Bizi Toki Ikasiz bizi, bizitzen ikasiz

2012-01-01

Bizi-proiektu bat da Bizi Toki, Behauzeko (Nafarroa Beherea) Goitia baserrian ­ireki berri duten eskola. ­Guraso talde batek seme-­alaben heziketa, Frantziako hezkuntza-sistemari esleitu ordez, bere esku hartu nahi ­izan du, eta, horretarako, ­haurra bera bihurtu dute bere bizitzako eta ikasketa-prozesuko subjektu protagonista. Lehen Bizi Toki da hau, baina, aurrera begira, gehiago ­sortzeko helburuarekin ­abiatu da.

 
 

Ikastetxe ideiala hatzekin ukitu nahirik 

Lehen Bizi Toki ireki aurretik, bi ­urte eta erdi baino gehiago pasatu ­dituzte beren seme-alabei eskaini nahi dieten hezkuntza-ereduaz irakurtzen, hausnartzen, gogoeta egiten, eztabaidatzen. Abiatu zirenean, kezka bera ­zuten gaur Bizi Toki sortu duten ­hamar bat gurasok: “Ez genuen utzi nahi estatuaren esku, instituzio baten esku, seme-alaben heziketa, guk ezagutzen ez ditugun programa batzuei ­jarraitzen baitiete, 25 haurreko gela ­itxietan; geuk hartu nahi izan dugu geure seme-alaben heziketaren ardura”. ­Eta abiapuntuko ideia horrexek definitzen du, gaur egun ere, Bizi Tokiren mamia: “Gurasook berreskuratu egin dugu gure haurren heziketaren eran­tzuki­zuna”.

Gaurko Bizi Toki ireki aurretik, eskola idealaz hausnartu zuten gurasoek, ia hiru urtean: “Modu librean hasi ginen gogoeta egiten, ametsari bide eginez… Eta, berehala, ikusi genuen haurren heziketari buruzko gogoeta ezin genuela bereizi jendarteari buruzko gogoeta ­orokorragotik, eta partekatzen ditugun balioak zehaztera eraman gaitu horrek”. Abiapuntuko ideia, alabaina, ez zen eskola bat sortzea, baizik eta haurren beharrei erantzutea.

Baina, azkenik, eskola bat egin ­dute, ikasteko eta bizitzeko den leku bat, justuki: Bizi Toki. “Bizitza- eta ­ikasketa-prozesua ez ditugu bereizten, ­eskolan bizi egiten dira, eta bizitzan ere ikasi egiten dute, eta dugu”.

Premisa horien gainean, abian jarri du Behauzeko Bizi Toki, Nafarroa ­Beherean, seme-alabentzat bestelako heziketa-sistema bat nahi duen guraso talde batek, hiru urteko prozesua egin ondoren. “Lehen Bizi Toki da hau, baina albait Bizi Toki gehien abiatu nahi ­ditugu guk”. Hurrena, kostaldean sortzeko aukera ikusten dute, eta beren nahia halako proiekturen bat Hego Euskal Herrira hedatzea ­ere izango litzateke. 

 Haurra bere bizitzako eta ikasketetako protagonista

 Goitia baserriak, eta baserri inguruko paraje ederrak, paradisu txiki horrek, urrundu egiten du ikastola hori ohiko ikastetxe-eredutik. Kokapena, aitzitik, ez da kasualitatea; Bizi Tokiren oinarrian dauden balioekin bat egiten du, bai balio pedagogikoekin eta baita jendarte-balioekin ere.

Bizi Tokik lehenesten duen heziketa-balioa edo printzipioa haurra heziketa-prozesuaren subjektu dela ulertzea da; eta, printzipio horien bidez, haurrek beren nortasuna oinarri azkar batzuen gainean eraiki dezaten, beren burua onets dezaten eta beren baitan ongi senti daitezen lortu nahi da; “Haurren ongizatea bermatu nahi dugu”, diote guraso eta hezitzaileek, eta funtsezko hatsarre horietan oinarritu dute, beraz, lehen eskola:

- Haurraren nortasuna errespetatzea.

- Haurrari bere berezitasunean laguntzea.

- Haurra bere osotasunean kontuan hartzea: afektu eta emozioen dimentsioa, sentipenen eta mugimenduen dimentsioa eta buruaren dimentsioa.

- Haurrak ikasteko duen nahian konfiantza izatea.

- Haurrari ikasketak dituen motibazioen arabera hautatzeko askatasuna ematea, argi izanda Bizi Tokin haurrak ezin duela nahi duen guztia egin baina, aldi berean, egiten duen guztia egin nahi duela.

- Haurrari autonomo izateko aukera ematea.

- Edozein adinetan, pertsona guztiek ikasten eta irakasten dutela pentsatzea.

- Nortasun kritikoa garatzea.

- Haurraren sexualitatea errespetatzea.

Heziketa-printzipio horiek, ordea, ezin izan dituzte bereizi jendarte balioetatik. Hasieran esan dugunez, “Bizi Tokiren xedean parte hartzen dugun helduok balioak partekatzen ditugu, ­eta, gure ekintzen bidez, bizia edertzen lagundu nahi dugu”. Azken batean, gurasoak haurren heziketaren inguruko kezkak eta gaur egungo jendarte-ereduarekiko kritikotasunak elkartu baitzituen.

Partekatzen dituzten balio horietako bat, haurrei transmititu nahi dietena, euskara da: “Euskara plazerez ikasiz ­eta mintzatuz, euskararen biziraupenaren alde jardun nahi dugu”. Bestetik, oinarrizko beharrei loturiko balioak partekatzen dituzte: “Oinarrizko beharrak guhaurrek ase behar ditugu, adibidez, elikagaiak, tresnak eta energia guhaurrek ekoitzi; eraikinak, fabrikaziorako edo konponketarako lantokiak eraikiz… Hori egiteko aukera emango diguten gaitasunak banaka eta taldean gureganatu behar ditugu, ekonomikoki autonomoa den bizimodu baterantz aitzinatzeko”. Izan ere, natura errespetatuz, harekin harremanetan bizitzea dute helburu Behauzen, planetaren ­oreka ekologikoarekin bateragarria den bizimodua bilatu nahi baitute: “Bizimodu orekatu horretarantz ahal bezain fite aitzinatzeko, gure eguneroko zenbait ohitura aldatu egin beharko ditugu”. Horretarako, erabiltzen dituzten energiaren, ekaien eta tresnen jatorriari, ­ekoizpen-prozesuari eta bilakaerari ­arreta berezia eskaintzen diote. 

Alabaina, balio horiei guztiei buruz etengabe eztabaidatzen eta hausnartzen dute Bizi Tokiko hezitzaileek, “askotariko informazio-iturri eta ikuspuntuek elikatzen baitute proiektua”. Haatik, partekatzea da lehenesten den balioa, eta baita pertsonen arteko harremanak arretaz zaintzea ere. 

Otsailean, 12 haurrekin abiatu da printzipio eta balio horietan oinarrituriko lehen Bizi Tokia Behauzen, Seaskarekin elkarlanean, baina, oraingoz, Seaskaren egituratik kanpo. Elkarlanean, zeren eta, Bizi Tokiren proiektu pedagogikoa prestatzeko garaian, uneoro Seaskako hezitzaileek parte hartu dute; baina, oraingoz, egituratik kanpo, Seaskako Administrazio Kontseiluarekin bilkurak izan dituzten arren. Hala ere, epe ertain eta luzean Seaskarekin elkarlanean jarraitzea dute helburu, taldean Seaskako irakasle, guraso eta ikasle ohiak baitaude. 

Lehen gogoeten ondoren, bigarren fasean, pedagogo batzuen lanak aztertzen hasi ziren gurasoak, modu monografikoan beroriei buruz gogoeta egiten, haien idealei forma sendoagoa ­eman ahal izateko. Besteak beste, Jean Piaget, Janusz Korczak, Marshall Rosenberg, Françoise Dolto, A. S. Neill, ­Olivier House, Britt-Mari Barthe, Philippe Meireu, Rudol Steiner, Maria Montessori eta Arno Stern izan dituzte aztergai.

Ehunetik gora lagun elkartu dituen proiektua

 Prozesuaren hirugarren fasean, bilkura irekiak iritsi ziren. Gurasoak, aldian behin, biltzarretan biltzen dira, duela ia 3 urte hausnartzen hasi zirenetik. Biltzarrak lehen Bizi Toki bultzatu duten gurasoek egin dituzte, baina baita ikastetxe horretan sartu ez diren zenbaitek ere, aldioro biltzar irekiak egin ­izan baitituzte prozesu osoan zehar, proiektua ezagutarazteko, herritarrak erakartzeko eta guraso, hezitzaile edota interesdunen ekarpenak jaso eta eztabaidatu ahal izateko. Prozesu osoan, ehun lagunek baino gehiagok hartu dute parte biltzarretan. “Bizi Tokiaren burujabetasuna biltzarrean datza”, diote partaideek. “Guztiak ados jartzeko helburuz egiten diren eztabaiden ondotik datoz biltzarraren erabakiak”. 

Heziketa-printzipioen, balioen eta pedagogoen ekarpenen inguruan hausnartu eta eztabaidatu ondoren, eskolari forma juridikoa nola eman pentsatzen hasi ziren proiektuaren bultzatzaileak. Frantziako Elkarteen Legeak aukera ematen du 0 urtetik 7 urtera bitarteko haurren hezkuntza askatasun handiz kudeatzeko, beti ere, Estatuak ezartzen dituen gutxiengo batzuk bermatuta baldin badaude. Horren ondorioz, Bizi Toki ikastolak 1901eko Frantziako Estatuko Elkarteen Legean zehaztutako izaera du. Programak eraikitzen ahal ditu, esan bezala, haurrak oinarrizko ezaguerez eta gaitasun komunez jabetzen direla bermatuz, eta ordutegiak eta irakaskuntza-antolaketa hautatzen ditu. Frantziako estatuan, 15 urte bitarteko ikastetxeetan, kontratupekoak edo kontratu gabeak izan litezke; lehenengoen kasuan, estatuak diru-laguntza bat ematen die zentroei, nagusiki irakasleen gastuak ordaintzeko, eta, era berean, Estatuak ordutegietan edota bete beharreko gai zerrendetan nahiz haurrak adinaren arabera bereizterakoan esku hartzeko aukera du; aldiz, kontratu gabeetan edo ikastetxe pribatuen kasuan, Estatuak ez du diru-laguntzarik ematen, eta esku-hartzea ­ere arras txikia da.

Lege horri jarraituz, Bizi Tokik berak aukeratzen ditu irakaskuntzan parte hartzen duten pertsonak eta pertsona horien lan-kontratuak, esku-hartzeetarako ordaindu egin behar zaienean. Eta horixe da Bizi Tokiren beste ezaugarri garrantzitsuetako bat: nagusiki, ­ikastolako haurren gurasoak dira hezitzaileak. “Hori da gure ezaugarrietako bat: helduek eta gurasoek kudeatutako proiektua da; baina guk dakigunarekin haurren beharrak asetzera iristen ez bagara, norbait kontratatu beharko dugu”.

Bitartean, gurasoak dira hezitzaile: “Horrek ez du esan nahi gurasoek beti han egon behar dutenik; baina proiektuan parte hartzen duenak bere gain hartzen du bere haurraren heziketa, eztabaida pedagogikoetan parte hartzen du, ez du heziketa beste inoren esku uzten”. Guraso guztien baliabide, premia eta moduak berdinak ez direnez, bakoitzak zer emateko aukera duen hitz egiten dute taldean, gurasoen kolektiboak garrantzi handia baitu proiektuan. 

Familiei gauzak errazteko, eta proiektua haurrengan kokatuta dagoenez, gurasoen kolektiboaren behar ­ekonomikoak txikitzea edo urrunetik datozen guraso edo familientzat lotarako lekua bilatzea, horiexek izan dira Bizi Tokik orain arte hartu dituen neurrietako batzuk. Izan ere, gurasoentzat ere Bizi Toki da Behauzekoa: “Gurasoek beren seme-alaben heziketari buruz dituzten kezkak partekatzen dituzte hemen, elkarri laguntzeko gaude, geu ere ikaste prozesuan baikaude”. 

Janariak prestatuz, jolastuz, irakurriz… heziz eta haziz

Dagoeneko abian da ikastetxea Goitia baserrian. Ikastetxe horretan, jada haur eta hezitzaileak irakurtzen edo idazten, marrazten, janariak prestatzen, jolasten… ari dira. Jarduera horiek guztiak, intelektualak zein praktikoak, lantzeko egiten duten ahaleginaren oinarria interesa da, hezitzaileen iritziz. Haurrek eguneroko jardueretan esku hartzen dute, janariak prestatuz, mahaia prestatuz, garbiketa eginez… Haurrek eta helduek elkarrekin egiten dituzte jarduera horiek. Beste jarduera batzuk, aldiz, helduek haurrei begira antolatutako jarduerak dira (irakurtzea eta idaztea, adibidez); eta badira beste jarduera batzuk (zurgintza, esate baterako) helduek lantzen dituztenak, nahiz eta haurrei, parte hartu ahal izateko, behar duten arreta ematen dieten. Bizi Tokin, ­eguneroko jarduerez gain, gorputz-jarduerek, musikak, marrazketak eta margolaritzak, eta hizkuntzen ikasketak garrantzia dute. Hizkuntzen kasuan, ­adibidez, euskararen munduan murgiltzeaz gain eta frantsesaren pixkanakako ikasketaz gain, jarduerak gaztelaniaz, ingelesez… lantzen dituzte.

“Ikasteko, haurraren intereseko bitarteko bat xerkatzen dugu beti, haurrari unean bertan zentzua duten jarduerak egiteko aukera emateko, bereziki; ­erran nahi baita garatzen diren jarduerak denboraz duten nozioarekin lotuta daudela”. Betiere, interesatzeko eta ­ikasteko, haur bakoitzak bere erritmoa duela kontuan hartuta: “Haur batentzat balio duen bidea ez baita, agian, horren eraginkorra beste batentzat”. Horregatik, Bizi Tokirentzat, “funtsezkoa” da haur bakoitzaren berezitasunak aintzat hartzea: “Hasteko, haurra ­ulertzea xerkatzen duenak eta haurraren izaeratik abiatzen denak baitu ­egiazko hezkuntza eragina gauzatzen”. Horregatik, haurrarentzako ikasketa-egitasmoa pertsonalizatu egiten dute, “haren beharrei, ahalei eta nahiei ahal bezainbat egokituz ikasketa oro; baita ahalmen urriko haurren kasuan ­ere”.

Haurrak, geletan, ez dituzte adinaren arabera bereizten; alde batetik, haur-kopurua txikiegia delako, eta, bestetik, adinen arteko heziketan sinesten dutelako. Lehen asmoa, Jean Piagetek zehaztu zuenaren ildotik, haurrak 0-2, 2-7, 7-12, 12-15 eta 15-18  urte-tarteetan banatzea izango litzateke, baina, oraingoz, 0-7 urte bitarteko haurrekin abiatu da eskola. 

Lehen adin-tartean, gutxi gorabehera 0 urtetik 2 urtera bitarteko haurren multzoan, ahal denean ama Bizi Tokin bertan izan nahi dute partaideek.

Bizi Tokiko irakaskuntzan esku hartzen duten helduek haurren jarraipen pedagogikoa egiten dute. Noizean behin, beste heldu batzuek ere esku hartzen dute irakaskuntzan, gurasoek bereziki. Batzorde pedagogikoak segurtatzen du irakaskuntzaren antolaketa eta koordinazioa. “Guraso anitzen edo guraso ez diren pertsona anitzen esku-hartzeari esker, haurra ez da etengabe gurasoen begiradapean”, zehaztu dute.

Haatik, gurasoak iristen ez direlako, gaiaren espezializazioagatik edo beste arrazoiren batengatik, beste pertsona batzuek esku har dezakete irakaskuntzan, sari baten truk.

Utopiatik errealitatera?

Koherentzia arras hitz garrantzitsua da Bizi Tokiren proiektu pedagogikoan. “Haurrei transmititu nahi diegunaren eta bizi dugunaren artean, koherentzia bilatzen dugu”, diote kideek. Hala erantzuten diete taldeko kideek gurasoei, bileretan proiektua “ederregi” jotzen dutenean eta “utopikoegia” ote den galdetzen dietenean. “Bizi-proiektua da hau, bizitzari begira dago, eta gure bizitzak ez daude burbuiletan sartuta”. Behauzeko baserri batean kokatuta egoteak ez du esan nahi errealitatetik at dagoen proiektua denik, ezta hurrik eman ere. “Bizi Tokiko haurrek egunen batean medikuntza ikasi nahi badute edo enpresa-ikasketak egin nahi badituzte, guk, horretarako, tresnak eta baliabideak eskaini behar dizkiegu”. Hezitzaileek diote haurrak “gaur egungo errealitatearekin konfrontazioan” egongo direla, “errealitatean txertatua dagoen proiektua baita; baina, betiere haurraren nahiak eta beharrak errespetatuko ditu, eta horiekiko koherentzia gordeko du”. 

Bestetik, koherentzia horrek helduen artean ere benetako komunikazioa eta errespetua ezinbestekoak direla esan nahi du: “Haurren komunikazioak arduratzen gaitu, baina helduenak ere bai”. 

Horrek guztiak helduek egiten dituzten gauzak ere zalantzan jartzera daramatza hezitzaileak; ez dituzte soilik haurren hezkuntzari buruzko gaiak eztabaidatzen, beraien harremanez edo lanaz ere hausnartzen dute. “Horrek, ordea, finean plazera dakarkio helduari ere, gauzak zentzuz egitearen plazera”. Egiten duten oro, ezinbestean, zentzuz egiten dute Bizi Tokin, hausnartu eta eztabaidatu ondotik.  

Pedagogoen sendotasuna

 Proiektu pedagogiko sendo baten gainean eraiki dute Behauzeko eskola gurasoek. Luze irakurri, hausnartu eta eztabaidatu dute hezkuntza-printzipioez, haurraren autonomiaz, oinarrizko ikasketez, eguneroko jarduerez, garapen-mailez… “Irakasle guztiek ezagutzen dituzte pedagogo horiek, baina gehienek ez dituzte aplikatzen haien teoriak beren geletan; guk bai, guk aplikatu egiten ditugu”. Janusz Korczak ­izan da horietako bat, eta haren printzipio bat oso sendo aplikatzen du Bizi Tokik: haurra ez dute hartzen bilakaeran den izakitzat soilik, baizik eta, batez ­ere, orainaldian bizi den izakitzat. 

Izaki hori, era berean, bat eta bakarra da, “eta haur bakoitzaren beharrei espezifikoki erantzun behar diegu, bakoitzaren garapenean sinetsiz”. Betiere, bat eta bakarra den haur hori kolektibo edo jendarte baten barruan hazten eta hezten dela sinisten dute gurasoek: “Taldeak indarra emango dio haurrari eta proiektuari, baina, horretarako, bortizkeriarik gabe komunikatzen ikasi behar da”. Hori praktikan ezartzeko, Marshall Rosenbergen esperientzian inspiratu dira.

Oinarrizko ikasketak eguneroko bizitzan gauzatzen dira, eta horixe da Bizi Tokiren filosofia laburbiltzen duen ideia; haurraren garapenaren eta eskaeren arabera, zailtasun-maila gero eta handiagoa da. Adin tarte horretan, beraz, ahozko mintzaira ikasteak, idazketa eta irakurketa ikasteak edota matematika ikasteak garrantzia izango dute. David A. Sousak, Noam Chomskyk ­edota Maria Montessorik esandakoek, beraz, pisua izango dute Bizi Tokiren proiektu pedagogikoan. 

Bizi Tokiko haurrek motibazioaren bidez egiten dute ikasketa, haurraren ­abiapuntua eta euskarria motibazioa dela baitiote bertako kideek. A. S. Neilli jarraitzen diote hein batean: harentzat, metodoak ez du axola; adibidez, haurrak zatikiak kalkulatzeko moldea ikasi nahi badu, lortuko du, erabilitako metodoa edozein izanda ere; horrek ez du esan nahi, noski, ikasteko beste molde ezagutu eta erabili behar ez dituztenik.

Celestine Freinet ere aintzat hartzen dute, edo Britt-Mari Barthe eta Olivier Houde. Houderen akatsaren logikaren ildotik, haurraren garapen mentala ez da ulertu behar soilik ezagueren urraskako jabetze modura; jada barruan dituen ezagueren adierazpena oztopatzen duten erreakzioen inhibizio-gaitasun modura ulertu behar da, halaber. Bizi Tokiren arabera, beraz, “akatsen ­ulertzea lorpenen ulertzea bezain garrantzitsua da; haien logikatik ondorioztatzen dira aitzinamendu-faktoreak”. Horren ondorioz, proiektuan parte hartzen duten kideek diote irakaskuntza pertsona bakoitzari zerbait lortzeko modua emango dion eran antolatu behar dela. 

Antoine de La Garanderiek dioenaren ildotik, pertsona orok ikasketarako dituen prozedura mentalez jabetzeari garrantzia ematen dio ikastola berriak, ohitura metodologiko horietaz kontzientzia hartuta, errazagoa baita hobetzea edo berri batzuk eskuratzea. 

Philippe Meirieuerek ikasketa-egoerei buruz esaten duenari jarraituz, ­ikasketa abiatu aitzinetik, ebaluazio-diagnostikoa egiten dute, haur bakoitzaren baliabideak eta beharrak zerrendatzeko. Ikasketan, haurraren aurrerapena oztopatzen duten puntuez edo haurrari zailtasunak sorrarazten dizkioten egoerez ohartzeko, beste ebaluazio bat egin behar da. Eta hirugarren ebaluazioa ikasketaren bukaeran egingo da, ikasitakoa neurtzeko.