Ipuinaren Astea Hernaniko Langile Ikastolan

2012-01-01

Hernaniko Langile Ikastolak, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, itxura berezia hartu zuen iragan apirilean, Ipuinaren Astea antolatu baitzuten ikasle, irakasle eta gurasoek. Atarian, geletan, pilotalekuan, areto nagusian, ­ganbaretan… ipuinak ­kontatu eta interpretatu zituzten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ­haurrek. 

 
 
Baina lanak lehenago hasi ziren, noski. Hilabete asko lehenago. Ideia Euskara Batzordetik atera zen, eta Langile Ikastolako komunitate osoa (ikasleak, irakasleak eta gurasoak) euskararen inguruko jarduera batean inplikatzea zen helburua. “Ipuina denontzat da motibagarria, txikienentzat nahiz handiagoentzat; moldagarria da eta eskola-komunitate guztian lanak partekatzeko aukera ematen duena”. Horrela aurkeztu du proiektua Mari Karmen Rodriguez Euskara Batzordeko kide eta Lehen Hezkuntzako irakasleak. “Gainera, haur guztiei ematen die aukera besteei zerbait eskaintzeko; eta, ondorioz, besteen zerbait jasoko dute haur guztiek ­ere”. Euskara Batzordetik ipuinaren gaia lantzeko ideia atera eta, klaustroak onartu ondoren, lanean hasi ziren irakasleak, ikasleak eta gurasoak.
Mailaz maila ipuinaren inguruko jarduera bat edo ekintza bat prestatzen hasi ziren, klaustroak Ipuinaren Astea  egitea onartu ondoren. Gelarik gela, zein ­ipuin landuko zuten aukeratu zuten lehenik; askok eta askok ipuin klasikoak aukeratu zituzten, Hiru Txerritxoak, Hansel eta Gretel… Baina izan zen ­ipuin bat sortu zuen gelarik ere, edo hain klasikoak aukeratu ez zituenik ere. Ipuina aukeratu ostean, ipuin hori nola eskaini edo interpretatuko zuten erabaki zuten gelakideek: kontaketaren bidez, antzezpena eginez, txotxongiloen bidez, irakurri eta dramatizatuz…
Ondoren, zein gelak zeini zer eskainiko zion erabaki zuten, proiektuaren puntu garrantzitsuetako bat partekatzea izan baita: guztiek zerbait (ikuskizun bat, antzezlan bat, irakurraldi bat…) eskaintzea beste geletako kideei; eta, beraz, haur guztiek ondoko gelaren batek prestaturiko emanaldia ikusteko aukera izan zuten. “Adin desberdinen arteko harremana ikasturte osoan zaintzen dugu Langilen, baina jarduera honen helburuetako bat, bereziki, harreman hori lantzea izan zen. Eta lortu genuen”, argitu du Jone Santamaria Haur Hezkuntzako irakasle eta euskara batzordeko kideak. 
Eta, azkenean, iritsi zen Ipuinaren Astea, apirilean, Aste Santuaren aurretik. Eta ipuinez bete ziren gelak, pilotalekua, ganbarak, ataria… “Espazio guztietara zabaldu genuen ipuina, gelarik gela ibili ziren haur batzuk beren antzezlana egiten… Orain, haur batzuk ­egiten eta besteak ikusten aritu ziren; gero, besteak egiten eta hauek ikusten”. Gurasoentzat ere prestatu zuten hainbat emanaldi. “Pena bakarra izan genuen”, diote irakasleek, “hainbeste lan egin ondoren, eta hain ikuskizun ederrak prestatu ondoren, bakoitzak emanaldi bakarra izateko aukera edukitzea”.
Antzezpena, sormena eta eskulana lantzen
Proiektua gauzatu ostean, eta balioespena egiteko unea iritsita, Euskara Batzordeko irakasleek gurasoen parte hartzea nabarmendu dute. “Eskulanean lagundu dute batzuek; beste batzuek, berriz, ipuinak ikasten lagundu dute, eta beste talde batek Hansel eta Gretelen historia kontatu zuen”.
Hizkuntza lantzearekin eta hizkuntzarekin gozatzearekin batera, jarduera horrekin haurrek antzezpena, sormena, eskulana eta, gai direnek, buruz ­ikastea eta irakurmena landu dituzte. Buru-lana egin behar izan dute, denen artean erabaki baitute zer ipuin eta nola eskainiko duten, pertsonaiak nola aurkeztu eta interpretatuko dituzten; testua eta haren egitura landu dute, paperetik interpretaziora nola pasatu erabakitzean; eta, gainera, papereko hori ­etxean eta gurasoen laguntzarekin buruz ikasi beharra izan dute haur askok, gero jendaurrean eskaintzeko. Horrekin guztiarekin batera, eskulanak ere landu dituzte hilabete horietan guztietan, dekoratuak prestatzen lan handia egin baitute. Kasu batzuetan, muralak marraztu dituzte, besteetan agertokiak apaindu dituzte, mozorroak ere prestatu dituzte… “Guraso askok lan ederrak egin dituzte!”. Hainbeste, ezen, Ipuinaren Astea  igaro ostean ere, hainbat gela eta ganbara apainduta utzi baitituzte ­oraindik ere.
Ipuinaren Astea luzea izan da, beraz, Hernanin, bai prestaketa-lanek hilabeteak hartu dituztelako, baina baita gozatu ere ez dutelako Ipuinaren Astean bakarrik gozatu, inauteriak ere baliatu baitzituzten lantzen ari ziren ipuineko mozorroak erabiltzeko. 
Ipuinaren Asteak, euskararen inguruko jarduera batean komunitate ­osoa elkarlanean jartzeaz gain, ipuinaren beraren garrantzia azaltzeko balio ­izan du ikasleen, irakasleen eta gurasoen artean. Gainera, bereziki azken horiei begira, hainbat jarduera osagarri eskaini zituzten ikastolan, ipuinaren garrantziaz jabetzeko. Beatriz Egizabal ­ipuin kontalariak ipuinaren garrantziari buruzko lantegi bat eskaini zien gurasoei, eta, horrez gain, hiru ­emanaldi ­egin zituen, marrazkilariaren laguntzarekin. 
Lan handia eta luzea izan den arren, irakasleei balioespenaz galdetuta, batetik, oso positiboa izan dela diote,  ­ipuinaren bidez euskara, kontzeptuak, interpretazioa eta eskulana landu dituztelako, adin bakoitzari egokiturik; ­eta, bestetik, komunitate guztia jarduera baten inguruan bildu dutelako. Eta hurrengo urteetan ekimenarekin segitzeko borondatea dute. •