika planetario batenak.
Aipatu duzun ideologia progresista horren zein zantzu aurkitzen dizkiozu hezkuntzari?
Belaunaldi progresista da gaur egun irakasle, curriculum egile eta agintari. Hasteko, hezkuntzaren uniformizazioa bera egiten zait deigarria, eta arautze zurruna. Sistemak denen berdintasuna ziurtatzeko kezka handia balu bezala. Berdintasuna da progresismoaren totem nagusietako bat, eta hezkuntzan maila askotan eragiten ari da ideal berdintzaile hori. Homogeneotasuna bilatzen da. Berdintasun hori nola ulertzen den, kalterako izan daiteke, nire ustez. Desberdinak gara, desberdinak dira familiak, eta kulturak, eta haur bakoitzaren potentziala. Pertsona bakoitza mundu bat da. Generoan ere, hor daude partzialki desberdinak egiten gaituztenak fluxu zahar batzuk, eta beste arlo batzuetan ere konfigurazio desberdina daukagu, eraginen arabera. Eta zer?
Goazen heterogeneotasuna patxada pixka bat gehiagorekin hartzera. Berdintasuna, igualitate moduan, ez zait iruditzen sen onekoa, nahiago dut berduintasun moduan. Berduintasuna, duintasun berdina. Eta igualitatea ere bai, baina ea zer-nolakoa eta zertan, askotan ñabardurarik interesgarrienak uniformatzen baititugu, eta errealitate konplexu askoren ekologia pobretzen.
Bestalde, unibertsitateko ikasleengan ikusten dut eskolan oraindik historiaren eta gauzen bertsio progresista transmititzen dela: “Erdi Aroa garai ilun bat zen, Ilustrazioak ekarri zuen argia. Lehen mitoak zituzten, eta orain zientzia daukagu”. Eta abar. Berez konplikatuagoa da, eta eztabaidagarriagoa, baina modu inkontzientean, sinesmen bat transmititzen da, eta arnasa luzeko tradizioekiko gutxiespen bat, orain irakasle den belaunaldiak hori edan duelako, narratiba hori duelako oraindik barruan.
Nik uste dut une interesgarrian gaudela, dena nahiko irekita dagoela, eta ez dagoela horren garbi zer den atzerakoia eta zer aurrerakoia. Modernitatea, aurrerapena, zientzia, politika, tradizio espiritualak, etika…, gauzak dantzan daude, eta eskolak irekiagoa izan behar luke, eta ez luke narratiba zehatz bat transmititu behar. Hori poliki-poliki egingo dela uste dut.
Itzul gaitezen autoeraketaren ideiara... Antolaketa modu eraginkorra izan al daiteke?
Autoeraketak esan nahi du eraketa bateko zuzeneko protagonisten esku dagoela boterean, erabaki ahalmena. Ideia horretan oinarriturik, eraginkortasun maila askotako esperientziak daude. Batzuk nahiko eraginkorrak dira beren arloan, zentzu batzuetan. Arrasateko kooperatibagintza deritzonak, adibidez, bost hamarralditako ibilbidea egin du, eta hor segitzen du esperimentuak. Enpresa ulertzeko moduari dagokionez, erreferente bat da. Dena den, esperientzia horretan hainbat gauza paradoxikoak dira, eta ez dago kontraesan handietatik libre. Euskal Herriko bigarren esperientzia autoeratu handia ikastolen mugimendua da. Hori ere mundu mailan erreferentea da horretan. Gero, euskararen garapenari azpiegitura ematen dioten erakunde gehienak ere nolabait ekonomia sozialekoak dira. Eta beste hainbat daude. Herri honek badu nerbio autoantolatzaile bat. Hala ere, ez da nahikoa soilik enpresa egitura demokratiko samarrak sortzea. Demokrazia politikoarekin gertatzen den moduan, demokraziaren oskolak ez dizu ziurtatzen mamia, benetako partaidetza eta benetako proiektu partekatua dituenik. Kooperatibetan, askotan gertatzen da eskemari eustea, baina eskema ernaldu duen ametsa, bulkada eta espiritua hoztea. Eta, azkenean, potentzial eraldatzailea galtzea. Hori ez dizu ematen egiturak. Eta egiturak amets bulkadari gaina hartzen dionean, boterea hartzen du, eta oso zaila izaten da buelta ematea. Horren mila adibide daude, bai talde txikietan eta bai erakunde handietan.
Aipatzen ari zaren horietan, zer paper joka dezake eskolak?
Eskolak gauzak egin ditzake, baina gehiegi eskatzen zaio. Nik gehiago azpimarratuko nuke hezkuntza-eragileen aniztasuna. Eta eskolari pisua kentzen saiatzea, zigorkatzera daraman pisua behintzat.
Nik guraso naizen aldetik egiten dudan galdera hau da: haur batek haur izateari uzten dion arteko ibilbide luze horretan, zer bizitzea, zer garatzea, zer ikastea, zer lantzea, baina bereziki, zer bizitzea nahi dugu? Hori da niretzat hezkuntzak egin beharreko galdera, eta ez dagokio bete-betean eskolari. Eskola eta hezkuntza bi gauza dira.
Guraso naizen aldetik galdera hori egiten dudanean, hor sortzen zaizkidan erantzunetan nire semeek garatzea nahiko nituzkeen hamabost bat arlo, esperientzia multzo edo eremu sortzen bazaizkit, konturatuko naiz eskolak % 20 betetzen dituela, nolabait esatearren. Beste batzuk geuk edo gure gurasoek edo anai-arrebek, familiak, lagunek, neure inguru sozialak zaindu eta erein behar ditugu. Beste batzuetan, nahiko nuke inguruko erakunde sozialek eragitea, eskola ez diren erakundeek; eta gainera, Internetek eta hedabideek eragin hezitzailea dute.
Hala ere, hezkuntza haurraren berezko bulkadei garatzen uztea da, asmoei ernetzen lagatzea, hainbat oreka zaintzea eta beste mila kontu, arte bat. Eragile askoren artean egin beharrekoa. Kasu gehienetan, gurasook gara benetako azken arduradun edo begirale, animatzaile, oreka-zaintzaile. Gurasoei askoz gehiago begiratzen diet: haurrari hazten laguntzea ardura eta aukera itzela da, eta hor, eta gero lagunekin, jokatzen da hezkuntzaren muina. Gurasoen kontzeptua, bestetik, modu zabal batean ulertuko nuke, ahal den kasuan: haurren heziketa sozializatu daiteke familia edo talde zabalxeago batean, eta oreka interesgarriak sortzen dira hor (izeba-osabak, aitona-amonak, lehengusuak, helduen gertuko lagunak…), ardura partekatuz. Eta, bestetik, ingurune osoa izan daiteke hezitzaile. Herrietan, elkarteekin eta abarrekin horretarako egitura sozial aberatsa dugula iruditzen zait, potentzialki behintzat.
Nola ikusten duzu eskola, ingurune horretan?
Hasteko, onartu behar dugu lau pareten artean egiten den jardun hezitzaile arautuak bere mugak dituela. Lehen esan dudan hezkuntza zabal horren testuinguruan, zati mugatu bat baizik ez da. Jakina, hor ere asko hobetu daiteke, eta dugun tresna antolaturik eragileena da. Baina, oro har, etxeak izan duen erantzukizun lagatze hori... Nik uste, hori berreskuratzeko deia egin behar dela, kasu askotan. Herriko sareek ere, zirkuitu sozialek ere, beren jardun hezitzailea dute, eta handiagoa izan dezakete. Nik horrela ulertu nahiko nuke herri bat, ‘herri hezitzaile’ moduan, funtzio hori integratua duen herri moduan. Igual herrian bada dantza elkarte bat, edo yoga talde bat, edo psikologia pertsonala lantzen duen erakundetxo bat, edo euskara elkarte bat, bertso eskola bat, xake talde bat, auzotarren elkarte bat… Horiek guztiak erakunde hezitzaile moduan ulertu nahi ditut, hainbat modutara. Hezkuntzaren diskurtsoan, hezkuntza-eragileen aniztasuna landu dezakegu, eta hor kokatu eskola: hainbeste karga ez eman eskolari, eta ematen dioguna ondo egiten lagundu.
Beharbada herri gisa proiektu bat izango bagenu...
Badira esperientziak eta ideiak. Diozun moduko proiektu baten miniaturaren lehen zirriborroa izan daitekeena egiten saiatu ginen Debagoieneko Bagara prozesuan. Bailarako gizarte antolatuko indarrak (kooperatibak, hezkuntza erakundeak, unibertsitatekoak, euskalgintzako erakundeak, erakunde sozialak) norabide batean lanean jartzeko prozesua da Bagara. Eta, besteak beste, bailara hezitzaile moduan funtzionatzeko pausoak ere zirriborratu ziren une batean. Praktikara eramatea beste kontu bat da, baina hortik hasten da, beste hainbat alorretan egin den moduan. .
Zertan datza Bagara?
Duela bospasei urte, bailarako indar sozial eta kooperatibo bizietako pertsonak bildurik, elkarrekin pentsatzen jarrita zer amesten dugun galdetu genuen, datozen hamarraldietarako zein norabide hartu nahi dugun eskualde moduan, jendarte antolatuari dagokionez. Norabide bat da, ortzimugak marraztea, eta horri begira proiektu zehatzak abiaraztea. Ortzimuga horiek eta proiektu horiek elkarrekin dituzten loturetan eta sortzen diren ahalbide berrietan datza prozesuaren berritasuna.
Norabide horiek marrazterakoan, lau ipar lauso destilatu zitzaizkigun. Lehenik, euskaltasun ireki bat esperimentatuko eta garatuko duen bailara izan nahi dugu; euskaldun izatea nolabait berrasmatzeko dago egungo parametroetan, eta, gure neurrian, horretarako gune izatea da ametsaren parte bat. Bigarrenik, autoeraketa eta lankidetza esperimentatuko duen bailara izan nahi dugu; neurri batean, horretan ezagunak gara, baina autoeraketaren arloetan urrunago joateko gogoa dago. Hirugarrenik, elkartasuna biziko duen bailara izan nahi dugu; elkartasuna da nolabait gure tradizioko balio sozial sakonena, kristautasunean, sozialismoan edota munduko tradizio espiritual handietan hainbat modutan formulatzen dena: bestearekiko enpatia, bereziki ahulago dagoenarenganako enpatia, hemen edo munduan dagoen bestearenganako arduraren oinarria. Laugarrenik, iraunkortasuna. Baliabide urriagoen aro bati begira, bestelako kontsumo, energia, bizimodu eta irudikapen-modu bateranzko bidean kokatu nahi dugu, horretarako bide zehatzak abian jarriz.
Lau ipar horiek norabideak marrazteko modu bat dira, proiektu zehatzetan zehazten direnak gero. Ipar lauso horiek batu gaitzakete bailara horretan gizarte antolatuko enpresetan edo sareetan modu eragile batean gabiltzan gehienok. Ipar horiek gogoan hartuta, helburuak eta proiektuak definitzeko lan egin da hainbat arlotan: etxebizitza, nekazaritza, kulturgintza, euskalgintza, etorkinak, kontsumoaren humanizazioa, iraunkortasuna eta abar. Proiektu batzuk abian dira, baina oraindik berde dago prozesua, eta ez dago inori gauza gehiegi irakasteko moduan. Ez du merezi luzatzea Bagarako proiektuetan eta egoeran, baina hezkuntzak ere bere zatia du proiektuaren genesian. Adibide moduan balio dezake, herrigintza birpentsatzeak hezkuntza ere birpentsatzea edo ukitzea esan nahi duela esateko. Galdera polita izan daiteke hau: ea nola egin daitekeen bailara hezitzaileago bat, herrietan dugun elkarte, erakunde eta mugimendu txikien saretze sozial osoari bere hezitzaile kontzientzia gehituz, hariak lotuz eta baliabide hezitzaile gehiago sortuz.
Baliabide hezitzaile gehiago?
Baliabide edo egitura txikiak. Adibidez, gazteek prestakuntza soziopolitikorik ez izateak kezkatu izan gaitu. Gaztaroan norberaren prestakuntza soziopolitiko eta ekintzailea lantzeko guneak izatea ederra da, eta horrelakorik ia ez dago euskal herrietan. ‘Politika’ esaten dudanean, hitzaren zentzu zabalean ari naiz, eta ez nagusiki alderdikoian. Polisa pentsatzea da politika. Politika beharrean polistika esan beharko genuke beharbada, politikak hartu duen zentzu alderdikoi horren inguruko gaizki-ulertuak saihesteko. Iruditzen zaigu lanketa eta debate polistiko hori falta dutela eta formazio soziala eskatzen dutela gazteetako askok. Bailaran eskola bat sortzeko pausoak eman dira, herrigintza landu nahi dutenentzat, herrigintzarekin lotura izan nahi duten gazteentzat. Adibidetxo bat da, eta hasieran dago.
Euskaltasuna, autoeraketa, elkartasuna eta iraunkortasuna. Zuek hartu dituzuen lau iparrak baliagarriak izan daitezke gure eskoletarako!
Guri behintzat herrigintzarako laukote interesgarria ematen digute, iparrorratz moduan balio dute. Ezkerraren iraultza amets huts eginetik eta haren erresakatik gauza asko ez da geratu, eta uste dut gaur modu apalago baino eraginkorragoan plantea litezkeela ortzimuga lauso horiek. Dena den, horiek herrigintzarako ipar batzuk dira, eta hezkuntzak dimentsio gehiago ere hartu behar ditu kontuan: haurraren autonomia, gaitasunak eta beste hainbat arlo gehiago landu behar ditu, ezta?
Herrigintzara itzuliz, utopia potoloegien belaunaldia izan da trantsizio osteko ezkerra. Pentsatu non geratu den iraultzaren ametsa, adibidez. Nerabeak ziren ezkerraren planteamendu asko, eta horrek arrisku bat dauka hurrengoentzat: ametsak faltsuak direla pentsatzea. Amestea, ordea, beharrezkoa da beti. Espiritu hori galtzen duen erakundea edo mugimendua, akabo. Kontua da amets doituak egitea, existitzen ez dena planteatuz, baina norberaren indarrekiko eta gaitasunekiko konkordantzia batekin. Amets txikiago horiek, konkretuek, aldi berean, ortzimuga bat behar dute, ipar batzuk, lausoak eta irekiak, baina energia ematen dutenak. Amets doituak, eta energia ematen duten ortzimuga urrunak.
Gauza horietaz ziurtasunez hitz egiten dut, beharbada, bizipen pertsonaletatik hitz egiten dudalako. Betetzen joan diren amets kolektibo konkretuen parte izatea tokatu zait hainbat arlotan, eta batzuetan oso modu intentsuan. Badakit amets asko bidean ere geratzen direla, baina amesten, giza taldeak trinkotzen, estrategiak bideratzen eta horiei eusten jakinez gero, gauzak aurrera joaten dira askotan. Eta errealitatea eraldatu, eraldatzen da, partzialki, baina batzuetan uste baino gehiago, itxaropenen gainetik. Uste dut hori ere esan behar zaiela gazteenei.
Zeintzuk dira, zure ustez, eskola batean egin beharreko gauza garrantzitsuenak, garatu beharko genituzkeen gakoak: non “inbertitu” beharko genuke?
Galdera konplikatuegia da niretzat, eskola zeharka soilik ukitzen baitut. Eskolaren funtzio tradizionalena instrukzioa da. Orain, instrukzio leku izatetik teorian heziketa integrala eman behar izatera pasatu da. Hori esatea polita da, baina eskolari gehiegi eskatzea da. Gaur egun, dena eskatzen diogu, hezkuntza-eragile guztienak izan beharko luketen helburu guztiak eskatzen dizkiogu eskolari. Eta, nolabait, ‘dena kontuan izatea’ eskatu behar diogu, bai, baina ez ‘dena egitea’.
Iruditzen zait, batetik, eskolak irakasten jarraitu behar duela. Eskolari, azkenean, gurasoak, gizarteak eta sistemak eskatzen dion gauza bat da: “Gaztarorako presta iezadazu neska edo mutiko hau, gero lanbide bat ikasi ahal izateko edota unibertsitatean moldatu ahal izateko”. Hau da, sisteman funtzionatzeko oinarrizko baliabideak har ditzala nolabait, hizkuntzaren funtzioak, kalkulua eta gaitasun instrumental sorta bat barnera ditzala, eta, bestetik, bere inguruko sistema, mundua, gizartea minimoki uler dezala. Bi gauza horiek oinarrizkoak dira, klasikoak, eta esan dezagun eskolak egiten dituela, hobeto edo okerrago. Jakina, hori hezkuntzaren parte zehatz bat da, gero eta zabalagoa hori ere. Eta gauza asko ondo egiten dira.
Horrekin batera, badaude beste hainbat eremu. Batzuk lantzen dira, diskurtsoan behintzat. Horietan, nire inpresioa da diskurtsoen inflazio moduko bat dagoela hezkuntzan, balioak, konpetentziak, zehar-lerroak… Eta askotan inflazioek ez dute laguntzen ikusten benetan lortzen dena eta ez dena. Nik hautematen dudanaren arabera, nire begiratu mugatuarekin, diskurtso handiak egon arren, eremu batzuk gutxi lantzen dira errealitatean. Ez dakit eskolak nola landu beharko lituzkeen, baina, guraso moduan, eremu garrantzitsuak iruditzen zaizkit.
Denok ahotan darabiltzagu diskurtsoak, baina praktika... Zergatik uste duzu zuk dagoela halako amildegia esaten ditugun gauzen eta egiten ditugunen artean?
Hezkuntzari buruzko kezka edo desilusio hori testuinguru zabalean kokatuko nuke. Nire ustez, hezkuntzan ikusten dugunaren krisiak badu zerikusirik munduaren abiadurarekin, eta abiadura horren aurrean dagoen irakasle eta guraso belaunaldiak nahiko oinarri ahulak ditu. Ahultasun horri ez dio lagundu aurreko belaunaldiaren jakituria iturri batzuekin moztu izanak. Arazoa da inoiz baino oinarri sendoagoak eta malguagoak behar direla. Balioei buruzko diskurtsoak eta metodoak egin nahi dira, baina balioei ez zaie eusten diskurtsoekin. Egoera horrek etxean eta eskolan eragiten du.
Zein dira aipatzen dituzun eremu horiek?
Haurraren autoezagutza psikologikoa da bat, haurrari bere bulkadak, asmoak, zauriak, mugak... zein diren identifikatzen laguntzea. Hor badago eremu oso bat: norberaren beldurrak, emozioak eta joerak ezagutzea.
Beste hainbat eremu ere aipatuko nituzke, guraso moduan semeek bizitzea nahiko nukeenaren haritik. Sorkuntza da bat, haurrari bere sormenean hazten uztea zentzu guztietan. Beste eremu bat espiritualitatea da, geure geruzarik sakonena, osotasunaren bizipena, bizitzaren iturriaren eremua... Galderen, tradizio espiritualen, narrazio sinboliko handien eremu bat da. Balizkoa da, eta hautazkoa, eta ez daukat garbi eskolak zer egin behar duen horretan; beharbada, etxeko eta herriko beste erakunde batzuk betetzeko arloa da. Eskolari arlo hori ez lorrintzeko eskatu behar zaio, errespetuz tratatzeko tradizio espiritualak, erlijioak. Gai horrek kontrako pausoan harrapatu du gure belaunaldia; izan ere, jendeak oraindik beharra dauka kristautasunari egurra emateko, ‘aita hiltzeko’ joera freudiano baten antzera; baina, aldi berean, ez da ohartzen bere etika progresistaren oinarri bat horixe bera dela, zabalagoa. Eremu hori lantzeko bideak asko izan daitezke, baina, bide baten kontra jartzen bazara, ez duzu ulertu, ezin duzu benetan beste bat ondo hartu.
Beste eremu batzuk ere aipa daitezke: naturarekiko kontaktu benetakoagoa, lanbideekiko kontaktua, eta lan fisikoaren esperientzia, adibidez.
Nola landu azken horiek?
Ni ez naiz jakituna eskolan eta metodologian. Dena dela, lau paretetatik gehiago aterako nintzateke, naturara gehiago aterako nintzateke, hasteko. Eta haurra naturarekin harremanetan jarriko nuke, zuzenean, eta inguru hiritarrera nahiz profesionalera ere gehiago joango nintzateke. Ezagutu ditut lau pareten artean egotekoak ez diren haurrak, eta kanpoan esplorazio sen handia dutenak, baina oro har uste dut hortik ere asko duela gure espezieak. Psikologia enpirikoak argitu du esplorazio sena dela gure oinarrizko sen nagusietako bat, hilabete gutxi ditugunean aktibatzen dena, eta horretan oinarritzen dela ikasteko gogoa bizitza osoan. Sen hori garatzen uztea eta ez moztea da hezkuntzaren artea. Beste lehentasun batzuk jartzen dira askotan, ordea.
Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan bereziki, iruditzen zait ikasleek herrigintzan praktikak egin ditzaketela, gizarte-zereginekiko igurtzia esperimentatzeko. Euskal herriek sare antolatu bizia daukate, arlo pila batean. Gure gizartea konpartimentuetan zatitzen dugu, ordea. Askotan, herriko sare antolatuak mundu bat dira, enpresa beste mundu bat da, eskola beste bat, gazteak beste bat, eta dena oso aparte dago. Uste dut hezkuntzak mundu horiekiko kontaktua landu behar lukeela, errealitateetan sartu behar lukeela, eta errealitateak ere eskolan gehiago sartu behar lukeela, profesionalak ekarriz, irakasle-lagun figurak sortuz, kanpora irtenez eta abar. Gure herrietan jendarte antolatua nahiko bizia da, elkarte eta erakunde txiki ugari daude. Zer nahi dute horiek eskolarengandik? Seguru badituztela ideiak, galdetuz gero. Zer nahi du eskolak haiengandik? Seguru badirela gauzak, praktikak egiteko aukera, esperientziak, moduluak. Bestetik, gazteei beren etorkizunerako bokazioa edo asmoak identifikatzen laguntzeko bideak jartzea ere zeregin bat da. Nire semeak gaztarora heltzean, beren bokazioak, asmoak... zein diren intuitzen hastea nahiko nuke, gustatzen zaien horrekin kontaktua eta bizipena izatea. Badakit gauza horiek guztiak esatea errazagoa dela, eta antolatzea konplexua dela.
Esan duzunaren haritik, jendartearekin, enpresekin eta abarrekin harremanik ez badute, zaila da asmatzea zure bokazioa, soilik pentsamenduan oinarrituta.
Gizartea konpartimentuetan zatituta daukagu, ez bakarrik mundu profesionalaren, eskolaren, herrigintza sozialaren eta abarren arabera, baita adin geruzen arabera ere. Haurren geruza, gazteen geruza, profesionalen geruza, zaharren geruza… Ematen du mundu paraleloak direla askotan. Kontaktua familiakoa da, edo bestela unean unekoa. Belaunaldiartekotasunaren zalea naiz oso. Zenbait belaunaldi zerbaitean naturalki nahasten direnean, gauza ederrak gertatzen dira, hori bai dela benetako ikasketa. Herrigintzan, adibidez, hori bilatu behar dugu. Herri elkarte eta ekimen askotan, nerabeek eta erretiratuek ekarpena egin dezakete, elkarrengandik gertu egonda. Garai batzuetan naturalxeagoa zen hori: haurrak parte hartzen zuen gauza produktibo batzuetan, aldi berean instrukzio fase batean zegoen, eskolan zebilen arotzaren semea, baina iltzeak sartzen zituen.
Honek lehen soilik aipatu egin dudan gauza batera narama: nire ustez, haurra gehiago jarri beharko litzateke harremanetan lanarekin, lan errealarekin, eta bere ekarpen produktibo txikia egitearekin. Akaso, etxekoen ardura da hori. Niretzat, behintzat, guraso naizen aldetik, garrantzitsua da nire semeek jakitea zer den paleta bat, porlanez masa egitea, aitzurra, zerra, mailua, gauzak eraiki egiten direla, konpondu egin daitezkeela, eta beraiek egitea. Lurra, eraikuntza, oihalak, konponketa, garbiketa, sukaldea, ekoizpena. Hamabi urteko haur baten eskuetatik hamabost lan-erreminta pasatuta egotea oso hezigarria iruditzen zait. Patatak zuritzeko arazoak dituzte gaur gehienek adin horretan. Berriz ere, ez naiz eskolaz ari. Eskolan, adibidez, gelaren garbiketa sistematikoa egin daiteke. Nik uste dut eskolaren garbiketa haurrek egin beharko luketela, ez garbitzaile profesionalek. Hezitzailea iruditzen zait: hau egunero guk zikintzen dugu, eta garbitu egingo dugu, txandaka, taldeak eginez.
Eskola gehienetako curriculumak oso estuak dira. Eskola gehienek oso tarte txikia dute beren nortasuna lantzeko...
Estatu mota hiperarautzailea dugu. Eskuin zein ezker, estatu arau-emaile bat eraiki da, gauza askotan gehiegi. Aniztasunerako, esperimentazio ausarterako, irizpide propioetarako benetan tarte txikia uzten du eskolaren arautze zurrunak. Ematen du administrazioak uniformetasuna zaindu nahi duela, inor zentimetro bat baino gehiago ez dadila mugitu denok bete behar ditugun helburuetatik. Ulertzen dut bulkada berdintzaile hori, baina antzutzailea da. Hiperiraultzaile izatetik hiperaraultzaile izatera pasatu gara. Nik eskola askotarikoagoa irudikatzen dut, eta apur bat libreagoa. Tokitan geratu da puntu akrata hura. Horrek badu zerikusia curriculumaren malgutasunarekin.
Zer ikusten duzu hezkuntza prozesutik atera berriak diren unibertsitateko ikasleengan?
Pertsona interesgarriak beti. Lehen baino irekidura handiagoa dute mota guztietako ideien aurrean, nahiz eta mundu ikuskera moderno jakin bat transmititu zaien eskolan. Kontraesan moduko bat ere badute, munduari buruzko ikuspegi kritikatzailearen eta beren praktika integratuaren artean. Dena gaizki dago, baina ni ez naiz mugitzen. Energia blokeatu moduko bat dute askok. Gazte asko dago, dena den, gauzak egiten laguntzeko prest, baina ez hainbeste tiratzeko prest. Identitatearekiko eta gauza kolektiboekiko atxikimendu-modalitatea ere aldatu egin da. Badago, baina desberdina da. Dena den, joera orokorrez ari naiz, eta beti bezala, denetik dago. Eta gosea ere sumatzen dut.
Euskararen arloa izan da zure beste jardunbide nagusi bat. Zure ustez zer egin da ondo orain arte, eta zer hobetu beharko litzatekeela, eskolatik begiratuta?
Esker oneko aitorpen bat egingo nuke. Ikastolak eta eskolek hizkuntzarekin egin dutena lan itzela da, eskola mota guztietan. Zenbat borondate pertsonal, zenbat irakasle euskaldundu den, hizkuntza berri bat barneratuz eta hizkuntza berri hori maitatzera iritsiz. Egin denari eta egiten ari denari balio handia eman behar zaio.
Baina bada kezkatzeko motiborik. Oro har, bost hamarraldiotan euskararen inguruan egindako ahalegin kuantitatibo handia alde kualitatibotik hasi da kale egiten, ez du eman espero zen emaitza hiztun komunitatearen garapenean. Euskaraz bizitzeko hautua egitera garamatzaten txinpartek, elementu motibatzaile eta praktikoek herren egiten dute, neurri batean.
XXI. mendean euskaraz bizitzeak hautu bat eskatuko du. Ez da herritar estandarraren egoera berbera, nahimen bat eskatzen du, eta hala eskatuko die gure haurren belaunaldikoei, itxura guztien arabera. Egoera horretan, eta joera estruktural horretan, ez du guztiz balio normalizazio-hipotesian edo normalizazio-fikzioan oinarritutako hezkuntzak, eta gauza bat esan dezakegu hezkuntza arautuaz: eskolak ez ditu hezten, prestatzen, belaunaldi berriak, euskal hiztun izateko behar dituzten baliabideetan. Gogorra da esatea, eta erreparoa ematen du hala botatzeak. Zer baliabide ba? galde dezakegu. Zer, euskaraz irakastera eta euskararen ‘alde’ egotera deitzeaz aparte? Mendeko lehen hamarraldi hauetan, euskal hiztun izateak eskatuko ditu baliabide arrazoibidezkoak, emozionalak, corpusezkoak eta espresiozkoak. Beste kontu bat da eskola zenbateraino dagoen prestatuta eta zenbateraino dagokion baliabide horiek ematea. Baina bada hobetzeko tarterik.
Arrazoibidezko baliabideekin zer esan nahi duzu?
Problematika linguistiko zail batean bizi gara, eta orain haur direnak ere hala biziko dira, edo are egoera zailagoan. Gaur egungo egoeran, euskal hiztun kontziente izatera deituta dagoen bati hizkuntzen ukipenean sortzen diren dinamikak ulertzea dagokio, egoeraren konplexutasuna ulertzea, eta bere erantzukizuna, bere aukerak, hor kokatzen jakitea. Ez da zentzu onekoa hemezortzi urteko euskaldun batek, eskola ibilbidea bukatuta, matematikako, fisikako, historiako eta gizarteko ehunka teoria jakitea, eta hizkuntzen dinamikari buruzko abezea ez jakitea, non eta bere bizitzan determinatzaile izango den hizkuntza desoreka batean biziko denean. Gazte batek jakin behar du elebitasun sozial orekatu bat posible den ala ez, jakin behar du hizkuntza komunitate bat zer den, hizkuntza komunitate bat garatzeko dinamikak zein diren, hizkuntzak zergatik hiltzen diren, gazteleradun elebakar baten eskubideak eta bereak nola jos daitezkeen, zer den euskaldun osoa izatea, zer den hiztun hartzailea izatea, zein den bakoitzaren funtzioa hiztun komunitatean... Hots, soziolinguistikari buruzko gutxienekoa, errealitatean modu kontzientean kokatzeko. Horrelakorik gabe daude gazteak, hizkuntza minorizatu bateko hiztun izateak behar duen arrazoibidezko baliabide nahikorik gabe. Horrek nahiko ahul bihurtzen ditu, hizkuntza handien potentzia espresibo, sozial eta globalaren aurrean.
Hezkuntza ekolinguistiko edo soziolinguistiko minimo bat lantzea ez da hain zaila. Horretarako, bada curriculum ekolinguistiko bat antolatzeko aukera, hezkuntzako beste hainbat atalekin egiten den moduan. Gaur, badira jakintza eta baliabideak hori egiteko.
Euskal curriculuma ukitzen duten gauzak dira…
Curriculumaz ari garelarik, bada beste dimentsio bat aipa daitekeena. Ez dakit asmatzen dugun benetan gure ikasleak kultur fluxu bateko parte sentiarazten eta jario horretan modu sortzaile batean kokatzen. Azkenean, euskaltasuna, gure izaera hau, kultur fluxu bat da, ez da soilik hitz-corpus bat.
Euskarak abantaila gutxi ditu, eta desabantaila asko. Etorkizunean euskaraz bizitzea hautatuko dutenentzat euskarak duen balio erantsi bakarretakoa da biziarazten digula mundu bat, mundu goxoago bat, amestu beharrekoago bat, sormen mundu bat, irekia, eta aldi berean fluxu propioduna. Eta gure balio motibatzailearen gakoetako bat izan daiteke mundu horretan partaide eta sortzaile izatea. Ari gara hezkuntzan gako hori ulertzen?
Zentzu horretan, apur bat hizkuntzazentristak izan gara. Edo hizkuntzaren corpuszentristak. Ez dugu behar beste barneratu euskaltasuna kultur fluxu bat dela, ez bakarrik hizkuntza kode bat. Fluxu irekia, etengabe kanpotik digeritzen ari dena, tradizioa eta eraginak nahasteko modua bilatzen duena. Eta kutur fluxu horrek bere jenioa, bere indarguneak, bere emaria duela. Eta ez dugu beti asmatu bi gauza hauek egiten: Batetik, euskaltasuna kultur fluxu moduan transmititzen eskolan ere. Eta bestetik, hor haurrak eta gazteak sortzaile moduan kokatzen. Kantagintzan, dantzaren potentzialean, antzerki moduetan, ospakuntzan eta beste hainbat gauzatan ez dakigu oso ondo zein diren helburuak eta bideak. Ez, behintzat, serio, modu bateratuan eta emaitza txukunekin. Hiztunak sortzen lagundu nahi badugu, hobetzeko hiru arlo baditugu behintzat: hiztunaren arrazoibidea, hizkuntzaren potentzia adierazkorra eta kulturaren transmisioa.